“Asiako liztorrek erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko” »

Kortezubin Vespa velutina edo Asiako liztorra deritzona aurkitu ostean —liztor hiltzaile gisa ere ezaguna—, alarmak piztu dira berriz ere. Xabier Larrinaga (Kortezubi, 1959) erlezaina da, eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteko kidea. Liztor horri beldurrik ez diola dio, eta trikimailu batzuk azaldu ditu hura harrapatzeko.

Asiako liztor bat aurkitu dute Bizkaian. Bakarra, oraingoz, ezta?

Bai, Kortezubin aurkitu dute. Eguraldi ona egin zuen egunetan agertu zen. Geroztik, eguraldi oso txarra egin du, eta horrela ez dira ateratzen.

Beldur zarete?

Beldurrik ez dago. Kontuz ibili behar dugu. Aztertu egin beharko dugu egoera. Izan ere, sartu egin da Bizkaian, baina ez dakigu zer- nolako bilakaera izango duen.

Frantzian ere arazo bera daukate, eta haiekin harremanetan gaude. Hango esperientziaren berri ematen digute. Esaten dute eremu batzuetan gogor samar jotzen ari direla. Pinudien inguruetan, ordea, Landetako departamenduan, ez du jotzen. Gauza asko daude liztorraren alde; baita kontra ere. Esaterako, hau, Urdaibai, leku ona izango da intsektu horrek aurrera egin dezan. Izan ere, berton oso antzekoa den beste bat daukagu: Vespa crabro. Espezie horretako asko daude hemen.

Asiako liztorrari dagokionez, aztertu egin beharko da inguruan zein txori intsektujale dauden, haren harrapariak zeintzuk diren, Vespa crabro-rekin zer-nolako harremana daukan… Izan ere, batak habia bat jartzen badu leku batean, besteak ez du jarriko handik hurbil.

Zelan iritsi da Bizkaira?

Ezin daiteke jakin. Lehenengo, erreginak iristen dira. Beraz, orain aurkitzen diren guztiak erreginak dira. Horietako batzuk ernalduta iristen dira, eta beste batzuk, ez. Harrapatzen ditugunean, ez dakigu ernalduta egon diren ala ez. Orain harrapatzen ditugunek balioa daukate: ernalduta baldin badaude, habia bat gutxiago egongo dela esan nahi du.

Tranpak ere jartzen dituzue.

Bai. Zenbat eta tranpa gehiago jarri, eta zenbat eta leku bereziagoetan, hobe. Bide horretatik egiten zaio aurre liztor horri.

Zer-nolako tranpak dira, eta non jartzen dituzue?

Erletokietan jartzen ditugu. Helburua da liztorrak tranpetan jaustea erleengana doazenean. Nahaste bat egiten dugu tranpak osatzeko: garagardo beltza, baso bete ardo zuri eta koilaratxo bete ahabia zuku. Gozoa eta garratza den likido bat lortzen dugu horrela; izan ere, gozoa soilik balitz, erleak ere joango lirateke, eta hori ez zaigu komeni. Kontua izan behar da ahabia zuku gehiegi ez botatzeko; gainerakoan, erleak ere hara joango dira.

Likido hori edanda, zer gertatzen zaie?

Ito egiten dira. Plastikozko botila bat samatik moztu, tapoia kendu, eta samatik gorantz ebakitako zati hori behera begira jartzen da. Liztorrak, barrura sartu bai, baina irteera ezin du aurkitu, eta hor itotzen da.

Zer-nolako ezaugarriak ditu Asiako liztorrak?

Hiru zentimetro inguru ditu; Vespa crabro baino pixka bat txikiagoa da. Koloreak dira desberdinak. Vespa velutina-k beltzak ditu toraxa eta buru alde gehiena. Bertokoak marroia duena besteak beltza dauka.

Bizi-ohiturak antzekoak dira: erreginak arrautzak jarri, eta arrautzetatik larba bihurtzen direnean, larbei haragia ematen diete jateko. Horregatik hiltzen dituzte erleak, eta beste intsektu batzuk eta okela bera ere hartzen dituzte. Larbetatik atera eta liztor bihurtzen direnean, karbohidratoak hartzen dituzte: nektarra loreetatik, edo freskagarriak taberna inguruetan.

Zein arrisku ekartzen dute?

