Ur gainean bizi den itsas gela »

Sukarrietako Txatxarramendiko zubiaren eta Busturiko Itsasbegiko tren geltokiaren artean dago Txatxarramendiko itsaskitegia. Urdaibaiko biosferaren bihotzean dago, itsasadarrean kokatuta. Trenbidea igaro beharra dago hara heltzeko. Ibilaldi polit bat eginez irits daiteke, eta inguruan dituen bankuetan eserita, lasaitasun osoz, paisaia paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Duela gutxi atondu du Busturiko Udalak aisialdirako gune hori.

1930. urtean eraiki zuten Txatxarramendiko itsaskitegia, izen bereko irlaren inguruan. Garai hartan, langosteroa edo haztegi moduan ezagunagoa zen. 1919an ateak ireki zituen Pako ostatuaren parean kokatu zuten. Busturiko udalerrian dago, nahiz eta Pako ostatuaren propagandan Sukarrietan kokatzen zuten.

Itsaskitegiaren betebeharra Pako ostatuko sukalde eta mahaietarako itsaskiaren aterpetxe izatea zen. Behin-behinean gordetzen zituzten han; ezin hobeto gorde ere, mahaikideen plateretan zerbitzatuko ziren itsaskiak, txirlak, lanpernak edo arrainak. Horietako batzuk —txirlak esaterako— barnealdea inguratzen zuen balkoi korrituaren pasagunetik zeuden eskegita, saskietan sartuta; eta besteak —otarrainak, adibidez— igerilekuan zehar aske ibiltzen ziren, salabardoarekin pasagunetik harrapatzen zituztenera arte. Bitartean, noizbehinka botatzen zitzaien ogi apurrekin elikatzen ziren.

Igerilekua barruan

Eraikina bitxia da, gainera. Konporta automatikoak eta altuera jakinean hormak zeharkatzen dituzten zenbait hodik eraikinaren barnealdera itsasaldietako ura sartzea eta irtetea ahalbidetzen dute. Baina barnealdea ez da erabat husten, itsasbeheran ura ateratzen denean itxi egiten den konporta baitago zoruaren arrasean. Horrela, itsasbeherei esker barnealdean igerileku txikia egotea lortzen zuten. Ura, itsasgora bakoitzarekin berriztatzen zen.

1968. urtean Pako ostatuak ateak itxi zituen, eta eraikin txiki berezi hori bertan gelditu zen. Urteen poderioz, haren egoera okertuz joan zen, inork ez baitzuen hartu mantentze lanik egiteko ardurarik.

Ahaztuta geratu zen; hutsik. Itsasgora eta itsasbeheren laztanen laguntasun bakanarekin. Urte askoren ondoren, iritsi zen hari zegokion garrantzia aitortzeko prest zegoen talde bat. Hozkailurik ez zegoen garai hartan horren garrantzia handia hartu zuen eraikin etnografiko eta historiko hura memoriatik desagertzeko zorian zegoela ikusita, Urdaibaiko Galtzagorriek zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. 2001ean eraikina zaharberritzeari ekin zioten. Urdaibairen alde lan egiten duten boluntarioek osatzen dute talde hori.

Zaharberritze lanak egiteko, hainbat erakunderen diru laguntzak izan zituzten. Hala ere, ezinbestekoa izan zen beraien denbora eta esfortzua jarri zuten hogei bat boluntarioren lana. Prozesua luzea izan zen. Hiru hilabetetan gauzatu zuten zaharberritzea. Edertasun handiko eremuari zegokion itxura emateaz gain, garai hartako ostatu sektorearen indutria jardueraren adierazle zen eraikina zaharberritu zuten.

2003. urtean hasi ziren hausnartzen zein erabilpen eman ziezaioketen Txatxarramendiko itsaskitegiari. Esku artean zituzten zenbait proposamenen artean, erabilera didaktikora zuzentzea erabaki zuten. Hala, Txatxarramendiko Itsaskitegiaren Itsasgela bihurtu zuten. Ingurumen heziketarako ekipamenduz hornitu zuten. Bisitatu ere egin daiteke.

Tradizioaren eta modernitatearen bilgunea izateko nahiarekin osatu zuten Txatxarramendiko itsaskitegia. Tradizioa jasotzen du, itsasoko eta kostaldeko kontuez hitz egiten delako bertan, bereziki; eta modernitatea, berriz, energia berriztagarrien bidez —eguzki energiaren bidez zehatzago esateko— itsaskitegia argiztatzea lortu dutelako.

