Irtenbidea noiz helduko zain, lanean

Urtarrilaren 14an, ateak itxi zituen Durangoko Erralde hiltegiak. Agindua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman zuen, eraikinak gabezia teknikoak zituela argudiatuta. Horrez gain, abereen hilketa lerroan ere egitura akatsak konpondu beharko lituzke Erraldek, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Hiltegia kudeatzen duen elkarteak, EHNE sindikatuak eta Osasun Saileko ordezkariek bilera egin zuten urtarrilaren 18an. Horren ostean, Erraldeko presidente Mikel Ansotegik konpromisoa hartu zuen hiltegia “aste gutxiren bueltan” irekitzea ekarriko lukeen erreforma plana aurkezteko. Asteon —martitzenean— Jaurlaritzako Nekazaritza Sailarekin batzartu ostean, baikor agertu dira Erraldeko ordezkariak etorkizun hurbilera begira. Hiltegiak, baina, itxita jarraitzen du.

Auzia konpondu bitartean, euren abereak hiltzera Erraldera joaten ziren abeltzainak euren aziendak aurrera eramateko behin behineko konponbideak bilatzen dabiltza. Jose Agirregomezkorta Markina-Xemeingo abeltzaina da, eta argi definitu du aurrerantzean bizi beharko duten egoera: “Kilometro mordoa egin beharko dugu”. Abereak hiltegira eramateko denbora tarte askoz handiagoa hartu beharko dutela salatu du. Oraingoz, Oñatiko hiltegira joateko gomendioa eman diete abeltzainei Erraldeko zuzendaritzatik, Durangoko zentroaren lan eredu berbera jarraitzen baitu. Agirregomezkortak azaltzen duenez, irtenbide horrek desabantaila nabarmenak ditu. “Durangora joan-etorria ordu erdian egiten dut; bestera ordu bi ditut, gutxienez”.

Borondate kontua

Erralde berriro zabaltzeari dagokionez, Agirregomezkortak ez du arazo teknikoak konpontzea lehentasun gisa aipatzen; negoziazioetan benetako nahia erakustea da, haren ustez, hiltegia irekitzeko gakoa. “Hemen dena da zaila, baina dena da posible. Dena borondateen araberakoa da. Hemen kontua ez da egoera ona dela edo ez dela. Borondate ona badago, zabaldu daiteke, baina orain arte bezala jarraitzen badute, ez dakit nik”.

Eusko Jaurlaritzak Erralderen auzian izan duen jarreran kontraesana ikusten du abeltzainak. “Gobernuak egokitze lanak egiteko irtenbide bat eman du, baina Osasun Saila izan da hiltegia itxi duena. Bi jarrerak ez datoz bat. Ez daukate argi egin nahi dutena”. Jaurlaritzari sektorean “batere interesik” ez izatea leporatu dio. Krisialdi ekonomikoak arlo guztietan eragindako kaltea onartzen du, baina nabarmendu du alderik makurrena tokatu zaiela nekazari eta abeltzainei. “Sektore guztiak daude gaizki, baina gurea okerren dabilena da. Aurretik ere txarto genbiltzan, baina orain okerrago”. Egoerak ez du “inondik inora” gazteak abeltzain izan daitezen errazten, gainera.

Erralde ixtearen faktura, produktoreez gain kontsumitzaileek ere “ordainduko” dutela adierazi du. “Guk ez dugu gehiago kobratuko, kobratu beharko genukeen arren, baina harakinak okela kanpotik ekartzeagatik ordaindu egin beharko du”. Horrek produktuaren salneurriak gora egitea ekarriko duela uste du. Ohartarazi duenez “okelaren kalitatea jaitsiko da” aberea hiltzera urrunago eramatearen ondorioz.

Berrizen hiltegi berria egiteko proiektuaz ere mintzatu da. “Orain dela bi urte bukatuta egon beharreko azpiegitura da. Aurreko Jaurlaritzak traba asko ipini zituen”. Botere politikoak lehen sektorean interesik ez duela errepikatu du, azkeneko hausnarketa bat plazaratuz: “Behin edo behin euren hutsegiteaz konturatuko dira, baina berandu denean”.

Kudeatzailea, kargutik kanpo

Etorkizuna bermatzen lagundu beharreko erabakiak hartzeaz gain, Erraldeko zuzendaritzak Eneko Egibar hiltegiko kudeatzailea kargutik kendu du asteon.Egibarrek bost urte bete ditu zeregin horretan. Bere esanetan, zuzendaritzak hiltegiak dituen gabezien erantzule egin du. “Hasieratik argi zegoen Erraldek ezin zuela egoera horretan lanik egin. Bi urterako hasi ginen hemen eta azkenean hiltegi berria ere ez da eraiki oraindik”. Ez du Durangoko hiltegia berriz irekiko denik espero. Gainera, negoziazio guztiak “politikoki” egin direla ohartarazi du, bateko zein besteko teknikariak aintzat hartu gabe.