Beste gudari baten gorpuzkia atera dute hobitik Etxebarrian »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Ahaztuen Oroimena. Markinaldeko Frentea 1936 taldeak urtarriletik zituen susmoak baieztatu egin dira. Etxebarriko Zelaietaburuko lubakia lehengoratzen hasi, eta, sastrakak hartutako gunea garbitzeko lanetan ari zirela, gorp…

Iñigo Cabacas hil eta ia lau urtera, justizia urrun dagoela salatu dute »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iñigo justizia. Txartel horiek eskuetan dituztela atera dira kalera, beste behin, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas zenaren gurasoak. Berriro joan dira Bilboko epaitegi aurrera, eta berriro jaso dute herritarren babesa. Agintariek, instituzioek eta justiziak baztertu egin dituztela sentitzen dute, eta seme zutenaren lagunengan, Iñigo Gogoan plataformarengan zein herritarrengan sentitzen dute berotasuna. Horien laguntzarekin egin dute azken protesta ere, instrukzio fasearen beste diligentzia bat egitekoa zela eta. Lau urte igarota epaiketarik ez dela izan salatu dute.

2012ko apirilaren 5 hartan Cabacasi heriotza ekarri zioten gertaerak jasotzen dituen bideo bat aztertzeko lanean aritu diren poliziek deklaratu zuten asteartean Bilboko epaitegian, peritu gisa. Athleticen zalea hil zuen pilota zein ertzainek jaurti zuen erakusten ote duten aztertu dute, ondorio argirik gabe. Bideokonferentziaz eman dituzte azalpenak Espainiako poliziek, eta, familiak uste zuenaren kontra, ez dira Bilbon egon. Elkarretaratzea egin du, hala ere, Iñigo Gogoan herri ekimenak. Cabacas hil zela ia lau urte igaro direla eta auziak instrukzio fasean jarraitzen duela salatu dute, eta gaineratu ez direla ardurak kitatu eta epaiketarik ere ez dela oraindik egin.

Etor daitekeenarekin, gainera, ez dago baikor plataforma. Auziak ekaina du instrukzio fasea amaitzeko epea. Orduan erabakiko du Ana Torres instrukzio epaileak auzitara eraman edo ez. “Oraindik ez da epaiketarik egin, eta ez dakigu egingo den ere”, adierazi du kezkatuta David Gonzalezek, Iñigo Gogoan ekimeneko kideak. “Hori jendeak ez luke ulertuko; eta, lehenik eta behin, Manuk eta Finak, Iñigoren gurasoek, ez lukete inolaz ulertuko”.

Inguruan ziren gurasoak; betaurreko ilunekin, eta goibel. “Garai txarra” igaro du amak, beste behin. Heriotzaren urtemuga gerturatzen denean ezinegona gailentzen zaio, eta tristurak harrapatzen du; areago, semea hil zutenen ardurarik ez dela kitatu ikusita eta justizia eskatzeagatik jaso dituzten erantzunak entzunda.

Pentsaezina egiten zaien arren, badakite gerta litekeela auzia epaiketarik gabe ixtea. Ez dute horretan pentsatu ere egin nahi. Sinestezina egiten zaie aukera bera: “Lotsagarria litzateke epaiketarik ez egitea; jaio izanaren lotsa izango nuke”, adierazi dio Manu Cabacasek Bizkaiko Hitzari.

Iñigo Gogoan herri ekimenaren ustez, hainbeste luzatu den instrukzio fasearen ondoren “hain inputazio gutxi” egoteak “galderak” eragiten ditu. “Auzia urteetan luzatu da ez zela ezer gertatu ondorioztatzeko, errudunik ez dagoela esateko?”.

Inputaziorik ezean, Cabacasen heriotzaren arduradun gorenak ez dituztela epaituko segurua dela salatu du: operazioa antolatu zutenak eta kalexkara indar guztiarekin sartzeko agindu zutenak ez direla akusatuen aulkian eseriko, eta zalantzan dagoela norbait epaituko ote duten.

Hala ere, lanean jarraituko dutela ziurtatu du. Cabacasentzat justizia eskatzen jarraituko dutela, gomazko balen debekua eskatuko dutela, eta Polizia ereduari buruzko eztabaida sakona egin dadin lan egiten segituko dutela.

Aitortzarako plazatxoa »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Herritik urrun hil zuten Yolanda Gonzalez Deustuko Erriberako gaztea. Madrilen bahitu, torturatu eta hil zuten Langileen Alderdi Sozialistako militante zena eskuin muturreko kideek, 19 urte bete berri zituela, ikasketak egi…

Alonsotegiko Udalaren beste irregulartasun bat salatu du EH Bilduk »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Eta beste bat. Alonsotegin argia ikusten ari diren irregulartasun salaketek ez dute etenik. Ustez 2008tik aurrera izandako irregulartasun kasu baten berri eman du oraingoan EH Bilduk. Bi milioi euroren diru laguntza batzuk …

Astero, bi familia kale gorrira »

Etxe kaleratzeen arazoa ez da oraindik konpondu. Malgutu ere ez, datuek diotenez. Eta ekonomikoki eta sozialki gogorrenik jotako eremuak dira kaltetuenak. Ezkerraldea da adierazgarriena. Barakaldon, esate baterako, zortzi etxe kaleratze daude aurreikusita otsailerako. - Irakurri gehiago...

Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Memoria Historikoaren Legea betetzeko bidean, frankismoarekin lotura duten kale, bide eta plaza izenak aldatzeko lanean ari da Bilboko Udala. Erabakia du zein izendapen aldatuko duen lehen-lehenik: Espainiako Printzeak zubiari La Salve izena emango dio. Erabakia hartzeko zalantzarik ez du izan, herritarrek horrela esaten baitiote zubiari. Aldatzen bigarrena zein izango den ere ebatzi du: Aita Remigio Vilariño izendapena kendu, eta deitura berri bat emango dio kaleari. Zein izen eman erabakitzeko, parte hartze prozesua hasia du udalak, Juan Mari Aburto alkatearen eskariz.

Berez, alkatearena da izendapenak aukeratzeko eskumena. Baina herritarrek ere parte hartzea nahi duenez, proposamenak egiteko bidea zabaldu du Aburtok. Edozein herritarrek egin ahalko ditu ekarpenak otsailaren 10a arte, participación@ayto.bilbao.eus helbidera idatzita edo proposamenak barrutietako udaltegietara eramanda. Proposatzailearen identifikazioa eta proposatutakoaren arrazonamenduak jaso beharko dira idazki horietan.

Emakumeei begira

Udalak berak bost proposamen egin ditu, hasieratik aldarrikatu duen irizpide bati jarraituta. Bilboko izendegiak ez duela emakumeen aipamenik kasik jasotzen ohartarazi du indarrean dagoena aldatzeko premia azaldu duenetik, eta, beraz, emakume izenak sustatzeko deia egin du.

Horiek horrela, honako proposamen hauek jarri ditu mahai gainean udalak: Julita Berrojalbiz Berrojalbiz Bizkaiko ikastolen mugimenduaren sustatzailea; Benita Asas Manterola berdintasunaren aldeko ekintzaile feminista; Adelina Mendez de la Torre eskola jantokiaren sortzailea; Juanita Mir Garcia erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta fusilatu zuten kazetaria; eta Bizenta Mogel Elgezabal, lehenengo euskal emakume idazletzat jotzen dena.

Ekarpenak datorren asteazkenera arte egin ditzakete herritarrek zein alderdi politikoek, eta horien guztien artean aukeratuko du udalak.

Zazpi kale Santurtzin

Antzeko prozesuan murgilduta dago Santurtzi ere, baina aurreratuago dabil. Dagoeneko jaso ditu aldatuko dituen zazpi kale izenak ordezkatzeko herritarrek egin dituzten ekarpenak: 193 proposamen. Jose Maria Larrea, Mendizabal kapitaina, Calles maisua, Idelfonso Arrola, Victor Saez, Leonor Amezaga eta Daniel Pereda dira aldatuko dituen kale izenak.

Ordezkatzeko proposamenak, asko bezain askotarikoak dira: Andolin Eguskitza, Normi Mentxaka, Askatasunaren etorbidea, Indalezio Prieto, Sardinera etorbidea, Athletic, Dolores Ibarruri, Serantes, Bizkaia, Euskal Herria, Zazpiak Bat, Maiatzaren Lehena, Martxoaren 8a, Mario Onaindia, Eskorbuto, Nelson Mandela, Periko Solabarria, Ghandi, edo Sabino Arana, esaterako. Baita bitxiagoak ere: zortzi urteko haur batek Yedai izena proposatu du bere kalerako, Star Wars pelikulari erreferentzia eginaz.

Galdakaon, plakak

Galdakaoko Udala, berriz, uztarria eta geziak dituzten plakak kentzekotan da. Aperribaiko atari batzuetan sinbologia frankistako plaka horiek daudela azaldu du, eta gehiago ere egon litezkeela. Herritarrei horien berri emateko eskatu die. Eta auzo elkarteei, kentzeko. Haiek kendu ezean, udalak berak kenduko ditu.

Kontrolik ez Alonsotegiko kontuetan »

Ander Gartzia Badiola
Urak ez dira baretu Alonsotegin. “Harro gaude, herriaren borondatea udalera eraman genuelako. Baina, aldi berean, ezintasuna eta haserrea sentitzen dugu, EAJk emandako erantzunagatik”. Alonsotegi Orain plataformako kide Oscar Carb…

Etorkizuna, denen esku »

Ispasterren eta Diman independentziari buruzko herri galdeketak egingo dituzte ekainean. Herritarrek zein herri eredu nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute bietan. - Irakurri gehiago...

Bilbo Air ixteko eskatu du PPk »

Bilbo Air konpainiaren jarduna auzitan jarri eta elkartea zarratzeko eskatu du Bizkaiko PPk. Eginkizun zehatzik ez betetzea eta azken hamabost urteetan hiru milioi euro “xahutzea” leporatu dio Javier Ruiz Bizkaiko ordezkari nagusiak. Bilbo Air 2001ean…

Urdaibaiko saneamendu sarerako lanek 8 milioi euroko murrizketa dute »

Urdaibai biosfera erreserba hartzen duen Busturialdeko ur sa-neamendu sarea amaitzeko aurrekontuak murrizketak izango ditu aurten. Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, 13 milioi euro adostu zituzten urte honetan obrak egiteko; hala ere, Eusko Jaurl…