50 bertsolari ari dira Bizkaiko gazte talde onena izateko lehiaketan

Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bertsolari inguru lurralde horretako bertsolari gazte talde onena izateko lehian hasi berri dira. Joan den martitzenean hasi zuten aurtengo BBKren Bertsolari Gazteen Sariketa.

Eskualde bakoitzeko taldeak sei bertsolarik osatzen dituzte. Horietako erdiak hemezortzi urtetik beherakoak dira, eta, gainerakoak, 19 eta 24 urte artekoak. Arratia, Bilbo, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Ipar Uribe eta Lea Artibai eskualdeetako gazteak ari dira lehian. Iazko sariketa Lea Artibaiko gazteek irabazi zuten.

BBKren Bertsolari Gazteen sariketa irabazten duen taldeak 1.260 euroko saria jasoko du. Finalistei dagokienez, 2.000 euroko saria banatuko dute euren artean. Txapelketan, gainera, 3.780 euro izango dira, parte hartzen duten bertsolari guztien artean dieta gisa banatzeko.

Sariketaren kanporaketa saioak zenbait herritako ikastetxe eta kultur etxeetan egingo dituzte. Saio horietarako sarrerak doan dira. Finalerako sailkatuko diren bertsolariak, bestalde, Bilboko Kafe Antzokian ariko dira txapela lortzeko norgehiagokan, datorren martxoaren 23an.

Joan den astelehenean egin zuten lehiaketaren aurkezpena Bizkaiko Bertsozaleak elkarteko kide Irune Sotok, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritzaren arduradun Juanjo Respaldizak eta Bizkaiko bertsolarien txapeldun Arkaitz Estiballesek. Sariketa horretan lehiakide izaten hasi zen, eta epaile bihurtu da.