Arginzoniz preso mantentzeko neurri berriez ohartarazi dute »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Aritz Arginzoniz Elorrioko presoak hamar urte darama Espainiaren kartzeletan. Espainiako legeria beteko balitz, kalean behar lukeela ohartarazi dute haren senide eta lagunek. Eta, okerrenean, datorren urteko otsailean askat…

10 urte metala handi egiten »

Olaia Zabalondo
Ameriketako Estatu Batuetako kulturan errotuta dagoen jaia da Halloween, eta, hedabideei esker, munduko beste hainbat lekutara iritsi da. Euskal Herrian aspalditik ospatu izan den jaia da Halloween; hemen, baina, Arimen Gaua deitu izan …

Hirigintza eredu sendagilea »

Ikusten den eta ez den Bilbo (VIII): Fotovoz Bilbo egitasmoa. Bizilagunen elikadura ohiturak aztertu dituzte Bilboko hiru auzotan: Deustuan, Uribarrin eta San Frantziskon. Egoera sozioekonomikoak herritarren osasunean duen eragina nabarmendu dute ikerketan - Irakurri gehiago...

Industriaren museoa sortzearen alde egin dute Batzar Nagusiek »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Alderdi guztiak ados daude. Industriaren eta Teknikaren Euskal Museoa sortzea beharrezkotzat dute. Egin egin behar dela diote, oinarrietan bat etorri dira, eta museoa non ezarri erabakitzeko ere ez da desadostasun handirik …

Lutxanan 1.300 etxebizitza egiteko proiektua berpiztu dute »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Duela hamar urte, Barakaldoko Lutxana auzorako “inoizko proiekturik handienetakoa” iragarri zuten, baina bertan behera geratu zen bi urte geroago; orain, martxan jarri dute berriz. Ez duela hamarkada bat proposatu zuten itx…

Urdaibaiko saneamendu sarea ez dute bukatuko 2020ra arte »

Natalia Salazar Orbe

Uraren kalitatea ez da ona. Bizkaiko Foru Aldundiak ez bainatzeko gomendioa egiten du. Mezu hori entzun dute, behin eta berriz, udan, egunero, San Antonio hondartzako erabiltzaileek sorosleen bozgorailuetatik. Busturialdean, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren bihotzean, gertatzen den errealitatea da. Babes gune horretako saneamendu sarea osatu gabe dago, eta, Gernikatik Mundakara arteko ur zikinak itsasadarrera isurtzen dira, zuzenean, araztu gabe. Egoera horrek berdin jarraituko du datozen urteetan ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak iragarritakoaren arabera, saneamendu sarea osatzeko lanak ez dituzte bukatuko 2020ra arte.

Sukarrietan egiten ari diren ponpaketa estazioa da sistema horren guztiaren muina. Hala definitu du oraintsu Iñaki Arriola sailburuak gune hori. Berau martxan jartzen dutenean, “ondo araztu gabeko hondakin urak isurtzea ekidingo du, non eta aparteko ingurumen balioa duen Urdaibaiko natura erreserban”. Hala adierazi du lanok bertatik bertara ezagutzeko Sukarrietara berriki egin duen bisitan.

Kezka isuriengatik

Ur hondakinen isuri nabarmen eta kezkagarriak ikusi dituzte, aurten, berriz ere, Mundakako Laidatxu hondartzako eta Ibarrangeluko Laida hondartzako erabiltzaileek ere, besteak beste. Ekosistema aberatsak zein paisaia erakargarriak zikindu dituzte isuriok. Zain Dezagun Urdaibai ekimenak behin baino gehiagotan salatu ditu kutsadura arazo larriak, uretan gorozkiak azaldu direlako.

Bestalde, Laidatxuko erabiltzaileen eta bertako bizilagunen kexak zabaldu dira sarean. Uztailean eta abuztuan bainurako uraren osasun kalifikazioa nahikoa izan dela ondorioztatu eta hala zabaldu dutelako agintariek. Aitzitik, iraila iritsita, alegia, udako sasoia bukatuta, hainbat neurketen arabera, hil horretan kalitatea ez delako izan nahikoa.

