Oroimenera ekartzea helburu »

Hilaren 31n 80 urte beteko dira hegazkin faxistek Durango eta Elorrio bonbardatu zituztela. Durangon ekitaldi sorta antolatu dute eragileek elkarlanean, ordukoak gogora ekartzeko. Gaur, Bartzelona, Kobane eta Durangoko gertakariei buruzko mahai ingurua eskainiko dute. - Irakurri gehiago...

Animazioko lan berritzaileen agertoki »

Natalia Salazar Orbe

Animazioa umeentzako marrazki bizidunez harago doan mundu zabal bat da. Beste generoek baino leku eta oihartzun txikiagoa izan ohi badu ere, lan asko egiten da eremu horretan. Lan hori guztia ikusgarri egiten ari da egunotan Animakom animazio komunitatearen Bilboko lehenengo jaialdia. Genero horri buruzko lehenengo jaialdi tematikoa da. Asteazkenean zabaldu zituen ateak eta, igandera bitartean, film laburren alorrean iaz egindako tokiko eta nazioarteko lanik onenetakoen lagin zabal bat erakutsiko du.

Ia 120 film labur ikusteko aukera emango du jaialdiaren lehenengo aldi horrek. Animakomera aurkeztu dituzten filmak, ordea, askoz gehiago izan dira; alor horretan gauzatzen diren lan ugarien adierazgarri. “Otsailaren 3an ireki genuen deialdia, eta 20an itxi. 600 lanetik gora jaso genituen”. Hala azaldu du Pedro Rivero jaialdiko animazioko filmen lehiaketaren zuzendariak.

Agertoki gutxitara iristen diren arren, sortzaile askok egiten dute animazioaren aldeko hautua. Krisiaren astinduari egotzi dio era horretako lanen ikusgarritasunak behera egin izana Goya saria birritan jaso duen bilbotarrak.

Sortzaileen artean, gehienak emakumeak dira. Haien lanak dira jaialdian ikusi ahalko diren gehienak: “120 lanetatik %70 emakumeek egindakoak dira. Eta ez ditugu bilatu nahita”. Izan ere, animazio eskoletan zinea egiten dutenen artean emakumeen ehunekoa “izugarri handia” da. “Hala ere, maila profesionalera igarotzean, portzentaje hori asko murrizten da. Eta, talde lanean aritzen direnean, emakumea bigarren planoan geratzen da, zokoratuta”.

Animakomen helburuetako bat da animazioaren munduan beharrean ari diren emakume errealizadore, irudigile eta animatzaileen lana azpimarratzea. Hala, jaialdia martxoaren hasieran egiteko hautua nahita egindakoa da. Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta antolatu dute. Eta ohorezko saria ere aurreikusi dute haientzat. Urtero, animazioaren munduan emakumeek egiten duten lana aitortzeko saria emango dute. Aurten, Anna Solanas zuzendaria eta Nuria Riba diseinatzaile eta animazioko zuzendaria izan dira saridunak, I+G Stop Motion ekoiztetxeko kideak. Gaur iluntzean egingo dute sari banaketa. Biak ala biak adituak dira panpinekin egiten den animazioan. Milatik gora jaialditan hartu dute parte mundu osoan, eta ehunka sari jaso dituzte.

Haiena da Animakom jaialdia iragartzeko kartelean jaso duten filmaren irudia. Estereotipoak hausten dituzten lanak dakartzate bai haiek eta bai parte hartu duten beste emakumeek. “Zabalduta dagoen iritzia da emakumeek gauza ederrei buruzko lanak baino ez dituztela egiten. Eskemak eta aurreiritziak apurtzen dituzte lan hauek”.

Bihar emango dituzte lan horietako asko. Egun horretan, denak ala denak izango dira emakumeek zuzendutakoak.

Nazioartean, maila ona

Nazioartean aurkitu ditu Riverok lanik onenak; Iranen, bereziki. Horiek ere, emakumeek eginak. “Animazioak hizkuntza komuna du, mugez harago”. Euren lanekiko dedikazio handia duten pertsonak aurkitu ditu munduan zehar egin dituen bidaietan. “Izugarria da talde lanean aritzeko duten ahalmena. Proposamen bikainak egin eta lantzen dituzte, baina ez dira ikusten. Denbora asko behar duten lanak dira”. Horien lagin bat izango da Bilboko jaialdian.

Antolatu dituzten bi lehiaketetan eta paraleloan ematen ari diren atalean ikusi ahalko dira lan horiek guztiak; Panorama eta Krazykom film labur ero eta alternatiboen ataletan, hain zuzen.

Euskal Herrian sortutako lan batzuk ere izango dira. Onak badira ere, “zaila da kanpokoek duten maila handiarekin lehiatzea”.

Lehiaketei dagokienez ere berritzailea da Animakom. “Gurea ikasleen lehiaketa antolatzen duen lehenengo jaialdia da. Atzerrian edo kanpoan ia zine jaialdi guztietan izan dira era horretako lehiaketak, animazio eskolak dituztelako. Orain artean, hemen ez da horrelakorik izan. Gaur egun, bai, Zierbenakoa daukagu. Baina gehiago beharko genituzke”. Hala, hezkuntzari dagokionez, berrindartu beharko litzatekeen arlotzat jo du. “EHUko Begoña Vicarioren kasua ere adierazgarria da [lehiaketaren epaimahaikidea ere bada]. Apurka, murriztu egin dizkiote animazio ikasgaiaren eskola orduak”.

Ikasleen sailean mundu osoko 32 lan ari dira lehian. “Irandarrak izugarri gustatu zaizkit. Eta nabarmentzekoak dira Estonia, Polonia, Alemania eta Frantziakoak, besteak beste”.

Bestalde, sail ofizialean lehiatuko dira profesionalen lanak. 42 dira guztira.

Nazioartean tradizio handiagoa duten animazioko jaialdiek lan ugari Bilbora eramateko aukera ahalbidetu dute. Annecyko jaialdia da horietako bat. Frantzian egiten dute, eta mundu mailako Cannes jaialditzat jo daiteke. Azken jaialdiko lanik onenen sorta eskainiko du, helduentzako eta umeentzako emankizunetan.

Bilboko bertako Zinebi jaialdiaren lankidetza ere nabaria izan da. Emakumeek egindako animazioko film laburren emanaldia eskainiko du; azken lau jaialdietan emandakoen artean aukeratutakoak dira.

Sari ugari prestatu dituzte. Grand Prix izango da ikasleentzat, eta, epaimahaiaren saria profesionalentzat. Horiez gain, euskal film laburrik onena, emakumeek zuzendutako film onena eta gidoi onena sarituko dituzte.

