Bizkaiko Hitza http://bizkaia.hitza.eus Bizkaiko astekaria Fri, 16 Nov 2018 08:56:45 +0000 eu hourly 1 http://wordpress.org/?v=4.0.1 Herri galdeketen azken olatua http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/herri-galdeketen-azken-olatua/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Gure-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/herri-galdeketen-azken-olatua/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:15:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=38e7484b55e772e56df26978d8f95517 Peru Azpillaga

Gure Esku Dago plataformak abiatutako herri galdeketen azken olatuak igandean hartuko du lur Euskal Herriko zenbait udalerritan. Berezitasun batzuk ere izango ditu olatu horrek; besteak beste, herri galdeketa egingo duen Euskal Herriko lehen hiriburuaren txanda ekarriko duelako berekin: Donostia. Hala ere, beste hainbat tokitan ere izango dira galdeketak azaroaren 18an. Bizkaian, adibidez, Alonsotegin, Zallan eta Balmasedan egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa.

The post Herri galdeketen azken olatua appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Peru Azpillaga

Gure Esku Dago plataformak abiatutako herri galdeketen azken olatuak igandean hartuko du lur Euskal Herriko zenbait udalerritan. Berezitasun batzuk ere izango ditu olatu horrek; besteak beste, herri galdeketa egingo duen Euskal Herriko lehen hiriburuaren txanda ekarriko duelako berekin: Donostia. Hala ere, beste hainbat tokitan ere izango dira galdeketak azaroaren 18an. Bizkaian, adibidez, Alonsotegin, Zallan eta Balmasedan egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa.

Nafarroan galdeketa prozesuak aurrera jarraituko duen arren, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan amaitutzat emango du Gure Esku Dago plataformak fase hori. Hala, hausnarketa prozesu batean murgilduko da orain erabakitze eskubidearen aldeko plataforma. “Ikusten dugu errealitate aldakor batean bizi garela; bost urte bete ditugu, gauza andana egin ditugu, eta aurrera begirako erronkak definitzeko unea iritsi delakoan gaude”, azaldu du Alex Zenarruzabeitiak, Bizkaiko Gure Esku Dago plataformako arduradunak; “espero dugu bide orri bat definitua izatea otsailerako, aurrera egiteko eman beharreko pausoekin”, zehaztu du.

Galdeketen harira, Bizkaian, oro har, balorazio positiboa egin dutela nabarmendu du: “Ispasterrek eman zuen lehenengo pausoa, eta, geroztik, galdeketen fenomenoak hedapen oso zabala izan du”. Hainbat eskualdetan egin dira galdeketak: Lea Artibai, Busturialdea, Arratia, Durangaldea, Enkarterri… Bizkaiko geografia guztira hedatu da erabakitzeko eskubidea, baita Getxo eta Portugaleteren moduko toki esanguratsuetara ere. Zenarruzabeitiaren esanetan, udalerri horietako biztanleen aktibazioa funtsezkoa izan da galdeketak aurrera eramateko: “Herritarren ekimena erabakigarria izan da, haien artean dagoen erabakitzeko nahia; galdeketa bidez topatu dute hori aurrera eramateko bidea”.

Zenarruzabeitiaren aburuz, ariketak, batik bat, bi ezaugarri positibo ditu: alde batetik, galdeketa egiteak berak dakarren “pedagogia lana”, eta, bestetik, “herritarren aktibazioa”. Argudiatu duenez, kontsulten prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa da herritarren arteko adostasunak lortzea: “Euskal herritar asko lubakietan bizi gara oraindik ere, eta, beraz, adostasunak lortzeko lanketa berezi bat bultzatu behar da. Prozesu hau bururaino eramateko, adostasunez beteriko prozesu bat izan behar da, eta horrek pedagogia handia eskatzen du”.

Aurreko olatuan Enkarterriko eskualdeko Gueñes eta Sodupe herrietan egindako galdeketek “hondar oso positiboa” utzi zutela uste du Zenarruzabeitiak. “Lan ikaragarria” egin zutenez emaitza “onak” lortu zituztela adierazi du, eta horrek ere bultzada eman zuela oraingo olatuko herriak anima zitezen galdeketak egitera. Izan ere, Bizkaiko herriek erakutsitako “anbizioa” nabarmendu du: “Bizitzen ez bada, oso zaila da imajinatzea zer-nolako lana den galdeketa bat egitea”. Horrek anbizioaz gain “perspektiba” ere erakusten duela dio: “Argi utzi dute etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dutela, eta hori egiteko erarik onena erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea da”. Herri horietan eskubide hori gauzatzea lortu dutela dio: “Dena haiek lortu dute, eskura ditugun baliabide urriekin, ilusioa sobran dagoela erakutsiz”. Erantsi du hilabeteetako lanaren ostean “eklosio bat” gertatzen dela galdeketaren egunean: “Argazki eder bat bihurtzen da, eta, hilabeteak lanean eman ostean, bozkatzera joaten den jendea ikusita, sinergia eta afinitate asko sortzen dira, elkarbizitzarako ere balio handikoak”.

Azken herrien txanda

Hala, bigarren giza katearen ostean piztu zen Alonsotegi, Balmaseda eta Zallako herritarren grina, eta, geroztik, buru-belarri ibili dira lanean erabakitzeko eskubidea beren herrietan gauzatzeko. “Hasieran zaila ikusten genuen, baina, jendearekin hitz egiten eta ekintza batzuk antolatzen hasi ginenean, gogoa bazegoela sumatu genuen. Azkenik, batzar batean erabaki zen. Baiezko botoa emanez gero inplikatzeko eskatu genuen, hots, denon artean egin beharko genuela. Eta gehiengoak baietza eman zuen”, azaldu du Jorge Llaguno Balmasedako Gure Esku Dago-ko kideak. Lehenik, hiru herrietako udaletxeetan mozioak aurkeztu zituzten, eta, ondoren, galdera erabakitzeko prozesua abiatu zuten.

Herrietan erabakitzen diren galderak desberdinak izaten dira. “Bakoitzak bere soziologia konkretua du, eta prozesu parte hartzaileen bidez erabakitzen da herri bakoitzean zer galdera izan daitekeen egokiena”, azaldu du Zenarruzabeitiak. Horrek terminologiaren inguruan ere eztabaida sortzea dakar berarekin, eta herritarrek egunerokoan erabiltzen ez dituzten kontzeptuen inguruan hausnartzea: zer den estatua, zer nazioa…

Balmasedan eta Zallan batera egin zuten prozesu hori, eta, beraz, galdera bera egingo dute igandean: “Nahi al duzu euskal herritarrok burujabe izatea bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabakitzeko?”. Alonsotegin, berriz, galdera bestelakoa izango da: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritarra?”.

Arkaitz Segura Alonsotegiko Gure Esku Dago-ko kidea da, eta, galdeketa egingo zutela plazaratu zutenean, herrikideek “sorpresa handia” hartu zutela azaldu du. “Hau heziketa prozesu bat da; jendeak parte hartzen ikasi behar du, eta bere gauzak erabakitzeko gai izaten”. Horregatik, galdeketek berebiziko garrantzia dutela dio. Alonsotegin 2.500 pertsona daude erroldatuta, eta Segura baikorra da aurreikuspenak egiteko orduan: “Parte hartzea %30 eta %40 artean ibiltzea espero dut”.

Llagunok, berriz, balioa eman dio hilabete hauetan guztietan egin behar izan duten lanari, eta, jada galdeketarako dena prest duten arren, mota guztietako gestio lanak egin behar izan dituztela azaldu du: “Galdeketak arlo guztietan lan egitea eskatzen dizu. Guk hainbat talde egin genituen: batzuk informazioa biltzeaz eta atal burokratikoa kudeatzeaz arduratu dira batik bat; beste batzuk, elkarteekin eta alderdiekin elkarrizketak mantentzeaz, eta gainontzekoak, eguneroko gauzez: kartelak jarri, batzarrak antolatu, artikuluak idatzi, dirua lortu…”. Ondorioz, Balmasedan “presentzia handia” izan dutela azpimarratu du.

