“Arrantzatzen dugunagaz ez dugu betetzen arrainaren eskaria” »

Aztin egiten du beharra Leire Arantzamendi Egigurenek (Ondarroa, 1973), Itsas Ikerketa Sailean, akuikulturan. Arrainaren elikaduran dago espezializatuta, lipidoen metabolismoan eta horrek arrainaren kalitatean daukan eraginean, jakitun izanik osasunerako garrantzia daukala “kate luzeetako lipido batzuk bai arrainaren hazkuntzan, bai ongizatean eta bai azken produktuan agertzeak”.

Tesia eta ikasketak horren inguruan joan ziren. Las Palmasko Unibertsitatean hasitako bideari Senperen eta Bartzelonan eman zion jarraipena. Markina-Xemeinen, Lea Artibai ikastetxean lan egin zuen gero. Eta, 2010az geroztik, Sukarrietan ari da, Azti-Tecnaliaren egoitzan.

Akuikultura zer den galdetuta, erraz ulertzeko definizioari egin dio kolpe: “Uretako eta uretan bizi den organismo oro eremu kontrolatu batean haztea da”.

Akuikulturan ari diren enpresa gutxi daude Euskal Herrian; tona gutxi ekoizten dira hamen, baina, arrainaren kontsumo joerak ikusita, premiazko funtzioa betetzen du akuikulturak. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzak martxan ipini zuen 2008-2014 Akuikultura Programa. “Akuikulturak Euskal Herrira zer ekar dezakeen, zein espezie gara dezakeen eta zein lekutan egin ahal den aztertzea” da haren helburua. Horren ildotik doaz Aztiren garapenak ere: “Produkzio sistemak probatzen ari gara, eta espezie ezberdinak, produkzioen bideragarritasuna aztertzeko, betiere, merkatuari begiratuta: balio handiko produktua eskaini behar du akuikulturak, kalitatezkoa, eta merkatuan prezio ona izan behar du”, azaldu du.

Akuikultura bera, beste leku batzuekin alderatuta, oso garestia da Euskal Herrian: “Gure lurraldea garestia da edozein produktu ekoizteko, akuikultura garatzeko beharrezkoak diren lurra, ura eta energiaren kostuak altuak direlako”. Akuikultura, gainera, ez da garatzen industria lurretan. Beraz, bai energia bai lurraren prezioak ere altuak izaten dira. “Batez ere itsasoko espezieak produzitzeko kostaldeari lotuta egon beharrak beste hainbat aktibitategaz leihatzea eskatzen du; etxe eraikuntzagaz, turismoagaz eta arrantzagaz, besteak beste, horrek lurraren kostea asko garestitzen duelarik”.

Zailtasunak zailtasun, aberastasuna ekar dezakeen aktibitatea da, eta arrantzaren osagarria izan daitekeena. Azken urteetako joera ikusita, “hurrengo urteetan akuikulturaren erronka nagusia mundu osoan arrain produktuen eskariari aurre egitea izango da”. Gaur egun, akuikulturak eta arrantzak erdiz erdi betetzen dute eskari hori.

Galdutako orekaren bila

Baina azken urteetan arrainaren eskaria hazten doala azaldu du ikerlariak. “Garapen ekonomikoagaz batera, poblazio horren arrain produktuen eskariak gora egingo du; batez ere Asian. Europa mailan ere eskaria igotzen doa, nahiz eta krisia eskaria moteltzen ari den”. Beraz, akuikulturaren haztapena derrigorrezkoa izango da mundu mailan arrain produktuen eskari hori asetzeko, arrantzaren produkzioa ez da-eta hazi 1990eko hamarkadaz geroztik. 2010. urtean munduko populazioa 8,1 milioikoa zen, eta pertsona bakoitzak urtero 18 kilo eskatzen zituen. 2030ean ia 8,5 milioiko populazioa espero da munduan, eta eskaria 20 kilora igoko da.

Eskariari erantzuteko eskaintza nahikorik, baina, ezin du eman itsasoak: “Euskal Herrian, arrantzatzen dugun guztiagaz, ez dugu betetzen arrainaren kontsumoaren eskaria, apartetik ere ez”. Japoniaren atzetik, pertsonako urteko arrain kontsumo eskari handienetakoa dauka Euskal Herriak.

