“Andreok nekazaritzan motorra garela aldarrikatu nahi dugu”

Etxalde nekazaritza iraunkorrerako mugimenduak antolatuta, emakume baserritarren topaketa egin dute herenegun eta atzo Arteagan. Arantza Arrien baserritar aulestiarrak andre baserritarren egoera eta topaketetan landutakoa azaldu ditu, baikor, irribarrea galdu barik.

Jardunaldien gaia baserritarren jakinduria eta teknologia izan da.

Gaur egungo ereduari eta gure ustiategiei alternatibak bilatzen gabiltza. Ikusten dugu daukagun jakituria tresna bat dela, eta hori transmititzeko modua lantzea izan da jardunaldien helburuetako bat. Elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra dira gure bi ardatzak, eta, horretarako, baserritarra edo ekoizlea da zentroa eta erreferentea denetarako. Metodologia eta sistema horiek martxan jarri nahi ditugu, ikasi, bakoitzak ikertu eta ezagutzak batak besteari eman. Hortaz, alde batetik tailer praktikoak antolatu ditugu: adibidez, zizare humusa, mentuak, izurriteen aurkako ukenduak egiten ikasteko edo gai organikoak azkarrago desegiteko bideak ezagutzeko. Beste alde batetik, atal teorikoagoak izan ditugu.

Eta horretan guztian teknologiak zer leku dauka?

Hori guztia da teknologia. Teknologia ez dira transgenikoak edo laborategietako produktuak. Teknologia gure baserrietan hasten da. Adibidez, makurtu gabe ereitea ahalbidetzen digun tresna da teknologia. Lana erraztea lortu behar dugu, eta erosi ordez geuk egin baditzakegu, oraindik eta hobe. Emakumeen betiko lanerako modua da teknologia.

Emakumeen Egunaren harira antolatutako jardunaldiak dira. Andre beharginen egoera okerragoa da, beharlekua baserria denean?

Ez, orain baserriak aukerak dauzka lanpostuak sortzeko. Nekazaritza krisian egon da urte askoan. Orain aukerak badaude; jendea kontzientzia hartzen hasita dago, eta nekazaritzak ingurua elikatzeko behar egingo dutenentzako hainbat lanpostu sor ditzake. Emakumeak nekazaritzan tokia daukala eta motorra garela aldarrikatu nahi dugu. Emakumeentzako lana badago baserrian.

Baserrian behar egin duenari ez zaio onartu behargin dela, ezta?

Hori onartzea falta izan da, eta oraindik ere antzeko jarraitzen dugu. Batez ere politikoki ikusten dugu gabezia hori. Jardunaldietan, hitzaldia egin dugu landa inguruan bizi garen emakumeoi NPB Europako Nekazaritza Politika Bateratuak nola eragiten digun aztertzeko. Andrazkoak beti ezkutuan egon gara, eta NPBrentzat gure lana ikusezina da.

Zein da politika horren arazoa?

Gaur egun, politika baino gehiago diru banaketa hutsa da. Emakumeok bai Europan eta bai mundu guztian ustiategi eredu txikia ordezkatzen dugu, baserria. Andreak buru diren ustiategiak ez dira tamaina handikoak. Horrek berak politika horretatik kanpo uzten gaitu, ustiategi handiak eta uniformeak bultzatzen dituelako, merkatu uniformean. Zenbakiek erakusten dute hori. Emakumeentzat bideratutako dirua %20 besterik ez da. Bostehun eurotik beherako laguntzetan, emakumeen presentzia handiagoa da. Laguntzak 100.000 eurokoak direnean, jasotzaileen artean ez dago emakumerik. Diru sorta txikien jasotzaileen artean dugu presentzia handiagoa, nahiz eta, oro har, laguntzetan dugun presentzia txikia izan.

Gizarteak onartzen al du lan horren balioa?

Ahoz onartzen da, politikoki zuzena delako, baina gero ekintzetan ez da islatzen.

Zein dira baserritar andrazkoen arazo larrienak?

Norbere autonomiaren barruan erabakiak hartu ostean gauzatzeko bide eta tresna falta daukagu. Askotan geuk, emakumeok ez diogu baliorik eman nekazaritzari lanpostu modura, onarpen falta horrengatik. Norberarengandik hasita aldatu behar dugu ikuspuntu hori. Hein handi batean, etxeko beharrak gure gain geratzen direlako gertatzen da. Zaintza beharrak ere guk egiten ditugu. Emakume nekazariok lanaldi hirukoitza edo laukoitza dugu.

Azken batean, baserrian bizilekua eta beharlekua bat dira, ezta?

Hori da: ez dakizu non hasten den bata eta non bestea. Horregatik, askok uste du gu, behargin baino gehiago, beharginaren laguntzaileak garela.

Nola banatu daitezke bizilekua eta beharlekua?

Hasteko, etxeko beharrak partekatzetik etorriko da banaketa. Baserri horretan bizi diren guztien ardura bihurtuz gero, emakumea nekazari moduan onartua izango da. Agerian geratuko da nekazari modura egiten duen lan profesional hori. Gainera, gizarte zerbitzuek ere badute zer esana. Lehendik murritzak dira landa inguruan; oraingo murrizketekin, lan karga handitu egingo zaio emakumeari.

Azkenaldian, emakumeak ere izena ematen hasi dira ustiategien titular gisa.

Beti izan dute aukera hori, baina bi pertsona lanean ari zirenean, normalean gizonezkoak ematen zuen izena. Orain, bi pertsonak eman dezakete izena; titulartasun partekatua onartu du legeak. Euskal Herrian ez da txarra emakumeak titular diren ustiategien zenbatekoa: Bizkaian eta Gipuzkoan, ia %40; Araban, Nafarroan eta Iparraldean, %30 inguruan dabil.

Titular izateak zer onura dakar?

Lehenengo eta behin, zure lanbidea dela onartzea esan gura du. Modu horretan, ustiategian sortzen den aberastasunaren erdia zurea dela onartzen da. Bikotea banatuz gero edo alargun geratuz gero, emakumeak egindako lanak badu onarpen legala, eta erdia dagokio, titularra delako.

Gutxi bada ere, belaunaldi berriak lekukoa hartzen hasi dira. Kasu horretan, zenbatekoa da emakumeen titulartasuna?

Ikusten dugu baserrira etorri diren gazteen artean emakumeak gehiago direla gizonezkoak baino, baina titulartasun kontuetan ez da islatzen.

Zertan hobetu da emakume baserritarren egoera?

Lehengo emakumeak nekez irteten ziren etxetik, domeketan izan ezik. Baserrietara datorren jendea hirietatik dator; ez da baserritar jatorrikoa. Eta horrek baditu alde onak eta txarrak, baina kultura sozial handiagoa dute, eta hori onuragarri zaio andreari.

Zer deritzezue nekazari gazteei laguntzeko politikei?

Laguntza guztiak beti daude ondo. Borondatea izanez gero, lanpostu asko sor daitezke, denbora gutxian. Borondatea falta da, ordea. Lurraren erabileran, janaria sortzea ez diren beste lehentasun batzuk daude. Uste da ez dagoela hemen ekoitzi beharrik, dena eros daitekeela kanpoan, ekoizten den herri horretan dituen ondorioek kezka handirik sortu barik. Gure lurraldean asko ekoitz daiteke, lana sortu eta ingurua zaindu.