Bizitza palko batean »

Igor Elordui Etxebarria

Palkoa da futbol-partida bat ikusteko dagoen lekurik txarrena. Horixe aurreko astean, gaur zortzi, lagunek —athleticzaleak eta bazkideak, eurak ere—, Athleticek eta Eibarrek jokatu zuten norgehiagokaren ostean egin zidaten galderari eman nion erantzuna.

Bizitzan ematen diren karanbola horietako baten graziaz, Athletic-Eibar partida ikustera San Mameseko ohorezko palkora joateko aukeraz baliatu nintzen. Eta joan nintzen, nahiz eta banekien neurea sentitzen ez dudan itxurakeriazko mundutxo hartan deseroso xamar sentituko nintzela; kuriositateagatik, besterik ez bazen ere, joan nintzen. Sartu orduko adierazi zidaten, oso era adeitsuan, gorbata jantzita behar nuela sartu eta, ez neukanez, arropazaindegian eskatzeko, hura jar nezan. Gorbatak segitzen du izaten, antza, horrelako eremu itxurazko (eta maskulinoan) sartzeko nahitaezko pasaportea. Jantzi nuen, bada, aginduzko janzkia; gorbata zuri-gorri dotorea, inoren begietan.

Jada barruan: moketa eta horma grisdun saloi handia, alderik aldeko barra luzea eta bospasei besaulki eta mahaitxo beltzak eta gorriak. Eta bereizketa soziologikoa: neure moduan joandako gorbatabako gizajo bakanon artean, garaiotan egiten dugun oro erakuts beharraren beharraz, dena zen sakelakoarekin ateratako argazki, bideo eta selfie. Ostera, janari eta edanari emanak ziren barraren eta mahaitxoen bueltan serieko gorbatadunak; aurpegiera zurrun eta molde finez. Partidako atsedenaldian errepikatu zen argazkia.

Eta partida bitartean? Bada, futbolari so, zelaira eta palkoa zuinkatzen duten hamaikatxo telebista-pantailetara adi, jokaldien errepikapenak ikusten, tarteka. Imintziorik ez, ordea. Ez oihurik ere. Gorbataren diktadurapeko protokoloari men. Orduan, inbidiaz begiratzen hasi nintzen Iñigo Cabacas herri harmailakoei, Eibar futbol-taldeko zaleei, nire lagunei… ohartuta, egun futbola den itxurakeria handian ere, ezer benetakorik egotekotan, hortxe dagoela: sentimenduen azaleratzean, bat-batekotasunean, etxean egindako ogitartekoan, artilezko txano eta lepokoetan…

Futbolean bezala da bizitzan. Azken batean, futbola, kirola bezainbeste, geure gizartearen adierazpen bat da. Ez dut neure burua justifikatu beharrik, baina futbola eta futbolzaleak arbuiatzeko tentazioari eutsi ezin diotenei esango diet Eduardo Sacheri idazle argentinarrak idatzi zuena Esperándolo a Tito ipuinean: Badago futbolak bizitzarekin, gauza garrantzitsuekin, zerikusirik ez daukala dioen jendea. Ez dakit zenbat dakien jende horrek bizitzari buruz. Gauza batekin ziur nago, ordea: ez dakite ezer futbolari buruz.

Luze joko luke gaiak, badakit (hurrengo baterako). Esan gura dudan gauza bakarra da gure gizartea, gure mundu hau, palkoz beterik dagoela; benetakoak zein alegiazkoak. Eta ez dagoela gauza hutsalagorik, absurdoagorik, bizitza palko batean baino.

Bilboko etxe turistikoen jabeak, haserre, eta auzokideak ere bai »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko hiri ereduari buruzko eztabaida mahai gainean dago, azken egunetan, berriro. Turismoari begirako neurriei buruzkoa, zehazki. Mugatzeko premia ikusten dute batzuek, eta gehiegi mugatu nahi dela iruditzen zaie besteei…

Udaberria esnarazteko deia »

N. S. O.

Neguak dakarren garai ilunari agur esan eta udaberriari jaiki eta iritsi behar duela gogorarazteko beste erritu batek ere astinduko ditu Bizkaiko hainbat herritako kaleak. Etzi, Santa Ageda egunaren bezperan, santa eskean aterako dira ume, heldu zein adinekoak, batean eta bestean antolatu dituzten ekitaldietan.

