Putxerako indabarik onenen lehiaketa bihar, Bilbon

Negua bukatzear eta udaberria hastear dagoela, indabak eta horiek prestatzeko putxerak hainbat ekimenen oinarria bihurtuko dira Bilbon martxoan, Bilbao Historiko fundazioaren eskutik. Biharko, Bilbao Historikoren Nazioarteko Putxera Lehiaketa antolatu dute, Marzana kaian. 09:00etatik 17:00etara bitartean, han bat egingo dute putxera onena egiteko lehian parte hartu gura dutenek.

Baina indabak presente jarraituko du hiriburuan aste osoan, bihartik datorren asteko domekara bitartean Indabaren I. Astea egingo baitute Zazpikaleetan, Atxurin, Erriberan, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan. Biharko lehiaketa abiapuntu hartuta, antolatzaileen helburua da indabek auzo eta kaleotako taberna, jatetxe eta janari dendetan presentzia izatea. Bestalde, hilaren hasieratik, zabalik dago ExpoGelan —San Frantzisko kaleko 23. zenbakian— Iraganeko eta gaur egungo putxerak erakusketa. Hainbat garai, material, jatorri eta erabilerako putxerak dituzte han, zenbait artistak eginak, bisitariek hobeto ezagut dezaten janaria prestatzeko modu eta tradizio hori. Era guztietako putxerak aurki daitezke: antzinakoak eta modernoak.