Berrikuntza saria ere izango da. Berrikuntzak, baina, ez du esan nahi lanek 3D teknikarekin eginda egon behar dutenik. “Krispetekin egindako lan bat ikusi berri dut. Inoiz ikusi dudan berritzaileena izan da”.

Haurrak, egile

Umeentzako lekua ere gordeko du jaialdiak. Stop-Motion tailerraren bidez, animaziora hurbiltzeko bidea zabalduko diete, bide praktiko bat baliatuta. Parte hartzen duten guztien artean film labur bat grabatzea da helburua. Jardunaldia amaitzean, jaialdiaren amaierako galan emango dute. Ekoizpenaren prozesu osoa egiten irakatsiko diete.

Bilbao Berrikuntza Faktoria izango du egoitza nagusi jaialdiak. Edonor joan daiteke han emango dituzten lanak ikustera; sarrera doan da.

Aurten hasitako ibilbideak jarraipena izatea du helburu. Jaialdia martxoan egingo dute, beti. Batetik, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko; eta, bestetik, hirian egiten diren bestelako zine jaialdiekin batera uztartzeko aukera ematen duelako. Besteek eskaintzen ez duten alorra lantzen baitu honek. Izan ere, animazioko film laburren jaialdia egin ezean Bilboko eta inguruetako ikus-entzuleentzat eskuraezina litzatekeen animazio-zinemaren programazioa dakar Animakomek. Oihalak altxatu dira, eta magia hasi da.

Euskal sorkuntza suspertzeko sendagaia »

Natalia Salazar Orbe

Hasi da euskara eta sorkuntza saretzen dituen film laburren zirkuitua. Martxan da euskal sortzaileak eta ikus-entzuleak harremanetan jartzen dituen proiektua. Laburbirak hasi du Euskal Herrian eta hemendik kanpo euskarazko film laburrak ezagutarazteko bidea. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, 32 herritan ikusi ahalko dira euskaraz sortutako zortzi film labur. Tartean, Valentzia, New York, Paris eta Londres. Bihar, Sondikan izango dira.

Zortzi film labur eramango dituzte txokorik txoko. Gai, iraupen eta trataera ezberdinekoak. Leire Lardizabal Laburbiraren arduradunak eman ditu azalpenak: “Denetarik dago: dokumentala, animazioa, iragarkiak, fikzioa, kontakizunak, salaketak… Edozeinek gustura ikusteko emanaldia da. Batetik bestera guztiz aldatzen da istorioa, saioak irauten duen ordu eta laurdenean”.

Azken saskia dakar Oier Fuentesek. “Nafarroako azken saskigilea elkarrizketatu du. Kontsumo gizarte honen eraginez artisauen mundua desagertu dela salatzen du lanak”. Salaketa hori Jesus Mari Sein igantziarraren bidez egiten du dokumentalean.

Aldarrikapena umorearekin uztartzen du Elemakarrak lanak. Euskararen erabileraren aldeko aldarrikapen zuzen eta argia egin du Ibon Izak. “Makarra samarra da. Neskatila batzuek euskararekiko duten jarrera kontatzen du, umorea baliatuta”. Azken zatira arte mutua da.

Bi lan mutu dituzte aurten. Jalgi da bestea, Donibane Lohizuneko Eki Pagoagak zuzendua. “Iparraldeko estiloa nabari zaio lanari. Dantzen bidez, herri zapaldu batean bizi den neska baten istorioa kontatzen du. Dantzak bizitza ematen dio”.

Hileta eta Ihesa lanak dira luzeenak. Kepa Sojo eta Alejandro Diaz Castaño dituzte zuzendari, hurrenez hurren. Lehenengoa 1925ean kokatuta dago. Etxeko emakume gaztea hil egin da, eta beilatokian daude denak. Semeetako batek teologia ikasi du, eta mendian dabil, galduta. “Beilatokira itzultzen da, eta aurreratu ezin dezakedan misterio bat gertatzen da. Eszenografia aldetik oso ondo eginda dago. Jantziak ere ondo landu dituzte”. Fikziozko lan horretan hainbat aktore ezagun aritu dira. Besteak beste, Itziar Atienza, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz.

Ihesa “lan esperimental gisa” definitu du Lardizabalek. Goiko solairutik datorren itogin batek bultzatuta, bizilagunengana doa protagonista. “Hiru neska gazte aurkitzen ditu. Edari bat ematen dio haietako batek, eta, hortik aurrera, irudimena askatzen da”.

Iragarkiek ere tarte bat hartuko dute emanaldian. Euspot lehiaketara bost urtetan aurkeztu direnen artean onenak jarriko dituzte ikusgai.

Lan kolektiboen artean, Beti bezperako koplak lanak indarkeria matxistaren aurkako salaketa egingo du. Bego Vicariok koordinatuta, hogei artista gaztek egindako lanak uztartzen ditu.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren gazte batzuena da azken lana: 280º izenekoa. Lekeitioko Zine Bileran saritu zuten. Sukaldari profesional izan nahi duen gazte bat du protagonista.

Bizkaiko zazpi herritan

Zazpi geldiune egingo ditu birak Bizkaian: Sondika, Ermua, Basauri, Sestao, Areatza, Igorre eta Etxebarri bisitatuko ditu. Herriotako euskara elkarteei esker eskainiko du Topaguneak aukera hori. Argi du federazioko arduradunak: “Erreferentzia gu bihurtu bagara ere, garrantzitsua da azpimarratzea Laburbirak 14. urtea bete badu eta aurtengo edizioan 32 emanaldi egingo baditu herrietako elkarteetatik jasotzen duen erantzunari esker egingo dituela. Alegia, jendea ez balego prest euren herrietan antolatzaile lanetan aritzeko, ez litzateke egingo. Guk filmen aukeraketa egiten dugu, kartelak prestatzen ditugu, kudeaketa lanak egin… Baina Laburbira herri bakoitzera doanean emanaldia eurek proiektatzen dute. Eurek hartu behar dituzte aretoak, eurek iragartzen dute herrian; publikoari eurek egin behar diote harrera… Azken batean, eurek egiten dituzte antolatzaile lanak”. Osatu den sare horrek duen garrantzi handia ekarri du gogora. “Elkarteok ez balute eskatuko Laburbira euren herrietara eramatea nahi dutela, ez litzateke egingo”.

Sona handia lortu du proiektuak. Horren adierazle, New Yorken, Londresen, Parisen eta Valentzian ere emanaldiak egingo dituzte. “Euskal Etxeetatik kudeatzen dute. Inguru horietan dabilen jendeak bultzatu du. Hala ere, bada euskaraz jakin ez arren gerturatzen denik ere. Euskal kulturarekiko interesa dutenak mugiarazten ditu”. Filmak euskaraz ematen dituzte lekuotan, baina azpidatziekin.

