Bruselak dio neurri batzuk hartuta Erraldek lor dezakeela luzamendua

Erralde hiltegiaren arduradunek ez dute amore eman nahi, eta ahaleginetan ari dira hiltegiak lanean jarrai dezan, Berrizkoa zabaldu bitartean. Bruselan izan ziren joan den asteko martitzenean, eta, Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak honako hau azaldu du: “Erralderen kasua zehatz-mehatz ezagutzen ez dutenez, zuhurtziaz esan ziguten posible ikusten dutela bi urteko luzamendu hori ematea, betiere badaezpadako neurri batzuk hartuta; hori esateko, kontuan hartu dute Bizkaiko hiltegi bakarra dela Erralde, hiltzen dituen abereen %90 inguru bertokoak direla, okelaren %95 Bizkaira zabaltzen dela, zerbitzu izaera duela, eta proiektu berri bat ere hor dagoela”.

Hala ere, gogoratu duenez, esan zieten Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela erabaki hori. Beraz, haren hitzetan, datozen asteetan konpondu beharreko lehenengo gauza “Osasun Sailarekin” daukaten arazoa da; hain zuzen, ganadua sakrifikatzeko linea zuzena izatea eskatzen ari dira Europan, eta Erralden U itxura dauka linea horrek. Berrizen instalazio berriak eraikitzeko proiektua Kontuan izanik, luzamendua eskatu diote Europako Batzordeari. Erralden U itxurako linea hori zuzen jartzea ezinezkoa dela deritzo zuzendaritzak, eta horregatik proposatu diote Jaurlaritzari badaezpadako neurri batzuk har ditzaketela.

Urte bukaera arteko epea

Ansotegik azaldu duenez, abenduaren bukaera arteko epea dauka Erraldek arazo hori konpontzeko. Hala ere, beste bide batzuk ere zabalik dituzte proiektua bideragarria izan dadin. Hain zuzen, joan den asteazkenean Bizkaiko hainbat udaletako ordezkariak izan ziren Durangoko hiltegian, hango “egoerari, filosofiari eta proiektuari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko”.

Gainera, Ansotegik adierazi du udal horietako batzuek —”hamar inguruk”— Erralde proiektuan sartzeko asmoa dutela; beste batzuek, asmoa bai, baina pauso hori aurrerago emango dutela azaldu dute. Beste batzuek, berriz, jakinarazi diete informazioa jaso eta euren udaletan aztertu behar dutela .

Aste honetakoak, baina, “lehenengo hartu-emanak” izan direla zehaztu du Mikel Ansotegik. Izan ere, asmoa iragarri dute Bizkaian “eskualdez eskualde, udalerriz udalerri, erronda bat egiteko”, azaltzeko zein den Erralderen egoera eta zein zerbitzu ematen dituen.

“Eusko Jaurlaritzarekin eta udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin hiltegi berria egitea bultzatzea nahi dugu”, azaldu du Erraldeko presidenteak. Haren arabera, horregatik bilatzen dute “ahalik eta udal gehienen konpromisoa, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiarena ere”.

Aldundiari dagokionez, Ansotegik jakinarazi du ez dela berririk egon egin zuten azken bileraren ondotik. Hala ere, datozen asteetan batzar gehiago egiteko asmoa iragarri du. “Udal berriak sartzeko konpromisoarekin eta Aldundiaren konpromisoarekin, denon artean, errazagoa izango da aurrera egitea”, esan du.

Esan duenez, Durangon lanean jarraitzeko arazo bakarra Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz duten afera da. Izan ere, uste du bertan behera geratu direla herriko udalagaz izan zitzaketen arazoak.

Berrizen beste hiltegi bat eraikitzeko lanak udaberrian abiatu nahi dituzte Erraldekoek. Proiektu hori “beharrezkoa” dela deritzo Ansotegik: “derrigorrezkoa”. Eta, haren aburuz, kontuan hartu behar da “abeltzain eta artzainek ez ezik, kontsumitzaileok ere Erralde beharrezkoa dugula, kalitatezko okela nahi badugu, behintzat”.

ELAk ere azaldu du Erralde proiektua ezinbestekoa dela. Hori dela eta, arazoa konpontzeko deia egin die hango zuzendaritzari, gainerako udalei, aldundiari eta Jaurlaritzari. Bestalde, Bizkaiko Bilduk ere aldarrikatu du Erraldek zabalik jarraitu behar duela.