Arratzu eta Garai, langaberik ez izateko bidean

Sestaoren muturreko puntan Durangaldeko eta Busturialdeko herri txiki bi daude: Arratzu eta Garai. Bizkaian ez ezik, Araba eta Gipuzkoarekin alderatuta ere langabezia tasa txikiena duten herriak dira bi horiek. Lanbidek otsailean emandako datuen arabera, %2,5 eta %2,9ko langabezia tasa izan zuten, hurrenez hurren: bost langabe Arratzun, eta sei Garain.

Laurehun biztanle baino gutxiago dituzte biek: Arratzun 392 lagun bizi dira, eta Garain 338. Herrian biztanle gutxi izateak langabe gutxiago egoten laguntzen duela deritzote bertako udaletako ordezkariek. Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkateak hala uste du: “Zenbat eta txikiagoa izan herria, errazagoa da bertakoentzako lana aurkitzea. Ezin daitezke konparatu Durango edo Berriz herrietako egoerak eta gurea “.

Izan ere, Berrizen eta Durangon hainbat industria gune egon arren, %12tik gorako langabezia tasa daukate, otsaileko datuen arabera.

Industria langileak, Garain

Garaitar gehienek bigarren sektorean lan egiten dute, “industrian”, Sarrigoitiak azaldu duenez. “Durango, Izurtza, Abadiño, Berriz… Inguru horretan egiten dugu lan —nik barne—”, esan du. Metalaren sektorea da nagusi, gainera, Durangaldeko enpresetan, eta beraz, “Garaiko bizilagun gehienek sektore horretan” egiten dute behar.

Hirugarren sektorean dabilenik ere badagoela ekarri du gogora, hala ere. Garain bertan, taberna bi dituzte: Garai jatetxea eta Herriko taberna. Herritik kanpo ostalaritzan ari direnak ere badaudela gaineratu du.

Lehenengo sektorea da eskasena, jarduera ekonomiko gisa darabiltenei dagokienez, bederen. “Hiru-lau nekazari baino ez daude jada. Gutxi batzuk. Izan ere, besteak beste, ganadua duten baserri oso gutxi geratzen dira”, adierazi du alkateak.

Antzeko egoera bizi dute arratzuarrek. Gehienek bigarren sektorean egiten dute lan, herritik kanpo, udaletik jakinarazi dutenez. Ajangizeko Maier kooperatiba da inguruko enpresarik garrantzitsuena. Automozio eta etxetresnetarako piezak ekoizten dituzte han, bereziki. Bertan arratzuar askok behar egiten dutela ekarri dute gogora. Hala ere, besteak beste, Gernika-Lumora eta Bilbora herritar asko doazela esan dute.

Hirugarren sektoreak ere indarra dauka bertako bizilagunentzat. Halaber, kasu horretan ere, Arratzutik kanpo aritzen dira gehienak. Izan ere, herrian bertan taberna bi baino ez daude: Oholezko jatetxea eta Herriko taberna.

Lehenengo sektorean aritzen diren nekazari gutxi batzuk ere badaude Arratzun. Kiwiak ekoiztu eta saltzen dituzte. Nekazaritza produktiboa, jarduera ekonomiko legez, baina, herrian oso eskasa dela azaldu dute udaleko ordezkariek, batez ere, lan hori adinekoek egiten dutela gogorarazita.

Herri txikia izateak langabezi tasa txikia izaten lagun dezakeela deritzo bertako udalak ere. Dena den, Garain bezala, han ere enplegu plan berezirik ez dutela eta egoera hori udalaren kontroletik kanpo dagoela ekarri dute gogora. Dena den, aldagai horrek beste sostengu baten beharra ere badauka, kontuan hartuta, Izurtzan —300 biztanle inguruko herria—, esaterako, otsailean %15,2ko langabezia tasa izan zutela, Amoroton —400 bat biztanle— %6,2koa , eta Gizaburuagan —250 bat biztanle— %4,9koa. Herri txikia izate hutsak, beraz, ez du langabezia tasa txikia bermatzen.