“Harrigarria da. Baina aurretik Shanghain ere izan da. Parisen badaramatza jada urte batzuk. New Yorkera iristen den lehen aldia da. Valentziatik ere urtero eskatzen digute”. Uruguaitik ere eskaera egin zieten. “Baina, azkenean, ezinezkoa izan da antolatzea”.

Topaguneak “beharrezkotzat” jo zuen hasiera-hasieratik euskarazko sortzaileak eta euren lanak ezagutarazteko proiektu hori martxan jartzea. “Gurea hizkuntza gutxitua izanik, arlo guztietan gertatzen den bezala, zabalkunderako zailtasunak daude. Ikus-entzunezkoen barruan, film luzeek bide errazagoa izan dezakete. Baina film laburren mundua ez dago profesionalizatuta, eta zailago dute”.

Sustapen lana egiten du federazioak. “Bultzatzen duguna da euskaraz bizitzea zentzu guztietan. Eta hau gure kulturari bultzada emateko modua da”. Izan ere, ikus-entzunezkoek gero eta indar handiagoa daukate, gero eta gehiago sortzen eta kontsumitzen dira. “Ikusi besterik ez dago sare sozialetan eta Interneten zer-nolako mugimendua dagoen”.

Gabezia horretaz jabetuta, Laburbiraz gain, beste hiru proiektu dauzka martxan Topaguneak: Benito Ansola sariak, Kameretoia eta Irudienea. “Ikus-entzunezkoetan hasi gura duen jende gazteari bide bat zabaltzea da helburua”. Benito Ansola lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea apirilean zabalduko dute.

Duela hamalau urte Laburbirak bidea hasi zuenetik gauza asko aldatu dira: Film Laburren Zirkuitu gisa hasita, seigarren edizioan bataiatu zuten Laburbira legez. Filmen formatua izan zen, hala ere, aldaketarik garrantzitsuena. Manuel Moreno Topaguneko kidea izan zen hastapen haietan: “Hasieran, 35 milimetroko formatu profesionalean egiten zenez, normalean filmen kopia bakarrarekin egin behar izaten zen zirkuitu osoa. Horrek, besteak beste, egun berean bi herritan edo gehiagotan emanaldia antolatzeko aukera mugatzen zuen”.

Formatu aldaketak egileentzako kostuen merkatzea ekarri du. “Bide horretatik, produkzioa demokratizatu egin dela esan daiteke. Ondorioz, askoz gehiago da gaur egun euskaraz egiten dena. Eta, asko hobetu badaiteke ere, euskarazko zinemagintzak orduan ez zeukan errekonozimendua, zirkuitua, ikus-entzuleria eta ibilbidea dauzka gaur egun”.

Esfortzuaren saria ezagutaraziz »

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren erdi-erdian paraturik. Alde guztietara begiratu, eta uraren eta zeruaren urdintasuna besterik ez da ageri. Eta, ozeano zabal horren erdigunean, itsasontzi bat. Ingurumenaren edertasuna eta bortizkeria, aurrez aurre. Gizakiaren esfortzua, hobetzeko nahia eta talde lana erreminta bakartzat hartuta, aurrera doaz ontzia eta tripulazioa. Balio horiek agerian geratuko dira, beste urtebetez, Bilbon egiten ari diren Sail In Festival jaialdian. Atzo abiatu zen, eta, domekara bitartean, hainbat film, hizketaldi, erakusketa eta eskola magistral izango dira, besteak beste, hiriburuko hainbat gunetan.

Era horretako IV. jaialdia da aurtengoa. Gai jakin bat ez duela azaldu du haren zuzendari Urtzi Sagarribaik. “Denetarik dago: ez dago bideratuta gai bakar batera. Lehiaketa eta estropada asko ikusi ahalko ditugu”. Nahita izan ez bada ere, aldarrikapenerako jaialdia prestatu dute.

Emakumeek ohi baino askoz leku handiagoa hartu dute Sail In Festival jaialdian; itsasoan nora-ezean ari diren errefuxiatuen egoera gordinaz mintzatuko dira, eta aztergai izango dituzte plastikoek itsasoetan sortzen dituzten arazo eta kalteak. “Interesgarri deritzogu era horretako gaiei heltzeari, bela bidezko nabigazioa beste era batera ikus dadin. Gure jarduera aberaskumeekin lotu ohi da. Honek lagun dezake ikusarazten beste ikuspuntu bat duela”.

Hiriko hainbat gunek hartuko dituzte dagoeneko Bilbon finkatuta dagoen ekitaldiko jarduerak. BBK aretoak Sail In Films filmen emanaldiak hartuko ditu. Abentura, lehiaketa eta hezkuntza ardatz dituzten filmak, film laburrak eta dokumentalak ikusi ahalko dira han. Aurten hainbat estreinaldi izango dituzte, gainera.

Protagonistekin hizketan

Filmotako protagonistetako asko aretora bertara joango dira. Ikus-entzuleek euren ahotik entzun ahalko dituzte haiek bizitako esperientziak. Sail In Talks atala prestatu dute horretarako. Halako proiektuak zelan prestatu eta garatzen diren bertatik bertara jakiteko aukera paregabea.

Alor horretan, berritasunak izango dituzte aurten. Haurrentzako jarduera hezitzaile bat antolatu dute. Lau ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat propio prestatutako saio berezi batean, belaren jarduerak eskaintzen dituen balioak ezagutaraziko dizkiete, eta elkarrekin landuko dituzte.

Elkartasun balioak dira, bereziki, txikienekin landuko dituztenak. Barcelona World Race lehiaketan ari diren Ana Corvella eta Gerard Martin nabigatzaileek Vicente Ferrerren fundazioko neskatxa batzuk ezagutu zituzten munduari bira ematen ari zirela. Entzumen arazoak zituzten neskok. Lasterketa bukatu zutenean, fundaziora jo zuten, eta audifonoak eraman zizkieten. Nabigatzaileak eurak presente izango dira Bilbon. “Kontatuko dute zer nolako harremana egin zuten haiekin Indian, eta nola lasterketa bukatzean lortu zuten diruarekin hara itzuli ziren talde hari laguntzera”.

Emakumeen esperientzia

Gaurko beste saio batean, itsasontziz munduari bira eman dioten emakumeen lekukotasunak hartuko dituzte. Zehatzago, Tracy Edwards ingelesak bere esperientzia kontatuko du. 1990ean egin zuen Whitbread Round the World Yacht Race. 27 urte zituela, ontzian beste 11 nabigatzaile hartu —denak ziren emakumeak—, eta 32.000 miliako bidaian barrena murgildu ziren. Burmuina muskuluak baino garrantzitsuagoa dela sinetsita dago Edwards bera. Maiden itsasontziarekin historia egin zuten emakumeok. Lasterketako etapetako bi irabazi zituzten, eta bere klasekoen artean bigarren sailkatu ziren.