Kristautasunaren indarrez ospakizuna Santa Ageda santuari lotu bazaio ere, horrek ere bestelako errituetan ditu hastapenak. Makilaz lagunduta atera ohi dira kalera kantuan. Lurrari astinduak eman, abestu, eta, eup! indartsu batez, kantaldiari hasiera eta bukaera ematen diote. Zarata eta kantu horiek guztiek helburu bat dute: udaberria esnaraztea.

Plentzian, 17:30ean aterako da guraso elkarteak eta herritarrek deituta elkartutako taldea. Astillerotik abiatuko dira. Gatzamiñe eta Eleiz plaza izango dituzte hurrengo geralekuak.

Lemoan goizago ibiliko dira. 10:00etan hasiko du ibilbidea Arratiako Koruak. Udaletxetik abiatuta, besteak beste, San Ignazio, Bikandi Alkatea zein Plaza Gorria igaroko ditu. Atxeta plazan egingo dute azken saioa kantuan. 11:35ean, salda eta txorizo egosia emango diete parte hartzaileei.

Ez da izango Arratian izango den kantaldi bakarra. Bedian, 17:00etan jarri dute ordua, plazan. Auzorik auzo ibiliko dira. Igorren, 12:00etan aterako da Ebatzi elkarteak antolatuta kantuan ariko den taldea. Beheko plazatik abiatuko dira. Zeanurin, bertako abesbatzaren esku utzi dute udaberriari deitzeko betebeharra. 11:00etan hasiko dute kantu saioa. Bestalde, Arantzazun bi ordu jarri dituzte. Auzoz auzo kantuan aritzeko, 10:00etan elkartuko dira plazan. Herrian zehar ibiliko den beste taldea, berriz, 11:00etan aterako da leku beretik.

Herriko kale eta auzoak kantuz beteko dituzte Orozkon ere. Agate Deuna abesbatzak astinduko ditu hango lurrak. Ondarroan, gazte talde batek berreskuratu du galtzear zegoen ohitura. Haiek ere santa eskean aterako dira, eta gero bazkaria egingo dute elkarrekin. Hori ere ohitura izan da urte luzez hainbat lekutan.

Barakaldon biharkoa dute egun handia, Santa Ageda eguna bera. Erromeria egingo dute Arroletza mendian. 30 erakuslekutan artisauen produktuak aurkituko dituzte bisitariek.

Eliza katolikoaren santutegiak Santa Agedaren omenezko egun gisa finkatu zuen otsailaren 5a, eta hala ospatzen da egun, urtero. Dena den, kantuan bezperan ateratzen dira talde eta elkarteak. Ikastetxe askotan ere antolatzen dituzte irteerok.

Nor zen Santa Ageda

Erlijio katolikoak Siziliako (Italia) Catania herriko emakume bati lotuta jaso du Santa Agedaren eguna. 203. urtean jaio zen Ageda. Quinciano Siziliako gobernadorea hartaz maitemindu zen. Agedak, ordea, ez zion kasurik egiten. Mendekuz, Quincianok espetxera bidali zuen gaztea. Han tratu txar ugari eman zizkioten. Besteak beste, bularrak moztu zizkioten. Gero, santu izendatu zuten. Hala, tradizio kristauan zabaldutako gertakari haiek gogoan bereganatu zuten jatorriz neguko solstizioaren ondoren lurra esnatzeko helburua zuen erritua. Etxerik etxe oles eginez ospatuko dute hainbat herritan.

Lurrari eman, gero jasotzeko »

Natalia Salazar Orbe

Zaila zen bizirik irautea neguaren gordintasunak Bizkaiko lurretako bizilagunen egunerokoa gogorren astintzen zuenean. Abereak elikatzeko bazka urria elurrak estaltzen zuen, edota ihintzak erre. Eta etxe barruan nekez elika zitezkeen jada otsail edo martxo alderako. Luze jotzen zuen urteko sasoirik hotzen eta ilunenak. Munduko beste hainbat tokitan bezala, Euskal Herrian ere negu gorrian ama lurrari opariak edo sakrifizioak eskaini izan dizkiote mendeetan. Basora joan, eta hura berriz esnarazi eta gizakiek behar zuten adina elikagai sortzeko gaitasuna itzultze aldera, sua piztu eta txerri baten sakrifizio sinbolikoa gauzatzen zuten. Horra hor Kanporamartxoren hastapenak —gaur egun, jai giroan eta historian izan duen esanahiari apenas lotu gabe egiten da leku asko eta askotan—.

