Bilbon, iaz baino turista gutxiago, krisiaren ondorioz

Mercedes Rodriguez Bilbao Turismoko zuzendariak jakinarazi duenez, Aste Santuan iazkoan baino bisitari gutxiago izan ziren Bilbon. Eustaten datu ofizialak esku artean izan baino lehen, adierazi du “pozik” egongo liratekeela turisten jaitsiera hori %5 eta %7 artekoa izango balitz.

Rodriguezen ustez, krisiaren eta eguraldi txarraren ondorioz egin du behera bisitari kopuruak. Jaiegun horietan, 10.000 turistari arreta eman diete, iaz baino %10 gutxiagori. Hala ere, aipatzekoa da %3 egin duela gora Bizkaiarekin muga egiten duten lurraldeetako bisitari kopuruak.

Bilbao Turismok hartu dituen 10.000 bisitarietatik, %14,2 euskal herritarrak ziren; %67,2, estatuko turistak; eta %18,6, beste herrialde batzuetakoak. Estatuko bisitariei dagokienez, Herrialde Katalanetakoak izan dira ugarienak (%26). Madrildarrak ere kataluniarrak bezainbeste izan dira ia-ia (%21), eta galiziar ugari ere izan dira (%13).

Guggenheim museoagatik da bereziki ezaguna Bilbo, baita Zazpikaleetako giroagatik ere; hala eta guztiz ere, hiriko beste toki batzuk ere hartu dituzte turistek Aste Santuan. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Arrikibar, Bizkaia eta Indautxu plazetara ere hedatu dira turismo lekuak, eta Alondegiari esker izan ei da hori.

Horrez gain, ostatuek bestelako turista batzuk erakarri dituzte. Bilboko Udalak azaldu duenez, leku horietan ostatu hartzen duten gehienak gazteak izan ohi dira. Egonaldi luzeak egiten dituzte, eta batetik bestera ibiltzeko joera handia izaten dute, gainera.