Azalpenak isunekin uztartuz

Iaz pertsona bakarra hil zen Bilbon auto istripu baten ondorioz: adineko emakume bat, auto batek harrapatuta. Haren jokabidea oso adierazgarria izan zen: lau bideko errepide bat txarto gurutzatu zuen. Zuhurtziarik ezak eta arduragabekeriek eragiten dituzte istripu asko, eta, horiei aurrea hartzeko, kontrol kanpainak antolatzen ditu Bilboko Udaltzaingoak. Azalpenak eta isunak uztartzen dituzte, Jose Julio Zamanillo Zirkulazio Unitateko buruaren arabera: “Bide segurtasuna arazo soziala delako kontzientzia zabaldu nahi dugu”.

2012an 35 kontrol kanpaina egitea aurreikusi du udalak, bi astetik behin bat. “Istripuak murriztea da helburua, kantitatean ez ezik, kalitatean ere bai; hau da, ondorio arinagoak izatea”, esan du Zamanillok. Lortu dute, behinik behin, datuek adierazten dutenez: 2007an Mugikortasun Segururako Udal Plana abian jarri zutenetik 2010era, %18 jaitsi ziren hiriburuko errepideetan gertatutako istripuak.

Halako kanpainak Eusko Jaurlaritzako Zirkulazio Zuzendaritzarekiko elkarlanean egiten dituzte udalek 2002tik. Errepidean hildakoen kopurua erdira gutxitzea zen orduko xedea. “2001ean 101 lagun zendu ziren Euskal Autonomia Erkideagoan auto istripuz, eta 2009an 40ra jaitsi zen; beraz, helburua lortu dugu jada”.

Abiadurarekin, sakelako telefonoaren erabilerarekin, segurtasun uhalarekin, harrapaketekin, alkoholemiarekin eta salgaien garraioarekin lotutako kanpainak egiten ditu Bilboko Udaltzaingoak. Gaiaren arabera hautatzen dute hiriko zein lekutan jarri, arau-hausteen eta istripuen datuei erreparatuta. Harrapaketen kasuan, adibidez, oinezkoentzako igarobiderik ez egonda errepidea gurutzatzen den guneetara joaten dira. “Toki batzuetan tentazioa oso handia da: ez dator autorik eta pasatzen dira. Baina oinezko motaren arabera arriskuak daude: adinekoa bada, ikusmen arazoak izan ditzake; haurra bada, ikusmen fokua baxuagoa eduki dezake…”.

Funtsean, aholkuak eta jarraibideak ematen dizkiete udaltzainek arau-hausteak egiten dituztenei: “Haiek ere zerbait egin dezakete bide segurtasunaren alde, harrapa ez ditzaten”. Baina isunak ere jartzen dituzte. Izatez, 2011n harrapaketen inguruan egindako hiru kanpainetan, 566 oinezkori eman zieten hutsen berri, eta hamasei gidari eta hamalau oinezko isundu zituzten.

Hortaz, zein neurri da eraginkorragoa, azalpena ala isuna? Zamanillok onartu du zaila dela jakitea: “Lehen, jendeak ez zuen uste norbaiti isun bat jar geniezaiokeela semaforo bat gorrian pasatzeagatik; orain, gero eta gehiagok dakite, eta bakoitza bere modura motibatzen da arauak errespetatzeko”.

Hala ere, Udaltzaingoko Zirkulazio Unitateko buruaren irudiko, oinezkoen jokabideetan eragina izan dute kanpainek: “Kontzientziatuago daude, arauak gehiago errespetatzen dituzte”. Eta horren seinale da, haren hitzetan, isunen jaitsiera, kopuruetan baino gehiago, proportzioan. “Kontrolatutako ibilgailu kopuruak kontuan hartuta, isun gutxiago jartzen ditugu kanpainekin hasi ginenetik”.

Erronka, sakelakoak

Segurtasun uhalaren erabileran eman dira aurrerapausorik handienak. “Ia lortuta dago”, esan du Zamanillok, nahiz eta zehaztu duen esparru horretan ere lanean jarraitu behar dutela, “arreta ez galtzeko”. Gidariek jasotzen dute salaketa kopuru handiena uhala jarrita ez eramateagatik, baina Zirkulazio Unitateko buruak dio atzeko eserlekuetako uhaletan eta haurren babes tresnetan ere jarri behar dela indarra.

Erronkarik handiena, berriz, sakelako telefonoen eta GPS nabigatzaileen erabileran dagoela antzeman du. Isun gehien daukan arau-haustea da, abiadura eta alkoholemiarekin batera. Hirien erdigunean gidariak “erlaxatu” egiten direla azaldu du Zamanillok. “Baina ohartarazi behar diegu eskuko telefonotik hitz egiten gidatuz gero bidearen pertzepzioa gal dezaketela”.