Sasikoipetxu, Kanpomartxo, Txitxiburduntzi zein Basaratuste. Modu asko dira egun eta jarduera bera izendatzeko. Gaur egun, ordea, galdua dute, batean eta bestean, ospakizuna edo ekitaldia sortu zenean zuen zentzua. Aratuste edo inauteri igandearen aurreko astean egin ohi dute leku gehienetan. Jai giroan antolatzen dute, herritarrak elkartzeko beste aitzakia baten gisara.

Mendeetan ere hala elkartzen ziren bateko eta besteko bizilagunak. Hainbat herritan ohitura galdu duten arren, beste batzuetan eutsi egin diote. Arrigorriaga da horietako bat. Igandean elkartuko dira Mendikosolobarrena eta Mintegia parkean. Aitzina negu bukaeran egiten zen ohiturari jarraituta prestatu dute. Toki ezagunetan elkartu, eta eguna txorizoak erretzen, dantzan eta jai giroan igarotzen zuten. 11:00etan emango diote hasiera ospakizunari. Norberak etxetik eramandako txorizoak erretzeko txingarrak 15:00etara arte edukiko dituzte piztuta. Trikitiaren doinua lagun, jai giroan pasatuko dute goiza. Umeentzako jolasak antolatu dituzte, eta euskal dantzen emanaldia ere izango da. Baserritar jantziarekin joateko deia egin dute antolatzaileek.

Durangon, mendi ibilbidea prestatu du Alpino Tabira mendi klubak. Hala, mendira eta basora joango dira parte hartzaileak, euren arbasoek urteetan egin zuten bezala. 09:00etan aterako dira Andra Maritik, eta 8,2 kilometroko bidea egingo dute. Txorizoa eta ogia norberak eraman behar ditu etxetik.

Busturian, Paresi auzoan egin dute zita, 13:00etan. Ohi legez, aterpetxean prestatuko dute mokadua auzo hartako bizilagunek.

Artean ere eguerdian elkartzeko deia egin dute. 13:00etan ospatuko dute Kanporamartxo, Elixabeti auzoan.

Mungian astebete geroago ospatuko dute Basatoste, hilaren 11n. Matxin plazan elkartuko dira, 09:30ean. Zazpi kilometroko ibilbidea egin ostean, Andra Marin elkartuta hamaiketakoa jango dute. Umeentzako ibilbidea laburragoa izango da, lau kilometrokoa.

Kristautasunetik harago

Hainbat herritan errepikatuko den ospakizunaren adibide batzuk besterik ez dira horiek. Gaur egun, kristautasunaren ospakizunak oinarri dituen egutegiaren arabera ospatzen dira inauteriak. Hain zuzen, hausterre egunaren aurreko hiru egunetan finkatu dira: garizumari ateak zabaltzen dizkioten egunetan, alegia. Hala ere, inauteriak hori baino gehiago dira. Lurrari eta naturari lotuago egon diren ospakizunak dira.

Ospakizunoi hasiera ematen zien festa ostegun gizena izan ohi zen leku batzuetan; beste batzuetan, berriz, Basaratuste. Erritu paganoa dute oinarri denek. Hainbat mende atzera eginda aurki daiteke horien hastapena. Basora ateratzen ziren euskal herritarrak; batetik, neguko sasoi latzean sabela betetzera, eta, bestetik, otordu oparo baten lekuko izango zen ama lurrari eskaintza egitera.

Su txiki bat piztuta hasten zuten erritua. Egunean bertan jasotzen zituzten txerriak erretzeko adarrak. Bi azalpen ditu horrek. Bata, sinbolikoa da: naturak egunean bertan ematen zien zerbait baliatuta egiten zuten otordua. Bestea praktikoa da: adarrak berdeak, alegia, jaso berriak izan ezean, erre egingo lirateke sutan jartzean.