Egoera horiei aurre egiteko helburua du Sukarrietako ponpaketa estazioak; itsasora jaurtitzen diren urak araztuta isurtzea du eginbehar garrantzitsuena. Lurpean ari dira eraikitzen horretarako azpiegitura handia. Itsasadarreko ezker ertzeko —Gernika-Lumokoak barne— eta eskuin ertzeko zati bateko hondakin urak jaso eta Mundakako Lamiarango araztegira bidaliko ditu.

Zailtasun tekniko handiko lanak direla azaldu du Jaurlaritzak. Besteak beste, espazio gutxi dutelako, itsasadarraren ertzean eraiki behar delako, lurpean egiten ari direlako eta zati bat itsasoaren mailatik behera dagoelako.

Ponpaketa-estazioa sartzeko 160 metro koadroko espazio bat zabaldu behar izan dute Sukarrietako Marisma parkean, lur azpian. Bost metroko altuera eman diote. Egiturari eusteko porlanezko 300 zutabe iltzatu dituzte lurzoruan. Ostean, ponpaketa estazioa estaltzen duen porlanezko harlauza eraiki dute. Harlauza horren gainean berreskuratuko dute lanok egiteko suntsitu duten parkea.

Lur kopuru handiak atera behar izan dituzte estazioa kokatuko duten eremutik. Hamar metroko sakonera arte zulatu dute, eta 8.000 metro kubiko lur eta haitz erauzi dituzte.

Sukarrieta eta Lamiarango araztegirainoko lanen faserako 14,4 milioi euro erabiliko dituzte. Datorren urteko bigarren hiruhilekorako amaituko dute.

Beste zatia

Sukarrietara iritsi aurretik, ordea, kilometro batzuk egin behar dituzte ur zikinek. Horiek bideratzeko, URA Uraren Euskal Agentziak itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak esleitu ditu. Gernika-Lumo eta Busturia artean egin beharreko lotura horrek 15 milioi eurotik gorako kostua izango du. Zehatz-mehatz, Gernikako ponpaketa estaziotik Busturiko ponpaketa estaziora arteko lanak gauzatuko ditu aldi baterako enpresa elkarte batek.

Lan horien helburua da Gernikatik Busturirainoko hondakin urak jaso, eginda dauden zein eraikitzen ari diren kolektore tarteetan batu, eta horiek guztiak Lamiarango araztegira eramatea.

Lanon barruan sei kilometro eta erdiko hodi tartea egingo dute. Zatirik handienean, grabitatearen indarrak bultzatuko ditu urak. Hala ere, ia bi kilometrotan bultzada beharko dute Game auzoko eta Muruetako hondakin urak kolektore horretara bideratzeko. Azkenik, lau ponpatze instalazio eraikiko dituzte isuriak saneamendu sistemara helarazteko.

Lan horiek guztiak bukatuta, Gernika-Lumotik Muxikara joango den kolektorea eraikitzea besterik ez da geratuko. Hori egin ostean erabat osatuta geratuko da Gernika eta Lamiarango araztegiaren arteko sarea. Hala, Gautezgiz-Arteaga, Kortezubi eta Mundakako itsasadarreko ezkerreko herrietako isuriak jaso eta araztuko dituzte.

2014an lortu zuten lanok egiteko akordioa Busturialdeko Ur Partzuergoak eta URAk. Aurretik urte asko blokeatuta egon ostean ekin zion biderari. EH Bilduk zeukan garai hartan partzuergoaren ardura. Euskal Herrian aberastasun ekologiko handienetakoa duen Urdaibain ur zikinak inongo tratamendurik gabe itsasora isurtzea saihestuko du saneamendu sareak.

Kutxa beltzaren magia askatuz »

Natalia Salazar Orbe
Irudiak, soinuak, musikak… Estimulazio bide agortezina ekarri dute teknologia berriek. Ikus-entzunezkoen inbasioa etxe guztietara iritsi da. Helduen teknologia goseak kutsatu ditu, gainera, sarri askotan, etxeko txikienak ere. Et…

Lurraren gaineko begirada pedagogikoa »

Natalia Salazar Orbe
Gailur malkartsuak, puntadunak zein zapalagoak. Tontor bakarra zein askotarikoak elkarren ondoan dantzan. Ostarte garbi baten erdian altxatzen diren gailurrak, zein hodeiek ia ikusezin egiten dituztenak. Larre zabalen gainean altxa…

Norbere jardunari begira »

Ikusten den eta ez den Bilbo: Alernatiba bila. Turismoari zer-nola aurre egin pentsatzeko #EHTourist topaketak egingo dituzte abenduan Bizkaiko hiriburuan. Halaber, herritarren lekualdatze prozesuak aztertuko ditu Urbanbat kolektiboak azaroan. - Irakurri gehiago...