Era horretako probetan emakumeen presentzia areagotzeko lanean ari dira hainbat lasterketaren antolatzaileak. “Nabigatzaile gisa oso onak direla ikusten da; baina zailtasun gehiago aurkitzen dute mundu horretara iristeko. Esperientzia handia behar da halako probak egiteko. Aukerarik ez baduzu hor egoteko, ez daukazu esperientziarik. Beraz, espiral bat da: esperientziarik ez duzunez, ez zatoz, eta, ez zatozenez, ezin duzu esperientziarik hartu”.

Gaurkotasun handia duten krisi humanitarioak ere ez dituzte utzi gura izan alde batera. Mediterraneoan noraezean dauden errefuxiatuei leku egingo diete igandean. Itsasoaren eta nabigazioaren zale gisa, jaialdia ezin zen geratu arazo horren aurrean ezer egin gabe. “Gu itsasoan ari gara, bai. Baina han jendea itotzen ari da”. Egoera horren aurrean, pertsona horiei laguntzen ari diren gonbidatu batzuk izango dituzte. Guillermo Cañardo mediku eta nabigatzailea eta Oscar Camps Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria ariko dira han. Saio horretan ateratzen duten dirua GKE horri emango diote.

Bestalde, plastikoaren erabilerak itsasoan dituen ondorioak azalaraziko ditu Across the Salty Peaks filmak. “Plastikozko oso partikula txikiak dira, baina itsasoa horiez beteta dago. Hori zabaldu behar dugu jendeak ikusteko plastikoa gero eta gutxiago erabili behar dela. Ibaien bidez itsasora joaten dira, eta hori oso arazo larria da”.

Argazki ikusgarriekin osatuko dute jaialdia: Sail In Photos sailarekin, hain zuzen. Hiriko hainbat gune erakusketon agerleku bilakatu dira.

Omenaldia aitzindari bati

Mike Birch izango da aurten Sail In Film jaialdiko protagonista nagusia. Hari egingo diote omenaldia. Lehenengo Ronaren Itsasbidearen irabazlea izan zen, 1978an. Bela nabigazioaren legendatzat dute. Horrez gain, aitzindaria izan zen gaur egun ontzi horiekin egiten diren lehiaketa guztietan erabiltzen diren krosko anitzeko belaontziak erabiltzen. “1970eko hamarkadan iraultza hasi zuen krosko anitzeko ontziekin. Garai hartan konturatu zen belaren munduan askoz azkarrago ibiltzeko aukera emango zutela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hari omenaldia egitea. Eta espresuki etorriko da Kanadatik Bilbora”.

Sail In Festival belan interesa duen jendearentzat egina dago. “Baina ez horientzat bakarrik: abenturazko istorioak gustatzen zaizkienei eta naturan ibiltzea gustuko dutenei zabaldu nahi dizkiegu gure emanaldiak. Istorioak kontatzen saiatzen gara. Asmoa ez da estropada bat zelakoa den kontatzea. Horren atzean nolako istorioa dagoen erakusten dugu gurean”. Dena itsasoaren eskutik, eta hura babestuz.

Itxaronaldia arintzekoak »

1936ko gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Parte sentitu zein ez, guztientzako irekia »

Natalia Salazar Orbe

Ez emakume, ez gizon. Binomio zurrun horretatik harago, bien arteko nahasketa eta rolen eta identitateen konbinazio bat dira muxeak. Hirugarren generoa, alegia. Pertsona horietako baten irudia baliatu du aurten Zinegoak jaialdiak bere 14. aldia iragartzeko. Zenbait kulturatan, bost genero ere bereizten dituzte. Eta, Europako zenbait herrialdetan, herritarrak genero neutroko gisa identifikatzea onartu dute. Hala ekarri du gogora Pau Guillen jaialdiko zuzendariak: “Onar dezagun generoei edo genero adierazpenei buruz mintzatzea, denbora luzez izan garenetik harago”.

Asko garatu da jaialdia hamalau urtean. Garapen hori gizartearen pare egin dutela deritzo zuzendariak: “Inguruan daukagun errealitatera egokituz goaz”. Sexu aniztasuna ardatz hartuta, astelehenean abiatuko da jaialdia, eta 101 jarduera hartuko ditu, filmak, dokumentalak eta bestelako ekitaldiak barne.

Gai nagusia hori izango ez badute ere, Ugandan (Afrika) antolatzen duten Queer Kampala IFF jaialdiak protagonismo handia hartuko du. Hari emango diote ohorezko sarietako bat. Afrikan antolatzen den era horretako ekinaldi bakarra da. Gaur egun, Ugandan legez kanpokoa da homosexuala izatea, eta heriotza zigorra ere ezarri nahi dute. “Zinea alde batera utzi gabe, militantzia eta sentsibilizazio elementu handia du. Herrialde horietan halako jaialdi bat egitea mugarria da”.

Sari horren bidez, lan hori babestu eta ikusarazi nahi du Zinegoak jaialdiak. Eta bilbotarrei eta bestelako euskal herritarrei kontatu zer gertatzen ari den beste herrialde batzuetan. “Baita kulturaren alorretik askok zer-nolako lana egiten duten errealitate hori ikusarazteko ere. Kultur jarduera bat baino gehiago da: militantzia kutsu izugarria du, bizitza bera ere arriskuan jartzen baitute antolatzaileek eta egileek”.

Hassam Kamoga jaialdiko zuzendariak hartuko du saria Bilbon. Era horretako jaialdi bat Ugandan egiteak zer dakarren azalduko du. Eta haren lan bat ere emango dute: Outed: the painful reality. Zuzendariaren azken lan horrek Alex Kigoziren bizitza kontatzen du. Ugandako egunkariek homosexuala zela lau haizeetara zabaldu ondoren, hainbat arazori egin behar izan zion aurre. “Ugandan gertatzen ari zena erakusten du filmak. Benetan gertatutakoak jaso ditu”.

Zine militantea

Beste ohorezko saria Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrari emango diote. Hark ere “zine konplexuagoa eta militantea du”. O ornitologo haren azken lana emango dute jaialdian. “Egin dituen bost filmetan, sexu orientazioarekin eta identitatearekin lotutako gaiak landu ditu, estereotipoetatik harago. Pertsonak euren kontraesanetan erortzen utzita egin ditu lanok, eta arriskatuta”. Rodrigues bera izango da emanaldian.

Bi astera luzatu dute aurten jaialdia, eta dokumentalei garrantzia berezia eman diete; bereziki, lehenengo astean. Sariak banatzeko orduan ere nabarituko da garrantzi hori: epaimahai berezia izango dute.