Itsaskitegiaren barruan hainbat informazio panel daude; baita kanpoaldean ere, itsaskitegira joateko bidean. Herritarrek edota bisitariek inguru horretan egin diren lanen berri izan dezakete.

Bestalde, barrualdea girotze aldera, arrantza tradizionaleko tresnez eta hainbat itsaskiren maskorrez apaindu zuten. Era berean, itsasgora eta itsasbeherekin sartzen eta irteten den urak sortzen duen barruko igerilekuan, itsas bazterreko animalien lagin txiki bat dago ikusgai.

Laneko segurtasuna, kolokan »

Natalia Salazar Orbe Santurtzi dolutan dago. Joan den astean bi behargin hil ziren herrian. Bata, Bilboko portuan; bestea, Balparda industrialdean. 58 urte zituzten biek. Segurtasun arazoak, arriskuen prebentzioa eta prekaritatea jarri dituzte mahai gainean, beste behin ere, bi ezbehar horiek. - Irakurri gehiago...

Entelgy Ibaik behargin bat zigortu du lankide baten kaleratzea salatzeagatik »

Azaroaren 13az geroztik, etxean dago Gorka Naveira Velasco (Bilbo, 1978), Bilboko Entelgy Ibai enpresako behargina. Bi hilabetez enplegu eta soldatarik gabe zigortu du informatika alorrean aritzen den 110 langile inguruko enpresa horretako zuzendaritz…

Itsas Museoa, jaurlaritza eta aldundia auzibidean jartzear da Sos Antxustegi »

Euskal Herriko atunontzirik zaharrena da Antxustegi. Zurezkoa, eta kultur balio handikoa. Baina utzia dago, eta zaharkitzen ari da; hondatzen. Neurriak har daitezela eskatu dute itsasontzia dohaintzan emandakoan antxustegitarrek. Oso txarto dagoen arr…

Txerrikiak, herritarrentzat »

Garaiz heldu diote txarribodari larrabetzuarrek. San Martin egunarekin batera, usainen dantza hasten da herri erdigunean. Eta etxetik ateratzen denak berehala nabaritzen du txerrikiak prestatzen ari direla herrian. Zehazki, Aretxabala kultur elkartean. 26 urte dira elkartea osatu zenetik, eta 25 urte dira elkartean auzolanean txerri hilketa egiten dutela. Txerrikiak eskatzen dituzten herritarren artean banatzen dituzte gero. Baina aurtengo ekitaldia azkena izateko zorian dago, eta ez elkartea itxi egingo dutelako soilik —Espainiako Auzitegi Gorenak ixteko agindu duen herriko tabernen artean dago Aretxabala elkartea—; belaunaldi berriek ez diote eusten txerrikiak prestatzeko tradizioari.

Berezia da Aretxabalako txarribodaren kasua. Auzolanean egiten dute txerri hiltzea, norbere etxerako ez, herriarentzako prestatzen baitituzte odolkiak. Dozenaka boluntarioren artean egiten dituzte lan guztiak, eta txerrikia banatu egiten dute gero. San Martin egunarekin batera hasi dituzte, aurten ere, prestaketa guztiak. Txerrikiekin herri afaria zuten larunbatean, eta hartarako odolosteak prestatzen aritu ziren ostiralean. Gainontzeko txerrikiak Aretxabalan jartzen duten zerrendan izena eman duten herritarren artean banatzen dituzte.

Harrera ona du egitasmoak herrian, eta asko dira elkarteko txerrikiak noiz egingo zain izaten diren larrabetzuarrak. “Pena bat da erreleborik ez egotea, herrian eskaera egon badagoelako. Asko odoloste gabe geratzen dira”, dio Garbiñe Etxebarriak eskuak odolosteak egiteko orean sartuta dituela. Ondoan ditu beste bost emakume ere, lan berean; tartean, Ana Mezo. Hura izan zen, beste herrikide batzuekin, duela 25 urte Aretxabalako txarriboda hasi zutenetako bat. “Edadeko jendea bildu genuen txarriboda egiteko. Haiek erakutsi ziguten txarriboda nola egiten zen, eta guretzako ikasketa prozesuak izan ziren lehen urteak”. Beraiek jaso duten jakintza hori gazteei transmititzea nahiko lukete orain.