Festa egun handia zen baserritarrentzat. Gaur egun, adineko askori begiak dir-dir jartzen zaizkie garai hura gogora ekartzean. Gazte gutxik dakite zergatik ospatzen den topaketa bitxi hori, ordea. Leku askotan galdu ere egin da. Eta egiten duten lekuetan, parte hartzaile askok jakin ere ez dakite horren zergatia.

Lurrarekiko lotura handia eta estua zen garaietan sortutakoa da Kanporamartxo. Batetik, etxean elikatu ezin zitekeen aberea hilda, hilabete batzuetarako elikagaia lortzen zuten. Bestetik, ama lurrari eskaintza egiten zioten. Gose handia zegoen, eta apurka, iraun ahal izateko, baliabideak neurtuta agortu behar zituzten, udaberri eta uda sasoiko eguraldi ona iritsi bitartean.

Ur edangarriaren bila »

Peru Azpillaga
Duela hamabost urte, Angola gerra zibilean murgilduta zegoen oraindik. Iragan gatazkatsua du herrialdeak, eta urteetako liskarrek eta mundu mailako interes politikoek desoreka ekonomiko eta sozial itzela ekarri dute Afrika hegoaldeko her…

Artea eta aisia uztartuz, 2018ko egitaraua osatu du Azkuna zentroak »

Peru Azpillaga
365 egun zabalik eta 4 milioi bisitari. 400 jarduera kultural baino gehiago eta 90.000 parte hartzaile. Horiek dira Azkuna zentroak 2017ko jardueretan bildutako datuak. Berriztutako alondegian kokatutako espazioak, ez dio hazteari utzi …

“Harrera etxea sortu nahi zutela jakitean, ez genuen dudarik egin” »

Peru Azpillaga
Otxarkoagatik mundura. Hori da Kaiene proiektuaren leloa. Mugimendu sozialetatik eta hainbat erakunde politiko eta herritarretatik etorritako norbanakoek osatutako egitasmoa da Kaiene, eta hiru ekimenen topaleku bilakatu da.

Agertoki bihurtu dute Bizkaia »

Urte «aparta» izango da 2018a Bizkaiarentzat, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren hitzetan. Aldundia eginahalean ari da Bizkaira nazioarteko ekitaldi erraldoiak erakartzeko, eta Europako errugbi txapelketa eta MTV sarien ekitaldia izango dira aurten, besteak beste. - Irakurri gehiago...

Analisia: Txanponaren bestaldeko aukerak baliatu »

Beñat Zarrabeitia

1982ko martxoa. Ingalaterrako tabloide batek azalera eraman zituen zaborrez gainezka zegoen Ereagako hondartzako irudiak. Handik hilabete gutxira, Ingalaterrako futbol selekzioak bertako hotel batean kontzentratu behar zuen munduko txapelketako partidak San Mamesen jokatu behar zituelako. Ekainean, milaka zale etorri ziren Ingalaterratik. Eguraldi sargori haietan, hooliganek hainbat istilu sortu zituzten, eta haien ibilerak bilbotarren iruditegi kolektiboan iltzatuta geratu ziren. Txapelketaren harira, presoen eskubideen aldeko eragileek edo mugimendu antinuklearrak mobilizazioak antolatu zituzten, besteak beste, hizkuntza ezberdinetan idatzitako kartelak erakutsiz.

Beste garai bat zen, toki berean kokatutako beste hiri eredu batean. Ke eta berun arteko egun horiek erretratatu zituen Eloy de la Iglesia zinegileak El Pico filmean. Uholdeek, gatazka politikoak eta industriaren gainbeherak krisi sozial latza eragin zuten. Orduko Bilbo horrek, gogor bezain adoretsua, ez zituen turistak jasotzen, eta apenas antolatzen zuen nazioartera begirako ekitaldirik. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira ordutik. Egun, titanioaren gerizpean, hiria erabat aldatu da. Iraganeko kutsadura eta gogortasunik gabe baina kolektibotasun gutxiagoarekin egin du aurrera.