Askotariko ekoizpena

Itsasoko arrainei dagokienez, erreboiloa eta mihi arraina daude arrain haztegietan, eta, besteak beste, bakailaoagaz ari dira probak egiten. Ur gozoan, berriz, aingiraren eta amuarrainaren produkzioak egon dira orain arte. Egun, badago enpresa bat tilapia garatzen ari dena. Egiptotik datorren espeziea da tilapia, arrain zuria, eta Euskal Herrian oraindik orain ezezaguna bada ere, Asian, Afrikan eta AEBetan asko kontsumitzen da. Munduan karparen atzetik ekoizten diren arrain espezie garrantzitsuenen artean bigarrena da. “Datozen urteetan hemen tilapiaren industria produkzioa egitea espero da”.

Euskal Herrian, Europan eta nazioartean ere akuikulturaren ardatz izatea lortuko du Aztik. Europako Akuakultura Elkarteko parte izanda, Aquaculture Europe 2014 Akuakulturako Nazioarteko Biltzarra antolatuko du erakundeak —2014. urtean da egitekoa, Donostian, Kursaalean—. Arantzamendik bertan parte hartuko du, tokiko antolakuntza batzordean.

Bildu: “Aurrekontu antisozialena Espainiako eskumagaz adostu dute” »

Bizkaiko Bilduk gogor gaitzetsi du EAJ eta PPren arteko akordioa. Bizkaitarrei azalpenak emateko eskatu die jeltzaleei Irune Soto bozeramaileak: “Aurrekontu antisozialenak Espainiako eskumagaz zergatik adostu dituzten argitu beharko dute”. Haren esane…

Herriko ondarea sarean bildu du Labayruk »

JATABE. Labayru ikastegiak Jatabeko herri ondarea bildu du, eta sarean jarri du, udalarekin batera. Gaur aurkeztuko dute bitarteko berria, 18:30ean kultur etxean egingo duten ekitaldian. Adolfo Arejita Labayruko zuzendari eta euskaltzainak eta Joseba …

Haurrei elikadura ohiturak irakasteko albuma sortu dute »

14 urte arteko ume bilbotarrek modu osasungarrian jaten ikasiko dute jokoz, lehiaketaz eta zozketaz beteriko album baten bidez. Kutxabankek sustatutako programa bat da, eta elikaduran aditu batzuek osaturiko talde baten eta Mari Salda pertsonaiaren la…

Makila kolpeen erritmoan »

Abarkak oinetan jantzi, makila eskuetan hartu, eta Arratiako abesbatzako kideek kantuan igaroko dute datorren astelehena. Euskal Herriko beste hainbat herritan legez, santa eskean ibiliko dira. Baina ez euren eskualdean soilik, baita Zornotzan eta Bilboko kaleetan ere. Bizkaiko talderik ezagunena da.

Aurten, 62. urtea dute. Areatza eta Arteagako abeslariak elkartzean sortu zen taldea, Jabi Arbe kideak gogora ekarri duenez. “Premia jakin bati erantzuteko hasi ziren: lehen urteetan, Bilboko Santa Marina ospitalerako biltzen zuten dirua”. Gerora, beharrizanak zeharo aldatu dira, eta, aldian-aldian, helburu ezberdin baterako eskatu izan dute dirua. Azken urteetan, Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari eman izan diote, Aljerian dagoen sahararren kanpamentu batean duen proiektua finantzatzeko laguntza modura. Aurten, ordea, bildutakoa etxean uztea erabaki dute: “Bizkaian berton ere badira beharrizana dutenak”, dio Arbek.

Herritarrak eskuzabalak direla iruditzen zaio. “Ahal duten neurrian ematen dute, eta, gaur egungo egoeran, askorik ere ezin diegu eskatu. Igartzen da krisian gaudela. Lehen baino askoz gutxiago biltzen dugu. Leku gehiagotan ibiltzen gara eskean, baina, hala ere, nekez biltzen dugu lehen beste diru”. Kexatu da banketxeetan espero zitekeen baino gutxiago ematen dietelako. “Esaten digute talde asko joaten garela, eta denen artean banatu behar dutela daukatena”. Udalekin, ordea, pozik daude.