Bizkaiko garraio sistema publikoan txartel bakarra eskatzeko foroa sortu dute »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau garraio mota erabili daitezke Bizkaiko hiriburua alderik alde zeharkatzeko: Bizkaibus, Bilbobus, Metroa eta Tranbia. “Bide bera egiteko lau garraio baldin badaude ere, prezio bat du bakoitzak”. Hala laburtu du Bizkaiko garraio sarean dagoen egoera Raul Mendezek, sortu berri den foroaren izenean. Hainbat sindikatuk, elkartek eta auzokidek sortu dute lurralderako txartel bakarra izateko eta garraio sistema bateratua eratzeko foroa. Egitasmoaren aurkezpena egin dute asteon, eta norbanakoen zein elkarteen atxikimenduak biltzen jardungo dira datozen hiletan. Aspaldikoa den eskaera bururaino eraman nahi dute oraingoan.

Gaur egun Barik txartel bateratua dagoen arren, garraio sisteman ez dago tarifa bateraturik. Argi utzi nahi izan dute ideia hori. Mendez: “Bere garaian txartel bakarra Creditrans zela saldu ziguten, eta orain sinetsarazi digute Barik dela. Baina nahita nahasten dute euskarri bakarra dena eta txartel bakarra izan beharko lukeena”.

Gauzak horrela, txartel bakarrak sei oinarri bete behar dituela adostu dute foroa sortu duten elkarteetako ordezkariek. Bat: garraiobidea zein den aintzat hartu gabe, ibilbide berdinek tarifa bakarra izan behar dute. Bi: gero eta garraio publiko gehiago erabili, orduan eta gutxiago ordaindu behar dute herritarrek. Hiru: bidaien prezioak pertsonen errenten arabera antolatu behar dira. Lau: garraio sistema publikoaren koordinaziorako erakunde bakarra sortu behar da, herritarren parte hartzea bermatuko duena. Bost: zerbitzuaren kalitatea eta enpleguaren kalitatea bermatu behar dira. Sei: Bizkaia osorako erabilgarria den txartela diseinatzea ezinbestekoa da.

Oraingoz, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek egin dute bat manifestuarekin: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek, Ernaik, Gazte Komunistek, Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Ekintzak. Baina indarrak biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere. “Txartel bakarraren oinarri modura zerrendatu ditugun sei ezaugarrien alde lan egiteko prest dauden talde eta pertsona guztiek elkarlanean jarduteko eremua da sortu berri dugun foroa”.

Aspaldikoa da garraio sarea bateratzearen aldeko aldarrikapena, Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakariak azaldu duenez. 2008an Garraio Publikoaren Liburu Zuria osatu zuen federazioak. Bertan, 1995 eta 2008 arteko garraio publikoaren egoera aztertu eta Txartel Bakarraren aldeko adierazpena onartu zuten orduan garraio publikoan ordezkaritza zuten sindikatuetako ordezkari guztiek. Azaldu duenez, eskaera behin eta berriz eraman dute erakundeetara. “Udaletara, Foru Aldundira eta Eusko Legebiltzarrera eraman dugu gaia, eta denetan onartu dituzte txartel bakarra ezartzearen aldeko mozio eta proposamenak”. Baina egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu du. Horrez gain, metroaren 3. linearen irekieraren ondorioz izan diren prezio gorakadak salatu dituzte.

Azken bultzada

Datozen hilabeteak garrantzitsuak izango direla azpimarratu dute foroko kideek; izan ere, Diputazioak Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa prestatu behar du 2018. urte osoan, eta plana osatzeko gizarte mugimenduen eta herritarren iritzia aintzat hartzea besterik ez dute espero eragileek zein herritarrek. Abagune hori baliatu nahi dute foroan bildutakoek eta txartel bakarraren proposamena plan estrategikoan txerta dadin lan egingo dutela iragarri dute. “Beste bultzada bat eman nahi diogu txartel bakarraren eskaerari, eta oraingoan behin betikoa izango delakoan gaude”.