“Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu, eta ez da gertatu halabeharrez”

Ruth Linazak (Lemoa, 1983) Gasteizko Badaiotz taldean egiten du sokatiran. 2003. urtean hasi zen herri kiroletan lehiatzen; trontzan, hain zuzen ere. Hauetan urte guztiotan herrialde eta kirolari asko ezagutzeko aukera izan duela dio.

Nola hasi zinen sokatiran?

Ezustean hasi nintzen. Marti Iturriotz etxera etorri zitzaidan, ea harekin trontzan egingo nuen galdezka. Baietz erantzun nion, eta gaur egun nire entrenatzailea dena ezagutu nuen. 2003ko udan hasi zen nire ibilbidea.

Nolako kirola da sokatira?

Gogorra da, polita; sufritu egiten duzu, baita gozatu ere. Definitzeko orduan oso kirol teknikoa dela esango nuke. Gorputza postura egokian jartzea garrantzitsua da. Zuk indar jakin bat duzu, baina hori modu onean erabiltzea ezinbestekoa da.

Aurtengoa munduko txapelketaren urtea izan da. Hedabideek, baina, ez dute eman horren berri. Zer diozu?

Nik uler dezaket kirol guztiei ezin zaiela tarte bera eman. Ezagupen mailaren araberako jarraipena egin beharko litzateke. Agian, ezin duzu kazetari bat bidali, baina hemendik babes dezakezu kirol hau. Gainera, Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu; hori ez da gertatzen halabeharrez. Maila benetan altua dago gure lurraldean.

Eta instituzioen aldetik laguntzarik jaso duzue?

Ez. Orain murrizketa sasoia izanik, kultura eta kirol arloek pairatzen dute gehien. Gainera, gure taldea Gasteizen moduko hiri handi batekoa izanda, zailagoa da. Ni ziur nago alkateak ez duela ezagutzen Badaiotz taldea.

Zaila al da emakumeak goi mailako kirola egitea?

Bai, batez ere adin batetik aurrera. Institutu garaian errazagoa da lagun eta kuadrillakoekin futbolean edo saskibaloian jardutea. Baina, unibertsitate ikasketak hastean, beste hiri batera joan edo ordu gehiago ematen dituzu ikasten. Gainera, amatasunarekin uztartzea zaila da. Gure taldean ama diren bost emakume daude, eta antzematen da nolako lana duten; baina etxeko eta senitartekoen laguntzarekin posible da.

Nolakoa izan da 2012ko munduko txapelketa?

Mundu guztiko taldeak joan gara Eskoziara. Ingalaterrakoak, txinatarrak, herbeheretarrak, Hegoafrikakoak… Asiako herrialdeetan maila handia dago. Gure aurka lehiatu diren ekialdeko zenbait talde sokatiratik bizi dira. Institutuan edo unibertsitatean ikasten ibili arren, beken bitartez sokatiran aritzen dira.

Bederatzi dominetatik bat edo beste irabazi al duzu?

Bai. Emakumeetan bi pisutan lehiatzen gara. 540 kiloan zilarra irabazi genuen taiwandarren aurka galdu ostean. Gure taldea pisu gutxikoa da; 40 kilo gutxiago izan genituen, eta ezinezkoa da horrelako mailan garaipena lortzea. 500 kilotan, berriz, urrezko domina lortu genuen. Talde mistoan Abadiñorekin parte hartu nuen, eta hor ere bigarren egin genuen.

Kirol arloan zer eskatzen diozu 2012. urte honi?

Taldeak aurrera jarraitzea. Ama asko ditugunez, ez da erraza. Etorkizunean bete nahiko nukeen ametsa da Euskal Herria ordezkatuz nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera izatea.