Segurtasunaren izenean »

Igor Elordui Etxebarria

Gabonak ez dira izan aurten, preseski, Bilbon, telebistako iragarkiek, merkataritza-gune eta eguberrietako parafernalia horrek guztiak erakutsi gura izaten diguten ontasunaren eta alaitasunaren alegoria: gazte batek begia galdu zuen beste gazte-talde batek, hari lapurtu guran, eraso egin eta gero. Ibon Urrengoetxea hil zuten adin txikiko bik. Autodun batek bi oinezko harrapatu zituen, eta larriki zauritu. Gazte bati lau labankada eman zizkioten gazte-talde biren arteko borroka batean. Botila batez (botila-lepoa moztuta), beste gazte batek taberna batean sartu eta hiru pertsona zauritu zituen. Bilbon ez baina Barakaldon, adin txikiko neska bat bortxatu zuten adin txikiko lau mutikok.

Batere larritasunik kendu barik horiei gertakizun guztiei, nork uka: Bat: dramak drama, eta alarmismoak alarmismo (interesatuak, gehienetan), gertakari lazgarri bertsuak jazotzen direla, eta latzagoak ere bai, Bilbon ez ezen Europako zein mundu osoko herri eta hiririk populatuenetan; izan Mexikon, izan New Yorken, izan Dublinen edo izan Burgosen. Bi: latzenak, duda barik, adin txikikoak protagonista diren horiek direla; batetik, jazoeren euren garrantziagatik eta eragindako ondorioengatik (hilketa bat eta bortxaketa bat); eta bestetik, adin txikikoek, hain zuzen ere, parte hartzeagatik.

Bada, hori guztia dela-eta eman den eztabaida, eman da, batez ere, bi gairen gainean: adinez txikiak direlarik ezarri ahal zaien (edota ezin zaien) zigorrari buruz, eta Bilbo hiri segurua den ala ez den. Ostia! Egon badago, bada, zer hausnartu gehiago, ezta? Zerk edo nork bultzatzen ditu 13, 14, 15… urteko haurrak, haurrak baitira, halakoak egitera? Normala al da, ez egitea bera, baizik eta adin horrekin egitea? Erreza litzateke batzuentzat erantzuna, eta sobera entzungo genukeen hedabideetan, egileak izan balira, esaterako, marokoarrak. Izan zitezkeen, baina ez dira. Bilbo ez da Rioko Rocinha favela, argi dago; baina nago segurtasunaren izenean kasu isolatuak balira bezala tratatzeak mesede gutxi egiten diola egin beharko genukeen hausnarketa sakonagoari. Orokortzea arriskutsua izanik ere, ausartuko naiz galderak egitera: Zein egoeratan bizi dira ume eta gaztetxo asko? Zeintzuk dira, etxean zein kalean, beraien ereduak? Zer estimulu jasotzen dute telebistan, bideo-jokoetan, sare sozialetan…?

Eta zehar-begiratua politikakeriari; segurtasuna beste kezkarik erakutsi ez dutenei eta hiriaren irudiaz eta itxuraz hain kezkaturik azaltzen den Bilboko alkateari, zeinaren mezua horrela laburbildu daitekeen (eta gura duenak hemerotekara jotzea dauka): Bilbon egiten duenak ordaindu egiten du (Iñigo Cabacasekin ahaztuta, antza), ez da komeni ordu batzuetan kalean bakarrik ibiltzea, eta kontuz Bilbori ez dagokion irudia zabaltzearekin.

Mundu osoa Bilbao handiago bat dela esan zuen Unamunok, eta, entzundakoak entzunda, egia izango da, Bilbon Trump txikiago asko daude eta.

MeteoTB »

Nerea Ibarzabal
Dena estaltzen du elurrak, zelairik zabalenetik amaraunik finenera. Ixten ditu kaminoak, irekitzen ditu albistegiak, ixten ditu albistegiak, irekitzen ditu irrati tertuliak, mozten du argia. Ez dago beste hizketagairik, eta normala da. …

Errege-gaua »

Igor Elordui Etxebarria
Melciorak 18 urte ditu eta Errumaniako herri txiki batekoa da. Herriko etxe gutxi batzuk asfaltozko kaleetan eraiki ziren, baina gehienak, Melcioraren etxea, adibidez, euria egiten duenean zingiratu egiten diren kalezuloetan egi…

Gezurberri on »

Nerea Ibarzabal

Uste dut beti gorrotatu izan dudan jende klasea izateko pauso batera nagoela oraintxe: Gabonak gustatzen ez zaizkion pertsona marmartia. Olentzero gurasoak direla bortxaz deskubritu eta, gradualki, Grintx edo Gabonen etsai bilakatzeko prozesua abiatu dudala esango nuke. Jada ez dut ospatzen kalean argiak jarri izana, arbola ere ez dut apaindu, opariek berdin didate, eta eguneroko errutinak harrapatuta naukala iristen da abenduaren 24 gaua, eta joan ere halaxe joaten da, oharkabean.

