Mendebaldeko berbak, paperean

Bizkaiera idazteko erabili izan da, euskara bera erabili den neurrian. Eta literaturarako hizkuntza izan da, euskalkiaren eremuan literatura euskaraz idatzi den neurrian. Azken batean, euskara batua oraintsuko kontua da”. Labayru ikastegiko Igone Etxebarriak bizkaiera idatziari egindako laburpena dira berbok.

Esteban Garibai historialari arrasatearrak XVI. mendean jasotako balada eta eresiak dira mendebaldeko euskararen edo bizkaieraren lekuko idatzi zaharrenetakoak: ahozko literatura, idatziz gordea. Joan Perez Lazarraga arabarrak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen eskuizkribu bat aurkitu zen 2005ean, Madrilgo denda batean. Euskarazko idazlan literario zaharrenetakoa da. Haren euskara mendebaldekotik hurbil dago, nahiz eta beste euskalkietako ezaugarriak izan.

Euskal filologian lizentziatua da Etxebarria, eta Labayruk argitaratzen duen Idatz & Mintz literatura aldizkariaren arduraduna. Begiratu hau egiterakoan zalantzak agertu ditu literatura zer den eta zer ez. “XVII. mendeko sermoilariek literatura egin zutela esan daiteke? Literatura berbak letra idatzia esan gura du. Baina gaur eguneko literaturaren esangura hartuz gero, ezin dezakegu literatura direnik esan”. Hala, haren iritziz, nolabait esatearen, bizkaierazko lehen literatura lana Joan Antonio Mogelen (Eibar, Gipuzkoa, 1745 — Markina, 1804) Peru Abarka litzateke. “Gainontzekoak moral ezartzaile kutsuko lanak dira”. Mogelen aurretik, ordea, ezin ahaztu Kapanaga Martin abade mañariarra, Rafael Mikoleta abade bilbotarra eta Pedro Inazio Barrutia aramaioarra. Hirurek ere bizkaieraz testu mota ezberdinak idatzi zituzten.

Peru Abarka bera ere ezin da genero literario baten arabera sailkatu. Etxebarria: “Ez da antzerkia ez nobela; tartekoa da. Elkarrizketa baten bidez egiten du kontaketa; helburua, literatura baino gehiago, herriaren irudi jakin bat goratzea zuen”. Edonola ere, bizkaierazko literaturaren klasikotzat jotzen dira Mogelen beraren eta Pedro Antonio Añibarroren (Areatza, 1748 — Zarautz, Gipuzkoa, 1830) sasoikoak; XIX. mendeko idazleak. Gizaldi horretan eskuratu zuen bizkaierak euskalki literario maila. Bi horiek idazkera eskola bana ordezkatzen zuten: Mogelek Markinakoa eta Añibarrok Arratiakoa. Bizkaieraz idazteko eredu bi erabili zituzten; Mogelek Markinako euskaran idazten zuen, Añibarrok Arratiakotik abiatuta bizkaiera zabalagoan. Hala ere, “ez dituzte literatura estilo bi ordezkatzen”.

XIX. mendearen erdialdean moteltze bat etorri zen. Horren adibide dira datuok: 1800 eta 1820 artean argia ikusi zuten liburu berriak 15 izan ziren; 1840tik 1879ra, berriz, 5 baino ez. XIX. mende amaiera arte, bi horiez gain, besteak beste, daude Juan Mateo Zabala, Juan Jose eta Bizenta Mogel, Pedro Astarloa, Eusebio Maria Azkue eta Felipe Arrese Beitia.

Abertzaletasunaren akuilupean, XIX. mende bukaeran beste loraldi bat izan zen. Aldizkariak oso garrantzitsuak izan zirela dio Etxebarriak. “Idazle asko daude; batzuk hobeak, beste batzuk ez hainbeste”, gogoratzen du. Baina aldizkarietatik kanpo ez zuten denek izan sorkuntza.