Gizakiarentzat ez da horrenbestekoa. Zaila da pertsona bati ziztatzea. Haginka ez dute egiten. Defendatzeko, eztena erabiltzen dute. Dena den, erle batek ziztatzea baino hobe da Vespa crabro batek ziztatzea. Minberagoa izan arren, albo ondorio gutxiago dauzka. Vespa crabro-k ziztatuz gero, onena izotza jartzea da. Ez dut izan Vespa velutina-ren ziztaden berririk, baina pentsatzen dut berdin izango dela.

Dena den, ez zaie beldurrik izan behar. Intsektu horiek eraso egiteko, zerbait berezia gertatu behar du; burua sartu behar duzu liztortokian. Oso mantsoak dira.

Eta erleentzat arriskutsuak dira?

Erleentzat, bai. Izan ere, ernalduta dauden erreginak kanpora ateratzen hasiko dira, kumealdiak ateratzen hasiko dira, eta, irailetik aurrera, indarra hartzen hasiko dira. Liztor mandoak eta erreginak aterako dira, datorren urterako prest uzteko euren sekuentzia genetikoa. Garai horretan, haragi asko behar dute: erletokietara joaten dira, eta handik igarotzen diren erleak harrapatzen dituzte larbei jaten emateko.

Vespa crabro-k beste hainbeste egiten du. Hala ere, velutina-k jartzen duen liztor kopurua askoz handiagoa da; beraz, elikatu beharreko larba kopurua ere askoz handiagoa da.

Zer egingo da gurean ez gelditzeko?

Iritsi berritan aurkitu dugunez espezie hori, protokolo bat ezarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi motatako lanak ezarri dituzte: liztorrak etxeetan, zubietan eta antzekoetan sartzen direnean, suhiltzaileak joango dira. Crabro espeziekoak badira, hartu eta beste leku batera eramango dituzte, bertoko espezie hori zaindu egin behar delako. Velutina baldin bada, hil egingo dute.

Zuhaitzetan agertzen badira, haiengana iristeko aukerarik baldin badago, mekanikoki kenduko dira. Ezinezkoa bada, lau eskopetarekin lau tiro botako zaizkio, denak batera, jarraian desagerrarazteko. Frantzian erabili dute hori, eta oso ondo dabil.

Enba sindikatuak prozedura hori salatu du.

Liztorrak pinu edo arboletan daudenean eta mekanikoki haiengana iristea ezinezkoa denean soilik erabiliko da. Gainerakoan, zelan kenduko dira? Esan dezatela. Bestalde, kasu horren inguruan egindako bilerara ez ziren agertu. Ezin da kasua aztertzen duen mahaira ez etorri, proposamen onik ez egin, eta gero atzetik egurra eman.

Zer egin behar du Vespa velutina bat aurkitzen duenak?

Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriari edo suhiltzaileei deitu behar zaie. Eraikinen batean bada, suhiltzaileek ekingo dute. Basoan bada, Base Gorriak jardungo du.Koordinatuta daude.

Zelan dago zuen sektorea Bizkaian?

Krisiak guztioi kalte egiten digu. Labelaren barruan gaudenok, gutxi gorabehera, antzean jarraitzen dugu saltzen. Eztia, batez ere, eguraldi txarra dagoenean saltzen da.

Eta zeintzuk dira eztiaren onurak?

Ezti motaren arabera, onura batzuk edo beste batzuk. Eztia karbohidratoa da ia erabat. Sakarosa gutxi duenez —gainerakoan, fruktosa eta glukosa da—, gorputzak azkar asimilatzen du. Oso azkar kontsumitzen da, eta balio energetiko handia dauka. Gaixotasunen aurka duen erabilerarengatik baino gehiago, balio energetikoagatik emango nioke nik balio handiagoa. Antibiotiko naturala badauka, baina oso gutxi.

Bestalde, zauriak ixteko ere oso ona da. Badakit ospitaleren batean erabiltzen dutela. Desinfektatzaile gisa ere baliagarria da: azukre asko daukanez, hor ezin daiteke bakteriorik sortu.

Badago sekreturik erleak pozik edukitzeko?

Inoiz ez ditut ezagutu erleak pozik; horixe da arazoa [barreak]. Etxeko ganadua bezalakoak dira. Sektorea eta erleak maitatu egin behar dituzu. Esango nuke erlezain gehienok nahiko ekologistak garela. Kontuan hartu behar da hortik bizi garela.

79.400 »

Langabeak, Bizkaian, lehen hiruhilekoan. INEk egindako iztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Bizkaian, lehen hiruhilekoan 79.400 langabe zeuden. Alegia, %14,77koa da herrialdeko langabezi tasa.

