“Enduro lehiaketa garrantzitsua izango da ostalaritza sustatzeko”

Bizitasun handiko herria ikusten du Iker Belaustegi Munitibarko alkateak udaletxeko balkoitik begiratzen duen bakoitzean. Hiru eskualde lotzen ditu Munitibarrek, eta horrek zalantzarik gabe herria ezagun egiten lagundu eta, aldi berean, bizitasun handia ematen dio. Azken urteetan aldaketa handiak jasan dituen herria da Munitibar, Belaustegiren ustetan. Hala ere, “bizirik mantentzeko oraindik aldaketa gehiago behar dituen herria” ikusten du plazara so egiten duen aldiro.

Belaustegirentzat, herriko txoko gustukoena, berriz, Oiz mendia da. Haurtzarotik leku kutuna izan da Munitibarreko alkatearentzat. “Egun polit bat igarotzeko leku aproposa eta lasaitasun handia transmititzen duena. Eskualdeko jendeak ere asko estimatzen duen gunea dela esatera ausartuko nintzateke”.

Bederatzigarren urtea da aurtengoa Belaustegirentzat alkate karguan. Agintaldi honetan, orain arteko lanari jarraipena emateko asmoa azaldu du. Parez pare duena erronka gogorra dela aitortu du, gainera: “Krisiaren bukaera urruti dago oraindik, eta aurrekontuak asko jaitsi dira. Hori horrela izanda, guk orain arte eskaini ditugun zerbitzu guztiak mantendu eta, ahal dugun neurrian, herriarentzat beharrezkoak diren zerbitzu berriak sortu behar ditugu”.

“Aurreko urteetan egindako lanek Munitibar premiazko zerbitzuak aseta dauzkan herria bihurtzen lagundu dute”. Alkateak adibide batzuk jarri ditu: eskualdeko herrietako haur zein gazteak biltzen diren esku pilota taldea, Oizpe egoitza, ile apaindegia, botikina… “Herritarrek eskatutakoari erantzuna ematen dioten zerbitzuak eskaintzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan errentagarritasuna dela-eta batzuk bideragarriak ez izan”.

Herritarren beharrak asetzeko

Momentu honetan, behin baino sarriago herritarrek eskatutako haur eskolaren proiektua aztertzen ari dira Munitibarko Udalean. “Eskaerak nolako jarraipena izango duen aztertu behar dugu, eta, behin hori ikusita, proiektuarekin aurrera egin ala ez erabakiko dugu”. Haur eskolaren proiektua garrantzitsua da Munitibarrek dituenen pareko ezaugarriak dituen herri batentzat. “Jende gazteak eguneroko bizimodua herrian egitea nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da haurren zaintzaz arduratuko den eskola bat herrian bertan izatea”.

Zerbitzuez gain, herritarren bizi-kalitateak ere leku handia hartzen du Munitibarko Udalak finkatutako lehentasunen artean. Baserri gune ugari daude, eta horiek ondo komunikatuta eta zainduta edukitzeari garrantzi berezia ematen diote Munitibarren. Orain arte egindako lanez gain, momentu honetako erronka auzo batzuetan ur zikinen sarea berritzea izango da. “Horretaz gain, baserrietara heltzeko bideak ere konponketa beharrean daude, baina krisi garaietan gauza horiek egitea nahiko zaila izaten da”.

Bizi den momentua dela eta, ekonomia mailan laguntasun handirik ez dagoen arren, Bizkaiko Foru Aldundian, Aldaka auzoko ur zikinen sarea hobetzeko proiektua aurkeztu du Munitabarko Udalak. Jasotzen duten diru laguntzaren arabera, sarea hobetzeko lanak hasi ahal izango dituzte ala ez. Olabarri auzoan luiziekin dauden arazoak konpondu ahal izateko proiektua ere aurkeztu dute, eta hori aurrera eramateko diru faltan dago Munitibarko Udala.

Herritarrekin komunikatzeko

Herri txikia izateak bere abantaila eta desabantailak dituela dio Belaustegik. Munitibarren denek elkar ezagutzen dute. Eta, hein berean, udalaren eta herritarren arteko harremanak asko errazten ditu horrek. “Udaletxeko ateak zabalik daude etorri nahi duten guztientzat. Garrantzitsua da herritarrek udalean eta udaleko erabakietan parte hartzea, horrela, herrian egiten duguna denen hobe beharrez egiten dugula berma dezakegulako”.

Udalera hurbiltzeko zailtasunak dituztenentzat webgunea ere martxan jarri dute Munitibarren. Aurrera begira iradokizunak, kexak edo argazkiak bidali nahi dituen edonork horretarako aukera izango du, beren beregi halakoetarako sortuko duten buzoian. “Webgune berriaren bitartez udalak kanpora informazioa zabaltzea eta, aldi berean, herritarrek ere haien berri eman ahal izateko bitarteko bat izatea lortu nahi dugu. Horrela, herritarren eta udalaren arteko komunikazioa alde bakarrekoa izan beharrean bi aldetakoa izan dadin”.

Hiru eskualderen elkargunea izateagatik ezaguna bada ere, udaberrirako aurreikusita daukaten ekitaldiak Munitibarren eta eskualdeko beste herrien izena mundu osoan zabalduko du. Izan ere, udaberrian herrian bertan jokatuko da Enduro mendiko motorren mundu mailako lehiaketa. “Gure eskualdeko zein Bizkaiko ostalaritza sustatzeko ekitaldi garrantzitsua izango da lehiaketa; eta krisi garaiotan diru sarrera handia izango da, gainera”.