Afrikako errealitateak markatuta egongo da lehen astea. Bigarren astean, ordea, fikzioak lekua hartzen duenean, jaialdiak bere esentzia berreskuratuko du: sexu aniztasuna landuko du, modu globalagoan.

Film edo dokumental kuttunenen bat aukeratzeko orduan, zalantzak sortzen zaizkio Guilleni. “Zaila da”. Eta herritarrek katalogoari erreparatzea proposatu du. “Ez da gauza bera zine konplexuagoa gustuko izan dezakeen norbaiti lan bat gomendatzea —O ornitologo, kasurako— edo une atsegin bat igaro, film bat gozatu edo drama batekin negar egin nahi duen bati gomendioa egitea. Biak ala biak dira lan onak, baina, bistakoa denez, ez daude eginda ikus-entzule berarentzat”.

Dena den, badu zirrara berezia eragin dion lanik. Besteak beste, Les vies de Therese. Therese Clerk ikono feministaren bizitza kontatzen du. Bizitzaren azkenera iristen ari den unea kontatzen du lan horrek; hiltzeko unea. “40 urtera arte, era bateko bizimodua zuen. Bat-batean, bizitza erabat aldatu zitzaion, eta feminismoaren defendatzaile sutsu bilakatu zen”. Hala ere, kontakizuna ez dute egin erreferentzia ikonikoari erreparatuta. Alderantziz: bere egunerokotasunetik eratu dute pertsonaia. “Minean, sentimentaltasunean eta antzekoetan erori gabe filmatuta dago. Egoera horretan, Clerken seme-alabak zelan elkartzen diren ikusten da. Jende askorentzako ikono bat den pertsona horri buruz zelan mintzatzen diren ikusten da. Edozein seme-alaba ama bati buruz mintzatuko litzatekeenaren antzera ari dira. Pertsona bere horretan ulertarazten laguntzen du; alegia, pertsona gisa, ez ikono gisa”.

Heriotzari buruz jardutean filma gogorra izan daitekeela aitortu du Guillenek. “Hala ere, oso modu ederrean egiten du. Katalogoan filmak azaltzeko jarri ditugun esaldietan honako hau jarri diogu honi: ‘Irribarre bat irudikatuko zaizu aurpegian, eta malkoak agertuko dira zure begietan'”.

Antzerkia eta Begiradak

Antzerkiak ere tartea izango du proiekzio horien guztien artean. Magda de Santo argentinarraren Inundación taularatuko dute, Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzia: “Antzezlan lesbofeminista da. Zer esan nahi du horrek? Ez dago espresuki sormen lesbiko gisa identifikatuta egonik osagai feminista ere baduen antzerkirik”. Bada, horixe bera eramango dute La Fundicion aretora martxoaren 3an eta 4an.

Film laburrak Begirada zikloan bilduko dituzte aurten ere. Lau atal izango ditu: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindurekin batera antolatuta, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzkoa; emakumeek zuzendutako lanena; eta genero identitate eta adierazpenari buruzkoa.

Martxoaren 5era arte iraungo du jaialdiak, eta helburu argia du: “Apurka gizartean zenbait gauza barneratuz joan daitezen nahi dugu. Sexu aniztasunari buruz askorik ez dakiten ikusleentzat pentsatuta daude zenbait film. Eskoletan urte askoan eman diguten sexu hezkuntza ugalketara mugatuta egon da. Gaur egun, zenbait aldaera sartu dituzte. Hasi dira azaltzen zer den orientazioa, identitatea… Eta, apurka, gizartea barneratuz doa. Gure lanak asko ezagutzen ez dituzten horiei zein arlo honetan militanteak direnei jarri nahi diegu arreta”.

Duela hamalau urte baino ezagutza handiagoa dago. Ezagutza hori zabaldu ahala, kultur eragileek ere horretara egokitu beharko lukete. “Eta, apurka, gauza gero eta konplexuagoak landu beharko genituzke, errealitatean ere hala dira eta. Eta ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatu”. Horretarako aukera zabaltzear da.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.zinegoak.com

Ingurumenaren aldeko lanari ekiteko deia »

Natalia Salazar Orbe
Klima aldaketa, kutsadura, goseteak… Gaur egungo kontsumo eta bizitzeko eraren ondorio zuzenak dira. Denen eta norberaren esku dago, egunerokotasunetik hasita, aldaketarako hazia ereitea. Zaila da, sarri asko, keinu txikiek zenba…

Larru ontzaileen ondarea gal ez dadin »

Natalia Salazar Orbe

Larru onduen usaina giroan. Makina zaharren triki-trakaren erritmoa gogoan. Urteen joan-etorriek aldatu ez duten espazio zabala, bere hartan, geldirik; mutu egonik ere, historiaren aldi baten berri emanez. Duela hamar urte itxi zuten Foruan urteetan martxan egon den Teneria Vascongada larruak ontzeko lantegia. Zirrara berezia eragin dio lekuak Aitor Arana Arruti argazkilariari. “Lehenengoz sartu nintzenean, liluratuta utzi ninduen. Denboran geldituta zegoen. Pentsatu nuen altxor bat zela”. Suntsitzeko arriskuan dago orain, eta, barrualdeak duen garrantzi handiaz jabetuta, erabilera bat eman diezaioten, erakusketa deigarri bat antolatu du: Salba dezagun kurtiderixie bihar inauguratuko dute, eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, Gernika-Lumoko kultur etxean.

Ricardo Arrazola Sagastizabalek 1940ko hamarkadan hartu zuen lantegia. Baina, berez, 1918koa da. Hala ekarri du gogora oñatiar haren iloba Iñaki Arrazolak. Belaunaldi askotako larru ontzaileen familia bateko oinordekoa da. Hura eta haren lehengusuak izan dira tradizioa hautsi duten lehenak. Hala ere, ondotxo daki zein den Foruan egiten zuten lana, Doroteo Arrazola Markiegi aita zuena izan baitzen lantegian lan egin zuen azkena.

Larrua ontzeko prozesu osoa egiten zuten bertan. Larruak hiltegietan jaso, eta biltegietan gordetzen zituzten, gatzetan. Lantegira iritsi bezain laster, gatza kendu, pisatu eta sailkatu egiten zituzten. “Orbainik edo makulu markarik edo antzekorik zuten aztertzen zuten, arrasto horiek larruen prezioa merkatzen zuten eta”. Uretan jarri, eta gatz, koipe eta ile arrastoak kendu behar izaten zizkieten. Gustuko lodierara egokitu, eta karetan jartzen zituzten gero. Larrua ontzeko garaia iristen zen orduan. “Bi prozedura zeuden: landare bidezkoa eta kromo bidezkoa. Hemen, normalean, landare bidezkoa egiten zen”. Lehortu, lisatu, koipea eman, eta merkaturatzeko prest uzten zituzten.

