Bertoko arbolak zainduz »

Urteko azken boluntario jardunaldiak antolatu ditu Lurgaia fundazioak biharko; Muxikan bertako arbolaz osatutako basoak leheneratzen laguntzeko deia egin du, hain zuzen.

Unda deritzon inguruan, babestutako lursail batean egingo dute biharko lana. Helburua baso autoktonoa leheneratzea da. Horretarako, bi jarduera nagusi egingo dituzte boluntarioek: batetik, Robinia pseudoacacia deritzon espezie inbaditzailea atera egingo dute eskuzko metodoen bidez; bestetik, espezie hori kenduta, bertoko arbolak landatu eta babesgarriak jarriko dituztela azaldu du Lurgaia fundazioak.

09:30ean Zugastietako tren geltokian elkartuko dira Lurgaiakoak eta parte hartuko duten boluntarioak. Han, autoak hartu eta Undara joko dute. Egun osorako antolatu dute jardunaldia, baina jakinarazi dute nahi duten boluntarioek aukera ere izango dutela goizeko lanen ostean etxera joateko.

Fundazioa arduratuko da behar den material guztia eramateaz —eskularruak, palak…—; baita otorduaz ere. Hala ere, boluntarioei gogorarazi diete oinetako egokiak eramatea komeni dela; hain zuzen, mendiko edo uretarako botak.

Biharko deialdiagaz bat egiteko asmoa dutenei eskatu diete aurretiaz jakinaraz diezaietela, zer prestatu behar duten jakiteko; batez ere, materialari eta janariari dagokionez.

Horrez gain, elkartzekoak diren lekuraino zelan iritsi ez dutenentzat, bi telefono zenbaki eta helbide elektronikoko bat eman dituzte: 94-405 21 86 (Maider) edo 656-70 34 96 (Jon); eta info@lurgaia.org. Lurgaiak 2011ko borondatezko lanen azken jardunaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak.

DEIALDIA

09:30. Zugastietako tren geltokian elkartuko dira.

Egun osoko jarduera. Egun osoko jarduera da, baina nahi duenak goizeko lanetan soilik har dezake parte.

Parte hartzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartu gura dutenek aurretiaz abisua ematea komeni da: 94-405 21 86 edo 656-70 34 96 telefono zenbakietara deitu, edo mezu elektroniko bat bidali info@lurgaia.org helbidera.

Opari esklusiboa eskura »

Eskulangintza azokaBilboBilbon 28 urteren ondoren erabat errotuta dagoen azoka batek hartuko du berriz ere, gaurtik aurrera, Areatza: eskulangintza azokak. 29. aldiz antolatuko du aurten Sortzenek, Bizkaiko eskulangile sortzaileen elkarteak, milaka es…

Gabonei aurrea hartzeko kontzertuak gaur eta bihar »

Gabonetako ume eta gazteen XVIII. kontzertuak emango dituzte gaur eta bihar Bizkaiko hainbat herritako gaztetxoek, Bilboko Gizakundearen elizan. Abesbatza gisa eratutako talde horien emanaldiak izango dira. 20:15etik aurrera izango dira kontzertuak.

Gaur, Bilboko eta Mungiako abesbatzen kontzertuak entzuteko aukera izango da. Bihar, berriz, Gernika-Lumoko, Gorlizko eta Mungiako taldeak ariko dira. Antolatzaileek jakinarazi dute sarrera doan dela. Escoleia taldea Natividad Solagurenek zuzendurik ariko da; Mmuk, Iker Herrerok zuzenduko du; Gazte Jesus Aranbarri, Maite Olmok; Seber Altube, Gurutze Lejarzak zuzenduko du; Lirain Txiki, Loli Igartuak; eta Tantak, azkenik, Asun Lopezek.

Gabonetako abestiak —bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta bai ingelesez—, herri kantak, eta elizako abestiak kantatuko dituzte toki bateko eta besteko gaztetxoek.

TALDEAK

Gaur, 20:15ean. Escoleia (Bilbo), Mmuk abesbatza (Mungia) eta Bilboko Gazte Jesus Aranbarri musika taldea.

Bihar, 20:15ean. Seber Altube korala (Gernika-Lumo), Lirain Txiki (Gorliz) eta Tantak korala (Mungia).

Arrantza XX. mendean »

Bisita gidatuak

Santurtzi

Bilboaldeko eta Ezkerraldeko lantegi handiak datozkio burura edonori Bizkaia suspertu zuen industria aipatzean. Itsasoan ere lan handia egindakoak dira, baina, bizkaitarrak. Arrantzaleen beharra ez ahazteko eta zer-nolakoa den ikusteko aukera dago asteburu honetan Santurtzin. Agurtza XX. mendearen erdialdeko atunontzian bisita gidatuak antolatu ditu bertako udalak.

Bihar eta etzi dago bisita horiek egiteko aukera. Doan izango dira. Berez, gazteleraz prestatuta daude. Euskaraz egiteko —edo ingelesez edo frantsesez—, aurretik hitzartutako taldeak osatu behar dira. Izena emateko, Santurtziko turismo bulegora deitu edo posta elektronikoa bidali behar da: 94-48 39 94 telefono zenbakian edo turismo@santurtzi.net helbidean.

Arrantzaleen lan baldintza gogorrak ezagutzeko aukera izango dute Agurtza ikustera doazenek. Zer-nolako arrantza teknikak eta nabigazioa erabiltzen zituzten kontatuko dute bisita horietan.

Agurtza mende hasierara arte itsasoan ibilitakoa da. Aurten zaharberritu egin dute, eta egokitu, bisitariek arrantzaleen bizitza eta arrantza bera itsaso zabalean zelakoa zen ikus dezaten.

Lekeitioko Murelaga ontzioletan egin zuten Agurtza atunontzia. Kostaldetik atera eta Kantauri itsasoan hogei urtean ibili da.

Arrantzaleen bizitzari buruz hitz egitean, emakumeek egin zuten lana ere ez dute alde batera utzi: arraina lehorreratzen laguntzen aritzen zirenak, sardina saltzaileak eta sareginak gogoan izango dituzte Agurtza-n.

Itsasontzi barruko gelak ere erakutsiko dizkiete bisitariei, baita arrantzaleen logelak izandakoak ere. Oso leku txikia zuten arrantzaleek logeletan, eta oso ohe estuetan egiten zuten lo.

Bestalde, itsasontziaren bizkarrean arrainak gordetzen zituzteneko hozkailuak daude. Ahalik eta arrain gehien gordetzeko bata bestearen ondoan ondo sartuta gordetzen zituzten, portura itzuli arte fresko-fresko iraun zezaten.

BISITAK

Bihar. 11:00etan, 12:30ean eta 18:00etan.

Etzi, domeka. 11:00etan eta 12:30ean.