Turisten presentzia arrunt bilakatu da Bilbon, eta herritarren gehiengo batek begi onez ikusten du. Askorentzat, hiriaren eraldaketari eginiko aitortza publikoa suposatzen du bisitarien etorrerak, eta erakundeek apustu handia egin dute azken urteetan. Horren lekuko dira, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdia eta 2014ko munduko saskibaloi txapelketa. Udalak eta foru aldundiak ekimen masiboak antolatzeko hautua egin dute, turistak erakartzeko asmoz.

2018. urteak mugarri ezberdinak utziko dizkigu. Europa mailako errugbi txapelketa nagusietako finalak, Espainiako Itzulia eta MTV Europe Awards sariak. Ekimen horien bitartez, erakundeek Bilbo nazioarteko erakusleihoan kokatu nahi dute berriz. Ondoren etor litezkeen iniziatibei ateak irekitzeko asmoz, horien artean Frantziako Tourra eta UEFA Europa Leagueko finala. Eta, nola ez, 2020ko Eurokopa.

Ekimen jendetsuak izango dira, baina titanioaren dirdirak ere hain argiak ez diren gerizpeak sortzen ditu. Besteak beste, hiriko hainbat gunetan alokairuen prezioek izan duten igoera, pisu turistikoen hedapena, hotel gehiagoren eraikuntza eta zerbitzuen sektoretik eratorritako hainbat lanposturen prekaritatea. Sinbolikoki, hiriaren posizionamendua aztertzekoa litzateke, nazio marka egitea baino gehiago, Espainiako Estatuaren erreferentzia indartzea ekar dezakeelako.

Hala, 2020ko Eurokopak Espainiako selekzioak San Mamesen etxeko talde gisa aritzea eragingo duelako. Are gehiago, eskuin muturreko zaleen presentzia erakar dezakeelako, 2016ko txapelketan ikusi genuen bezala, Errusiak, Poloniak eta Hungariako selekzioak jarraitu zituzten zaleek istilu larriak sortu zituzten.

Espainiako Vuelta 2011n itzuli zen Bilbora, Igor Antonen garaipen ederrarekin; errepide bazterrean milaka zale bildu ziren. Eurosport kateko narratzaileak esan zuen gisara, “Basque rider of a Basque team, winning in the Basque Country, that’s amazing“. Eta hala izan zen, zoragarria. Aurten ere, txirrindularitza maite duen herri honetan, milaka lagun elkartuko dira Oiz mendian.

Uniformizazioa emateko arriskua mahai gainean dago, mega ekimen hauen fokuen azpian. Baina txanponak ere badu aukerak baliatzeko beste alde bat, eta eurengan zentratzea ezinbestekoa litzateke. Bertara datozen herritar, talde edo profesionalekin diplomazia ariketa egiteko. Informazioa partekatuz, harremanak garatuz eta etorkizunera begirako sareak osatuz. Ekimen ugari gauzatu litezke, besteak beste, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta ekitaldi masiboen ondorioen bidez sortzen diren desberdintasun sozialak eztabaidaren erdigunean kokatuz. Agerikoa da jende askok gozatua hartuko duela, baina puzzle osoa betetzeko tresnak baliatzeko aukerak izango dira. Adibidez, Oiz mendian gora, mundu osora herri baten existentzia berresteko. Katalunian esperientzia handia izan dute nazioarteko txapelketak antolatzen, eta berauek independentziaren aldeko ekimenak antolatzeko baliatu izan dituzte.

Hiri, jendarte eta ikuspegi berri bat eratu da Bilbon azken hamarkadetan, turisten etorrerak gora egingo du hurrengo urteetan, eta halako ekitaldi gehiago ikusiko ditugu. Baina ez gaitezen engaina, Bilbo ez da Londres ezta Berlin ere. Milioi bat pertsona inguruko eremu metropoliaren esperientziak aztertzea ezinbestekoa litzateke. Gako berriei erantzun berriak emanez.

Almendra »

Nerea Ibarzabal
Nerabezaroa hasten da almendra olioa dutxara iristen den momentuan, abisatu gabe. Amak ninjen bizkortasunez erreparatu die haztear dauden zure bular, sabel, izter eta ipurdiei, eta zas!, gauetik goizera pote bat gehiago duzu xaboien fam…