Mogelen ostean, bada, ia-ia Txomin Agirreren (Ondarroa, 1864 — Zumaia, Gipuzkoa, 1920) sasoira jo behar dugu bizkaieraz idatzitako nobela bila. Agirreren nobelak kostunbristak dira, Etxebarriak gogora ekarri duenez. “Irudi topikoak erabiltzen ditu: pertsona onak sublimeak dira, eta txarrak, infernuko txitxirria baino okerragoak; ez dago erdibidekorik”. Gainera, balio batzuk pertsonaia batzuei lotzen zaizkiela azpimarratu du; adibidez, euskalduntasuna eta fede sutsua pertsona onei, eta erdara, kaletartasuna eta elizari muzin egitea, txarrei. “Ez dago tramarik, eta pertsonaiak ez dira oso interesgarriak. Literatura bada, baina fikzioa balio jakin batzuk ezagutarazteko aitzakia da”. Garaiko beste idazle batzuk dira ondokoak: Juan Manuel Etxeita, Resurreccion Maria Azkue, Pablo Zamarripa eta Bernardo Maria Garro Otxolua.

Mende gora beheratsua

XX. mende hasieran iritsi zen urrezko aroa. Pizkunde zeritzon garai horretan, oro har, modernotasunerako joera handia zegoela nabarmendu du Etxebarriak, eta horrek eragina zeukan literaturan ere. “Kanpoan egiten dena ezagutzen dute, arkitekturan, musikan, pinturan, baita literaturan ere”. Garai horretan, bizkaierari dagokionez, aurretik zetorren idazkera eredua aldatu zuten. Batetik, Sabino Aranaren inguruan hiperbizkaiera deitutakoa sortu zen; alegia, euskara garbizalea. Bestetik, herri hizkerari lotuta jarraitu zutenak zeuden. Modu horretan argitaratu zituen bere ipuin eta artikuluak Ebaristo Bustintza Kirikiño mañariarrak (1866-1929), berbarako. Garaiko aldizkari guztietan idatzi zuen, eta Abarrak ipuin bilduma du argitalpenik ezagunena.

Garai horretako idazlerik entzutetsuena, berriz, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiz, 1905 — Gasteiz, 1937) da. “Berritzailea da bai hizkuntzan, bai literaturan, askotan ulertzeko gaitza izateraino”, aitortzen du Etxebarriak. Poema solte asko argitaratu zituen. Argitalpen ezagunena Bide barrijak poesia bilduma du. Ez alferrik, Pizkunde garaian poesia idazten da batez ere, nobela arloan ia ez dago produkziorik bizkaieraz. Garai horretakoak dira Kepa Enbeita Urretxindorra, Errose Bustintza Mañariko eta Sorne Unzueta Utarsus.

Gerra hasi zenean, ordea, dena isildu zen. Hala ere, Agustin Zubikaraik (Ondarroa, 1914 — Galdakao, 2004) idazten jarraitu zuen. Baita Eusebio Erkiagak (Lekeitio, 1912 — Bilbo, 1993). Erkiagak Endaitz ezizena erabili zuen. Bere lagun Lauaxetaren omenez Ez zaitez Gernikara joan olerkia idatzi zuen, besteak beste. Dena den, nobelak, antzerkia, eta ipuinak ere idatzi zituen. “Bi horiek izan ziren gerra ostean bizkaieraz idazten jarraitu zutenen artean garrantzitsuenak”.

Diktaduraren azken urteetan berriz indarberritu zen euskal kultura. “Gerra aurreko idazle haien seme-alabak dira. Gerra ostean isildu izana leporatzen diete aurrekoei. Eta belaunaldi aldaketa guztietan gertatzen den antzera, aurretik egindakoarekin apurtu behar da, zerbait ezberdina egin”. Orduan egin zen euskararen batasuna, eta literatura hizkuntza eredu berria hartu zuten idazleek, baita Bizkaikoek ere. Aldizkariek indarra berreskuratu zuten diktadura ostean. Anaitasuna-n eta Karmel-en argitaratzen zuen, kasurako, Mikel Zaratek (Lezama, 1913 — 1979). “Aro modernoan idazle oparoa izan zen, eta bizkaieraz egin zuen produkziorik gehiena”, azpimarratu du Etxebarriak. Ipuin antzeko alegi mingotsak ipuin bilduma eta Haurgintza minetan nobela idatzi zituen; poesian, Higidura berdez eta Bizipenen bultzadaz.

“Gaur egun Bizkaiko idazle askok ez dute bizkaieraz idazten. Orain, ez dakit bizkaiera ezagutzen duten”, hausnartu du Etxebarriak. Merkatuan erdarak eta gehien saldutako liburuak dira jaun eta jabe; euskarazko literaturan batuaz idatzita dagoenak irakurle gehiago ditu. “Bizkaieraz ez dago aparteko eskaririk. Hala ere, liburu bat interesatuz gero, gaur egun ez da arazo bizkaieraz egotea. Edonork irakur dezake”.