Madrilen, Salamancan eta Sevillan zeuzkan ordezkari eta bezerorik garrantzitsuenak. “Larru gehienak zapatagintzarako eta zaldi eta abereentzako zelak edo uhaleria egiteko erabiltzen zen”.

Gaur egun, pentsaezina da Teneria Vascongada lantegia martxan jartzea. Adinagatik eta belaunaldi berriek lekukoa hartu ez ziotelako itxi zuen Arrazola Markiegik. Baina bestelako arrazoirik ere bazegoen: “Larrugintzan jarraitzeko bete beharreko neurriak ez ditu betetzen era honetako kurtideria tradizional batek: kutsaduraren eta segurtasunaren aldetik, besteak beste. Joan den mendeko industria bat da”.

Balio handia

Beharrerako ez, baina jarduera ekonomiko haren lekuko gisa historia egiteko balio handia du lantegiak. “Aitak lanean zegoela utzi zuen bezala dago”. Arana argazkilariak makinak martxan ere ikusi ditu. Bera izan da horren guzti horren lekuko. “2012an sartu nintzen lehenengoz lantegian, Iñakiren eta familiaren baimenarekin. Argindarra zuen oraindik, eta bertan lanean aritua zen gazte ezagun batek martxan jarri zituen makinak. Funtzionatzen zuten”.

Altxor hura zaindu eta babestu behar zela jakin zuen orduan bertan. “Atentzioa eman zidan lekuaren edertasunak: argiek, lehortegiak… Hiru solairuko eraikina da. Beheko solairuan daude makina gehienak. Eta azkenengoan lehortegia dago”.

Bisita bat baino gehiago egin du lokalera. Horietan guztietan argazki saioak egin zituen, materiala jaso eta aurrerago erakusketa egin ahal izateko. Lan hori bihar emango da argitara. 54 argazki aukeratu ditu artistak. “Gehienak larrua ontzeko askotariko arteei buruzkoak dira”. Makinak, baloiak eta larruak ikusi ahalko dira, besteak beste.

Larruek protagonismo berezia hartuko dute. Lantegian bertan gordeak izan dituzte, zintzilik. Eta hala jaso ditu Aranak bere argazkietan ere. Lantegitik hartu, eta erakusketa aretoan zintzilikatuko ditu artistak: “Bisitariek larrua ontzeko lantegia zer den usain dezaten nahi dut”. Erremintak eta zenbait tresna ere eramango ditu kultur etxera.

Prozesu osoa, bideo batean

Larrua ontzeko prozesu osoa jaso zuten bideo batean, 2006an. Hori ere emango dute erakusketa aretoan. “Azal bat besterik gabe zelan sartu, eta onduta eta ezkoztatuta zelan ateratzen den ikusi ahalko da. Beheko solairutik hasi, eta hirugarren solairura arteko bidea erakusten du”.

Argazkietako batzuek beste batzuek baino itxura errealistagoa dute. Hala ere, denak ala denak teknika bera erabilita osatu ditu: HDR edizio estiloa deritzona erabilita, alegia. “Horretan ere izan dudan garapena ikusten da. Erakusketan, 2012an egiten hasi nintzeneko irudiak ikusten dira. Gutxiago tratatuta daude, gutxiago landutakoak dira”.

Erakusketa ez da, beraz, ohiko argazki erakusketa bat izango. Ez izango duen itxurari erreparatuta; ezta dituen helburuei erreparatuta ere. “Berezia izango da. Lantegiaren planoak ere jasoko ditut panel batean. Hala, bisitariak ikusi ahalko du zer-nolako irtenbide arkitektonikoa izan ahalko lukeen”.

Hasiera bitxia

Inaugurazio ekitaldia bihar egingo dute, 19:00etan. “Ez nuen ohiko erakusketa bat egin nahi. Larrua ontzeko lantegiko elementuez gain, zuzeneko musika ere izango da. Biolontxelista batzuk ariko dira giroa berotzen. Horrez gain, Santurtziko San Jorge lanbide heziketako ikastetxe integratuko ikasleak ere etorriko dira, eta argazki saio batzuetarako nirekin egiten duten lanaren erakustaldia egingo dute: modelo bat makillatuko dute kurtideria bateko langile gisa”.

Aranaren lanaren adierazgarri izango da erakusketa. Abandonatutako lekuetan argazkiak egitea maite du: “Etxe abandonatuak, lantegi abandonatuak, errotak…”. Etxetik gertu era horretako altxor bat aurkitzea sinestezina iruditu zitzaion. “Erabileraren bat izan behar zuela pentsatu nuen”.

Iñaki Arrazolaren aitonaz eta aitaz gain, beste sei-zazpi behargin zituen lantegiak; inguruetako baserrietakoak ziren. Beraz, industria handien eraginik ez, baina, bere neurrian, garrantzia izan zuen herrian. Bizkaian itxi zuten azken kurtideria izan zen, gainera.

1918an, Martin Berasaluzek lantegia eraiki zuen garaian, era horretako leku asko zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala ekarri du gogora Arrazolak: “50 inguru izango ziren. Abeltzaintza gehiago zegoen orduan. Hala, ia herri guztietan hiltegiak zeuden. Beraz, larrua landu eta ontzeko leku horiek behar ziren”.

Lantegi barrualdea industria ondare izendatu zuen Jaurlaritzak. Baina Arrazolak eta Aranak gogora ekarri dute eraikina bera behar bezala mantentzen ez bada barrukoa ere hondartzeko arriskua dagoela.

Foruko Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aztertzen ari da, eta hortik zein irtenbide lortuko duten zain dago Arrazola. “Asmoa da kurtiderian jardueraren bat sortzea, eta, nola ez, barruan dauden tresneria eta materialak babestea eta errespetatzea. Museo bat egitea izan liteke aukera bat. Baina zer egin aztertzen ari dira”.

Denbora dute kontra, ordea. “Azkar ibili beharko dute”, adierazi du ugazabak. “Hamar urte inguru dira itxi zutenetik, eta, teilatua eroriko balitz edo barruan ura sartu, akabo”. Bide beretik mintzatu da Arana ere: “Oso egoera ezegonkorrean dago. Erortzeko arriskua du”.

Industria iraultzarako bidaia »

Natalia Salazar Orbe

Artilea jaso, hari bihurtu, eta hari horrekin ehundutako produktuak ekoitzi. Horixe egiten zuen La Encartada lantegiak. 1892ra atzera egin, eta industrializazio garairako bidaia eskaintzen du izen bereko museoak Balmasedan. Hala azaldu du Begoña Ibarra zuzendariak: “Fabrika bat da ikus daitekeena”. Lantegi bat, museo bihurtuta. Hamar urte bete berri ditu era horretan.