Llagunoren esanetan, Balmasedan urteetan sortutako “mesfidantzak” izan dira zailtasun nagusia: “Hasieran zeuden etiketa politikoak kentzea izan da latzena; tontakeria horretan denbora piloa galdu dugu, eta asko zaildu du gure lana”. Hala ere, adierazi du “poliki-poliki” eta eguneroko lanaren bidez hori aldatzea lortu dutela. “Talde zabala osatu dugu azkenean, pentsaera eta ideologia askotakoa, eta hamaika hitzaldi eta ekintza antolatu ditugu erabakitzeko eskubidearen berri emateko”. Balmasedan 7.000 lagun inguruko errolda dute, eta Llagunok aurreratu du mila botoko langa gainditzea espero dutela. Gainera, Gueñesen eta Gordexolan %20ko parte hartzea lortu zutenez, Balmasedakoei ere ehuneko horren inguruan ibiltzea gustatuko litzaieke.

Antzekoa izan da Zallan bizitakoa. Hibai Baskones ibili da bertako Gure Esku Dago-ko taldean murgilduta, eta berak galdeketa aurrera ateratzeko erabilitako filosofiari eman dio garrantzia. Azaldu duenez, egindako guztia ondo pasatzeko gogoetatik abiatu da, jendeari erakusteko galdeketen dinamika “jarrera positiboan” sortutako dinamika bat dela: “Ez gaude munduarekin haserre; arazo bati aurre egin nahi diogu, baina positibotasunean eta jarrera eraikitzaileetan oinarrituta”. Hortaz, nabarmendu du jendea “eroso sentitzea” izan dela beren asmoa; “beldurra kentzea eta hau aurrera eramanez ondo pasatzeko aukera dagoela erakustea”. Orain, galdeketa gainean duten arren, lasai dago Baskones: “Oso ondo egituratu eta antolatu dugu dena, eta, beraz, landatutakoa batzeko unea heldu zaigu”.

Hala ere, korapilo asko askatu behar izan dituztela gogoratu du: “Zaila da zure mezua helaraztea eta auzokide guztiei ulertaraztea zer aldarrikatzen dugun”. Hala ere, galdeketaren egunean jendea hurbilduko dela uste du Baskonesek. “Jendeak beldurra galdu behar du, eta prest egon behar du edozein gairen inguruan libreki iritzia eman eta bozkatzeko”.

Alde horretatik, ezezko boto asko egotea espero du: “Erabakitzeko eskubidearen mezua ondo landu dugun seinale litzateke hori, eta, beraz, benetan poztuko ginateke”. 6.700 pertsona inguru daude deituta Zallan botoa ematera, eta, aurreikuspen zehatzik egin ez duen arren, erabakitzeko eskubidea herritarrentzat “politika adeitsua” bihurtzeko aukera dela argudiatu du. “Zauriak ixteko funtsezkoa da jendeak ilusioa berreskuratzea eta bizitza publikoan parte hartzea”, ondorioztatu du.

The post Herri galdeketen azken olatua appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/herri-galdeketen-azken-olatua/feed/ 0
Goazen! http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/goazen/ http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/goazen/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:15:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=3e2eb67586059990cb7efbcc8235c975 Igor Elordui Etxebarria

Ailegatu da hainbat ume eta gaztetxorentzat egun handia: gaur estreinatuko da Go!azen telesailaren denboraldi berria ETB1en (gauean, Gaur Egun gaueko albistegiaren ostean, ikusi gura baduzue). Seguruenik, 6 urtetik 12 urtera bitarteko seme-alabak, gutxi gorabehera, dituzuen guraso askok jakingo duzue zer den hori telesaiori. Ez dakizuenontzat hona hemen azalpen labur bat: Go!azen da Basakabi kristau-udalekuetan ingelesa ikasten ari diren gazte batzuen gorabeherak kontatzen dituen telebista-saio bat. Nerabeak dira, beraz, protagonista nagusiak, bakarrak ez diren arren (Ramon Agirre handia ere badago, adibidez, aktoreen artean, udalekuetako apaiz zuzendariarena egiten, hain zuzen ere).

The post Goazen! appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Igor Elordui Etxebarria

Ailegatu da hainbat ume eta gaztetxorentzat egun handia: gaur estreinatuko da Go!azen telesailaren denboraldi berria ETB1en (gauean, Gaur Egun gaueko albistegiaren ostean, ikusi gura baduzue). Seguruenik, 6 urtetik 12 urtera bitarteko seme-alabak, gutxi gorabehera, dituzuen guraso askok jakingo duzue zer den hori telesaiori. Ez dakizuenontzat hona hemen azalpen labur bat: Go!azen da Basakabi kristau-udalekuetan ingelesa ikasten ari diren gazte batzuen gorabeherak kontatzen dituen telebista-saio bat. Nerabeak dira, beraz, protagonista nagusiak, bakarrak ez diren arren (Ramon Agirre handia ere badago, adibidez, aktoreen artean, udalekuetako apaiz zuzendariarena egiten, hain zuzen ere).

Gezurrik ez diot zera diodanean: urtetik urtera hobetzen eta ikusleak bereganatzen joan da Go!azen. Eta datuak hor daude. Horrez gain, telesailaren haritik sortu zen antzerkiak ere arrakasta itzela izan du; ni neu naiz horren lekuko, udaberri eta uda partean pare bat saiotan egotea egokitu zitzaidan eta. Esaterako, ikuslez bete zen Abandoibarra ikuskizuna ikusteko Bilboko Aste Nagusian.

Hortaz, milaka haur eta gaztetxo euskarazko produktu batekin harrapatuta; musikala denez gero, euskal kantuen ezagutza zabaltzen; erakusten nerabeak euskaraz maitemintzen, desmaitemintzen, adarra jotzen, barre egiten… Euskararen erabilera sustatzen, azken finean. Baina eztabaidarik ere eragin zuen, nola ez —euskaldunok euskarazko produktuekiko dugun larreko zaintzak eraginda, akaso?—: muina kristau udaleku batzuetan gertatzen diren eta maitasun erromantikoan oinarrituta dauden harremanak dira, eta, erraz da igartzen, oso modu sinple eta artifizialean deskribatzen dira harremanak egiteko moduak; hots, klixez eta estereotipoz beterik. Hori kritikarik handiena. Eta arrazoizkoa, gainera. Halako ekoizpenak, horren arrakastatsuak direnean, batez ere, oso tresna garrantzitsuak dira gizarte inklusiboago baten alde egiteko; zer esanik ez telebista publikoaz ari bagara: estereotipoak gainditzeko, aniztasuna erakusteko, balioak transmititzeko… Eta hori guztia euskaraz!

Ikusiko dugu, bada, gaurtik aurrera, zer dakarkigun berri Go!azen-ek. Kariñoz baina behar eta merezi duen besteko arretaz eta zorroztasunez jarraituko diegu kapituluei, seme-alabekin batera gozatuko dugun euskal ekoizpena den heinean (nekez irudika dezaket, gaur egun, atsegin handiagoa ematen didan binomiorik).

Amaitzeko, hausnarketa bat, hondar lerrootan, Euskaraldia hasteko astebete eskas falta den honetan: hainbat dira ezagutzen ditudan guraso belarriprest-ak, normalean telebista euskaraz ikusi ez arren umeekin Go!azen ikusten dutenak. ETB1era, euskarara, alegia, nekez erakarriko ditugu horiek guztiak gaur egungo ereduak indarrean dirauen bitartean, baina bururatu al zaio inori, Euskaraldia aprobetxatuta, sikiera hamaika egunez euskara ETB2ra eramatea? Adibidez, Go!azen-ekin?

The post Goazen! appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/goazen/feed/ 0
“Bilboko azken gune naturala” arriskuan dagoela ohartarazi dute http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-azken-gune-naturala-arriskuan-dagoela-ohartarazi-dute/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Bolintxu1-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-azken-gune-naturala-arriskuan-dagoela-ohartarazi-dute/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:14:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=3191d215af6299ad69403d2f0b9a5d86 Peru Azpillaga

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea urtarril aldera abiatuko dela. 2011n estreinatu zen saihesbidearen lehen fasea, Peñascal eta Santurtzi lotzen dituen hamazortzi kilometroko errepidea. 2001ean, diputazioak Bilboko trafikoa arintzeko asmoz jarri zuen martxan proiektua, eta 465 milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen. Lanak, ordea, espero baino gehiago luzatu ziren, eta gainkostuarekin amaitu zituzten hamar urteren ostean: 821 milioi euro inbertitu ziren azkenean.

