Fruitu arbolen osasunari eusteko sekretua »

Sagardoa upategian zelan egin, mahatsondoa zelan inausi eta landareen osasuna zelan babestu izango dute hizpide eta aztergai, besteak beste, bihar, Zallako Fruitagintza Estazioan egingo dituzten jardunaldietan. Fruitagintzan, mahasgintzan eta enologia…

INGURUMENAREN ERAKUSLEIHOA »

Joan den asteburuan, 12.000 lagun igaro ziren Durangoko Landako gunetik, Berdeago azokatik. Gainera, 50 enpresa inguruk parte hartu zuten energia berdeen azokan. Teknologia iraunkorrak eta energia aurrezteko baliabideak izan ziren ikusgai. Hainbat era…

Kandela bedeinkatuekin kalejira egingo dute domekan, Gernika-Lumon »

Natibitate egunetik 40 egun igarotakoan ospatzen da Kandelario eguna: otsailaren 2an. Jesus jaioberria Jerusalemgo tenpluan aurkeztu zutenekoa gogoratzen da. Hori gogoan hartuta, elizetan kandelak bedeinkatuko dira. Euskal Herrian indar berezia aitort…

Westernak, erromantikoak… »

Lehen kapituluan, protagonistak masia batean ikusi genituen babestuta, Frantzian. Bigarrenean, itsasontziz egindako bidaian lagundu genituen. Portura iristen ikusi genituen irudian. Nora iritsi ziren?”, galdetu die Blanca Matak. “Txilera”, erantzun diote. “Hori da. Eta gaur hirugarren kapituluarekin jarraituko dugu. Txilen zer gertatzen zaien ikusiko dugu”, jarraitu du.

Mungiako San Jose Etxe Alai adinekoen egoitzako 11 gizon-emakume dira, Matarekin batera daudenak. Irakurketa errazeko talde bat dute, eta eguenero elkartzen dira. Nuria Marti idazle kataluniarraren Bajo el mismo cielo irakurtzen ari dira. Istorioaren ordura artekoak errepasatu ostean, falta zaizkienak irakurtzeari ekin diote. “Nor hasiko da? Ekin zuk”, esan dio Maria Angeles Agirreri. “La pensión de Delia“, irakurri du kapituluaren izenburua, ozen.

Eleberri horrek Espainiatik erbesteratu behar izan duen Federicoren gorabeheren berri ematen du; baita Teresarenak ere; eta Miranda neskatilarenak; eta ozeanoaz bestaldean utzi duen Sara lagunarenak. Frantziatik Txilera eroango dituen itsasontziak elkartuko ditu guztiak. “Gustuko dut istorioa; pozik etortzen naiz irakurtzera. Egia esan, betidanik izan dut zaletasuna. Edozer atsegin dut; kontua entretenitzea da, denbora pasatzea. Aldizkariei ere beti ematen diet errepasoa, Semana eta horiei”, aitortu du barre zantzoka.

Hala ere, bada gehiegi gogobetetzen ez duen literatura mota bat: maitasun istorioak. Bai hark, bai bere lagun Teresa Bolinagak “aspergarritzat” dituzte. “Eztiak dira, melengak. Kontatzen duten guztia gezurra da; benetako bizitzan ez dira halakoak gertatzen”, kritikatu ditu Bolinagak. Akzioa duten eleberriak dituzte gogoko, eta polizia istorioak. “FBIkoen gertaerak kontatzen dituztenak, westernak… halakoak asko irakurtzen ditut”.

Angela Navarrok ere genero guztiak ditu maite, baina bereziki historikoak gustatzen zaizkio. Hirurak umetan zaletu ziren, eta orain ere ahal duten guztia irakurtzen dute. “Egunkaria, goizero; lehen orritik azkenekora. Baita iragarkiak ere!”.