Barkuz joan ziren ‘gerrako umeak’ »

Maiatzaren 5eko arratsaldean izugarrizko jendetza bildu zen Santurtziko kaian. Umeak ziren gehienak, baina horiekin batera familiakoak eta ingurukoak agurtzera zetozen. Lehendabizikoek transatlantiko luze eta haundi bat zuten zain, Habana deiturikoa, hurrengo orduetan itsasoratzeko, Frantzia aldera joateko. Hainbat hilabete lehenago hasitako espedizioak, umeak gerratik kanpora eramateko helburua zutenak, azkartu eta indartu egin ziren 1937ko maiatzaren hasieran.

Horretarako, bi faktore izan ziren akuilu eraginkorrak. Bata, Europa aldean —Frantzian eta Britainia Handian, bereziki— sindikatu ezkertiarrek zein giza elkarteek azaldutako sustengua. Bestea, ezbairik gabe, frankistak egiten ari ziren erasoaldi zakarrek eragindako izua. Gernikako bonbardaketak argi eta garbi adierazi zuen haien suntsipen ahalmena ez zela mugatzen helburu militarretara; biztanleria osoa zela haien ankerkeriaren helburu zuzena.

Hori dela medio, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Laguntzako sailburu Juan Graciak bultzatuta, nazioarteko laguntzarekin, kolonien, aterpeen eta etxe familiarren bitartez, umeak aterpetzeko bultzaturiko ekimenak indartu egin ziren 1937ko maiatzaz geroztik. Egitasmo horren arrakasta bi aldetatik etorri zen. Frantziatik zein Britainia Handiatik areagotu egin ziren eskaintzak gerrako umeak jasotzeko. Bizkaitik bertatik, kanpora joateko umeen zerrenda ikaragarri emendatu zen. Izan ere, maiatzeko estraineko espedizio horretarako 10.000 eskabide baino gehiago suertatu ziren. Jakina, guztientzat lekurik ez zegoenez, nolabaiteko aukeraketa egin behar zuten. Alderdiek zuten ustezko indarraren arabera egin zuten bidaiarien hautaketa hori, eta kolonietara joanen bailiran, onuradunen zerrendak egunkarietan azaldu ziren. Horrela, maiatzaren 6ko 06:25ean, oraindik gau iluna zela itsasoratu ziren 2.436 ume. Gehienak—2.273— arestian aipatutako Habana-n; gainontzekoak —163— Goizeko Izarra itsasontzian. Batzuk eta besteak erizainez, medikuz eta maisu-maistraz lagunduta atera ziren, Bordele aldera.

Lagun ere izan zituzten hainbat barku: euskal armadakoak, Bizkaya eta Gipuzkoa; Ciscar, armada errepublikanoarena. Nazioarteko uretara iritsita, armada britaniarrekoek hartu zieten lekukoa. Hori dela eta, Royal Oak ontzi suntsitzaile aitzindaria eta Faulknor zein Firedrake aldeetan zituztelarik, Habana-k eta Goizeko Izarra-k aurrera egin ahal zuten, Cervera itsasontzi frankistari izkin eginez. Saiatu zen azken hori konboia geldierazten, baina Royal Oak-eko kapitainak, “giza laguntza espedizioa” zela argudiatuz, bere indarrak erabili izan barik makurrarazi zuen barku frankista ahaltsua.

Hortik aurrera, Royal Navy-k emandako babes esanguratsu horrekin, zeharkaldia burutu zuten inolako arazorik gabe. Goizeko Izarra-ko haurrak Pauillacen lehorreratu ziren, eta Habana-koak, La Pallicera joan ziren maiatzaren 7ko goizean. Harrera egitearekin batera, txertoak eman eta ilea moztu zieten, baita gosari ederrak eman ere. Geroxeago, Frantzian zehar, Olerongo irlara, Akizera, Perpinya aldera, baita Ipar Euskal Herrira ere, barreiatu zituzten heldu berriak. Espedizio horren atzetik, beste asko etorri ziren, 60 inguru; bereziki, 1937ko maiatza eta ekaina bitartean. Udako koloniak ziruditenak, urte batzuetakoak bilakatuko ziren askorentzat. Gutxiengo batentzat, berriz, SESBera joan zirenentzat, ia-ia bizitza osorako. Hori izan zen frankisten ankerkeriatik alde egitearen truke ordaindutakoa eta seinalea. Nortzuei bestela deitzen zaie gerrako umeak?