The post “Bilboko azken gune naturala” arriskuan dagoela ohartarazi dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Peru Azpillaga

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea urtarril aldera abiatuko dela. 2011n estreinatu zen saihesbidearen lehen fasea, Peñascal eta Santurtzi lotzen dituen hamazortzi kilometroko errepidea. 2001ean, diputazioak Bilboko trafikoa arintzeko asmoz jarri zuen martxan proiektua, eta 465 milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen. Lanak, ordea, espero baino gehiago luzatu ziren, eta gainkostuarekin amaitu zituzten hamar urteren ostean: 821 milioi euro inbertitu ziren azkenean. Erabakiak eztabaida bizia piztu zuen; polemika askoren artean eraiki zuten saihesbidea, eta, geroztik, kritika asko jaso ditu —kilometro bakoitzak 49,49 milioiko kostua izan du—.

Gerora, errepideak ez ditu, inondik inora, eginiko aurreikuspenak bete, eta Bilboko trafikoa oraindik ere arazo bat da. Aurreikusi zuten saihesbidea 24.000 ibilgailuk erabiliko zutela egunean, eta horietatik 9.000 inguru ibilgailu astunak izango zirela. Errealitatea, ordea, guztiz bestelakoa da. Gaur egun, erabiltzaile kopurua ez da erdira ere iristen, eta egunean 2.000 bat ibilgailu astun igarotzen dira soilik. Gainera, hamabi milioi euroren irabaziak izatea espero bazen ere, lehenengo urtean, adibidez, bost milioi euro baino ez ziren lortu errepidearen mantentze kostutik beherako kantitatea. Horrek zulo nabaria sortu du kutxa publikoan.

Kritikak kritika, baina, Bizkaiko Diputazioak estrategikotzat jotzen du oraindik ere saihesbidea, eta ez du atzera botako hiru fase dituen proiektua —Zornotzaraino luzatzeko asmoa dago—. Hala, bigarren fasea martxan jartzea erabaki du: Peñascaleko bidesaria Arrigorriagarekin lotzeko, 4,2 kilometroko luzera duen tarte menditsua, laburra bezain korapilatsua. Izan ere, eremu horretako ezaugarriek zaildu egiten dute egitasmoa. Errepidea tunelen bidez joango da ia osorik —Arnotegi eta Seberetxe mendietan barrena—, Bolintxuko tartea salbu. Horregatik, 200 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak —47,61 milioi euro kilometro bakoitzeko—, eta, obrak urtarrilean abiatuko diren arren, ez da 2022ra arte estreinatuko.

38 hilabete horietan, batez beste, 1.760.000 metro kubiko lur atera beharko dituzte menditik. Gainera, Bolintxuko errekaren gainetik igaroko den zutaberik gabeko 174 metroko zubia eraikiko dute. Hain zuzen ere, hori izango da tarterik konplexuena. Bolintxuko harana garrantzi ekologiko handiko eremua da. Bilbok mantentzen duen gune berde bakanetakoa, landare eta animalia espezie askoren bizitoki. Horregatik, bigarren faseko obrek ere hautsak harrotu dituzte, eta hainbat izan dira aurka agertu diren elkarte eta alderdiak.

Supersur Handitzearen Kontrako Plataformak, esaterako, kanpaina bat abiatuko du. Alde batetik, salatu egin dute aldundiak egindako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungi egin dela. Azaldutakoaren arabera, inpaktuaren adierazpena 2012ko uztailaren 26an egin zen, eta bost urteko epea zegoen zati horretako lanak egiteko. Hortaz, adierazpena 2017an iraungi zela diote, eta, horrenbestez, diputazioari eskatu diote lanak eten ditzan ingurumen ebaluazio berri bat egin bitartean.

Horretaz gainera, jakinarazi dute bi mozio aurkeztuko dituztela. Bata, diputazioari eskatzeko obrak gelditu eta mugikortasun planen inguruko hausnarketa prozesu bat martxan jar dezan. Beste mozioan, Bilboko Udalari eskatuko diote “Supersurra handitzearen aurka” agertu dadila, “Bolintxuko harana defendatzeko”. Izan ere, plataformaren ustez, tokiko administrazioek hiriko mugikortasun planekin landu eta aldarrikatzen dutena —garraio publikoa sustatzea, abiadura murriztea eta abar— “kontraesan iraunkorrean” dago diputazioak aurkezten dituen proiektuekin: “Garraioaren kudeaketa on bat egin beharrean, ibilgailuentzako azpiegiturak baino ez dituzte eraikitzen, garraio pribatua sustatuz”. Horrez gain, gogora ekarri dute Bilboko hegoaldeko saihesbidearen lehen faseak ez zuela aurreikusitakoa bete, eta, gainera, aurrekontua ere uste baino askoz handiagoa izan zela azkenean.

Bilboko azken harana

Azkenik, Bolintxuko haranak jasango duen ingurumen inpaktua azpimarratu dute, eta ohartarazi Bilboko Udalak 2008an aho batez onartutako Pagasarriko Plan Bereziak eremu babestutzat jotzen duela. Hori dela eta, Bolintxuko eremuak duen garrantzi ekologikoari balioa emateko dokumental bat plazaratu dute: El último valle (Azken harana). Urko Olozabalek zuzendu du film laburra. Bertan, saihesbidearen handitzeak Bolintxuri eragingo dizkion kalteen berri emateaz gain, eremu horrek duen aberastasunaren berri ematen da. “Bideoa ikustean, Bolintxuren freskotasuna sentitzen duzu. Toki txundigarri eta polit horren aldeko argudioak ezagutzera ematen ditugu”, adierazi du Olazabalek. “Bilbon geratzen zaigun azken gune naturala da, beste guztiak jada suntsitu egin ditugulako”, erantsi du.

Saihesbidea handitzearen aurkako dinamikak, beraz, bi sorbatz ditu: “Supersur errepidea handitzea ez da inondik inora beharrezkoa, eta, diru xahutze ikaragarria izateaz gain, Bolintxuko haraneko biodibertsitatearen aurkako eraso bortitza da, Bilbon geratzen zaigun azkena”.

Equo alderdiak ere bi ideia horiek azpimarratu ditu. Haien esanetan, saihesbidea handitzeak ez du Bilboko trafikoa arinduko, eta, beraz, “diru eralgiketa izugarria” izateaz gain, ingurumenari egingo dion kaltea “astakeria hutsa” izango da.

The post “Bilboko azken gune naturala” arriskuan dagoela ohartarazi dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-azken-gune-naturala-arriskuan-dagoela-ohartarazi-dute/feed/ 0
Iurretako paper lantegiari zigor espedientea ireki dio Jaurlaritzak http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/iurretako-paper-lantegiari-zigor-espedientea-ireki-dio-jaurlaritzak/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Iurreta-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/iurretako-paper-lantegiari-zigor-espedientea-ireki-dio-jaurlaritzak/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:13:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=552c660a71c7a4060b0ca66205b4996f Natalia Salazar Orbe

Iurreta parean Ibaizabal erreka beltzez tindatzen duten isuri kutsagarri batzuen berri eman berri du EH Bilduk. Errekaren emarian putzu beltzak erakutsi zituen joan den astean Mikel Otero legebiltzarkideak, bideo batean. Smurfit Kappa paper lantegiaren produktu kimikoak dira errekara iristen ari direnak. Laginak hartu, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari azalpenak eskatu dizkio koalizioak. Izan ere, egoera ez da berria. Joan den apirilaz geroztik, jakinaren gainean zegoen administrazioa. Arriolak jakinarazi du lantegiari zigor espedientea zabaldu diola Uraren Euskal Agentziak.

