Bizenta Mogeli

Ez dakit inork esan dizun baina 2012an ere krisian gaude, duela berrehun eta hogeita hamar urte, zu jaio zinenean legetxe.

Gogoratzen? Erregimen Zaharreko lanabesak motelegiak ziren Europako martxari jarraitzeko eta, ondorioz, sineskeria antzuak baztertu eta arrazoiaren argitasunaz mundua ilunpetik atera eta ilustratu behar zen, besteak beste, gaixotasunei aurre egin, nekazaritza bizkortu eta gazteen heziketa bermatzeko.

Asko aurreratu dugu horri esker: jada inor ez da hiltzen astanafarreriaz, zuen osaba Juan Jose bezala, eta ekoitzitako janaren erdia botatzen dugu zaborretara, pentsa. Hiru urtetik hamaseira bitarteko ume guztiak eskolatzen dira, derrigorrean, eta euskaraz gain, gaztelania, ingelesa eta frantsesa ikasten dute, eta, ondorioz, neska izateagatik ez dago erreguka ibili beharrik eskola ikasteko, zu osabarekin ibiltzen zinen lez. Andrazko idazle ugari gaude, eta denok sinatzen dugu geure izenaz, zeuk bezalaxe. Kostata, baina, geu ere saiatzen gara “ipuin onak” egiten eta, tarteka asmatu ere egiten dugu, eta, noizean behin, mundu mailako sari handiren bat edo beste jasotzen du gutakoren batek. Bazeneki zenbat liburu argitaratzen den euskaraz! Jatorrizkoak nahiz euskara itzuliak, zuk egiten zenuen bezala. Esan gizonari inprentak ere ia berez dabiltzala. A! Eta pozik egoteko, ezkondu ondoren ere idazten eta lanean jarraitzen zuen andrea edukitzeagatik bikote modernotzat hartzen zaituztegulako.

Hala ere, Bizenta, aurrerapenak aurrerapen, ogi beltzera bueltatzeko aholkua eman digute medikuek, eta adituek, berriz, berriro oinez ibiltzen hasteko. Zabortegietan jende asko ikusten da janari bila, eta gero eta lagun gehiagok lo egiten du kalean.

Ez dakit, Bizenta, inork esan dizun baina, Ilustrazioak arrazoia argitu zigun, baina orain barrua dugu ilun.

Eskerrak, tarteka, zu lakoei esker, liburuak, denbora eta ilusioa maletan sartuta, eskolaz eskola, ostera ere, umetu eta bizitzarekin adiskidetzen garen.

Mila esker, ereindako haziagatik.

Adeitasunez.