Gaur zortzi egin zituzten odolosteak. Jai eguna hartzen dute boluntario lanetan aritzen diren guziak horretarako. Baina lan handia dago odolosteak egiten hasi baino lehen. “Txerria hiltzen denerako denak egon behar du prest”. Azken urteetan harategian eskatu dute txerria, baina bestela egiten zuten lehen. “Lehen erosi egiten zen, txarriboda baino hiru hilabete lehenago, eta denen artean hiltzen zen gero”, azaldu du Mezok.

Odolosteak egin baino lehenagoko zerrenda luzea aipatu du Etxebarriak, txerrikia bera eskuetan duela: “Egun askotako lana da hau”. Porruak eta tipulak garbitu eta su txikitan prestatu, piperrak beratu eta azala eta mamia banatu, txerriaren koipea txikitu eta arroza prestatzea aipatu ditu, tartean. Azaldu du larunbatean herri afarian batu ondoren txorizoak egiteko elkartuko direla berriz igandean.

Auzolana. Hori da Aretxabala elkarteko txarribodaren oinarria. Gazte bat ala beste laguntzera joaten da, noizean behin. Baina ardura hartzea da, beteranoen arabera, ohiturari eusteko falta dena.

Alternatiba sortzaileen espazioak »

UrbanBAT jaialdia antolatu dute, beste urtebetez, Bilbo Zaharrean. Hirietako hegemoniaren aldean alternatibak eskaintzen dituzten espazioak aztertuko dituzte. Bisita gisatu bitxiak egingo dituzte bihar. - Irakurri gehiago...

Burrunba luzatzeko arriskua »

Txorierriko harana lotan dago; isiltasuna da nagusi. 06:44 dira. Zeruan, ilargia eta izarrak besterik ez da ageri, iluntasuna argitu guran. Bat-batean, zarata izugarri batek iratzarri ditu eskualdeko bizilagunak. Loiuko aireportuko eguneko lehen hegaldia da. 06:45 besterik ez da. "Iratzargailurik jarri beharrik ez dugula esan ohi dugu guk". Hala azaldu du Josu Begoña Loiuko alkateak bertakoen egunerokoa. Eguneko lehen hegazkinaren motorren hotsak beste egun baten hasiera iragarri du. Zarata une oro presente egongo den beste egun bat izango da. 23:30era bitartean, aireportuaren inguruko bizilagunek ez dute atsedenik izango. - Irakurri gehiago...

Amber garagardoa aurkeztu du Bogak: iluna, baina suabea »

Garagardoaren kontsumoari eta ekoizpenari goitik beherako aldaketa egiten ari zaio Boga garagardoa. Ingurumena eta osasuna zaintzen dituen prozesu bat darabilte: ez dute kontserbagarririk erabiltzen, ez da pasteurizatzen, eta ahalik eta lehengai gertu…

Santurtzin herritarrek aukeratuko dituzte kale izen frankisten ordezkoak »

Kapitain Mendizabal; Jose Maria Larrea; Eskolamaisu Calles. Santurtziko kale izenak dira. Frankistak. Mendizabal, esaterako, abiazio kapitain izan zen Francoren armadan, eta biztanle zibilen aurka airez egindako operazioetan parte hartu zuen. Larrea S…

Euskal kultura, lau haizeetara »

Hego haizeak eta giro epelak astinduta ekin die ekitaldiei aurten Udagoieneko Osterak; sanmartinen garaiak agintzen duen bezala. Hasi besterik ez da egin, ordea. Izan ere, azaroaren 27ra bitartean, astero, euskarazko ikuskizun batez gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak, Euskaltzaleen Topaguneak eta aldundiak antolatuta. Kontraste handiko artistak jarriko ditu oholtza gainean aurtengo Udagoieneko Osterak. Orekari buruz mintzatu da Aritza Escandon Euskaltzaleen Topaguneko kidea: “Ibilbide luze eta oparoa duten artistak ditugu. Esaterako, Benito Lertxundi bera. Eta hasiberriak ere bai: Libe eta Demode Quartet, kasurako. Sorkun, Hutsa eta Oreka Tx bezalako talde kontrastatuak ahaztu gabe”.

Horrez gain, Euskal Herriko hainbat lurraldetako artistek parte hartuko dute jaialdian. Eta emakume sortzaileen presentzia ere nabarmentzekoa iruditu zaio programazio arduradunari.