1892an sortu zen lantegia, hiribilduko Marcos Arena Bermejillo indianoaren ekimenez. Ehun urte egin zituen martxan, 1992an itxi zuten arte. Oso garai onak, oparoak, ezagutu zituen. Baina zenbait erabaki eta arrazoi tarteko, krisian sartu zen: “Makinetan eta bestelakoetan ez zuten inbertsiorik egin. Azken urteetan, gainera, produktu bakarra egiten zuten: txapela. Eta salmentek behera egin zuten”. Ehun urte horietan ekoizpen eredu berari eutsi zioten, gainera: “Ez zen espezializatu, eta produktua garesti samar ateratzen zen”.

Izan ere, ekoizpen prozesu osoa La Encartadan bertan egiten zuten. “Lehengaia, artilea, sartzen zen, eta produktua bukatuta ateratzen zen. Prozesu guztiak batean eginda, hainbat lantegi batera egongo balira bezalakoa zen”. Hori ere izan zen itxiera eragin zuten arrazoietako bat.

1992a iritsi eta ateak itxi behar izan zituztenean, aldundiak eta Balmasedako Udalak pentsatu zuten “industria ondare garrantzitsua” zegoela han, eta babestu eta mantendu egin behar zutela. 2002an monumentu multzo izendatu zuten. Bost urte geroago zabaldu zituen ateak museo gisa, gizarteari ondare hori erakutsi ahal izateko.

Hilean gai bat da ardatz

Aurtengoa urteurren berezia izanik, hainbat jarduera antolatu dituzte hamar urteko ibilbidea ospatzeko. Museoaren egitekoa ondo ulertaraztea da aurten duten eginbeharretako bat. “Jendeak sarri pentsatzen du tailer txiki bat dela. Inondik inora ere ez. Museoan ikus daitekeena fabrika bat da”. Makina guztiak zeuden lekuan kokatuta daude, lantegi gisa dagokien lekuan, alegia.

2017ko hilabete bakoitzean gai bat landuko dute, eta, hori oinarri hartuta, museoko ohiko programazioaz gainera, askotariko jarduerak egingo dituzte. Bihar bertan egingo dute eurenean arrakasta handia izaten duen horietako bat. Familientzako edo heldu eta umeentzako tailerra da: Zer egingo zenuke zuk orain 100 urteko fabrika batean? Bisitariak garai hartako arropekin jantzi, eta, sexuaren eta adinaren arabera, garai hartan egokituko litzaizkiekeen araberako lanetan jartzen dituzte. “Ume txikiek fabrikan ez zuten lanik egingo, baina eguerdian gurasoei edo, bereziki, amari, bazkaria ekartzera etorri beharko zuten”. Bisitariei asko gustatzen zaiela kontatu du.

Emakumea protagonista

La Encartadako langile gehienak emakumeak ziren. Beraz, andrea protagonista duen hilabete bat ezarri dute. Martxoa aukeratu dute horretarako. Hainbat jardueraren bitartez islatuko dute zer-nolako baldintza eta egoeratan aritzen ziren beharrean. “Besteak beste, gizonek baino soldata txikiagoak zituzten, eta lan ordu mordoa zuten”.

La Encartada 1918an bisita antzeztuan ikusi ahalko da, besteak beste, garai hartako emakumeen egunerokoa. Balmasedako herritar boluntarioek 1918rako bidaian murgilarazten dituzte bisitariak. “Garai hartako hainbat egoera sozioekonomiko azalaraziko dituzte”.

1918ko gizartearen errealitatea fabrika batek sortutako ekosistemaren barruan islatuko dute. Eta emakumearen zapalkuntza ere, normaltzat hartzen zena, presente izango da. “Emakume ezkongabe bat da protagonistetako bat. Oso txikia zela sartu zen lantegian beharrean, bertako norbaiten loba zelako. Fabrikan sartu zenetik 40 urte egin dituenera arte dirua berak ez duela sekula ikusi kontatuko du”.

Ikastetxeentzako programazioari ere helduko diote. Berdintasunean hezi programa bi emakumek gidatzen dute. “Bata joan den mendeko emakume baten gisan irudikatzen dugu; eta bestea gaur egungoa da”. Antzinatik gaur egunera arte egon diren aldaketak azalduta, ikasleek hausnarketa eta eztabaida prozesua zabaltzen dituzte.

“Gaur egungo emakumeak kontatzen die txikia zenetik kontu korronte bat izan duela, eta 18 urte betetzean berak ekin ziola bere dirua kudeatzeari. Besteak ez. Ezkondu aurretik aitari eman behar zion; eta, ostean, senarrari. Ikasketarik ez zeukan, ezin izan zuen ikasi, txikitatik lanean hasi behar izan zuelako. Besteak, aldiz, unibertsitate ikasketak ditu, eta beste lan batzuk egiteko aukera du”.

Lekukotasunak

La Encartada museora egiten diren bisita guztiak gidatuak dira, “makina batzuk besterik gabe ikusteak ez daukalako zentzurik; bisita gidatuetan prozesu guztia azaltzen dugu”.

Fabrikan antzina zeuden bulegoak ere ikus daitezke. Baita ugazabek bertan zuten etxebizitzaren erreprodukzioa ere. Bulego, etxebizitza eta lantegiari ez zieten nahikoa iritzi museoaren arduradunek lantegi haren erraiak ezagutzera emateko, ordea. “Konturatu ginen fabrika batek pertsonak ere badauzkala: langileak, jabeak, saltzaileak…”. Eta horien denen lekukotasunak bideo batean jaso zituzten. Ez dira igaro horrenbeste urte lantegia itxi zutenetik. Beraz, langile ohi asko aurkitu dituzte laguntzeko prest. “Hunkigarria da. Bideoan ikusten da garai onak izan zirela. Euren hitzetan eta keinuetan alaitasun hori nabaritzen da. Lantegia ixtea oso gogorra izan zen. Garai hartan, lantegietan familia osoak aritzen ziren lanean. Penaz hartu zuten itxiera”. Urteek baretu dute samin hura. Eta lantegiak ez, baina La Encartada izan zenaren oroitzapenak eta ondareak, behintzat, zutik diraute.

Andreen begirada munduari »

Natalia Salazar Orbe

Zein da argazkiko emakumea? Non dago? Zeri begira? Zeini begira? Zer ote du gogoan? Zer egin du justu argazkia atera aurretik? Zer egin du justu argazkia atera ondoren? (…)” Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileari Maria Concepcion, argazkilariaren alaba lanak sortzen dizkion galderak dira; argazkiko emakumeari begira jarri, eta hausnarketa sakon batek iradokitakoak. “Zer dela eta aukeratu du Eulalia Abaituak? Nola ezagutu zuten elkar?” Garaiari erreparatutako galderak ere sorrarazi dizkio. Eta hala helarazi dizkie irakurleei: “Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretrata zaitzaten? Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretratatzeko? (…) Zer uste duzu zuk, irakurle?”

