Bizkaierarentzako leiho birtuala

Herrialdeko euskalkieak lekua behar zuela ikusten zuten, eta horren bila ari zirela bururatu zitzaien Bizikai Alkarte Kulturaleko kideei Internet leku aproposa izan zitekeela. Modu horretan sortu zen Bizkaie bizkaierazko atari digitala. “Erabaki estrategikoa izan zen, eta asmatu genuela uste dugu”, dio Koldo Isusi zuzendariak. Zalantzan ibili ostean, sarearen alde egin zuten, zabalkunderako errazagoa iruditu zitzaielako. Mundu osora iristeko aukera ematen die, eta papera baino euskarri merkeagoa da. Datorren apirilean hamar urte beteko dira ordutik.

Euskara batuan produktuak bazeudela ikusten zuten, baina bizkaieraz ezer ez. “Euskarari oro har eta euskalkiari prestigioa eman nahi genion. Denok dakigu garai batean euskalkien kontra zelako jarrera zegoen, bizkaieraren kontra zein beste euskalkien kontra”, gogorarazi du Isusik. Dio ez daudela euskara batuaren aurka. “Gaur egun, denok dakigu euskara batua, zer edo zer bada, inguruan euskalkiak dituelako dela”. Baina zeregin horretan oztopo bat bazuten: bizkaiera estandarizatu gabe dago. Hala, Labayru ikastegiaren eredua hartu, eta hark araututako bizkaiera jasoa erabiltzen dute. “Bizkaiera idatziaren normalizazioari ekarpena egiten ahalegindu gara”.

Inuzente Egunean euskara batura jauzi egitea erabaki zutela zioen albistea argitaratu zuten. Adarjotzea izan arren, gogoeta hori egin izan dutela aitortu du Isusik. Hala ere, argi utzi du oraingoz, epe labur edo ertainera, ez dutela halako aldaketarik egiteko asmorik.

Hasieran hamabostekaria zen, eta bi astean behin berritzen zuten edukia. Gero astekari bihurtu zuten. 2005etik hona informazioa jaso ahala sareratzen dute. Bizkaiek askotariko gaiak jorratzen ditu, kulturari aparteko garrantzia emanez. “Kultura zentzurik zabalenean lantzen dugula esango nuke”. Bertsolaritza, agenda, musika, antzerkia, literatura… Hainbat gairi lotutako atalak ditu atariak. Eta Barriketan izeneko elkarrizketa sakonetan bestelako gaiak jorratzen dituzte.

Hain zuzen ere, aipatu sail horretan informazioa zabal lantzen saiatzen direla dio Isusik, Internet eta sakontasuna antonimo diren ustea hautsiz. Gogoan du hasierako garaietan hamabi mila karaktereko elkarrizketa bat argitaratu zutela. “Luzeegia da Interneterako, egia da. Gaur egun zazpi mila ingurukoak izaten dira, eta posible da horiek ere luze geratzea. Baina badakigu irakurleek eskertzen dituztela, eta askok inprimatu ere egiten dituztela lasai irakurtzeko”.

Urteurren biribila ospatzeko hainbat kontu dituzte buruan. Adibidez, apirilean elkarrizketak bikoteka egitea bururatu zaie. Adibidez, kirolari batek kultur arloko norbait elkarrizketatzea. Bestetik, musika eta bertsoa uztartuko lituzkeen ekitaldi bat ere antolatzeko gogoa dute.

Irakurleak goraka

Egoera ekonomikoa dela eta, Isusik aurtengo urterako biziraupena baino ez du bermatuta ikusten. “Diru laguntzei esker eusten diogu, eta arlo horretan gero eta murrizketa gehiago daude. Urtero aztertu behar izaten dugu jarraitzea posible zaigun edo ez”.

Gainontzekoan, baina, ataria arrakastatsu dabil. 2011n, kasurako, 2010eko irakurle kopurua ia bikoiztu egin zutela dio. 950.000 bisita dituzte urtero, batez beste. Bizkaieko zuzendariaren esanetan, sare sozialetatik irakurle asko iritsi zaizkie azken urte hauetan. “Facebook, Twitter eta halakoak erabiltzen hasi garenetik, gora egin dute bisitek. Ukaezina da halakoak erakusleiho bikaina direla guretzat, jendeak ezagutu gaitzan eta guregana erakarri”.