Antolatu dituzten jarduera guztien artean musika gailentzen bada ere, ez dago besteen gainetik nabarmentzen den estilorik. “Era berean, esan behar dugu pozgarria dela ikustea orain dela urte batzuk hasiberriak ziren artista batzuek aurtengo aldian ere parte hartu dutela, erreferente bihurtuta”. Mursego eta Kalakan aipatu ditu horien artean. Gernika-Lumon eskaini zuten ikuskizuna biek, jaialdia hasi zenean.

Gaurkoan, Balmasedako Klaret antzokiko agertokiak hartuko ditu euskal kultura eta euskara zabaltzeko eginahalean euren harri koskorra jarriko duten ikuskizunak. Hutsa eta Demode Quartet ariko dira han, hain zuzen ere.

Talde kontrastatu eta hasiberri bana elkartuko ditu agertoki berak. “Hutsa taldekoek etxean joko dute. Laugarren diskoa prestatzen ari dira, baina formatu akustikoan gozaraziko digute”. Doinu lasaiekin, musika gozoz betetako kontzertua eskainiko dute.

Demode Quartet taldeak, bestalde, euskal musikagintzaren hainbat kanta mitikoren bertsioak eskainiko ditu. “Ez dira ohiko bertsioak izango. Oso ikuskizun bisuala taularatuko dute, eta publikoak benetan gozatuko du”. Country, jazz, sanba eta pop-modernoaren doinuak taularatuko dituzte. Bide batez, Epa! diskoa aurkeztuko dute.

Gernika-Lumon ekin zioten, azaro hasieran, XVI. Udagoieneko Osterari. Handik abiatuta, Balmaseda, Muskiz, Bilbo eta Leioa igaroko dituzte, hasierako helburuei eutsita: “Euskarazko goi mailako kultur ikuskizunak Bizkaiko eskualde guztietara eramatea; bereziki, eskualde erdaldunetara”. Izan ere, duela hamasei urte hainbat eskualdetan euskararen presentzia oso txikia zen kulturaren arloan. “Prestigioa eta ikusgarritasuna emate aldera, formatu handiko euskarazko ikuskizunen aldeko apustua egin zen”.

Benito Lertxundi izango da hurrengo hitzorduko protagonista. Hilaren 20an emango du kontzertua, Muskizko Meatzari aretoan. Udagoieneko Osteraren hainbat ediziotan parte hartu du Orioko Bardoak, “eta urtetik urtera gainditu du aurrekoan egindakoa”. Oroimenaren oraina bere azken lana aurkeztuko du, betiko abesti klasikoak ahaztu gabe.

Emakumeak protagonista

Bilbo emakumeen agertoki bihurtuko da, bestalde, azaroaren 26an. Libe eta Sorkun sortzaile eta abeslariek bertako Kafe Antzokian bat egingo dute. “Libek rock malenkoniatsua eta iluna eskainiko du. Sorkunek, berriz, disko berria ekarriko du besapean; dantzarako aproposa, hainbat musika estilo jaso dituena: besteak beste, musika beltza, soula eta funka”.

Oreka Tx taldeak itxiko du aurtengo Udagoieneko Ostera, Silex izeneko ikuskizunarekin. Harri izena daraman kontzertu horretan, taldeak azken bi ikuskizunen musika jaso du: Hostoak eta Herritmo ikuskizunetakoa, hain zuzen ere.

Solasaldiak

Ikuskizunez gain, bestelako jarduerak ere prestatu dituzte. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren arteko Baga Biga Higa solasaldia egingo dute Bilbon, azaroaren 25ean. “Ikusgarritasuna eta prestigioa lantzeko bide horretan, guretzat garrantzitsua da euskarazko kultura transmititzea eta euskal sortzaileak ikus-entzuleengana hurbiltzea”.

Markezek eta Elorrietak euskal kantugintzari eginiko begiratua aurkeztuko dute, 1960ko hamarkadatik gaur egunera artekoa. Belaunaldi berriei bertako musikagintza sakonago ezagutzeko eta maitatzeko aukera emango diete. Horretarako, oso formatu ikusgarri eta erakargarria aurkeztuko dute, bideoz, audioz eta irudiz lagunduta.

Hamasei urtetan asko aldatu da euskal kulturaren zabalkundearen egoera Bizkaian. “Pozgarria da ikustea Udagoieneko Ostera zirkuituak egindako apustuak egonkortu egin direla leku batzuetan, eta euskarazko eskaintza handiagoa eta ohikoagoa dela”.