Galdakaoko ospitalea aitzindaria izan da zain izoztuak hemodialisi protesien ordez jarri eta kirurgia arterialerako erabiltzen. Barizeak dituzten pazienteei zainak kendu eta gaixoei jartzen dizkiete. Angel Barba Velez “”Bilbo, 1954″” Angiologia eta Hodietako Kirurgia zerbitzuko burua da.
Bi urte bete ditu Galdakaoko ospitaleko zain izoztuen bankuak. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Zain izoztuek arazo bat dute: balio egin behar dutela. Hau da, ez da posible barizeak dituzten paziente guztiei zain horiek atera eta izoztuta gordetzea, gero gaixo bati jartzeko.
Barizeak dituzten gaixoek, gainera, baldintza jakin batzuk bete behar dituzte; baldintzok bete behar dituztenez, urtean bospasei zain gordetzen ditugu izoztuta. Hamabi edo hamalau dauzkagu gaur egun jartzeko prest.
Gehiago izango zirela uste nuen.
Ez, baldintza batzuk bete behar dituztelako zainek eta emaileek. Sarri, zaina hartzen dugu eta ez du balio, handiegia edo txikiegia delako, edo zain txiki asko ateratzen zaizkiolako… Beraz, kopurua txikia da.
Orain hiru gaixo ditugu barizeak kentzeko itxaronzerrendan. Emailearen odol taldea zein den jakin behar da; prestatu egiten da “soluzio fisiologiko bat jartzen da zaina babesteko”, eta ehunen bankura eramaten dira pakete batzuetan. Zain bat behar denean, aztertu egiten dugu zer den behar duguna “luzera eta tamaina ugari daude”, eta alderatu egiten dira emailearen eta hartzailearen odol motak. Bat baldin badatoz, bankura deitzen dugu. Aurreko egunean, handik atera behar da zaina; prestatu, eta jarri egiten zaio hartzaileari. Gero, jarraipena egiten zaio sei hilean behin.
Zertarako da jarraipen hori?
Zain horrek balio duen jakiteko. Emaileei ateratako arteria eta zainen arazoa da dilatatzeko joera dutela; aneurismak eragitekoa, alegia. Jakin gura duguna da hemodialisietan zulatu gabe eusten dioten, aneurismarik sortu gabe. Orain arte jarritakoek ez dute aneurismarik eragin, ez hemodialisian, eta ezta hanketako odol fluxu falta dutenetan ere; izan ere, bi gauza horietarako erabiltzen ditugu zainak.
Urtarrilean, beste pauso bati ekingo diogu: zain izoztu bat lehenengoz jarriko dugu hemodialisi ziztadak hartzeko.
Orain arte, beraz, jarritako zain horiek ez dira erabili hemodialisi ziztadetarako?
Gaixo batekin probatu dugu, eta ez da ezer gertatu. Pazientearen beraren edozein zain edo protesiren moduan dilatatzen da.
Oraindik goiz al da, beharbada, esateko ea protesiek baino hobeto funtzionatzen duten zain horiek?
Bai, goiz da. Sarri, dialisia behar duten gaixoekin protesiak erabiltzen dira, ziztadak protesi horietan egin beharrean, zubi lana egiteko arteria baten eta zain baten artean. Orain, protesiak jarri beharrean, zain izoztuak jartzen ditugu, eta hobeto funtzionatzen dute.
Urtarrilean aztertzen hasiko gara “eta datorren ikasturtean argitaratuko dugu” zelakoa den zain izoztu baten portaera sei hilebeteren buruan, zain hori erabiltzen denean hemodialisi ziztadak zuzenean emateko.
Zenbat barize ebakuntza egiten dira, gerora baliagarri izango direla pentsatuta?
Urtean hamabost bat ebakuntza egiten ditugu. Zain horiek kendu eta prestatutakoan, baina, gerta daiteke gero hartzaileari jartzeko balio ez izatea; izan ere, baliteke, besteak beste, zain hori ateratzeko gida sartzean apurtzea.
Orain arte nahi gabeko ondoriorik aurkitu al duzue?
Bat ere ez.
Zein da garestiagoa: sistema berri hori ala protesiak?
