“Hazkunde handiegiak herriaren nortasuna aldatzea dakar”

Meñakako udaletxeko balkoitik begiratzean Aitor Ugarte alkateari etortzen zaion lehenengo sentipena “poza” da. “Herriak zu aukeratu zaitu, eta, beraz, konfiantza dauka zugan”, arrazoitu du. Ugarte ez da berria bere herriko udalean. Hamabi urte daramatza jadanik bertan lanean: alkateorde zereginetan, zein oposizioan. Oraingo honetan, baina, udalaren buru izatea egokitu zaio, eta bigarren agintaldia hasi berri du lan horretan. Aurrenekoan EAren zerrendaburu modura iritsi zen alkatetzara; iazko maiatzean Bildu koalizioarekin. “Nire helburua ez zen inoiz izan alkate izatea, baina azkenean baldintzak horretara eraman naute”.

Meñakan, herri txiki gehienetan bezala, alkate lana herri handietakoekiko zeharo ezberdina dela dio Ugartek. “Lana konstantea da, etenik bakoa, 24 ordukoa. Izan ere, herritarrekin une oro gaude harremanetan halako udaletako alkate garenok”. Hori horrela, meñakar gehienekin hartu-eman ona duela ziurtatzen du.

Agintaldi honetan, beste hainbat udaletan bezala, jarduna egoera ekonomikoak baldintzaturik egongo da, Ugartek berak aitortu duenez. Hala ere, azken urteetan bultzaturiko proiektuei esker, herriak premiazkoak dituen zerbitzuak bermaturik daudela esan du: haur eskola jarri da martxan, igogailuak ipini dira udaletxean eta liburutegian, osasun etxea berritu da, ur ponpatzeak egin dira… Horrela, Meñakako herrigunean herri batean beharrezko diren zerbitzu gehienak daude, baita kirol ekipamenduak ere: Migel Angel Lotinaren izena duen kiroldegia, zein bi frontoi —kanpoaldekoa eta estalia—.

Orain, Ugarteren udal taldearen erronka, bada, antolamendu plan berria onartzea da. Une honetan onarpen fasean dago, baina abuzturako finkatua egotea espero dute udal gobernuko kideek. “Azkenengoa 1998koa da, eta berria idazteko orduan lege berriak bete behar izan ditugu Bizkaiko Foru Aldundiak zein Euskal Jaurlaritzak onartu dezaten”.

Plan berri horrekin garapen eta hazkunde “handiegia” saihestuko dutela ziurtatu du Ugartek, “herriaren nortasuna aldatzea ekarri baitezake horrek”. Horrela, babes ofizialeko laurogei bat etxebizitza eraikitzea ezarriko du plan orokorrak, legeak udalari exijitzen dion gutxieneko zenbatekoa. Baina, bost etxebizitzako blokeetan banandurik eraikitzea aurreikusten da, “inguruko itxura gehiegi ez aldatu eta paisaiarekin bat egiteko”. Urteak falta dira proiektu horiek garatzen hasteko, hala ere.

Herrigunetik auzoetara

Agintaldi berriarekin beste hainbat proiektu ere sustatu nahi ditu udal talde berriak, edo gutxienez orain artekoari eutsi. Kultur arloan, adibidez, aurreko agintaldietan finkatu diren ekintza berberak antolatzen jarraitu nahi dute: bertso bazkariak, ikastaroak… “Euskara ikasteko ikastaroak ere ia osorik finantzatzen ditu udalak”, dio Ugartek.

Zerbitzu gehienak erdigunean badaude ere, Meñakabarrena eta Emerando auzoak ez ditu alde batera utzi nahi Ugarte alkateak. Horrela, kanpainan esandakoak betetzen saiatuko direla ziurtatu du. Haren esanetan, dagoeneko bide horretan ari dira beharrean. “Baina proiektu batzuk aurrera ateratzeko diru laguntzen menpe gaude guztiz, zaila da gauza batzuk udalak berak bakarrik finantzatzea”.

Emerandon egin nahi duten auzo etxea da horietako bat. Auzo hori Mungia eta Meñaka artean dago, eta, beraz, bi udalerriek adostu behar dute eraikinaren atontzea. “Bi herriok bizi dugun egoera ekonomikoa larria dela ikusirik ez da erraza izango, baina saiatuko gara”. Egoera hori izanik, gaur-gaurkoz lehentasuna, herrian dagoeneko badagoena mantentzea dela diola Ugartek, “inbertsioren bat bai, baina gutxi izango dira”. Auzolana ere aipatu du Meñakako alkateak; nahiz eta oraindik ez duten bereziki sustatu, etorkizunerako alternatiba izan daitekeela dio.

Ondo komunikatuta, lasaia

Ugarte betidanik bizi izan da Meñakan. “Agian horregatik izango da, baina nik ez diot alde txarrik ikusten herriari: inguru natural paregabea daukagu, behar ditugun zerbitzuak, Mungia, Bakio eta Bilbo hurbil ditugu…”. Hala ere, denak du bere ifrentzua eta alde txarren bila hasita, garraio publikoaren maiztasun eskasa aipatu du herriaren desabantaila gisa. “Egunero Bizkaibusen hiru autobus besterik ez dira igarotzen herritik, eta meñakarroi autoarekiko izugarrizko menpekotasuna sortzen digu horrek. Edonora joateko ia ezinbestekoa zaigu”, agertu du kezka.

“Herri oso lasaia da, baina aldi berean bizitasun izugarria du”. Modu horretan ikusten du Ugartek bere herria. Eta bisitarientzat ere zer ikusi badagoela ziurtatu du: hainbat baseliza auzoetan, mendi ibilaldiak egiteko aukera paregabea, Otune jauregia, elizak… “Meñakak asko eskaintzen du gozatzeko”.