Nekazaritza arloko zaborra biltzen dute hiru eskualdetan

Nekazaritza ustiategietako hondakinak jaso beharraren kontzientzia zabaldu behar dela deritzo Urkiola garapen elkarteak. Izan ere, jakinarazi duenez, Durangaldeko, Lea-Artibaiko eta Mungialdeko eskualdeetan —inguru horietako nekazaritzaren ardura daukate landa garapen elkarteek— “nekazarien parte hartzea gora doan arren, parte hartzen ez duten ustiategiak gehiengoa dira oraindik”.

Eskualde horien artean, Lea-Artibaik darama denbora gehien hondakinak jasotzen. Hain zuzen, 2009an ekin zioten zabor horiek jasotzeari. Horren ondorioz, han jasotzen dute plastiko kopururik handiena.

Lea-Artibai Landa Garapen elkarteak egiten du eskualde horretan nekazaritza ustiategien eta hondakinak kudeatzeko ardura dutenen arteko bitartekari lana. Landareen eta animalien osasunerako erabiltzen diren produktuen ontzi hutsak, berotegietako plastikoak, silo bolak eta siloa jasotzen dituzte. Agortutako artzain pilak biltzeko kontainer berezi bat ere jarri dute. Iaz, guztira, landareen eta animalien osasuna zaintzeko erabiltzen diren produktuen 700 ontzi huts baino gehiago jaso zituzten. Berotegietako plastikoari, siloei eta silo bolei dagokienez, berriz, 70 tona inguru bildu zituzten.

Hondakinen bilketa horretan era eta tamaina guztietako nekazaritza ustiapenek parte hartzen dute, Urkiola Landa Garapen elkarteak jakinarazi duenez. Ontzi hutsen bilketa Markinako Miba kooperatiban egiten dute, hiru hilerik behin. Berotegietako silo bola eta siloei dagokienez, urtean birritan jasotzen dituzte, aurretik ezarritako lekuetan.

Durangaldean, bestalde, 2010ean ekin zioten hondakin mota horiek birziklatzeko bilketa lanei. Eskualde horretan ere, Lea-Artibain jasotzen dituzten produktu berak biltzen dituzte. Han ere, artzain pilak uzteko kontainer berezi bat jarri dute.

2011n, 700 ontzi huts baino gehiago jaso zituzten. Berotegietako plastikoari, siloei eta silo bolei dagokienez, berriz, 25 tona inguru bildu zituzten. Han, txakolin ustiategiek parte hartzen dute, batez ere, hondakinen bilketan.

Ontzi hutsak Abadiñoko Diba kooperatiban jasotzen dituzte, hiru hilean behin. Plastikoak, berriz, urtean birritan jasotzen dituzte, aurretik ezarritako tokietan.

Mungialdea, hasi berritan

Mungialdea da nekazaritzako hondakinak jasotzeko proiektuan sartu den azken eskualdea. Iaz ekin zioten lan horri, Jataondo landa garapen elkartearen eskutik.

Beste bi eskualdeetan biltzen dituzten produktu berak jasotzen dituzte han ere. Berotegietako plastikoari, siloei eta silo bolei dagokienez, 25 tona inguru jaso zituztela jakinarazi du landa garapen elkarteak. Plastiko mota horren bilketari hasiera-hasieratik “gogor” ekin diotela deritzo elkarteak.

Ontzi hutsak Mungia eta Lezamako nekazaritza kooperatibetan jasotzen dituzte, hiru hilean behin; plastikoak, urtean birritan, aurretik ezarritako lekuetan.

Urkiola Landa Garapen elkartearen esanetan, aipatzekoa da proiektuan parte hartzeari ekiten dioten nekazariek eutsi egiten diotela lan horri.