Ze, egiari zor, ikazkin misteriotsu baten kondairak asko laguntzen du Gabonetan gerta daitezkeen egoera deseroso denak estaltzeko orduan (gizon tripontzi musugorri bat zure etxera sartu eta gailetak jatea ez da gerta daitekeen arraroena).

Begirada oparietatik altxatzen joan zaren heinean, erreparatu duzu, adibidez, mahairen inguruko banaketan; nola etxeko emakumeak sukaldetik gertuen dagoen ertzean esertzen diren, errazago altxatzeko; nola gizon nagusiei beraien txokotxo pribilegiatua gordetzen zaien beraien gauzez hitz egiteko; nola Ak eta Bk ez duten elkar jasaten duela hamabost urte gertatu zen hura dela medio, oraindik ondo eta osorik kontatu nahi ez dizuten hura; nola diruz justu dabiltzan zure osaba-izebek ikaragarrizko ahalegina egin behar izan duten afari hau prestatzeko; nola aitona eta amona hil zirenetik, edo umeak hazi zirenetik, ez garen gai zehazki zerk batzen gaituen esateko. Olentzero joan zen, eta bakarrik utzi zintuen zure familia bereziarekin.

Eta orain beldur zara, pixkanaka mahai bueltako kideak desagertuz eta berriak agertuz doazen heinean, noizbait zuri egokituko zaizulako agian honetaz guztiaz arduratzea, eta ez zara gai sentitzen. Ez dakizu nola doblatzen diren serbilletak modu polit batean, ezta ere zein xaboik kentzen duen ondoen langostino orbana manteletik, zein gai ez den komeni ateratzea, zeri diren alergikoak, noiz nahi duen altxatu osabak pilota ikustera salara… Zaintza lana, muturrera eramana. Eskerrik asko, e, Olentzero. Garaiz alde egin zenuen, dekadentziaren hasieran.

Guk kontra egin arren, limoi urez idatzitako gutunen azpitik metxeroa pasatzean legez bistaratzen dituzte Gabonek gure urteetako miseriak. Nahi dena erakustearen eta nahi ez dena ezkutatzearen arte sofistikatua da berez eguberria, baina oso zaila lortzen. Horregatik behar dira haurrak, eta gezurtxo bat.

Behin lagun batek kontatu zidan berari “Olentzeroren egia” hasiera-hasieratik kontatu ziotela umetan, hau da, ez zietela Olentzeroren existentzia ukatzen, baina etxeko haurrei argi esaten zitzaiela opariak gurasoek jartzen zituztela arbolapean. Nik, fantasiaren alabak, ezin nuen sinetsi, ze umezaro da hori? Baina, zer diren gauzak, berak Gabonak ilusioz bizi ditu oraindik, iragan hobe baten etengabeko konparaziorik gabe.

Zer pentsatua ematen dit, seguruena pedagogikoki egokiena gezurrik ez esatea delako; hala ere, uste dut nire haur hipotetikoak Olentzerorentzat esnea eta gailetak prestatzen jarriko ditudala ohi bezala, ez baitakit eskaini ahalko diedan errealitatea aski ona izango den, eta, bide batez, nire zaharkitutako fantasia apurrari eusteko erabili nahi ditudalako.

Onegia, mundu honetarako »

Igor Elordui Etxebarria

Eskela batean ikusi dut (ez dut izen-abizenik emango; ez da gizalegezko ezta bidezko eta, gainera, berdin dio): A. Z. 57 urte. Zure lagunek ez zaituzte ahaztuko. Eta azpian beste esaldi hau: Onegia, mundu honetarako. “Adios!” Pentsatu dut. “Onegia mundu honetarako? Hara, orduan, zergatik joan den bestera”.

Imajinatzen dut, lepoa jokatuko ez nukeen arren, lagunek laudoriotan atxiki ziotela esaldia eskelari. Ez dut uste eman gurako zutenik aditzera inozoegia, inuzenteegia ala zuzen-zuzenean, tontoegia zela. Ez dut uste. Hauxe ere onartu behar da: berbok desberdin aditzen dira hartzailea edota eragilea bizirik badago, ala hilda.

Onean jarrita, halako epitafioarekin, ez zait kostatzen gizon hori irudikatzea umetan, eskolako patioan, besteen jostailuak nekez itzultzen dituen haurrari berea uzten. Geroago, gozoki dendan, enparauak dendan litxarreriak ebasten eta bera artega, dirua eskuan, mostradore aurrean zain, bereak ordaintzeko prestu. Are geroago, taberna batean, bere alboko ezezagunari lurrera 50 euroko diru-papera oharkabean erorita, hura jakinaren gainean jartzen. Denboran hurrago, gehienetan berari egokitzen zaion botetik dirua falta, eta beretik jartzen azken sosak; edo ordaindu barik joan dela akordatuta, tabernara zorrak kitatzera joaten; edo mesederen truke mesedea itxaron barik faboreak egiten… Horrenbeste gauza igar diezazkioket A.Z.-ri.