Protesia da garestiagoa. Protesiak 600 euro inguru balio du. Zainak ateratzeko lanak eragiten du gastua; gainerakoak ez. Zirujauen eta operazio gelen gastua kontuan hartzen baduzu, baliteke garestiagoa izatea. Baina kostuaren eraginkortasuna, kontuan hartuta protesiak baino gutxiago infektatzen dela, hobea da. Izan ere, infektatutako protesi baten gastuak oso handiak dira. Gaixoarentzat ere arazo gehiago eragin ditzake, gainera: hil egin daiteke. Orain arte, jarri ditugun zainetan ez da infekziorik gertatu. Protesiei dagokienez, ordea, bai. Izan ere, erizainek kontu handiz sartu arren orratzak, arazoak sortzeko edo infektatzeko aukera handia dago, marruskadura ugari gerta baitaitezke inguru horietan.
Zein onura dute zainek protesien aldean?
Batez ere, esandakoa: infekzioak gertatzeko arrisku txikiagoa dutela. Zainak hartzailearen espezie bereko baten materialaz eginak dira “gizaki batenaz”; ez da protesi bat, eta, printzipioz, sor daitezkeen arazoak txikiagoak dira protesiekin sor daitezkeenak baino. Gainera, hemodialisirako erabiltzeaz gain, beste leku batzuetan ere jar dakizkioke gaixoari.
Orain arte erabilitako gehienak hemodialisirako izan dira?
%80 bai. Uste dut zortzi jarri ditugula hemodialisirako, eta bi mentu gisa erabili ditugula hanketako iskemia kronikoetan.
Orain zelan erabakitzen da paziente bati protesi bat ala zain bat jarri?
2012ko urtarril edo otsailera arte, zainak zubi moduan erabiliko dira, eta ez ziztadak hartzeko; protesiak jarri beharrean, zainak jartzen ibili gara kasu guztietan “larrialdiren bat izan ez bada”. Urtarriletik aurrera, zain bat jarriko dugu ziztadak egiteko, eta hor ikusiko dugu badabilen ala ez. Izan ere, baliteke zain horiek denbora baten ondoren hondatzea, eta hemodialisi ziztadetarako balio ez izatea; orduan, zubi gisa bakarrik erabili ahal izango lirateke. Hala eta guztiz ere, abantaila bat da protesirik jarri behar ez izatea.
Barizeak kentzen dituen edonor ezin daiteke emailea izan, ezta?
Ez. 55 urte baino gutxiago izan behar ditu, eta ez da erretzailea izan behar; halaber, ezin du infekzio sistemikorik izan “hepatitisa edo GIBa”. Zainak neurri jakin bat izan behar du, gainera.
Eta hartzaileak zer-nolako ezaugarriak izan behar ditu?
Bat ere ez.
Zelako bizi-kalitatea daukate giltzurrunetako gaixotasun bat dutenek?
Bi gaixo mota daude: dialisia etxean egin behar dutenak, edo 48 ordutik behin hemodialisi zerbitzura joan behar dutenak. Ziztatu egin behar dituzte, bost orduz egon behar dute bertan, leher eginda ateratzen dira, hainbat arazo sortzen zaizkie…
Hemodialisia egiteko aparatu eramangarriak sortzen saiatzen ari dira orain. Gaur egun, gogorra da gaixo horien bizimodua. Haietako askoren gorputzek, gainera, ez dute onartzen giltzurrun transplanterik.
Zenbat transplante egiten dituzue urtean?
Iaz 180 inguru egin genituen Gurutzetan. Kontuan izan urtean 2.000 gaixo inguru agertzen direla giltzurrunetako gaixotasun batekin; denek ez dute dialisi beharrik, baina %10 inguruk bai.
Zelan dago Bizkaia organo emaileei dagokienez?
Oso ondo. EAE da, mundu osoan, biztanleko organo gehien ematen duen lurraldea. Giltzurrunak gaixo dituztenentzako konponbiderik onena transplantea da, argi eta garbi. Orain, gainera, bizirik dagoen pertsona batetik beste batera egiten ari dira transplanteak. Orain arte, hildakoen organoak erabiltzen ziren.
Jendea kontzientziatu egin behar da hiltzean, aukera izanez gero, organoak ematearen garrantziaz. Bizitza emateko modu bat da. Norberak, bizirik dagoela, agiri bat sina dezake organoak emateko. Eusko Jaurlaritza aitzindarietako bat izan zen alor horretan.