Emakume baten ikusmirak jasotako hamasei argazkiren bilduma osatu du Euskal Museoak; beste hamasei emakumek irudiok iradokitako pentsamenduak eta sentimenduak gaur egunera ekarri dituzte. Horixe jasotzen du Estereoskopiak: 16+16 erakusketak. Bi eduki bat eginez osatu dute lagina. Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariak (Bilbo 1853-1943) ateratako argazkiak, batetik. Eta hark jasotakoei begiratuta, gaur egungo beste hamasei emakumek egindako hausnarketak, bestetik.

Duela ia ehun urteko egunerokoaren ondarea iritsi da gaur egunera, Abaituari esker. Iraganari buruzko ia begirada guztiak gizonen ikusmiratik aterata iristen dira, gehienetan. Gainera, sarri asko, begirada horien bidez historiako pasarte garrantzitsuak edo gertakari historiko handiak besterik ez dira islatzen. Horien bidez, ordea, zaila da arbasoen egunerokoari, haien lanari, esfortzuari eta aisialdiari buruzko daturik eskuratzea.

Protagonista ezezagunak

Eulalia Abaituaren lanak horixe eskaintzen du. Eta Euskal Museoak apustu egin du XX. mendearen hasierako pertsona ezezagunen keinuok jasotzeko. Harrituta begiratzen diote askok kamerari. Eta kamera horrek atzean zuen emakumeak begirada berezia eman zien. Horri guzti horri formatu bitxia eman diote museoan, ohikoarekin hautsita. Hiru dimentsiotan ikusteko argazkiak paratu dituzte hormetan. Erakusgai jarri dituztenak anaglifo kopiak dira. Alegia, erliebezko irudiak retro argiztatutako pantailen barruan erreproduzitzeko teknika baliatu dute. Hiru dimentsioko irudiok ikusteko, betaurreko bereziak erabili behar ditu bisitariak.

Hamasei idazleek ere betaurrekook jantzita osatu dituzte argazkien kontaketak. Irakurketok ez dituzte jaso idatziz. Bisitariak ez ditu aurkituko argazkien ondoan. Emakume baten ahotsean entzungo ditu, audiogiden bidez. Ahots bera erabili dute irakurketa guztiak ozen azaltzeko. Bakar bat da desberdina: Uxue Alberdiren hausnarketa. Egilearen beraren ahotsean kantatutako koplen bidez jarri dio musika Atsoa argazkiari.

Sarriugartez eta Alberdiz gain, ondoko beste hamalau emakume hauek jarri dizkiete berbak irudiei: Katixa Agirrek, Aurelia Arkotxak, Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok, Itxaro Bordak, Tere Irastorzak, Karmele Jaiok, Mariasun Landak, Miren Agur Meabek, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Eider Rodriguezek, Ana Urkizak eta Arantxa Urretabizkaiak.

Erakusketa ikusteko ibilbide finkorik ez dago zehaztuta. Gerturatzen denak nahi duen norabidean abia dezake XX. mende hasierarako bidaia.

Ikusle ugari erakartzen ari da eskaintza bitxia. Museoak Eulalia Abaituari erakusketa bat eskaintzen dion zazpigarren aldia da ondokoa. Eta, hala ere, askok ezagutu ere ez du egiten Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zena. Formatuaren bitxikeriak harrapatu egiten ditu haur eta helduak. Begi batean kolore urdina eta bestean gorria duten betaurrekoak jantzi, eta, argazkietako pertsonak gerturatzen ikusita, irribarre urduriak ateratzen zaizkie iraganeko irudien ordez efektu bereziak ikustera ohituta dauden gazteei ere.

Hausnarketarako tartea

Deskribapen hutsak zein interpretazio eta irakurketa sakonak egin dituzte idazleek. Eider Rodriguezek eman dio azalpena Lurra lantzen laiekin argazkiari, eta gaur egungo egoerarekin ere parekatu du laian ari den taldeak iradokitzen diona. Gizon eta emakumeak ari dira bi ziriak lurrean sartu, oinarekin zanpatu eta soroaren barrunbeak ukitu ostean lurra altxatu eta biziberritzen. Denak elkarrekin. “Gu ez gara aldizkari femeninoetan agertzen den mundu murritz horretan kabitzen, ez gara txapeldunari lore sorta emateaz edo balkoiko geranioak ureztatzeaz arduratzen garenak, geure lur eremua loreontzi baten azalera baino askoz handiagoa baita, begira bestela lurraren izerdia gure besapeetan behera korritzen, errekatan, ur jauzietan”. Emakumeen egitekoak eta egunerokoak askotan zabaldu nahi diren estereotipoez harago doazela azaldu du hala. Ez gaur egun soilik; iraganean ere, oraindik aitortu ez zaizkien lan ugari eta nekezak egiten zituztela emakumeek. Abaituak irudiz jaso zuena berbaz azaldu du Rodriguezek.

Bi emakume errekan ageri dira beste batean. Haitzen gainean jarrita: bata, oihalez betetako otzara bat buru gainean duela, zutik; bestea, makurtuta, ura hartzeko itxuran. Gizonak protagonista dituen irudirik ere badago. Peoiak eremu basogabetu batean beharrean lana da horren eredu bat. Beharginak lanean ageri dira. Batzuk geldi, Abaituaren kamerari begira, harrituta. Itxuraz eraikitzen ari diren bidea gaur egungo herritarrek zapaltzen dutena balitekeela pentsaraztera bultzatzen du bisitaria Katixa Agirrek.

Idazleak aitzindaritzat ditu protagonistak. Bai beharginak eurak, bai Eulalia Abaitua. Argazkilariak merezi duen protagonismoa aitortu aldera, haren bizitza markatu zuten Bilboko lekuetan barrena ibiltzeko bisita gidatua antolatu du museoak, biharko. 11:30ean abiatuko da Eulalia Abaituaren Errepublika independentea, Begoñako katedraletik.

Argazkiek gaur egun sortzen duten jakin-mina nagusi da irakurketetako askotan. Hala transmititzen diote hausnarketek bisitariei ere. Nortzuk ote ziren, zehatz, Eulalia Abaituak erretratatu zituen protagonistok? Zergatik eta nola aukeratu zituen? Egindako argazkien kopiarik eramango ote zuten etxera? Argazkirako jarrita daude denak, ala batzuk benetan harrapatu zituen eguneroko eginbeharretan? Eta argazkiaren ostean, zer? Zer-nolakoa zen garai hartan bizitzea? Iragan hark sortu du gaur egungo ondarea; eta etorkizunekoa eraikitzeko bidea ere bada. Hausnarketarako eta gozamenerako irudi sorta zain izango du orok, martxora bitartean.