Ai, A.Z., zenbat bider esango zizuten onegia zarela mundu honetarako. Hori hilobira ere eraman duzu eta! Eta zenbat bider esango zuten zuri buruz, zeu parean zarela zein ez zarela, onetik tontora alde gutxi dagoela. Bada, ez dakit zuk zer erantzuten zenien —zerbait ihardesten bazenien—; ez dakit, orobat, zeure eskela irakurtzerik izango bazenu, zer iritziko zeniokeen. Dakidana da, fama txarra daukala ona izateak. Baina, lasai, nik bezala ulertuko dute denek eskelako mezua; alegia, on hutsa izan zarela, bestelako irakurketarik barik.

Bestela litzateke A.Z. bizirik balego, noski. Onari diotsegu onegi (onegi izaterik balego bezala); eta eransten diogu segidan, amaierako ohar legez: onetik tontora alde gutxi dago. Ostera, “txarregi, mundu honetarako” ez dut sekula entzun. Inoiz ez diogu txarrari txarregi esaten. Horrekin azaltzen da, modu ezin hobean, zer-nolakoak garen gizakiok eta nolakoa den gure mundua. Inozoari inozo, tontoari tonto, zuhurrari zuhur eta txarrari txar deitzen hasten garenean aurreratuko dugu zeozer. Eta onari, on; kito. Hobe izango litzateke denontzat onari onegi deitzeari utziko bagenio eta txarrari txarregi dela esateko adorea bilduko bagenu, maizago eta ozenago. Gustura jarriko nieke hainbati nik eskelan horixe bera: txarregi, mundu honetarako.

Tzun patzun pa »

Nerea Ibarzabal
Badira zenbait parrandako eztabaida, esaldi, aitortza, alkoholezko geruza batek estaliak egon arren, eta behin eta berriro erlatibizatzen saiatuta ere, etxera eramaten dituzunak belarri atzean gordeta. Eta esnatu eta hor irauten dute, e…

Konparaziozko pertsonak »

Igor Elordui Etxebarria
Konparaziozko perpausak dauden bezala, konparaziozko pertsonak daude. Denok daukagu apur bat horretatik, denok baikaude jaiotzatik bertatik, eta bizitza osoan zehar, konparatuak izatera zein konparatzera kondenatuak. Elaia bi ki…

Jaitsi »

Nerea Ibarzabal

Descartesen Pentsatzen dut, beraz banaiz hura gehiegi barneratu zenuelako edo, zure bekokiaren eta hezur parietalaren artean kabitzen da zure izate guztia. Arrazionala zara, sentimenduak pentsatzerainokoa (pentsa!). Eraikinak, arazoak, egitekoak, egin gabeak, helburuak, antolaketa, asfaltoa zara. Plazera eta inspirazioa ere programatu egiten ditu zure garun ahaltsuak, kirola ere bai, tristura ere bai. Horregatik deskantsatzen duzu bakarrik igandeetan, horregatik egiten duzu dantza asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara kiroldegian eta ez edonoiz eta edonon, horregatik egiten duzu negar zure gelara iritsitakoan, iluntzean.

Jaitsi pixka bat, egin ezazu ariketa hori minutu batez. Jaitsi ezazu zure bekoki atzeko kontrol panela zure eztarrian behera. Utzi argudiatzeak goian, behean ez dituzu behar. Sentitzen duzu zerbait? Agian ohartuko zara korapilo bat daukazula aspalditik, edo ez, agian altu kantatzeko gogoa daukazu, besterik gabe, edo garrasi egitekoa. Beharbada ez duzu ezer sentituko eta zure garunak “hau tontakeria bat da” esango die zure belarriei barrutik. Baliteke hala izatea. Baina berriro eskatuko dizut jaisteko pixka bat, egizu ahalegina. Joan eztarritik beherantz eta iritsi bularrera, eta gero sabelera. Zure buruak ahaztuta utzi zuen emozio hondarren bat aurkituko duzu agian, norbaitek esandako hitzen batzuk, une lotsagarriren bat, beldurra, maitemina, tentsioa. Amaraunak bezala, zure gorputz ertzetan iruten doaz arrazionalak iruditzen ez zaizkizun kontu guztiak, zure garunak noiz kasu egingo, zain. Ikusten dituzu?

