Añibarro gaurkotu nahian

Euskal Idazleen Elkarteak proposatu zidanean zenbait eskolatan Pedro Antonio Añibarrori buruz hitz egitea, bertigoak hartu ninduen. Amilizua, aurreko batean entzun eta gustatu zitzaidan hitza erabiltzearren. Bertigoa, amilizua, proposamena jaso nuenean Añibarro ez nuelako ezagutzen, eta, aitor dezadan, oraindik ere lar ondo ezagutu barik segitzen dudalako, haren Esku-liburua eta Lore sorta espirituala liburuak irakurri ditudan arren.

Nire printzipioetako bat (ez dakit etikoa edo zein klasetakoa, baina bai gehien praktikatzen dudanetakoa) ezagutzen ez ditudan gaiei buruz ez hitz egitea da. Gainera, ez dakit disimulatzen, eta alferrik ariko nintzateke ikasleen aurrean Añibarrori buruz hizketan, niretzat ere pertsonaia arrotza bada. Beraz, zer egin? Artean ez nekien zein zen zehazki programa honen helburua, baina, ikastetxe batzuetako irakasleekin hitz egin ostean, eta beraiek ere erdi galduta zebiltzan arren, konbentzitu egin ninduten: nire hitzaldiak Añibarrotik abiatuko dira, haren testuingurua zehazten saiatuko naiz, eta aipatuko dut mendebaldeko euskarari egin zion ekarpen eskerga, baina kito Añibarrorekikoak: une horretatik aurrera, haren gaietako batzuk jorratuko ditut, baina gaur egungo ikuspegitik, eta, bereziki, mendebaldeko euskararen presentzia gaur egungo bizitzan eta literaturan. Ezin askoz harago joan, asmoa saio erakargarria egitea baita, eta, ez gaitezen engaina: duela 200 urteko abade idazle bat, gaurko gaztearen begietara, zerbait estralurtarra da. Gainera, beste faktore bat ere badago: saio batzuk umeentzat izango dira, eta besteak nerabeentzat. Jakina, diskurtsoa erabat aldatu beharko da saio batetik bestera, eta funtsezkoa izango da gako interesgarriak eskaintzea entzuleei, programa honek arrakasta izango badu.

Baina oraindik hasi baino ez gara egin: aurten dena ez da perfektua izango, egongo dira okerrak eta leundu beharreko xehetasunak, baina ziur naiz egindako akatsetatik ikasiko dugula hurrengo urteetarako, ekimen honek hainbeste eta gehiago merezi duela uste dut eta.