Bolinagak liburutegi ederra osatu du, baina egoitzan bizi denetik letra artean murgiltzeko asti gutxiago duela dio. “Egun osoan ekintza mordoa dugu hemen, eta ez dut lehen beste denbora irakurtzeko”. Bajo el mismo cielo bereziki kuttuna zaio. Berak ere sorterria utzi behar izan zuela ekarri du gogora, eta, horregatik, identifikatuta sentitzen da. Liburua erosi, eta ohe ondoko mahaitxoan dauka gordeta. Hala, jada ezagutzen ditu bere kideek oraindik irakurri gabe dituzten pasarteak. Matak errieta egin behar izaten dio gertatzeko daudenak kontatu ez ditzan.

Agirrek aitortu du batzuetan haria galtzen duela aste batetik bestera. “Gure adinean memoriak gehiegitan huts egiten digu”, penatu da. Baina Matak hasieran egiten dien laburpenarekin berehala kokatzen du bere burua. Ikusmena, behintzat, zorrotz dauka oraindik, betaurrekoak daramatzan arren. Eta nabari zaio kontatu duen besteko ohitura duela, zoli irakurtzen baitu, ia behin ere trabatu gabe.

Fikziotik errealitatera

Taldekideen artean, ordea, denetarik dago; badira ozen irakurtzera animatzen ez direnak ere. Baina guztiek kasu egiten diote irakurketari, esku artean duten liburuan. Eta denek parte hartzen dute. Paragrafo bakoitza bukatzean, komentatu egiten dute. Berbarako, Txilera iritsi berritan, Federicok jatetxe batean lana aurkitu du, eta zenbateko soldata izango duen irakurri dute, peso txiletarretan. Matak hainbat diru motez berbetan ipini ditu: “Euroaren aurretik, zer diru geneukan?”. Pezeta gogoratu dute, eta errealak, txakur txiki eta handiak… Eta Frantzian libera erabiltzen zela, Italian lira, Alemanian markoa… Agirrek ezagutza zabala erakutsi du dibisa kontuetan.

Federico eta Teresa ezkondu direnean, berriz, beren ezkontzak gogoratu dituzte. Nola jantzita joan ziren, adibidez: denak zuriz, baina beren amak beltzez edo grisez. Bolinagak aitaren trajeaz barre egin du: “Zuria zen, eta paparrean lore moduko bat zeraman. Azalorea zirudien. Niri ez zitzaidan batere gustatzen”, kontatu die taldekideei.

Egokitutako irakurketak, bada, istorioetan murgiltzeko aukera ematen dio adineko talde horri. Arretari eusteko gaitasuna trebatzeko modua ere bada haientzat, baita memoria lantzeko aitzakia ere. Azken batean, burua bizirik mantentzeko aukera ematen die literatura saioak.

Bakioko alkateari iruzur salaketa ipini dio Bilduk »

BAKIO. Bakioko Bilduk Aitor Apraiz alkatea salatu du. Martitzenean ipini zioten salaketa, Txakolingunea eraikitzeko prozesuan “iruzurra, funtsen bidegabeko erabilera, prezio publikoen aldaketa eta eragimen trafikoa” egin dituela sinetsita.

Klub berriak martxan hasiko dira otsailean eta martxoan »

Irakurketa klub asko eguneko zentroetan egiten diren arren, zenbait liburutegik ere ematen dute horretarako aukera. Otsailaren 10ean, Bilbo Zaharreko San Frantzisko liburutegian ekingo diote bati. Etorkinen kolektiboa erakartzea izango dute helburu. M…

“Itsasgarri bakoitza berezia da: denek dute istorio bat atzean” »

Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko kafetegiko hormak itsasgarri, txapa eta orratzez beteta daude egunotan. 400 itsasgarri ezberdin eta ehundik gora txapa ikus daitezke. Ez dira asko. Boni Elkoro markinarraren bildumako erakusgai bat besterik ez dira.

Zenbat itsasgarri, txapa eta orratz dituzu jadanik?

35.000 itsasgarri eta 1.200 bat txapa eta orratz bildu ditut momentuz, baina badira gehiago dituztenak ere. 50.000 itsasgarri dituen bat ezagutzen dut.

Noiz hasi zinen bilduma egiten?

1976an hasi nintzen itsasgarriak batzen, orratzena berriagoa da.

Zelan hasi zinen?