The post Iurretako paper lantegiari zigor espedientea ireki dio Jaurlaritzak appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Natalia Salazar Orbe

Iurreta parean Ibaizabal erreka beltzez tindatzen duten isuri kutsagarri batzuen berri eman berri du EH Bilduk. Errekaren emarian putzu beltzak erakutsi zituen joan den astean Mikel Otero legebiltzarkideak, bideo batean. Smurfit Kappa paper lantegiaren produktu kimikoak dira errekara iristen ari direnak. Laginak hartu, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari azalpenak eskatu dizkio koalizioak. Izan ere, egoera ez da berria. Joan den apirilaz geroztik, jakinaren gainean zegoen administrazioa. Arriolak jakinarazi du lantegiari zigor espedientea zabaldu diola Uraren Euskal Agentziak.

Eusko legebiltzarrean eztabaida izan zuten, joan den ostiralean. Ingurumen sailburuak jakinarazi duenez, Uraren Agentziak joan den apirilean konfirmatu zuen isurketak egon bazeudela. Orduz geroztik, birritan eskatu diote enpresari arazoa konpontzeko neurriak har ditzala. Hala ere, egoerak bere horretan dirauenez, zigor espedientea zabaldu diote.

Sei hilabete baino gehiago daramatza, beraz, Jaurlaritzak Smurfit Kappa enpresarekin lanean, isuri kutsagarriak geldiarazteko konponbide bila. Arriolaren arabera, “arazoa zaila da; aspalditik dator, eta ezin da goizetik gauera konpondu”.

Mikel Otero legebiltzarkideak kritikatu egin du konponbiderik jarri ez izana, kontuan hartuta, gainera, isuritako elementuen analisiek agerian utzi dutela ezarritako gehienezko balioen mugak gainditzen dituztela isuriok. Hain zuzen, lixibiatuari dagokionez, 12,23ko Ph-a neurtu du Jaurlaritzak —araztegi baterako gehienezko muga 9,5 da; kasu honetan, ordea, zuzenean isurtzen dute likidoa errekara—. “Zuek jakinaren gainean egon eta sei hilabete eta erdi osteko egoerari buruz hitz egiten ari gara”, aurpegiratu zion Oterok Arriolari.

Protokoloei jarraituta

Ingurumen sailburuak adierazi zuen administrazioa ez dela egon geldi denbora horretan guztian. “Zorrotz lan egin da ingurumena eta herritarrak babesteko. Ezarrita dauden pauso batzuk jarraitu behar dira, eta horrek guztiak denbora behar du, bai isunak jartzeko eta baita egokiak diren eta bermeak eskaintzen dituzten konponbideak bilatzeko ere”.

Aspalditik dator arazoa. 1990eko hamarkadan salaketa jarri zioten enpresari errekara zuzenean isurtzen zuelako ura, araztu gabe. Kondenatu ere egin zuten. 2006an, haren arduradunak zigortu zituzten, ingurumenaren aurkako delitu etengabea egiteagatik. Hala azaldu du Oterok. Eta argudio horiei helduta kritikatu du orain zigor administratiboa besterik ezarri ez izana.

Zabortegi estalia

Paper lantegiak hondakinentzako eremu bat sortu zuen enpresaren eta gasolindegiaren artean 1980ko hamarkadan, eta, garai batean, han biltzen zituen elementu toxikoak, eraikinaren atzealdean. 1990eko hamarkadan estali egin zuten zabortegia. Gaur egun belarrak eta zuhaitzek estalita ageri den eremu horren azpian daude urteetan gordetako hondakinak.

Urteen poderioz eta euriaren eraginez, elementu toxikoak filtratzen zirela ikusita, likidoa araztegira bideratzeko sistema bat jarri zuen enpresak 2007an. Hala ekarri zuen gogora Arriolak. Baina ikusi da neurri hori ez dela nahikoa, filtrazioak errekara iritsi baitira.

Arriolak esan du enpresari egoera hori bideratzeko eskaerak egin zizkiola Uraren Agentziak, hainbat kontrol egiten dizkietelako. Baina enpresaren saiakerek ez dute izan emaitzarik. Horregatik, uztailean jakinarazi zioten zigor espedientea zabaltzeko asmoa. Oterok salatu egin du egoerari aurre egiteko urgentziazko neurririk hartu ez izana, eta gertatzen ari dena geldiarazteko gai ez izatea.

The post Iurretako paper lantegiari zigor espedientea ireki dio Jaurlaritzak appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/iurretako-paper-lantegiari-zigor-espedientea-ireki-dio-jaurlaritzak/feed/ 0
Esperantza frontoia San Nikolaseko geltokiaren gainean berreraikiko dute http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/esperantza-frontoia-san-nikolaseko-geltokiaren-gainean-berreraikiko-dute/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Esperantza-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/esperantza-frontoia-san-nikolaseko-geltokiaren-gainean-berreraikiko-dute/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:12:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=47e65cc08b483f031a393e1bfecb34bc Natalia Salazar orbe
Itxaropen kaleko eraikinen artean ez ezik, auzoaren eguneroko giroan ere hutsune handia utzia zuen Esperantza frontoiaren eraisteak. Bilboko metroaren hirugarren linea gauzatzen ari zirenean zailtasun handiak aurkitu zituzten Zazpikaleetako geltoki berria eraikitzeko. Eta ETSk Esperantza frontoia eraitsi zuen lanak gauzatu ahal izateko.

The post Esperantza frontoia San Nikolaseko geltokiaren gainean berreraikiko dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Natalia Salazar orbe

Itxaropen kaleko eraikinen artean ez ezik, auzoaren eguneroko giroan ere hutsune handia utzia zuen Esperantza frontoiaren eraisteak. Bilboko metroaren hirugarren linea gauzatzen ari zirenean zailtasun handiak aurkitu zituzten Zazpikaleetako geltoki berria eraikitzeko. Euskal Trenbide Sareak Esperantza frontoia eraitsi zuen lanok gauzatu ahal izateko. 2015ean desagertu zen pilotan aritzeko tokia izateaz gain, auzoarentzako topaleku bihurtua zen espazioa. Orain, beste frontoi bat eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, ETSren bidez. Frontoia bakarrik ez, bost solairuko eraikin bat ere egiteko proiektua aurkeztu zuten asteazkenean. Frontoia bera geltokiaren estalkiaren gainean jarriko dute.

Metroaren hirugarren linearen lanak bukatu ostean, frontoi mitikoa berregingo zutela iragarri zuten administrazioek. Lanak bukatu ostean, iazko apirilean zabaldu zuten hirugarren linea, eta orain iragarri dute proiektua.

ETSk zuen hartua pilotalekua berreraikitzeko konpromisoa. Udalak eta berak erdi bana finantzatuko duten proiektuaren hitzarmena aurkeztu dute, ordea, Juan Mari Aburto alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. “Bilbotarrok irabazten aterako garen proiektu” modura aurkeztu du alkateak. Izan ere, auzoarentzako ekipamenduak hartuko dituzten hainbat espazio ere izango ditu eraikin berriak. Besteak beste, “aspaldiko eskaria” duen haurrentzako liburutegia iragarri du Aburtok.

Gainerako espazioei dagokienez, auzoko elkarteek eta eragileek erabiltzeko izango dira. Haiekin harremanetan jarriko dira, espaziook nola antolatu eta erabili erabakitzeko. Gainerako solairuetan umeen, gazteen eta familien aisiarako espazioak jarriko dituzte.

4,5 milioi euroko kostua izango du obrak. Lanak datorren urtean hasi eta 2020. urtearen bukaera aldera amaitzea aurreikusi dute. Hortik aurrera izango dituzte erabilgarri auzoko bizilagunek frontoia eta bestelako instalazioak.

Kokaleku berria

Eraitsi zuten arte, kalearen mailan eta paraleloan zegoen frontoia. Berria ondoko eraikinak baino gorago kokatuko da, eta kalearekiko perpendikular. Egoera berri horrek erabilera zailtasunengatik edo gertutasun faltagatik sor ditzakeen iritzien aurrean, onurak azpimarratu ditu Aburtok: “Argiztapen natural handiagoa izango du, ondoko eraikinak baino gorago kokatuko delako”.

