Zenbait hautetsi Karraspioko proiektuaren aurka agertu da

Lea-Artibaiko Bilduko eta hautagaitza independenteetako zenbait hautetsi batu egin dira, “argi uzteko” eskualdean egitea aurreikusten den “proiektu txikitzaileen” aurka daudela. Izan ere, Mendexako udalerrian dagoen Karraspio hondartzan aparkalekuak, etxebizitzak eta lorategi urbanoa egiteko proiektua dago, Vista Alegre izenekoa. Hautetsiek proiektua “gaitzetsi” egin dute, “ingurunea babesteko irizpideen aurkakoa delako”.

Tankera horretako proiektuak baimendu aurretik “lurralde antolaketaren inguruko hausnarketa bat” zabaldu behar dela uste dute alkate zein zinegotziek, krisi ekonomikoaren ondorioz irizpideak “zahartuta” geratu direlakoan. Garapen ereduak eragindako ondorioak ere salatu dituzte: “Kontuan hartu behar dugu orain arteko hazkunde mugagabeak nora ekarri gaituen eta zelako kalteak eragin dizkiogun gure inguruari”. Ondoren, eskualdearen, herrien eta gizartearen garapenaren inguruko “benetako” eztabaida hasteko eskatu dute; “horrela, irtenbide errealak, iraunkorrak, bideratu ahal izateko”. Hala, eskualdeko udalerrietan “inolako” proiekturik onartu aurretik iraunkortasunari lotutako arloak “zorrotz” aztertzeko konpromisoa adierazi dute hautetsiok, baita “kalterik eragingo ez duten alternatibak” bilatzekoa ere.

Helegiteak aurkeztuko dituzte

Vista Alegre proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintza Sailaren onarpenaren zain dago. Hori dela eta, hautetsiek idatzizko eskaera bana bidaliko dute aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailera zein Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolakuntza Sailera. “Foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak alternatiba iraunkorrak aurki ditzaten eskatzeko idatzizko eskabidea egingo dugu”.

Horrez gain, Europako Parlamentuaren Ingurumen Batzordera ere gutuna igorriko dute, udalek mozioen bidez hartutako erabakien berri emanez eta ingurumena babesteko legedia indartzeko eskatuz. Hautetsien irudiko, Karraspion eraiki nahi dituzten aparkalekuak ez lirateke egin beharko eskualdean dagoeneko existitzen diren azpiegiturak gehiago erabiliko balira. “Lekeitioko saihesbidean asmo horrekin eraiki ziren aparkalekuen erabilera bultzatzea eta hondartzarako autobus lanzaderak ipintzea” proposatu dute alternatiba gisa. Euren esanetan, konponbide horiek ez lukete kostaldean kalte berririk eragingo.