Itsasgarrien bilduma egiten zuen ondarrutar bat ezagutu nuen eta hark Bilboko lagun bati deitu zion, hark beste bat aurkeztu zidan, eta horrela apurka-apurka jendea ezagutu eta bilduma osatzen hasi nintzen itsasgarriak trukatuz eta lortuz.

Zure lehenengo bilduma zen?

Aurretik azukre koxkorren bilduma egiten nuen, baina hezetasunagaz hondatu egiten dira. Gero jakin nuen, kanpoko papera gordetzen dela bakarrik, barruko azukre barik.

Zelan egiten duzu itsasgarriak lortzeko?

Kaletik ikusten dudan bateren batek itsasgarria badarama galdetu egiten diot non lortu duen edo badaukan besteren bat. Asmoa atzeko paper eta guzti lortzea da, baina batzuetan hormakoak ere hartu behar izan ditut. Ezin bada besterik aurkitu horrek ere balio du.

Nora joaten zara bilatzera?

Alderdi politikoen kanpainak badira, euren egoitzetara joaten naiz eskatzera. Bestela herrietako jaietara joaten naiz eta txosna, herriko taberna edo elkarteetan galdetzen dut. Otsailaren 3an, esate baterako, San Blas azoka ospatuko da Abadiñon eta bertara joango naiz txosnetan itsasgarri edo orratzik daukaten ikustera. Beti lortzen dira bi edo hiru. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko jaiak oso onak dira itsasgarriak lortzeko. Txosnetan eta elkarteen postuetan nahikoa egoten dira. Iaz, Bilboko jaietan hogei itsasgarri ezberdin baino gehiago lortu nituen.

Zelako itsasgarriak dituzu?

Era eta tamaina guztietakoak: emakumeenak, presoenak, ekologiari lotutakoak, politikoak, sindikalak, gazteenak, irrati libreetakoak, komunikabide alternatiboak, gaztetxeak… Eredua berdina izan daiteke baina hizkuntza ezberdinetan egon daitezke, edo kolore ezberdina eduki; modelo guztiak biltzen ditut, bai eta akats txikiak dituztenak ere.

Bitxikeriarik badaukazu?

Itsasgarri bakoitza berezia da, itsasgarriak dituen ezaugarriengatik edo lortzeko egindako lanagatik. Denek dute istorio bat atzean. Esate baterako, Kukutza gaztetxea itxi zutenean hainbat itsasgarri lortu nituen beste gaztetxe batzuetakoak Kukutzari bere babesa emanez eta itxieraren kontra; momentu berezi bat irudikatzen dute. Ondarroako Alleriko paduraren kasua salatzeko itsasgarriak ere egon dira.

Horrenbeste itsasgarri, non gordetzen dituzu?

Gaika sailkatu eta albumetan gordetzen ditut nire logelan.

Erraza izaten da itsasgarriak aurkitzea?

Lehen baino itsasgarri gutxiago ateratzen dira lehen baino erakunde gutxiago dagoelako, baina, ateratzen dira batzuk. Greba batean, esate baterako, hamabost bat itsasgarri ezberdin lor ditzakezu, baina, mugitu egin behar zara. Maiatzaren Lehena ere, egun ona izaten da itsasgarriak lortzeko, sindikatu guztiek ateratzen dute bateren bat.

Jendea prest egoten da bere itsasgarriak emateko?

Inork ez du jartzen aitzakiarik; beti egoten dira prest laguntzeko. Aldean dutena ere emateko prest egoten dira asko. Hala ere, batzuk lortzea oso zaila izaten da.

Zergatik?

Non edo non gordeta dituztelako atera barik. Esate baterako, EH-Bilduren itsasgarri luze bat ikusi nuen horma batean itsatsita eta galdezka ibili naizen arren inork ez daki ezer. Bakarra lortu dut.

Zein da itsasgarriak lortzeko zure sekretua?

Mugitzea eta kontaktuak edukitzea. Bilduma egiten horrenbeste denbora daramadanez, jadanik elkarteetako arduradunak ezagutzen ditut eta haiengana jotzen dut. Zenbat eta jende gehiago ezagutu, hobeto, leku guztietara ezin zara joan-eta.

