Hutsetik hasteko leku bila

Amaia Goikoetxea Santurtzin bizi da. Etxerik gabe geldituko da hemendik gutxira, mirariren bat gertatu ezean. Ezin izan zion hipotekaren ordainketari aurre egin, eta mailegua eman zion aurrezki kutxak etxea kentzeko prozesu judiziala abian jarri zuen.

Orain dela sei bat urte, 324.000 euroan erosi zuten Goikoetxeak eta senar ohiak etxea, BBKn 300.000 euroko mailegua eskatu ostean. Gero, bikotea banatu eta dibortziatu zen. Goikoetxeak eta bere haurrak etxean bizitzen jarraitu zuten, eta hipoteka erdi bana ordaintzen hasi ziren bikotekide ohiak. 2010eko uztailean, baina, senarra zenak bere zatia ordaintzeari utzi zion. Ondorioz, hipotekaren jatorrizko zenbatekoari berandutze interesak gehitzen hasi zitzaizkion. Interes horiek ordaintzeko epea urtebetean amaitu zen; hortaz, 2011ko uztailan jakinarazi zioten bere aurkako prozesu judiziala hasiko zela.

Goikoetxeak 2011ko apirilera arte ordaindu zuen hipotekaren bere zatia, baina 500 euro inguruko soldatarekin ezin zion hipotekaren ordainketari aurre egin. “Nik ez nion ordaintzeari utzi nahi, baina, senar ohiak hipoteka ordaintzeari uzteaz gain, haurrarentzako mantenua ere ez zuen ematen. Mantenua bahitzea lortu nuen epaitegian, baina hipotekaren bere zatiarekin berdin egiten saiatu nintzen arren, epaileak esan zuen hori bankuen kontua dela eta, legez, ezinezkoa dela”.

Joan den ostiralean finkatuta zegoen Goikoetxearen etxea enkantean saltzeko ordua, Barakaldoko auzitegian. Ez zen eroslerik agertu, baina. “Orain BBKri pisua emateko hogei egun dituzte. Gero ez dakit zenbat denbora emango didaten”. Bitartean etxe aldaketa egiteko prestatzen ari da, oraindik bera eta haurra nora joango diren jakin ez arren. “Alde batetik, erabiliko ditudan gauzak kutxetan sartu eta besteak zaborrera botatzen nabil. Bestetik, oraindik ez dakit nora joango naizen: nire lehengusinaren etxera, alokairuko etxe batera… dena airean dago. Arrazoi baten edo bestearen ondorioz, dena dago zehaztu gabe, ziurtatu gabe”.

Goikoetxea ez da epaitegian eta aurrezki kutxan eman dizkioten azalpenez fio. “Idazkari judizialak esan zidan eurek hilabeteko epea ematen dutela [etxea husteko] aurrezki kutxari ematen dioten unetik. Nire kasuan, BBK hain azkar ibili izan denez, pentsatzen hasia naiz pisua hogei egunen buruan eman beharrean, beharbada bost egunen buruan eman beharko diedala. Nork esaten dit niri, otsailaren 23an egin ordez, hilaren 10ean ez dutenik egingo?”

Hortaz, bere kasuan etxea kentzeko prozesua ohi baino azkarrago joan dela baieztatu du Goikoetxeak. Horren atzetik ezagutzen ez duen asmoren bat egon daitekeela ohartarazi du. “Normalean, hipoteka betetzeko prozesu batek urtebete baino gehiago irauten du. Nire kasuan, sei hilabetean burutu dute. BBKren eta epaitegiaren interes ezkuturen bat egon behar da, eta ez dakit zein izan daitekeen”.

Goikoetxeak dioenez, ez diote negoziatzeko inolako aukerarik eman. “Ez dute negoziatu nahi izan, eta nire etxea saltzen duten unera arte gizarte alokairu bat lortzeko aukera ere ez didate eman. Etxea saltzea lortu arte hiru edo sei hilabete hutsik egongo da; denbora horretan irtenbide bat bilatzeko aukera gehiago izango nituzke”.

Biziguneren bitartez alokairu etxe bat lortzen saiatuko da. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen programa bat da, hutsik dauden etxeen alokairua sustatzeko eta merkatu librean etxe bat eskuratzeko baliabide nahikorik ez duten pertsonei etxebizitza bat lortzea errazteko sortua. “Antzinatasunaren arabera ematen dira etxeak, baina nire tankerako kasuetan, premia larria denean, lehentasuna izan dezakedala esan didate Jaurlaritzaren informazio zerbitzukoek”. Goikoetxeak ez du zerbitzuaren azkartasunean fede handirik. “Eskaera egingo dut, baina etxea eman arte ez dut urtebete ibili nahi maletarekin eta umearekin alde batera eta bestera”.

Zorraren zenbatekoa

Kaltetuaren esanetan, gaur egun zorra 330.000 eurokoa da, kostuez gain, “baina horien zenbatekoa ere ez dute zehaztu”. Urtarrilaren 30ean BBKren abokatuarekin eta zerbitzu juridikoen arduradunarekin bilera egin zuen santurtziarrak, enkantea gelditzeko azken aukera baliatzeko asmoz. “Esan zidaten ez kezkatzeko, beharbada, bi edo hiru urtetan bizitza aldatuko zaidala eta zorrari aurre egiteko gai izango naizela. Arazoari garrantzia kendu zioten”. Goikoetxeak susmatzen du bere kasuak komunikabideetan oihartzuna izan duenetik bankuak prozedura bizkortu duela. “Argi nuen ez nintzela sofan eserita geldituko, nire haurrak etxe bat izan dadin borrokatu naiz, eta lasai dut kontzientzia”.

Bestalde, prozedura judizialean “irregulartasunak” egon direla jakinarazi du Stop Desahucios-en kide Miren Mentxaka abokatuak. Dio badirela salatzeko moduko xehetasunak: “Auzitegitik Goikoetxearen senar ohiari ez zioten jakinarazi etxea husteko prozedura hasi behar zutenik”.