Eurengan krisiak beste era bateko eragina izan duten dendak ere badira. Bigarren eskuko produktuak saltzen dituzte, eta atzean filosofia bat ere badute, solidarioa, ekologikoa eta integratzailea. Horien artean, Ekorropa kooperatiba dago, Koopera gizarte sareko kideetako bat.
Krisiak gainerako saltokietan eragin nabarmena izan du, baina euren produktuen salmentek goraka egin dutela esan du Terese Heras Ekorropako Ingurumen eta Komunikabide teknikariak. Jendeak zer erosi behar duen gehiago pentsatzen duela, eta, beraz, gutxiago erosten duela dio Herasek. Aldi berean, baina, erosketak egiteko orduan “hausnarketa eta kontzientziazioa areagotu” egin direla ekarri du gogora.
“Produktu berreskuratuak” aurki daitezke Bizkaian zehar Ekorropak dituen hamar dendatan. Bilbon hiru dauzka, Getxon bi eta bana Portugaleten, Barakaldon, Ermuan, Durangon eta Galdakaon. Arropak saltzen dituzte, bereziki, baina, Bilbon, Fernandez del Campo kalean duten Koopera izeneko merkatuan, bestelakoak ere badaude: elektrotresnak, liburuak, jostailuak, janari ekologikoa, bidezko merkataritzako produktuak…
Prezio eta kalitate onak
Prezioak, gainera, edozeinegaz lehiatzeko modukoak direla azaldu du Herasek: “Gure arropa merke saltzen saiatzen gara, ekoizpen prozesuak uzten digun beste”. Adibidez, “goitik behera, 30 eurorekin jantz zaitezke”, azaldu du; “zapata batzuk hamar eurotan, praka batzuk sei eurotan, gona bat lau eurotan…”, eros daitezkeela adierazi du.
Prezioa apala izan arren, kalitate eta berme osoko arropak dituztela argitu du, ordea. Arropa hori herritarrengandik jasotzen dute. Hain zuzen, Rezikleta kooperatibaren bitartez edukiontzi batzuetan jasotako arropak hartzen dituzte. Arropa jaso ondoren, “erabat higienizatu” eta prozesu batetik pasatzen dutela azaldu du.
Euren erosleei dagokienez, nagusiki, etxeko andre helduek jotzen dute denda horietara. Hala ere, bikote gazteak ere sarri joaten direla azaldu du Herasek. Horrez gain, gizonezko asko bakarrik eta aitona-amonak euren ilobekin joaten zaizkie; horiek dituzte bezero ohikoenak. Gazte asko izaten direla argitu du, “produktuak oso berritzaileak direlako eta ezin dituzulako beste edozein lekutan aurkitu”.
Tresna elektrikoak ere prezio onean aurki daitezke Koopera merkatuan. “Urtebeteko bermea daukan garbigailu bat 110 eurotan eros dezakezu”, esan du.
Ekarpena gizarteari
Eta produktu horiek erosita gizarteari eta ingurumenari ere nolabaiteko ekarpena egiten diote bezeroek. Izan ere, Ekorroparen filosofiak hiru oinarri ditu. Batetik, “lanaren bitartez gizarteratzea sustatzea”. Bestetik, “ingurumena zaintzea berreskurapen prozesuen bitartez”. Eta, azkenik, “ekonomia solidarioa sustatzea”. Kontsumo iraunkorra sustatu gura dutela azaldu du, “biztanleriari erosteko beste era bat eskainiz”.
Antzeko filosofia eta lana darabiltza Emaus kooperatibak. Eta eurak ere herritarrek erabiltzen ez dituzten tresnak jaso, eraberritu eta salgai jartzen dituzte Bilbon, Getxon eta Gamizen dituzten bost saltokietan. Liburuak, arropa eta “etxean daukazun edozein gauza” aurki daiteke dendotan, Nines Perez dendetako arduradunak jakinarazi duenez.
Kooperaren antzera, herritarren etxeetan, enpresetan, udaletxetan edota eskoletan jasotzen dituzten tresnak jartzen dituzte salgai. “Jaso, erabiltzeko modukoak direnak hartu —gainerakoak birziklatzera bidali— eta erabilgarri daudenei beste erabilera bat ematen diegu”, azaldu du.
Krisiari dagokionez, “salmentak ondo” doazen arren, tresnak jasotzeko prozesua moteldu egin dela nabaritu du Perezek. Egoera ekonomikoak txarrera egin duenez, lehenago beste saltoki batzuetara joaten ziren bezeroak orain Emausera joaten hasi direla azaldu du.
Helburu solidariorik gabekoak
Era honetako elkarteek eta antzekoek egiten duten bezala, bigarren eskuko produktuak saltzen ditu Chechu Lemongek ere El Cofre de Pandora dendan. Lemongerenak, baina, are esklusiboagoak dira. Batzuen eta besteen filosofiak ez du zerikusirik, gainera. Lemongen denda AEBetan ohikoak diren feal market delakoen antzekoa da, eta denetarik aurki dezakete bertara hurbiltzen diren bezeroek.”Zine proiektagailu bat, XVIII. mendeko aterki bat…”, hainbat produktu berezi aurki daitezke Bilbon, Fernandez del Campo kalean duen dendan.
Hamar urte daramatza bertan beharrean. Egoerak, baina, azken urteetan txarrera egin duela azaldu du. Nabarmen, gainera. “Denda honek eta era honetako gainontzekoek ez dute irtenbiderik. Itxi egin beharko dut. Oso produktu erakargarriak ditut: Bigarren Mundu Gerrako irratiak, nazien kaskoak… Baina jendeak itsasontzi bat nahi du pezeta baten truke. Eta horrelakorik ez dago”, eman du aditzera.