Frontoiaren ezaugarri zehatzak eman dituzte: ezkerreko hormaren tipologia hartuko du. Pilotalekuak 30 metroko luzera izango du; kantxak, hamar metroko zabalera, eta, kontrakantxak, lau metrokoa. Frontisa hamar metro garai izango da, eta 11 metro zabal. Ezkerreko horma, berriz, hamar metro garai izango da.

Eraikin berriari dagokionez, 240 metro koadroko azalera izango dute beheko eta lehenengo bi solairuek. Azken bi solairuetako bakoitzak, berriz, 160 metro koadro izango ditu.

Frontoia baino gehiago

Kirol jardueretarako espazio bat baino gehiago izan da urte luzez Esperantza frontoia. Herritarrentzako topagunea zen. Aste Nagusiko otorduetarako mahaiez josita ikusi da behin baino gehiagotan pilotarien agertokia izandako kantxa. Baina herritarrek pilotak hormaren kontra aldaera guztietan jaurtitzeko espazioa ere izan da. Esku pilota, pala eta frontenisa praktikatzeko topaleku izaten zuten ume, gazte zein helduek, egunero, eraitsi zuten arte.

Hain zuzen, bi pilota taldek eta frontenis talde batek erabiltzen zuten. Atxuriko Maestro Garcia Rivero ikastetxe publikoko eskolaz kanpoko jarduerak egiteko tokia ere bazen. Horrez gain, pilota tailerrak, txapelketak eta azokak, eta barrutiko bilerak egiten zituzten han. Herri frontoien izaera zuen Esperantzak. Eta ezinegona sortu zuen hura eraisteko egitasmoak. Frontoia eraistearekin batera, zartakoa hartu zuen auzoaren bihotzak.

The post Esperantza frontoia San Nikolaseko geltokiaren gainean berreraikiko dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/esperantza-frontoia-san-nikolaseko-geltokiaren-gainean-berreraikiko-dute/feed/ 0
Burdina goritik titaniorako jauzia http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/burdina-goritik-titaniorako-jauzia/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Urban-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/burdina-goritik-titaniorako-jauzia/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:11:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=8e0d191b2ce1004a7bb0661c9c393c22 Natalia Salazar Orbe
Desindustrializazioak herri eta hiriak birpentsatzeko beharra sortu zuen, beste hainbat lekutan bezala, Bizkaian. Hiri ereduak aldatu egin dira, halabeharrez. Asko, erakusleihorik onenaren lehian murgildu dira.

The post Burdina goritik titaniorako jauzia appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Natalia Salazar Orbe

Desindustrializazioak herri eta hiriak birpentsatzeko beharra sortu zuen, beste hainbat lekutan bezala, Bizkaian. Hiri ereduak aldatu egin dira, halabeharrez. Asko, erakusleihorik onenaren lehian murgildu dira. Bilbon aldaketa hori nabarmena da. Ekitaldi handiak dira horren erakusle argia. BBK Live, Europako errugbi finalak, MTV katearen sariak… hainbat izan dira azken hiletan hirira eraman dituzten ekitaldi handiak. Eredu aldaketa horrek badu eragina herri eta hirietan, kulturan, ekonomian, ingurugiroan zein herritarrengan eurengan ere. Baina zer nolakoa? Zenbatekoa? Asteazkenetik igandera bitartean saiatuko da galdera horiei eta beste batzuei erantzuna ematen Urbanbat, hirigintzaren eraldaketa prozesuetako ikerketa eta bitartekaritza lanak egiten dituen bulegoa.

Kultura, hirigintza eta gizarte berrikuntzari buruzko Istanteko Hiriak jaialdia antolatu du Urbanbatek, eta kultur ekitaldi handien eta hirien plangintzarako estrategien arteko harremana aztertuko dute. Baita estrategia horiek paisaian, ekonomian eta tokiko kulturan duten inpaktua ere. Horretarako, herritar guztiei zabaldutako laborategi gisa planteatu duten egitarau zabala antolatu dute. Hitzaldiak, lankidetza tailerrak, ibilbideak eta jarduera artistikoak egingo dituzte, besteak beste.

Gorka Rodriguez Olea Urbanbaten jaialdiko lan-taldeko kideak azaldu du hirien aldaketa hirien euren izaeraren parte dela. Industriaren gainbeheraren ostean, “berriz asmatzeko moduak bilatu dituzte hiriek, eta biziberritzeko proiektu izarrak erabiltzen dituzte, berritzeko eta teknologia hedatzeko duten ahalmenaren estandarte gisa”. Hala, beste hirien artean nabarmentzeko nahia eta beharra ekarri du gogora: “Lehiatu egiten dira beraien artean, inbertsioak erakartzeko eta nazioarteko ranking antzeko batean gora egiteko”.

Eredu horiek prezio bat dute, ordea. Eta ez da merkea. “Hirigune estrategikoak birgaitzeko programak erabiltzearen ondorioz, eremu hondatuetako edo gainbehera etorritako eremuetako herritarrak pixkanaka mugiarazi egiten dituzte”. Prozesu horiek era askotara gauza badaitezke ere, emaitza bera izaten da: “Errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekuz aldatu behar izaten dute eros ahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dituzten beste hainbat herritarri lekua egiteko”. Zenbait hiritan prozesu hori erdi eta goi mailako klaseetara ere zabaltzen ari dela esan du Rodriguez Oleak. Arrazoia bera da: inguru horietan etxebizitzen prezioak eta alokairuak gora egin dutelako nabarmen eros ahalmen handiko inbertitzaileak iritsi direnean. Hala, luxuzko eremu bihurtu dituzte hiri horietako kale nagusiak.

Egoera berri horiek aldaketa asko eragiten dute. Baita ondorioak ere herritarrengan, gizartean, ekonomian, hirigintzan eta kulturan: “Etxebizitzei, bizitokirako erabileraren ordez, irabazi handiagoak ematen dituzten erabilerak ematen zaizkie, hala nola, turismoarena”. Ondorio gehiago ere aipatu ditu: “Espekulazioa, etxebizitza eskaintza berriaren elitizazioa, merkataritza espazio publikoaz jabetzea, frankiziek edo boutiquek ordezkatzea merkataritza tradizionala eta hurbileko merkataritza, gaueko aisiaren kontzentrazioa, kulturaren instrumentalizazioa aisiari eta kontsumoari lotutako sektore gisa, etabar”.

Hiri ereduaren aldaketa horren barruan, jaialdiak leku berezia eskainiko dio kultura ekitaldi handiek hirietan duten eraginari. Ekitaldi horien inguruan hainbat elementuk bat egiten dutela uste du Rodriguez Oleak: “Besteak beste, hiriaren marka jakin baten sorkuntza eta berau nazioartean ezagutarazteko nahia, hiri marketinga, espazio publikoaren erabilera komertziala eta kudeaketa, mugikortasuna, ekonomia, turismoa eta kultura eredua”.

Horrek guztiak eragin du “dena oso azkar mugitzea norabide berean”. Eta mugimendua norabide batean egiteak beste bide batzuk galtzea suposatzen du. “Baita bidean beste gauza asko uztea edo ahaztea ere”. Irabazi eta galera horiek neurtzeko adierazle ekonomikoez gain, bestelako elementuak ere kontuan hartu behar direla deritzo. “Besteak beste, ingurugiroari, gizarteari, kulturari, generoari edota gobernantzari dagozkion adierazleak erabili beharko genituzke inpaktuak eta ondorioak neurtzeko”.

Aldaketaren sorburua

Industria paisaia batetik zerbitzuetako hiri bat bihurtzerainoko aldaketaren abiapuntua irudikatu du Urbanbatek: Guggenheim museoa. “Paisaia aldaketaren ikono nagusia, Guggenheim museoa, jaialdi handi hauek erakartzeko traktorea izan da”. Eraikinak berak ondorio batzuk ekarri dizkio hiriari, Rodriguez Olearen esanetan: “Ekitaldi-eraikina da, eta inguruan, paisaian, ekonomian eta kulturan segidan proiektatu du aldaketaren irudia: kosmopolita, erakargarria, modernoa, liluragarria, sexya, distiratsua…”. Ordea, irudi hutsetik haragoko eragina izan duela deritzo berak: “Ekonomia eta kultura ekoizteko eta kontsumitzeko eredu berriak etorri dira: zerbitzuak, turismoari lotutako jarduerak, kongresu eta ekitaldien antolaketa… eta hauek guztiak garatzeko behar diren azpiegiturak”.

