1937ko gertaerak gogoan izango dituzte hainbat herritan

Urteurren borobila eta iluna gogorarazten ari dira egunotan Bizkaiko hainbat herritan. Hain zuzen, 1936ko gerraren harira pairatutako bonbardaketak eta sarraskiak eta gertatutako batailak izango dituzte gogoan.

Sestaon, esaterako, 1937ko bonbardaketaren oroitzapena II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratuz ospatuko dute bihar. Goizean emango diete hasiera ospakizunei. 11:00etan argazki erakusketa bat jarriko dute Kasko plazan. Ordu horretan bertan bandera errepublikanoak jarriko dituzte udaletxeko balkoian eta liburutegian.

12:30ean, kalejira abiatuko da Kasko plazatik, eta, herrian zehar ibili ostean, udaletxean bukatuko dute bira. 13:00ean, bandera errepublikanoa jasoko dute udaletxean, eta, gero, 1931ko udalbatzari omenaldia egingo diote. Ondoren, garai hartako kantak abestuz kalejiran ibiliko dira. Abesti horiek jasotzen dituzten ehun liburu argitaratu dituzte. Gainera, 1937ko bonbardaketak ere gogoan izango dituzte. 1937ko maiatzaren 23an bonbardatu zuten Sestao tropa faxistek.

Saibigaineko bataila

Abadiñon Saibigaineko bataila izango dute gogoan, bihar. Barrizten kultur elkarteak Saibigainera igoera antolatu du 1937an izandako batailan hil zirenak oroitzeko. Urkiolan, Bizkarraren aparkalekuan, 09:30ean jarri dute ateratzeko ordua. Tontorrean minutu bateko isilunea egingo dute. Bi ordu eta erdiko ibilbidearen ostean, jana eta edana egongo dira.