Atzerriko itsasgarriak ere biltzen dituzu?

Ez, Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatukoak ditut. Atzerrikoak ezberdinak dira.

Beste bildumazale batzuekin harremanik badaukazu?

Itsasgarrien bildumak egiten dituzten lagun askorekin ditut harremanak; elkarri laguntzen diogu. Esate baterako, Lekeitiora joaten banaiz eta itsasgarriren bat ikusten badut bost edo sei hartzen ditut beste lagunekin trukatzeko. Mungian urtean behin bildumen jardunaldi bat egoten da eta bertara ere joaten gara. Han ere trukaketak egiteko aukera egoten da. Era guztietako bildumak egoten dira: zerbeza botilen bildumak, ontziak, argazki makinak, josteko makinak… Polita da, bitxikeria asko egoten dira.

Zuek ere postua jartzen duzue Mungian?

Bai. Alde bi egoten dira, bata komertzialagoa, bildumak egiteko gauzak saltzen direna, eta bestea trukaketak egiten direna. Azken horretan jartzen ditugu gure itsasgarri eta txapak.

Beste non edo non batzen zarete?

Euskadi mailan, itsasgarrien bildumak egiten ditugunok urtero-urtero gaztetxe batean biltzen gara eta itsasgarriak trukatzen ditugu, batzuetan orratzak ere bai. Inoiz Herrialde Katalanetako lagun bat eta asturiar bat ere etorri dira bilerara. Hamalau bat batzen gara.

Non batuko zarete aurten?

Iaz Laudion egon ginen eta aurten Villabonako gaztetxean [Gipuzkoa] batuko gara urrian, eta erakusketa bat ere jarriko dugu.

Urtean behingo saio horretaz gain, batzen zarete gehiagotan?

Deitu egiten gara eta ekitaldiren batera edo herriren batera joateko geratzen gara.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Monzon [Huesca, Espainia] hirira ere joaten gara. Urtean behin bildumen erakusketa bat antolatzen dute. Asturiasen ere topaketak egiten dituzte, eta asteburu osoa pasatzen dugu bertan. Cangas de Onis herritik sei kilometrotara dagoen hotel batean egiten da. Itsasgarriak trukatzeko aukera paregabea da Galizia eta Herrialde Katalanetako jendea joaten da-eta. Iaz Huelvako [Andaluzia, Espainia] emakume bat ere egon zen. Euskal Herrian ez da bildumazaleen topaketa askorik egiten, baina Katalunian bai. Poltsikoko egutegiak eta liburu markagailuak biltzen dituen jende asko dago, itsasgarriak biltzen ditugunok gutxiengoa gara.

Bilbon dago Irakurketa Erraza erakundearen egoitza »

Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteak Bilbon du egoitzetako bat: Zumaia kaleko 18. zenbakian dago, hain zuzen. Blanca Mata da arduraduna, eta hau da haiekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia: 674 17 29 49. Helbide elektroniko bat ere badute: lec…

Behiak, kordoiak eta opilak, asteleheneko azokan »

Urteko egunik handiena izango dute astelehenekoa Abadiñon. Bizkaiko ganadu feria garrantzitsuenetako bat egingo dute, tradizioak agindu bezala, San Blas eguna ospatzeko. Baserriko produktuak saltzeko, 80 postutik gorako nekazaritza azoka eta hiru karpa handitan banatuko den abere feria egongo dira ikusgai. Baserritarrek ortuariak, frutak, gazta, ogia, txakolina, sagardoa eta gozoak ekarriko dituzte salgai ipintzeko. Abereak, berriz, berrehundik gora izango dira. Karpetako batean abelgorrien erakusketa egongo da. Bigarrenean, euskal arrazak ikusteko aukera egongo da. Azken karpa, berriz, salerosketarako izango da.

Eguerdiko meza nagusiaren ostean, bertsolariak, trikitilarien kalejira, herri kirolen erakustaldia eta enparauak izango dira. Eta, iluntzean, idi-proba saioa.