Egoera horrek hainbat galdera zabaltzen ditu: nolako eragina du eredu horrek auzoetako bizilagunengan? Nola sendotu edo ahuldu du bertoko kultura sortzaileen lana? Eta kulturarako irisgarritasuna? Zeintzuk ekonomia sektore erakarri ditu eta horiek zeintzuk lan baldintza sortzen dituzte?

Ekitaldiek hirian dituzten eraginei buruzko hausnarketarekin emango diote hasiera jaialdiari. Hiri eztabaida batean elkartuko dituzte hainbat lagun. Aurretik jada hainbat eragile eta adituren iritziak jaso dituzte. Mota horretako ekitaldien aldeko zein kontrako iritziak batu dituzte.

FERNANDO BAYON

Deustuko Unibertsitateko ikerlaria

“Espazio publikoa ikus- entzuleentzako espazioa dela sinetsi dugu”

Fernando Bayon Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko aisialdi ikerketetarako institutuko ikerlaria da. Bi oinarri ditu bere irakurketak. Batetik, ukatu egin du ekitaldiak beharrezkoak direnik hiriko espazio soziala espazio publiko bihurtzeko. Bestetik, gezurtatu egin du hiriko espazio publikoa bizitzeko modua herritar oro ikus-entzule bihurtzea denik. “Denok sinetsi dugu espazio publikoa ikus-entzuleentzako espazioa dela eta hala izan behar duela”.

Haren ustez, herritarrak ez dira bihurtu behar “aurretik euren bizkar digeritutako eta osatutako produktu baten azken kontsumitzaile. Horrek ondo eman dezake igandeko gehigarri baten azalean: ‘50.000 pertsona gerturatu dira Pedro Arruperen pasagunera kaltzontziloetan doazen gizon batzuk salto egiten ikustera’. Baina hiriaren edo herritarren logikatik begiratuta ez da batere egokia”.

Espazio publikoa eraldatzeko modurik onena zein den azaldu du: “Espazioa bizi egin behar da, okupatu, gauzak egin behar dira bertan, herritar ikus-entzulearen paradigma hautsi behar da, eta espazio publikoan gauzak egitera ausatzen dena bultzatu”.

NEREA DIAZ

Open espazioko kidea

“Hiria sortzen dute ekitaldi handiek, eta ekosistema emankorrak”

Aisialdiarekin eta kulturarekin lotutako ekitaldi handiek hirian eragin ona dutela uste du Open espazioko kide Nerea Diezek: “Hiria sortzen dute, ekosistema emankorrak sortzen dituzte, beti ere, agente handien eta txikien eta diziplinarteko jardueren artean elkarlana badago”. Noraeza saihestu behar dela uste du, ordea, “kaltegarria” izango litzatekeelako “hiriarentzat zein bertan modu jarraituan bizi garenontzat”. Hala, “ekitaldi handiek hirian duten inpaktua hobetzeko modu ona da hirian bizi diren herritarren ikuspegian pentsatuta egitea beti lan”.

ROSA ABAL

Karraskan elkarteko koordinatzailea

“Ez diote uzten garatzen hiriko ekosistema sortzaileari”

Ekitaldi handien eraginei buruzko iritzi kritikoa azaldu du Rosa Abal Karraskan elkarteko kideak: “Ondorioetako bat da ez diotela uzten garatzen hiriko ekosistema kultural eta sortzaileari. Eklipsatu egiten dituzte, ez diete ematen baliorik. Eta hain justu, kontrakoa gertatu beharko litzateke: txikia sustatu beharko litzateke, aniztasuna egotea ahalbidetzen duelako, arimarik ez duten ekitaldi handien aurrean mikro ekitaldi interesgarriagoak dakartzalako”.

ARANTZA KINTANA

Bilbao Bizkaia Architecture

“Ekitaldi handiek ondorio oso positiboak dituzte”

Arantza Kintana Bilbao Bizkaia Architectureko idazkari nagusiaren ustez, “ekitaldi handiek ondorio oso positiboak dituzte. Interes, kultura, pertsona eta komunikazio jarioak dira. Eta hori hiriarentzako mesedegarria izan daitekeen produkzio ekonomikoa da”. Ekitaldi handiak hobetze aldera, “ekitaldien arteko sinergiak sortzea” proposatu du. Eta herritarren iritzia kontuan hartzea.

The post Burdina goritik titaniorako jauzia appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/burdina-goritik-titaniorako-jauzia/feed/ 0
Urbanbat http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/urbanbat/ http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/urbanbat/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:11:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=54427db9747e85e9fb2fa6e92424d132 Hausnarketarako zein aisialdi kritikorako aukera ugari eskaintzen dituen egitaraua osatu dute Urbanbat jaialdian.Azaroak 21, asteazkena19:00. Ekitaldiek hirian eragiten dituzten gaitzei buruzko eztabaida, Bilborocken.Azaroak 22, osteguna09:30. Hitza...

The post Urbanbat appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Hausnarketarako zein aisialdi kritikorako aukera ugari eskaintzen dituen egitaraua osatu dute Urbanbat jaialdian.

Azaroak 21, asteazkena

19:00. Ekitaldiek hirian eragiten dituzten gaitzei buruzko eztabaida, Bilborocken.

Azaroak 22, osteguna

09:30. Hitzaldiak, Bilborocken.

19:00. Hiri pilulak. Hainbat hiritako esperientziei buruzko mikro-hitzaldiak. Bilborocken.

21:00. Tupper Backpack saioa: jaialdietarako kit gastronomikoa zer nola prestatu azaltzeko gastronomia lantegia eta afaria. Nordisk txokoan.

Azaroak 23, ostirala

09:30. Hitzaldiak eta lantegia hiri ekitaldien diseinuak jasangarritasun eta erantzukizun irizpideak barneratzeko proposamenen agiria osatzeko. Bilborocken.

20:00. Pedro Jimenezen Big Best Incredible Festival Ever ikus-entzunezko dokumentala aurkeztuko dute, Bilborocken.

21:00. Zuzeneko ikus-entzunezko nahasketa eskainiko du Black Monuments kolektiboak. Ekintza, ikus-entzunezko baliabideak eta kantuen leloak uztartuko dituzte, hausnarketarako kontzertu eran. Bilborocken.

Azaroak 24, larunbata

11:00. Magical Mistery City Tour autobus ibilbidean ekitaldi handiek hartu dituzten hainbat espazio bisitatuko dituzte. Concordia geltokitik abiatuko dira.

21:00. Black Monuments kolektiboaren bigarren emanaldia. Kolektiboak jaialdirako propio antolatu du ikuskizuna. Shake aretoan.

22:00. Kontzertua Shake aretoan: Escape-Ism.

Azaroak 25, igandea

11:00. Raubdruckerin ehungintza estanpazio tailerra: kaleko elementuak kamiseta eta poltsoetan estanpatuko dituzte. Open espazioan.

14:00. Limpiador Multiusos Stage. Black Monuments kolektiboak hirugarren saioa eskainiko du, Open espazioan.

Azaroaren 25era arte

Joan den astelehenaz geroztik Mass Tourism argazki erakusketa dago ikusgai Bilboko Martzana kaian. Eta bertan izango da, Urbanbaten Istanteko Hiriak jaialdia bukatu arte.

The post Urbanbat appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/urbanbat/feed/ 0
Mundu modernorako atea http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/mundu-modernorako-atea/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Trena3-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/mundu-modernorako-atea/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:10:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=c78d1d9ae8c6b8baf297df452e0699fb Natalia Salazar Orbe
Zalaparta handia. Bolanderak eta txistu soinua, trenaren lehen ke boladak iritsi baino lehen. Euforia nagusi da. Trena iritsi da. 1893ko irailaren 4a zen, Plentzian. San Antolin festak ospatzen ari ziren.