Beti-betiko koplak abesten dituzte. “Aita Jose Domingo Ugartetxea karmeldarrak prestatu zizkigunak dira, Santa Agatari eskainiak. Bost ahotsek abesteko konposatu zituen”. Dagoeneko buruz dakizkiten arren, aurreko asteetan gogotik entseatzen dute. Arberi, hala ere, iruditzen zaio gehiago egin beharko luketela. Azaroan hasten dira, eta Santa Ageda bezpera iritsi arte, ahal badute behintzat, zapaturo elkartzen dira. 17:00etan izaten dute ordua. “Gurea abesbatza berezia da. Urtero, hiru hilabeteko bizitza izaten du, eta, gero, desagertu egiten da”, dio. Nahiz eta hasieran Areatza eta Arteagako lagun haiek sortu zuten, egun Arratiako herri guztietako kideak dituzte taldean. Osotara, 45 bat lagun ibiltzen dira kantuan, eta beste hamar bat dirua biltzen.

Gazterik ez zaie biltzen. “Ez dira animatzen. Oro har, hori da abesbatza guztien arazoa”, dio Arbek. Horregatik, Santa Ageda bezpera goizean eskola umeekin abesten dute eskualdean, eta gauean ere, jai berezia egiten dute Arratiako Musika Eskolako ikasleekin batera. “Kanturako eta santa eskerako harra sartzea gura genuke, gero gurekin abesteko”.

Hiriburura, diru bila

Duela 30 bat urte hasi ziren Bizkaiko hiriburura ere joaten. “Bilboko udaletxean eta foru jauregian abestu behar genuela azaldu zen, diru gehiago biltzeko. Geroztik, ez dugu behin ere hutsik egin”. Eskualdetik kanpora egiten duten irteera bakarra da. Behin, Gernika-Lumora joan ziren, eta beste behin, Durangora. Baina, normalean, Arratia eta Bilbo dira haien plaza.

Urtero, ibilbide berbera egiten dute, bi autobusetan. Hala, entzun gura dituenak badaki nora jo. Eguna Areatzan hasiko dute. 08:30ean, meza entzungo dute Santa Isabel komentuan. Elizatik irtetean, eskolako umeekin abestuko dute. Handik Dimara joango dira, 09:30ean hango eskolako umeekin santa eskean egiteko. Beste horrenbeste egingo dute Lemoan. 10:30ean, Zornotzako udaletxean bilduko dira. Kantatu ostean, hamarretakoa egiten dute, indarberritzeko.

Handik Bilbora joango dira, Begoñako basilikara, 11:00etako meza bukaeran kantatzeko. Segidan, behera jaitsiko dira, San Anton eliza atarira. Erriberako merkatuan eta Plaza Barrian kantatu ondoren, udaletxera joango dira. 12:45ean, Iñaki Azkuna alkatea izango dute zain. Horren ostean, Kale Nagusira joango dira: El Corte Inglesen, BBVAn, Kutxabanken eta beste hainbat banketxetan kantatuko dute, 13:45ean foru jauregian bukatzeko. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak egingo die harrera.

Eguerdian, Igorreko ostatuan bazkalduko dute: “Indabak, urtero bezala”. 17:00etarako itzuliko dira Bilbora, Guggenheimen abestera. Handik, San Nikolas eliza aurrera joango dira; Bilboko metroaren Zazpikaleetako geltokian ere abestuko dute. 18:00etan, Santiago katedralean dute ordua. “19:30ean izango dugu agurra, Arriaga aurrean, Arratiara itzuli aurretik”. Bedian, musika eskolako umeak izango dituzte zain. Igorre, Arantzazu, Arteaga eta Zeanurin gelditu ostean, Areatzan kantatuko dute bukatzeko (21:30). “Jai polit bat izaten dugu, eta txokolatea banatzen dugu entzutera etortzen direnen artean”.

Plentziako alkateak EAJko zinegotziak sailik gabe utzi ditu »

Plentziako Udalak gobernu krisia izan du asteon, udal hauteskundeetatik bi urte ere igaro ez direnean. Orain arte zituen lau zinegotzigoen ardura kendu dio EAJri Isabel Zarauza alkateak —Plentziako Talde Independentea—. Zinegotzi jeltzaleek joan den asteko eguenean egindako osoko bilkuran udal aurrekontu proiektuari ezezkoa eman ostean hartu du erabakia. Aurrerantzean lau sail horiei dagozkien eskumenak ere Plentziako Talde Independenteko lau zinegotzien esku egongo dira. Eta, ondorioz, udal gobernua gutxiengoan egongo da agintaldia bukatu arte.