Abadiñora joango diren guztiek, gainera, seguruenik bedeinkatutako kordoiak eroango dituzte etxera, gozoki eta San Blas opilekin batera. Tradizioaren arabera, sama bueltan lotuta edukiz gero, eztarriko gaixotasunak uxatzen ditu. Eskualde batzuetan bederatzi egunez izaten dute; beste batzuetan, hausterre eguaztenera arte. Bilbon ere, San Nikolas elizan izango dira kordoi, gozoki, opil eta enparauak salgai.

Arratian “plan estrategiko orokor bat beharrezkoa” dela dio EH Bilduk »

“Alarma guztiak piztuta daude Arratian, eskualde honen etorkizuna kinka larrian dago”. Alarma mezu hori zabaldu du EH Bildu koalizioak eskualdearen egoerari buruzko analisia eginez. Horren aurrean, erakundeei ezer ez egitea egotzi diete. “Arazoari aurrea hartu beharrean, egoera okertzen denean, berandu denean, irtenbide partzialak bilatzera mugatzen dira”, salatu dute.

Hori horrela, “Arratiako egoeraren irakurketa errealetik abiatu eta eskualde honen iraupena bermatuko duen plan estrategiko orokor bat” bultzatu behar dela adierazi dute EH Bilduk Arratiako udaletan dituen hainbat hautetsik.

Horretarako, “guztion esku hartzea beharrezkoa” izango dela adierazi dute, “tamalez, Arratiaren iraupena” ez dagoelako soilik arratiarren esku. Beraz, ezinbestekotzat jo dute “lehenbailehen neurriak hartzea”. Instituzio, eragile politiko, sindikal, sozial eta herritarren inplikazioa bilatuko dutela adierazi dute koalizioko ordezkariek, “egoera aztertu eta Arratiako etorkizuna bermatuko duen plana guztion artean adostu eta osatzeko”.

Gainera, bide hori egin ahal izateko zenbait eginbehar finkatu dituzte daborduko. Batetik, datozen asteetan eskualdeko eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanetan jarriko direla azaldu dute. Egoerari buruzko hausnarketa egin eta “irtenbideak adostea” da batzarron xedea.

Horrez gain, datorren eguenerako —otsailaren 6a— solasaldi bat antolatu dute “egoera sozio-ekonomikoa ulertzeko gakoak” azaltzeko. 19:30ean egingo dute, Lemoako erretiratuen etxean.

Azkenik, hilaren 15ean, zapatuz, martxa bat egingo dute, Bedia eta Igorre artean. “Egoeraren larritasuna irudikatu eta irtenbidea guztien artean” bilatu behar dutela aldarrikatzea izango da protesta ekintza horren helburua. 11:00etan emango diote hasiera martxari.

Arratiaren analisia

Abiatuko duten dinamikaren berri emateaz gain, eskualdeak bizi duen egoera ere deskribatu gura izan du koalizioak. Langabeziak Arratian eragindako “benetako arazoa” ekarri zuten gogora: “1.000 pertsona baino gehiago daude lanik barik”. Azken lau urteotan %20 egin du gora kopuru horrek.

Enpresa txiki eta ertainek eskualdeko ekonomian izan duten “pisu oso handia” gogora ekarri ostean, “isilpeko desindustrializazio prozesu bat” gertatzen ari dela salatu dute. Ostalaritzako negozioek eta denda txikiek ahal duten moduan irauten dutela azaldu dute. Nekazaritzari dagokionez, azkenik, “jarduera subsidiarioa” bihurtzen ari dela agertu dute, “lehen sektorea bultzatzeko politika errealen faltan”.

Bestalde, oinarrizko gizarte zerbitzuak apurka desagerrarazten ari direla esan dute, “instituzioei eskubide horiek bermatzeko ardura kenduz eta pribatizazioari ateak zabalduz”. Enplegu suntsiketa “larria” dela ohartarazi dute. Lan baldintzen prekarizazioa aipatu ostean, aurki egoera are gehiago okertuko dela iragarri dute. Bilakaera hori “krisialdiaren aitzakiaz inposatutako politika ekonomikoen zein erreformen emaitza” dela azpimarratu du EH Bildu koalizioak.