The post Mundu modernorako atea appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Natalia Salazar Orbe

Zalaparta handia. Bolanderak eta txistu soinua, trenaren lehen ke boladak iritsi baino lehen. Euforia nagusi da. Trena iritsi da. 1893ko irailaren 4a zen, Plentzian. San Antolin festak ospatzen ari ziren. Goiza zen arren, herritar mordoa elkartu zen nasan. Agintarien ordezkaritza handi bat ere hantxe zegoen. Agertoki horretan, bibaka hasi ziren denak: “Trenak arrakasta izan dezan! Gora plentziarrak! Gora bakea! Eta gora Ernesto Hoffmeyer!”. Areeta eta Plentzia arteko trenbidea eraiki zuen ingeniaria izan zen Hoffmeyer. Han elkartu ziren askok agian ez zuten jakingo, baina garai berri bat abiatzear zen Plentzian eta inguruetan.

125 urte bete ditu Areeta eta Plentzia arteko trenbideak. Urteurren hori gogorarazi eta ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Plentzian zein inguruko herrietan. Irailean lurrunezko tren batek Plentzia eta Ugeraga arteko bidea egin zuen. Orain, azpiegitura horren historia jasotzen duen erakusketa ikus daiteke Itzubaltzetako kultur etxean, hila bukatu arte. Tren zerbitzuari buruzko argazkiak eta dokumentazioa biltzen dituen collagea eta jatorrizko hainbat objekturen bilduma aurkituko dituzte hara biltzen direnek. Besteak beste, txartelak, txapelak, faroltxoak edota geltokiko langileen uniformeak. Bestalde, antzinako tren baten erreprodukzioa ere badago.

Mundu modernoarekin konektatzeko trena beharrezkoa zen garaian zabaldu zuten linea. Tren geltokirik ez zuen herria mundu horretatik kanpo geratzen zen. Autorik, kamioirik, autobusik eta antzekorik ez zegoen-eta. Trenik ezean, erabat bakartuta geratzen zen ingurua.

Hala, hunkituta, poz malkoak begietan egin zioten ongietorria plentziarrek burdinazko zaldiari 1893 hartan. Aukera askotarikoak zabaldu zizkien. Besteak beste, herriko produktuak hiriburura eramateko bidea. Eta mugarria izan zen, era berean, turistak kostaldera gerturatzeko prozesuan. Urte askoren ostean, metroa hara iristeko azpiegituraren oinarria ere finkatu zuen proiektu hark.

Bide berri eta askotariko horiek guztiak zabaltzeko oztopoz betetako ibilbidea egin behar izan zuen, ordea. Ekimen pribatutik abiatu zuten azpiegitura. Akziodun asko herrikoak eta ingurukoak izan zituen. Negozioak biribila zirudien. Hala, aukeraz betetako etorkizuna ez eze, irabazi handiak irudikatzen zituzten linearen ustiatzaileek. Ez zen gertatu horrelakorik, ordea.

Bilbo-Areeta Trenbide Merkearen konpainiaren eskutik sortu zen linea. Bidaiariez gain, merkantzien garraioak pisu handia izango zuela aurreikusi zuten sustatzaileek. Algorta eta Plentziako arrantza produktuak zein eraikuntzarako materialak garraiatuko zituela sinetsita zeuden. Baina irabaziak ez ziren izan espero zuten bestekoak.

Hasiera ona izan zen. San Antolin festek erakarrita, bidaiari mordoa hartu zuen zerbitzuak. Baina berehala iritsi ziren lehen zailtasunak. Luizi baten ondorioz, trena bidetik atera zen, trenbidea zabaldu eta hilabete batzuetara. Bi hilabetez ez zen trenik igaro Urduliz eta Plentzia artean. Gorabehera hari aurre eginda, lortu zuen bidea egitea, esku batetik bestera igarota. Santanderretik Bilborako trenbideen konpainiak hartu zuen kudeaketa. Gastuei aurre egiterik ez zuten, eta FEVEk hartu zuen azpiegituraren ardura, gero, urtebetez. 1978an, Eusko Tren izango zenaren esku geratu zen.

Herriarentzako mugarria

Trenak eraldaketa handia eragin zuen Plentzian. Negozio berri ugari zabaldu zituzten: higiezinen alorrean, ostalaritzan eta merkataritzan, bereziki, sortu berri zen enklabe turistikoak bultzatuta. Hainbat eremu urbanizatzea ere ekarri zuen. Udatiarren boomak eztanda egin zuen.

Trakatan-trakatan irudika daitezke lehen bidaia haiek. Egurrezko aulkietan, txartel-zulatzailea noiz agertuko zain. Lurrunezko makinaren burrunba, ikatza irensten. Burdinazko erreien danbada. Txistuaren hotsa. Badator. Kearen arrastoak bidean. Gaur egungo trenen bestelako irudia. Metroak hartu zion lekukoa aspaldi aldatua zen lurrun makinari. Asko hobetu da: garbiagoa da, eta azkarrago dabil, baina galdu du lehenengo haiek zuten xarma. Bidea bagoi arteko balkoietan egitekoa, kasurako. Plentzian urte osoa eman dute oroitzen mundura lotu zituen lehen garraiobide hura; herriarentzako mugarria izan zena.

The post Mundu modernorako atea appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/mundu-modernorako-atea/feed/ 0
Elikagaiak “modu duinagoan” banatzeko gune bat zabaldu dute http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/elikagaiak-modu-duinagoan-banatzeko-gune-bat-zabaldu-dute/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Elikagai1-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/elikagaiak-modu-duinagoan-banatzeko-gune-bat-zabaldu-dute/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:09:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=8d714d51915d5e74a1563dc78e5de705 Aitziber Laskibar Lizarribar
Denda itxura du; auzoko supermerkatu txiki baten antolaera, autozerbitzua oinarri duena. Elikagaiz betetako apalategiek osatzen dute gunea. Eta elikagai sorta bakoitzak bere txarteltxoa du, produktuaren balioa jakinarazteko.

The post Elikagaiak “modu duinagoan” banatzeko gune bat zabaldu dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Aitziber Laskibar Lizarribar

Denda itxura du; auzoko supermerkatu txiki baten antolaera, autozerbitzua oinarri duena. Elikagaiz betetako apalategiek osatzen dute gunea. Eta elikagai sorta bakoitzak bere txarteltxoa du, produktuaren balioa jakinarazteko. Euroen aipamenik ez da inon ageri, ordea. Diru bidezko trukerik ere ez da erosketen ondoren. Lagun Gunea da. Bazterketa arriskuan dauden familiei elikagaiak banatzeko zentro berria. Berria, eta berritzailea. Izan ere, banaketa sistema aldatuko du, eta, hartzaileentzat erosoago izateaz gain, duinagoa izango da haientzat. Horixe nabarmendu dute sustatzaile guztiek: duintasunean irabaziko dutela baztertuta egonik jatekoa hartzera joan behar izaten dutenek. Orain, ez dute ilara luzerik egin beharko. Lotsa ere sentiarazten zien, intimitatea urratzen zien, eta atzean utziko dituzte duintasuna mintzea eragiten zieten ilara luze haiek. Batzuek behintzat. Banaketa zentro berrira joateko aukera izango duten 900 familia inguruk. Bilboko Santutxu auzoan zabaldu dute asteon, proba modura.

Puntu sistema

Puntu bidezko sistema du banaketa modu berriak. Gizarte laguntza jasotzen duen pertsona horietako bakoitzak puntu kopuru bat izango du hilean, bere baldintzen eta familia osatzen duten pertsona kopuruaren arabera: 22 eta 79 puntu artean. Dendan dagoen produktu bakoitzaren balioa ere hala zehaztuko da. Arroz pakete baten truke, adibidez, puntu bat eman beharko da, eta tomatearen truke, puntu erdia. Lekaleek, pastak, esneak eta atun latek ere puntu banako balioa dute. Haurrentzako esne hautsa jasotzeak ez du gasturik eragingo, eta gaileten truke eta hozkailuetan dauden san jakobo paketeen truke bi puntu eman beharko dira. Produktu bakoitzaren balioaren berri ematen duen taulan zehaztuko da familia bakoitzak zenbat halako har ditzakeen gehienez. San jakoboen ondoan beste txartel bat ere badago: txerri baten irudia. Produktuak txerri okela duela ohartarazteko da; batez ere musulmanei begirako oharra. Barazki eta fruta freskoak ere izango dituzte aukeran.