Garraitzeko arbolak, hilzorian »

Lekeitioko Garraitz uhartean bizi diren zuhaitzak oso azkar hiltzen ari dira. Ohartarazpen hori plazara atera nahi izan du Lea-Artibai eskualdeko kultura eta natura ondarea defendatzea helburu duen Atabaka elkarteak. Elkarte horretako adituek baso …

850.000 euro Behargintza zentroak finantzatzeko »

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudelek akordio bat sinatu dute, Behargintza tokiko garapen eta enplegu bulegoak finantzatzeko. Hala, foru erakundeak 850.000 euroren diru sorta onartu du horretarako. Zentro bakoitzak, gehienez, 75.000 euro jaso aha…

Udalerako lehen harria »

Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako so…

Gazteei indarkeriaz gogoeta eginarazi nahian dabil Gordexolako enpresa bat »

Eskolara joatea amesgaizto bihurtzen da haur eta gazte zenbaitentzat. Ikasteko garaian, ikaskideen bortizkeria jasotzen dute ume eta nerabe ugarik. Indarkeria horri buelta emateko asmoz, Gordexolako Alara izeneko enpresak egitasmo bat aurkeztu du, ika…

Literaturarekin lotura duten ilustrazioen erakusketa Barakaldon »

Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Gazteria Arloak antolaturiko literatura jardunaldiak martxan dira. Bada, prestatutako jardueren artean, Ilustra-acciones erakusketak aipamen berezia merezi du. Izan ere, margolanen egileak hiru ahizpa barakaldar dira: Piedad, Carmen eta Begoña Ortiz de Urbina, hain zuzen ere.

Literaturarekin lotura duten margolanak bildu dituzte erakusketan. Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, hiru ahizpak artista autodidaktak dira, eta “ilustrazio arloan esperientzia handia daukate”. Margolanak apirilaren 30a bitarte ikus daitezke udal erakusketa aretoan.

Hiru erakusketa gunetan

Ortiz de Urbina ahizpen artelanen artean, argitaratutako irudiak eta proiektu berrien parte izango direnak ikusi daitezke. Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan ere ikus daitezke haien lanak.

‘ILUSTRA-ACCIONES’ ERAKUSKETA

Non. Barakaldoko erakusketa udal aretoan eta Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan

Noiz. Apirilaren 30era arte.

1937ko gertaerak gogoan izango dituzte hainbat herritan »

Urteurren borobila eta iluna gogorarazten ari dira egunotan Bizkaiko hainbat herritan. Hain zuzen, 1936ko gerraren harira pairatutako bonbardaketak eta sarraskiak eta gertatutako batailak izango dituzte gogoan.

Sestaon, esaterako, 1937ko bonbardaketaren oroitzapena II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratuz ospatuko dute bihar. Goizean emango diete hasiera ospakizunei. 11:00etan argazki erakusketa bat jarriko dute Kasko plazan. Ordu horretan bertan bandera errepublikanoak jarriko dituzte udaletxeko balkoian eta liburutegian.

12:30ean, kalejira abiatuko da Kasko plazatik, eta, herrian zehar ibili ostean, udaletxean bukatuko dute bira. 13:00ean, bandera errepublikanoa jasoko dute udaletxean, eta, gero, 1931ko udalbatzari omenaldia egingo diote. Ondoren, garai hartako kantak abestuz kalejiran ibiliko dira. Abesti horiek jasotzen dituzten ehun liburu argitaratu dituzte. Gainera, 1937ko bonbardaketak ere gogoan izango dituzte. 1937ko maiatzaren 23an bonbardatu zuten Sestao tropa faxistek.

Saibigaineko bataila

Abadiñon Saibigaineko bataila izango dute gogoan, bihar. Barrizten kultur elkarteak Saibigainera igoera antolatu du 1937an izandako batailan hil zirenak oroitzeko. Urkiolan, Bizkarraren aparkalekuan, 09:30ean jarri dute ateratzeko ordua. Tontorrean minutu bateko isilunea egingo dute. Bi ordu eta erdiko ibilbidearen ostean, jana eta edana egongo dira.

“Garestiago ez diren milaka produktu ekologiko daude” »

Bizimodua egiteko filosofia moduan ulertzen dute Ekologikoak izeneko proiektua Ian Badiola ondarroarrak eta haren familiak. Orain, bizimodua ulertzeko euren filosofia txertatu gura dute euren herrian, bereziki, baina baita Euskal Herri osoan ere. Horr…