Bizkaiko kanoiei bolbora busti zaie

Bizkaiko kostaldean zehar, harrizko lekuko ugari daude kortsario zein itsasgizon ingelesen istorioak gordetzen dituztenak. Izan ere, Aro Modernoan eraikitako 64 gotorleku dokumentaturik daude jaurerriko kostaldean, Aranzadi zientzia elkarteko kide Afredo Moraza historialariak egindako ikerketen arabera. Horietatik, 45 eta 50 artean aldi berean izan ziren martxan. Hala ere, gaur egunera hamalau gotorlekuren zantzu materialak baino ez dira heldu, eta kontserbazio egoera nahiko kaskarrean, gainera. Morazak ohartarazi duenez, kostaldeko defentsa azpiegiturak aintzat hartu beharko lirateke, Bizkaiko historiaren inguruko jakintza zabaltzeko, eta itsaso aldeko ondarearen zati garrantzitsu bat gal ez dadin. Horretarako, beharrezkotzat jo du kontserbazio planak martxan jartzea.

Herritarren artean gaiaren inguruko jakintza oso hedaturik egon ez arren, historialariak nabarmendu du astebururo jende askok paseorako erabiltzen dituen ibilbideetatik gertu daudela defentsa sistemak. Horien artean dago Muskizko Castillo Viejo: Kobaron auzotik Arena hondartzara doan pasealekutik 100 metro eskasera, itsaslabar ikusgarri baten ertzean. 1643 eta 1833 artean, “karabineroen etxola egon zen bertan”, Morazak dioenez. Beste adibide bat Gorlizko Azkorriaga gotorlekua da, Astondo hondartza eta Billao lurmuturreko itsasargiaren artean, erdibidean.

Galea eta ingelesak

Ziur asko, Getxoko Galea gaztelua izango da Bizkaiko kostaldeko defentsa eraikinik ezagunena eta ondoen kontserbatutakoa. Bere garaian, kostako defentsa sistemaren elementurik indartsuena ere izan zen: zenbait kalibretako hogei kanoi zituen. Morazak azaldu duenez, Galeako gotorlekuaren funtzioa zen itsasotik etor zitezkeen etsaiak kostara hurbil zitezen galaraztea, “nahiz eta, ziur asko, hortik ez duten inoiz tiro bat bera ere bota”.

Ez zuen inoiz tirorik jaurti, baina birritan jasan behar izan zuen ingelesek eragindako suntsipena. Hala, 1812an, frantsesen menpean zegoela, Galeako gotorlekua lehen aldiz suntsitu zuen armada ingelesak, zeina Espainiaren independentziaren aldekoen aliatu zen. Beste horrenbeste egin zuen 1836an, karlisten aurka borrokan zebilen botere liberalari laguntzeko asmoz. Noski, ingelesen laguntza ez zen batere altruista izaten, Morazak baieztatu duenez: “Independentzia Gerran, ingelesak koroarekin batera borrokatzen ziren frantsesen kontra, baina aprobetxatu zuten etekina ateratzeko. Kostako bateria guztiak txikitu zituzten. Etorkizunera begira egin zuten, bazekitelako orduan Espainiako koroaren aliatuak zirela baina handik bost urtera, ziur asko, kontrako egoeran egongo zirela”.

Hortaz, esan daiteke Bizkaiko kostaldeko gotorlekuak Espainiako koroaren unean uneko etsaiengandik defendatzeko eraiki zirela. Dena den, koroak ez zuen gotorlekuak eraikitzeko ardura hartzen, hori Bizkaiko Jaurerriaren eskumen forala baitzen. Aldundiak, baina, gotorlekuak martxan jartzeko dirua baino ez zuen ipintzen, azpiegituren mantenua eta haren kostua udalen esku utziz. Morazaren hitzetan “udalek ez zuten ulertzen beste kostu bat euren gain hartu behar izana, eta abandonatuta uzten zituzten”.

Itsasontziak lotzeko kanoiak

Testuinguru horretan, zenbait herritako artilleria piezak funtzio xelebreak bete zituzten. 1793ko testigantza batek zehazten duenez, Bermeoko Santa Eufemia gotorlekuan zeuden lau kanoiak zaharkiturik gelditu ziren, eta kaian jarri zituzten itsasontziak lotzeko. Hala ere, kasurik sinestezinena 1826an Bakion jazotakoa izan zen: Birjilandako kanoiak Martin Iturain herriko semeak bere etxean zituen, mahatsarra sostengatzeko zutoin legez erabiltzen zituelarik.

Bestalde, bateriek defentsarako ahalmen oso mugatua zuten gehienetan, gune bakoitzean kanoi gutxi eta kalibre txikikoak egoten baitziren gehienetan. Hala baieztatzen du 1792an Jaurerriaren kostako gotorlekuei egindako azterketaren nondik norakoak zehazten dituen eskuizkribuak: Meñakozen (Sopela) kokaturiko baterian, lau kanoietatik bi baino ez ziren erabilgarriak; Gorlizen, berriz, Astondo hondartza inguruan zegoen Bermeoarri bateria osatzen zuten bi kanoiak erabat hondaturik zeuden. Aranzadiko kideak azpimarratu du bateria hauek “askotan” defendatu behar izan zutela Bizkaiko kostaldea, baina, haren ustez, eraginkortasuna “nahiko mugatua” izan zuten.

Baterien kokapenari dagokionez, “hierarkizazio nabarmena” zegoen Morazaren iritziz: gotorleku gehienak portu garrantzitsuenen inguruan zeuden. Hala, Abran kokaturik zegoen Bizkai osoko kosta gotorlekuen laurdena, euren xedea Zorrotzan zegoen errege ontziola eta Portugalete zein Bilboko portuak defendatzea zelarik. “Lekeition eta Bermeon ere bazeuden defentsa sistema garrantzitsuak. Izan ere, horiek ziren lehen mailako portuak. Gainontzekoak bigarren edo hirugarren mailako portuak kontsideratzen ziren”. Nabarmentzekoa da gune estrategiko horietan XVI. mendean agertu zirela gotorlekuak, Bizkaiko kostaldeko beste puntuetan XVII. eta XVIII. mendera arte itxaron behar izan zuten bitartean.

Paisaiaren eta aisialdiaren aldetik balio handia duten eremuei interes kulturala txertatzea erraza izango litzateke Morazaren iritziz. “Kostu handiegirik gabe posible izango litzateke gotorleku horiek berreskuratzea”. Gotorlekuak abordatzeko ordua da. Zaharberritzeari ekiteko, ordea.