Orain jaitsi beherago, sabelpetik genitaletara, izterretara, hanketako behatzetara. Buruak hain ahaztuta daukan azalaren mailara jaitsi edo, metaforikoki, igo—. Galdetu al diozu inoiz zure gorputzari zer behar duen? Ulertu al duzu inoiz zure gorputza mugikortasunerako tresna xume ez den beste moduren batean? Bilkari izaeraz haratago doan subjektu jasotzaile, interpretatzaile eta pentsatzaile gisa, esaterako? Bale, ba orain garuna behean daukazula, ez iezaiozu utzi berriro buruan gotortzen. Eraiki behingoz zure garunak hainbeste defendatzen duen harreman horizontala zure baitan, ez goitik beherakoa beti. Berdindu itzazu argudiatze sendoak eta bihotzaren bulkadak, dialektika aberatsa eta sabeleko ezinegona, zure marko teorikoa eta bat-bateko oilo ipurdia.

Eta, besterik gabe, ikasi existitzen, produktiboa eta arrazionala iruditzen zaizun ezer egin gabe egoten, eta ez epaitu gero. Imajinatu ze atseden zure buruak, pentsamendua gorputz osora delegatuta, estimuluei libre utzita. Eta kogitoak berriro bekokitik heltzen zaituenerako, esaera filosofiko bat oparituko dizut, deskartez: Bazara, beraz, hasi sentitzen.

Tik-tak »

Igor Elordui Etxebarria
Ume txikiak dauzkazuenok ederto ulertuko duzue kontatzera noan hau: goizeko… bota zortziak. Umeak esnatzeko ordua. Armosua prest dago mahaian; hamaiketakoa ere prest, motxilan; eskolara eramango duten arropa ere bai, armairuan…

Mapak »

Nerea Ibarzabal

Gure ondotik joan diren pertsonek zeuk hautatu ondoen datorkizun joan-en adiera arrasto asko uzten dituzte, arropak, elkarrizketa amaitu gabeak, liburuak, argazkiak… azkenean denborak kaxoi formako amaiera emango dien hainbat kontu. Baina leku bat uzten duenak beti uzten du zerbait ezabatu gabe, eta hori lekua bera da. Lekuak.

Zure etxetik alde egin duen pertsona bakoitzak mapa bat utzi dizu mesanotxean, elkarrekin zapaldu dituzuen munduko txoko guztien mapa bat, baita zapaltzeko asmoa izan baina azkenean bisitatu ez zenituzten lekuena ere. Mapa Mundia beharko dute batzuek, Euskal Herriko mapa bat besteek, herri bateko edo etxe bateko planoarekin nahikoa, agian, norbaitek.

Zuen arteko dena delako harremanaren topografia oparitzen dizu, noizbait etorkizunean leku horietatik berriro ibili nahiko bazenu, gogoratzeko behin zeinekin egon zinen han, zeinek oparitu zizun mundu zatitxo hori, non bota beharko zenituzkeen bere errautsak, edo erretako harremanarenak.

Horregatik Aizkorri entzun eta igande hura oroituko duzu, eta Leitzatik pasatu eta parranda hura, eta Lekeitiora joan eta bere barrea irudituko zaizu hondartzan, eta, biok hainbestetan amestu eta gero, azkenean bera gabe Mexikora iristen zaren egunean, pentsatuko duzu zenbat gustatuko litzaiokeen jaten ari zaren tako pikantea. Edo Kanaria uharteak, Donostiako Easo plaza, London, Donibane-Lohizune, Bartzelonako kebab-a, Hondarribian izan zenuten eztabaida taberna erdian.

Eta zuk, Mekari edo Jerusalemi edo erromes-bideei zentzurik aurkitzen ez diezun horrek, lekuen sakratutasuna absurdotzat duzunak, zeure burua harrituko duzu noizbait puntu esanguratsu horietakoren batera itzuli eta egiten duzun errituala ikusita. Lehenbizi, isiltasuna; zeure baitaratu, eta orduko ibilbide bera egiten saiatuko zara, agian. Falta den horren irudia proiektatuko duzu, noizbait eseri zen aulki, harri, zelai, hondar beraren gainean. Eta ziurrenik hutsuneari galdetuko diozu nondik dabilen bera orain, eta itzuli ote den leku horretara zu gabe, eta noski, ea berak ere jakin nahiko ote lukeen nondik zabiltzan zu.

Are gehiago, arraro sentituko zara toki horiek beste pertsonaren batekin bisitatzean, iraganari traizio egiten ariko bazina bezala. Zure lur sakratuak dira, ortozik eta kontuz zapaldu beharrekoak, eta ez da komeni topografiak elkarrekin nahasterik aurreko oroitzapenak estaltzeko estrategikoki egiten ez bada behintzat. Bakoitzak bere ibilbidea.

Horregatik, mapak mesanotxean pilatu ahala, geroz eta murritzagoa da libre geratzen zaizun mundu zatia, eta geroz eta saihetsezinagoa nostalgia.