Sistema horren bidez, hemendik aurrera familia bakoitzak kudeatu beharko ditu bere puntuak, dituen baliabide eta beharren arabera. Poltsa jakin bat jaso ordez, dendara joan eta bertan aukeratu ahalko du behar duena. Banaketa gunera noiz joan ere aurrez zehaztua izango dute hartzaileek; hilean bi egunetan. Hala banatuta, egunean 70 lagunetik gora joango dira dendara, eta, guztira, 900 bat familiako 2.000 bat pertsonari emango die zerbitzua.

Ez hori bakarrik; banaketarako tokia baino gehiago izango da Lagun Gunea. Bazterketa arriskuan daudenentzat pentsatuta egonik, haien beharrei egokitutako zerbitzu integrala emateko helburua jarri dio bere buruari proiektuak. Hartarako, lana bilatzeari begirako ikastaroak eskainiko ditu, etxeko ekonomiari buruzko tailerrak, eta gizarteratzeari begirako beste jarduera batzuk. Besteak beste, hizkuntzak ikasteko aukera emango du, kulturen arteko programak lantzekoa, eta haurrei laguntzekoa.

Bizkaian dagoen halako lehen gunea da Santutxukoa, eta bakarra. Proba moduan zabaldu dute oraingoz, baina gehiago etorriko diren esperantza dute sustatzaileek. Hartarako, probak utzitako emaitzen balorazioa egingo dute, eta beste gune batzuetara heda daitekeen aztertuko dute. Nahia da eredu berria Bilbon eta Bizkaian zehar barreiatzea, sustatzaileak seguru baitaude oraingo sistema baino egokiagoa eta eraginkorragoa dela.

Horixe ondorioztatu dute sustatzaileek ezagutu dituzten halako egitasmoek. Euskal Herrian, aurrekari bakarra du: Nafarroan, San Adrianen. Eta Herrialde Katalanetan beste bi esperientzia ezagutu dituzte Bizkaiko Gurutze Gorriko eta Elikagai Bankuko kideek: Gironakoa eta Bartzelonakoa. “Arrakasta nabarmena” izan dute horiek guztiek, eta, beraz, aurrerantzean, Bizkaian sistema berria hedatuko den ustea azaldu dute.

Gurutze Gorriak eta Elikagai Bankuak bultzatu dute egitasmoa, eta haiek kudeatzen dute gunea. BBKren laguntza jaso du programak, eta baita Bilboko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Espainiako Gobernuarena ere. Erakunde horietako guztietako ordezkariak izan dira gunea aurkezteko ekitaldian, eta lortutako elkarlana goratu dute; esan dutenez, elkarlan hori gabe Lagun Gunea ez litzateke posible.

The post Elikagaiak “modu duinagoan” banatzeko gune bat zabaldu dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/elikagaiak-modu-duinagoan-banatzeko-gune-bat-zabaldu-dute/feed/ 0
Bilboko San Frantziskon “sarekada arrazistak” areagotu direla salatu dute http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-san-frantziskon-sarekada-arrazistak-areagotu-direla-salatu-dute/ http://bizkaia.hitza.eus/files/Arraza1-150x150.jpg http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-san-frantziskon-sarekada-arrazistak-areagotu-direla-salatu-dute/#comments Fri, 16 Nov 2018 00:08:00 +0000 https://bizkaia.hitza.eus/?guid=77be21adf1db4cc2d57983077bc29ef8 Aitziber Laskibar Lizarribar

Ez da gauza berria, SOS Arrazakeriaren esanetan. Etorkin eta migratzaileen aurkako sarekadak ohikoak dira Bizkaian, batez ere hiriburuan: geldiarazteak, identifikazioak, miaketak. Elkarteak sarri salatu ditu poliziek horien aurka egindako gehiegikeriak; ohituta dago lan horretan. Baina oraingoan bereziki kezkatuta agertu da, eta hedabideengana jo du: "Azken asteetan nabarmen areagotu dira sarekada arrazistak San Frantzisko auzoan".

The post Bilboko San Frantziskon “sarekada arrazistak” areagotu direla salatu dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
Aitziber Laskibar Lizarribar

Ez da gauza berria, SOS Arrazakeriaren esanetan. Etorkin eta migratzaileen aurkako sarekadak ohikoak dira Bizkaian, batez ere hiriburuan: geldiarazteak, identifikazioak, miaketak. Elkarteak sarri salatu ditu poliziek horien aurka egindako gehiegikeriak; ohituta dago lan horretan. Baina oraingoan bereziki kezkatuta agertu da, eta hedabideengana jo du: “Azken asteetan nabarmen areagotu dira sarekada arrazistak San Frantzisko auzoan”.

Kolektibo jakin bat jarri dute jomugan Bilboko udaltzainek, elkartearen esanetan: gazte magrebtarrak. “Kolektibo horretako talde osoen aurkako miaketa masiboak egiten ari dira”. Azaroaren 2an, San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan, sarekada deigarria ikusi zuten SOS Arrazakeriako kideek. Udaltzainek gazte magrebtarrek osatutako bi multzo inguratu zituzten plazaren bi gunetan. Inguratu, identifikatu eta miatu egin zituzten, ageriko inolako arrazoirik gabe. Ordu erdiz izan zituzten geldiarazita.

Udaltzainen esanen ondotik

Hainbatetan gertatu dira antzeko egoerak, eta Ertzaintza ere halakoetara batu dela salatu du arrazakeriaren aurkako elkarteak. Gogortze hori nondik datorren susmoa ere plazaratu du: udaltzainburuek berriki jendaurrean adierazi dute San Frantziskon delinkuentzia areagotzen ari dela.

Hori ikusita, ohar batzuk plazaratu ditu SOS Arrazakeriak: pertsona guztien duintasuna une oro errespetatu beha da; polizien jardun guztiek arrazoituak eta proportzionalak izan behar dute; poliziek pertsona guztien segurtasuna bermatu behar dute, eta hori pertsona guztien eskubideak errespetatuta egin behar dute; eta jatorri etniko jakin bat jomugatzat hartzea arrazakeria da —arrazakeriaren aurkako eta oinarrizko eskubideen Europako eta nazioarteko erakundeek hala jasotzen dute—.

“Segurtasunak ez du zerikusirik ez sarekada arrazistekin, ez miaketa masiboekin”, esan die Bilboko agintariei eta herritarrei. Halako jarrerekin pertsona batzuk kriminalizatu eta “ingurua are gehiago degradatu” besterik ez dela egiten adierazi, eta, arrazakeriaren ordez, auzoan beren ustez zer behar den azaldu dute: “Justizia sozial gehiago, espekulazio gutxiago, baliabide gehiago, aporofobia gutxiago, elkarbizitza gehiago, segregazio gutxiago, eta berdintasun gehiago”.

EH Bilduk ere salatu ditu “arrazaren arabera” azkenaldian egiten ari diren “miaketa masiboak”. Kezka agertu du gertatzen ari denarekin, eta auzokideak segurtasunarekin kezkatuta badaude bestelako “neurri eraginkorrak” hartu beharko direla ohartarazi du; salatu du orain arteko neurriek “haserrea eta kolektibo batzuenganako mesfidantza” areagotu besterik ez dutela egin. “Ez da koherentea egun batean inklusio programak aurkeztea eta hurrengo egunean kolektibo horien aurkako miaketa masiboak egitea”, esan dio udalari Alba Fatuarte zinegotziak; “horrek ez dauka zerikusirik Segurtasun Itunean adostu genuen hurbileko polizia ereduarekin”.

Oso bestelako iritzia du San Frantziskon sortu berri den auzo elkarteak. Kalean “beldurra” pasatzen dutela adierazi, udaltzainen eta ertzainen lana txalotu, eta Poliziari jarduten uzteko eskatu dio SOS Arrazakeriari.

The post Bilboko San Frantziskon “sarekada arrazistak” areagotu direla salatu dute appeared first on Bizkaiko Hitza.

]]>
http://bizkaia.hitza.eus/2018/11/16/bilboko-san-frantziskon-sarekada-arrazistak-areagotu-direla-salatu-dute/feed/ 0