Ondarroarrek Galdakao eta Durangora jo ahal izango dute

Espezialista baten beharra duten Ondarroako gaixoek ez dute Gernika-Lumoko Bereizmen Handiko Zentrora joan beharko hura zabaltzen dutenean, Osakidetzak hasiera batean iragarri zuenaren kontra. Aurrerantzean ere, Durangora edo Galdakaora joaten jarraitu ahal izango dute. Ondarroakoez gain, Markina-Xemeingo eta Berriatuko pazienteek ere ez dute zertan Gernika-Lumora joan. Osakidetzak Bereizmen Handiko Zentrora bidali nahi zituen Ondarroatik Gernika-Lumora distantzia txikiagoa delako. Hala ere, bertako herritarrak kexu agertu ziren, herri biak lotzen dituen errepidea ez delako egokia eta garraio publikoa erabilita zaila delako Gernika-Lumora iristea.