Foru Aldundiak “irizpide teknikoen arabera” hautatu ditu egingo diren errepideak

Itziar Garamendi Bizkaiko Diputazioko Herri Lan eta Garraio diputatuak aurreikusitako errepide ardatzetako batzuk zergatik atzeratu dituzten azaldu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, Herri Lan eta Garraio Batzordean egindako agerraldian. “Krisi ekonomikoak etenik ez duelako eta aurrerantzean zer gertatuko den ez dakigulako, hartu behar izan dugu halako erabakia”, jakinarazi die batzarkideei. Hiru proiekturekin uda honetan bertan hastea eta beste hirurak gerorako hustea, ez dela auzazko erabakia izan ohartarazi du ahaldunak: “Irizpide teknikoak erabili ditugu lehentasunak ezartzeko orduan”.

Garamendiren esanetan, hainbat kontu hartu dituzte kontuan. Lehenik, errepide horrek zerbitzu emango dion herritar kopuruari erreparatu diote. Bigarrenik, eskualdeak duen jarduera ekonomikoa zenbatekoa izan da irizpidea. Inguru horretako errepideen pertsona zein zama zirkulazioa ere aintzakotzat hartu dute. Hala, horiei denei erreparatuta, diputazioak ondorioztatu du “premia gehienekoak” direla Gerediaga (Abadiño) eta Elorrio arteko errepidea, Zornotza eta Muxika Autzaganeko tunelaren bidez lotuko dituena eta Bermeoko saihesbidea.

Oposizioa ez dago ados. PSE-EEk, kasurako, irizpide politikoa erabili dutela egotzi dio Garamendiri. Hala, Ermuko saihesbidearen lanak atzeratzeko “arrazoi bakarra herriko alkatea alderdi sozialistakoa” izatea dela leporatu dio Paulino Colmenero bozeramaile sozialistak. Diputatuak barik, talde jeltzaleko bozeramaile Nerea Ahedok erantzun dio salaketa horri: “Halako irizpidea jarraitu izan balitz, beste errepide ardatz batzuk ere ez lirateke egingo. Nork du, ba, agintea Gernika-Lumon edo Bermeon?”. Ahedoren esanetan, Colmenero “Ermuko saihesbideaz baino ez da kezkatzen, herriko alkatetza dutelako”. Haren irudiko, Bizkaiko gainontzeko errepideei sozialistek “ez diete kasurik egiten”.

PPren bozeramaile Jesus Isasik gogor kritikatu du, beste behin, erabakia. Haren esanetan, errepide ardatzek ekonomia sustatuko dute. “Eraikiko ez badira, ez dugu ekonomia berriz piztuko, eta lehengo krisi egoera berberean jarraituko dugu”, agertu du kexua. Gainera, aurreikusita zegoena ez betetzea, “seriotasun falta larria” dela iruditzen zaio Isasiri: “Herrialdeko Errepide Plan Orokorra alderdi politiko guztien [aurreko legegintzaldiaren bukaeran] adostasunarekin onartu zen, denak batera egiteko konpromisoa hartu zuelako aldundiak”. Gainera, aurtengo aurrekontuen eztabaidan plana bere horretan gordeko zela esan zietela leporatu dio Garamendiri; “hain zuzen ere, errepideen erdia ez dela egingo jakinarazi baino hiru aste lehenago baino ez”. Diputatuak ukatu egin du akordioa hautsi dela: “Erritmoak aldatu ditugu, besterik ez”.

Isasik, gainera, inprobisatzen ibiltzea leporatu dio. Horren adibide jarri du Getxo eta Leioa arteko korridorea: “Ez zegoen planean jasota, ez du aurrekonturik ezarrita, eta bi urte eta erdiz maketa hutsa izango da”.

Bilduko bozeramaile Joseba Gezuragak diputatuari ohartarazi dio finantzaketa arazoak plan osoa berriz egituratzeko aprobetxatu behar izan dela. “Batzar Nagusietara ekarri behar zenuten auzia, denon artean plan berri bat osatzeko, eta ez foru aldundiaren nahien arabera moldatu”.