Ohiturari eusten

San Josef egunerako arkumeek tradizio handia dute baserri inguruetan. Duela 50-60 urte, aitaren eguneko familia bazkarirako bildotsa ezinbesteko osagaia zen. Eta Bizkaiko mendietan ere erraz ikusten ziren artzainak euren artaldea zaintzen. Egungo egoera bestelakoa da: garaiotan mahai gutxitan izaten da bildotsa bazkaltzeko, eta artzain kopuruak nabarmen egin du behera; haien adinak, aldiz, gorako joera izan du. Horregatik, euretako asko artzaintza galduko den beldur dira.

Mende erdi baino gehiago darama artzain lanean Enrike Etxebarriak (1943, Zeanuri). Haur koskorra zela, aitaren aldamenean hasi zen lanbidea ezagutzen, eta hamalau urtetik aurrera bera egin zen artaldearen jabe. “Antzina baserritar gehienak erdi artzainak ziren. Aitonak eta aitak ardiekin behar egin zutenez, nik tradizioari jarraitu diot”, azaldu du zeanuriztarrak. Egun, 200 ardi inguruko artaldea dauka; urteetan aurrera egin ahala kopurua murriztu egiten duela erantsi du: “Lehenago ardi gehiago izaten nituen, baina badakizu nola dioen esaerak: gero eta zaharrago, orduan eta txarrago”.

Jon Etxebarria artzaina ere Zeanurin bizi da, baina Enrike baino belaunaldi bat gazteagoa da, 30 urteren bueltan dabil. Adinez ez ezik, esperientzia aldetik ere gazteagoa da: duela bederatzi urte sartu zen mundu honetan. Jonen ustez, artzain izateko nahitaezko baldintza zaletasuna da. “Nire etxean beti izan ditugu gustuko animaliak. Baina, nahiz eta zure familiak ohitura handia izan, zuk ez badituzu atsegin, ezin duzu lan egin ogibide horretan”. Gogoko lanean dabilen seinale argia da 400 bat ardiko artaldea izatea.

Gorbeia eta Arratia artzaintzari estuki lotuta egon arren, Bizkaiko beste eskualde batzuetan ere badira artzainak. Horiek aurkitzeko, belardi ugari dauden haranetara joan behar da. Angel Fernandez Karrantzakoa da. Senideekin batera, 750 ardirekin egiten du lan. “Artalde handia dugunez, etxeko guztien laguntza dut. Beharrezkoa denean, gurasoak eta anai-arrebak izaten ditut aldamenean”. Ingurukoen babesa zein prestasuna eskertzekoak direla gaineratu du.

Lan ugariko hilabeteak

Urte hasiera, hainbat arrazoi tarteko, behar askoko sasoia da artzainentzat. Goizean goiz hasi eta ilundu arte ibiltzen dira lanean, gelditu gabe. Neguan ardiak etxeko kortan edo inguruko larreetan izaten dituzte bazkatzen, mendietako elurra eta hotza kaltegarriak direlako. Era berean, bildotsen garaia ere badenez, arreta berezia izan behar da taldearekin. Enrike Etxebarriak, aitaren ohiturari jarraituz, etxean bertan hiltzen ditu axuriak, ondoren lagunek eros ditzaten.

Jon Etxebarriak eta Angel Fernandezek, aldiz, handizkako bati saltzen dizkiote, irabazirik gabeko lan eskerga dela iruditzen zaielako. “Arkumeen salmentak ez du dirurik uzten. Nik handizkari bati ematen dizkiot”, mintzo da Jon. “Guk harakinei saldu izan diegu, gehienbat; baina, azkenaldian, jendeak erosten ez duenez, eurek ez dute nahi. Aurten handizkari bati saldu dizkiogu”, erantsi du Fernandezek.

Udaberriak aurrera egin ahala, egunak luzatuz joango dira, artzainen lana murriztearekin batera. Orduan ardiak etxe ondoko edo mendialdeko larreetara eramaten direlako. Zeanuriztarrek uda hasiera baliatuko dute artaldea Gorbeiako zelaietara eramateko. Enrike Etxebarriak dioenez, oraindik ez daki noiz eramango dituen Arrabako landara: “Iaz San Joan egunaren bueltan igo nituen, ekainaren 26an. Hala ere, urte batzuetan arinago eta beste batzuetan beranduago jaso ditut”. Jon Etxebarria ildo berean mintzo da: “Ardiak Gorbeiara noiz eramango ditugun esateko goiz da oraindik”.

Urtaro horretan bestelako lana dutela adierazi du gazteak. Ukuilutik kanpoko jarduna, alegia. “Nahiz eta ardiak mendian egon, bi egunetik behin haiengana joan behar duzu jaten ematera. Ezin duzu jokatu ordenagailu batekin bezala: orain itzali egingo dut, eta lau egun barru berriz piztuko dut, hortxe egongo delako”.

Arratiarrek ez bezala, Fernandezek ez du artaldea Karrantzako mendi aldera igoko. Izan ere, bizi den tokian otsoak eta saiak ikustea ez da batere zaila. “Nik ez ditut ardiak basora eramango. Hara igo eta gero, ia egunero begiratu behar duzu artaldea osorik dagoen edo ardiren bat falta den. Ez hori bakarrik, otsoarekin ere kontuz ibili behar da”, nabarmendu du. Orain urte batzuk otsoak hainbat animalia hil zizkiola eta, udan eta udazkenean inguruko auzokideek alokatutako belardietan bazkatzen du artaldeak.

Jon Etxebarriak eta Angel Fernandezek diote artzain lana gogorra eta eskergaitza dela. “Lan handia egin behar da etekin gutxi lortzeko. Baina ahal den bitartean nola edo hala iraun beharko da”, dio zeanuriztar gazteak. “Egoerak hobera egiten duenean, berreskuratuko dugu ilusioa”, erantsi du karrantzarrak.

Gainera, krisiak, beste sektore askori bezala, artzaintzari ere eragin dio. “Nik ez dut esnerik saltzen, prezioak gora egiten ez duelako”, azaldu du Jon Etxebarriak. “Orain bi urte Orozkoko gaztandegi bati saldu nion esnea, eta zorrak kobratzeko nago”, gaineratu du Enrike Etxebarriak. Dena den, gazteagoen ezkortasunari baikortasuna jarri nahi dio: “Nire aurreneko urteekin alderatuta, hobekuntzak nabari ditut. Oraingo kortak hobeak dira. Arazoa urteetan aurrera joatea da”.

Urteko hilabeterik luze eta lehorrenak mendian igaro ondoren, ardiak berriro ukuiluratuko dituzte. San Josef egunekoaz aparte, Gabonetako arkumeak ere tradizio handia baitu hainbat sukaldetan. Bitartean, Gorbeia edo Karrantzako larreetara joanez gero, euskal herritarren ohitura izan den artzainen artaldea ikusteko abagunea egongo da. Zaletasuna ogibide bihurtzen dutenak urritu badira ere, Enrike eta Jon Etxebarria zein Angel Fernandezen tankeako artzainek dirauten bitartean ez da arkumerik faltako Bizkaiko mahaietan.