“Bertokoentzat ere zaila izan da egia zein den jakitea”

Gernika Batzordeko kide legez, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiak prestatzen ari da Sabin Ibazeta (Ondarroa, 1962).

Bonbardaketei buruzko egia osoa zabaldu al da, 75 urte igaro eta gero?

Ez. Egia mingarria izaten da, eta urteetan egia ezkutatzen saiatu dira bonbardaketa egin zutenak. Hasieratik ekin zioten zalantzaren hazia landatzeari: gorriek egin zituztela bonbardaketak, alegia. Egia ukatu zaio herriari, eta ez hori bakarrik: Alemaniako Parlamentuak barkamena eskatu zuen, baina Espainiako Gobernuaren aldetik oraindik ez dugu jaso inolako aitortzarik ez barkamen eskaerarik.

Zelan izan daiteke hori 75 urteren ondoren?

Ankerkeria bat onartzea izango litzatekeelako, eta isiltasunari eusteak gertatu ez den itxura ematen diolako. Bertokoentzat ere zaila izan da egia zein den jakitea; izan ere, beldurra ikaragarria izan zen.

Zelan izango dute gutxieneko duintasun bat onartzeko sarraski hutsa izan zela egindakoa? Errazena guztia itzaltzea da. Gogoratu behar da trantsizioan bertan ere lege bat sortu zutela, gerrako gertakari batzuk gogora ez ekartzeko eta ez nahasteko. Horrek kalte handia egiten du.

Gizartea beldur al da oraindik?

Ez, fase hori gainditu du dagoeneko. Orain beste fase batera pasatu gara, eta hori da gure ardatzetako bat datorren urteko urteurrenari begira: inolako konplexu barik hasi behar gara gure etorkizuna antolatzen.

Iraganeko gertakariak gogoratu eta salatuko ditugu, baina ez gara geratuko salaketa horretan; ez gara geratzen nor bere buruarekin errukitzen den diskurtsoan. Ikuspegi baikorretik garatzen hasi behar dugu.

Gazteei dei berezia egin diezue. Garrantzitsua al da haiek ere lan horretan parte hartzea?

Ezinbestekoa da. Garrantzitsua da haiek iraganaren bertsioa jasotzea, baina garrantzitsua da, halaber, haiek dauzkaten sormen, indar eta baliabideekin beste Euskal Herri bat marrazten hastea. Urteurren honetan oso interesgarria izango da haien ekarpena.