Hauteskundeen ostean jeltzaleek eta independenteek Isabel Zarauza alkate izendatzeko akordioa adostu zuten. Sei botoren aldearekin irabazi zituzten hauteskundeak independenteek. Bi taldeek launa zinegotzi eskuratu zituzten. Independenteek udala osatzen duten zortzi sailetatik lauren ardura eman zieten zinegotzi jeltzaleei: Obrak, Zerbitzuak eta Kirol Saila, Gazteria Saila, Merkataritza eta Jaietako Saila, eta Itsasadarra, Portua, Hondartza eta Turismo Saila. Isabel Zarauzak ez dituztela “halako bidaia lagunak” gura esan dio Plentziako EAJri. Baina Javier Artaza bozeramaile jeltzaleak duela ia bi urteko akordio hura ekarri dio gogora: “Adostu genuen gu ez ginela udal gobernuko kide izango, eta jarduteko erabateko askatasuna izango genuela. Are gehiago, ez zuten gura izan gu udal taldeko kide izaterik. Beraz, orain horren arabera jokatu dugu”. Hau da, Artazaren arabera, jeltzaleek euren lau sailen ardura zuten, eta, gainontzeko lauri zegokienez, oposizioko kide izatera pasatuko ziren. “Badirudi independenteek ulertu zutela gu beti euren alde agertuko ginela”, gaineratu du.

Udal gobernuak 4,3 milioiko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen. Plentziako Talde Independentearen lau ordezkarien babesa baino ez zuen eskuratu. Lau jeltzaleek eta Bilduk dituen hiru zinegotziek aurka bozkatu zuten. Ordezkari jeltzaleen esanetan, ez zuten lortu “gogobetetzen dituen” akordioa adostea independenteekin. Diotenez, ez zetozen bat independenteek dirua udala osatzen duten sailetan banatzeko orduan erabilitako irizpideekin. Zarauzak euren jarrera kritikatuz erantzun die: “Hilabetez bildu dira bi taldeak aurrekontuak osatzeko, eta osoko bilkurarako hiru egun bakarrik falta zirela agertu ziren zuzenketekin. Eta euretako batzuk onartu egin genizkien. Hala ere, guztiak ezin genituen ontzat eman”. Adibidez, erretiratuen elkarteari diru laguntzak jaisteko eskatu zietela azaldu du. Bilduk, berriz, udal gobernuak haiek egindako “proposamen bat bera ere ez” zuela aintzakotzat hartu salatu du.

Ugaon, alkate berria

Izaskun Landaida (EAJ) Ugaoko alkateak kargua utzi du, Eusko Jaurlaritza berriak Emakundeko zuzendari izendatu ostean. Bigarren agintaldia zuen honako hau. Eudeleko Berdintasun arduraduna eta Indarkeriaren Bizkaiko Behatokiko kide ere bada.

Haren alderdikide Ekaitz Mentxakak beteko du hutsik geratu den lekua Ugaoko Udalean. Orain arte Kultura eta Jaien arloko zinegotzia izan da, eta alkateorde zereginak ere beregain zituen. Aurrerantzean, bada, bera izango da Ugaoko alkate.

Foru aldundiak ezetz esan dio Gaztetrans proiektuari »

Bizkaiko Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailak bilera egin dute Gaztetrans proiektuari buruz eztabaidatzeko. Ikasle Kontseiluak gazteentzako Creditrans txartela lortzea zuen helburu; hau da, metroan, autobusean, t…

Elkartasun gala, Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat »

Gizentasunaren aurkako kanpainaren amaieran, abenduaren 17an, sustatzaileek gala bat antolatuko dute Bilboko Euskalduna jauregian, Bizkaiko Elikagai Bankuarentzat dirua biltzeko xedearekin. Egun, oinarrizko elikadura ordaindu ezin duten 28.000 pertson…

Izen ofiziala Sopela izateko bidea, martxan »

SOPELA. Gaur egun, Sopelana da herriaren izen ofiziala. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak, baina, Sopela finkatu zuen euskarazko izen arautu gisa, herrian eta eskualdean euskaraz gehien erabiltzen dena delako. Jatorrizko Sopelana-k n hizkia gald…

Ezinbestekoa da ariketa fisikoa kontrolatzea »

Umeen dietari buruz hitz egitean, ezin dira kilokaloriak aldez aurretik neurtu. Haurrak hazte bidean daude, eta, adinaren arabera, kopuruak aldatu egiten dira. Gainera, ariketa fisikoa egiteak beharrizanak aldatzen ditu elikaduran. Garrantzitsuena da …