Nekazaritzako Lurren Bankuaren lehenengo zazpi lur sailek urte batzuetarako jabeak badituzte jada. 300.500 metro koadrotik gorako lur sailak erosi zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Busturian eta Bermeon nekazaritza proiektuetara bideratzeko. Jabe berriak zoriondu ondoren, EHNE Bizkaiak lurren bankuaren kudeaketa txarra eta koordinazio falta salatu ditu.
Lurren banaketa egiteko modua berriz aztertu beharrekoa dela deritzo Loren Ortiz EHNE Bizkaiako kideak. “Ez dauka logikarik, adibidez, Otxandioko nekazari bati lurrak Karrantzan ematea”, esan du. Horregaz lotuta, 11 lur sailetik lau jabe barik geratu direla ekarri du gogora.
Lurrak banatzeko prozesuak luze jo duela deritzo, bestalde. “Duela denbora bat 32 eskaera zeuden. Martxoan, ordea, Basalanetik esan ziguten 18 pertsonak besterik ez zutela jarraitzen lurren bankuan sartzeko. Banaketa oso geldoa izan da”, dio Ortizek.
Horrez gain, lurrak eskuratzeko Aldundiaren modua ere kritikatu du EHNE Bizkaiako kideak. “40 hektarearen truke bi milioi euro ordaindu ditu Aldundiak. Mendi publikoak diru horregaz nekazaritzarako bihurtzea askoz ere merkeagoa izango litzateke”, adierazi du.
Udal askok lurren bankuen funtzionamendua zer-nolakoa den jakin ere ez dakitela salatu du, gainera. “Udaletan funtzionamenduaren berri izatea nahitaezkoa” dela deritzo Ortizek.
31 eta 49 urte arteko bi emakume eta bost gizonek izango dute aurrerantzean Bizkaiko Foru Aldundiak banatutako lur horiek lantzeko edo erabiltzeko aukera. Bazkatarako erabiliko dituzte lurrak batzuek; oilo hazkuntzarako emakumeetako batek; barazkiak lantzera bideratuko dituzte lur horiek beste bi gaztek eta erlezaintzari ekingo dio, azkenik, zazpigarrenak.
Lur horien alokairua bost, hamar eta 30 urte artekoa izango da, kasuan kasu. Alokairuaren prezioari dagokionez, 42,44 euro ordainduko ditu urtean errenta merkeena duenak, eta 1.340,87, bestalde, garestiena daukana.