Festa eta elkartasuna, eskutik »

Natalia S. Orbe

Zail gertatzen da sarri askotan gero eta mundu globalizatuagoaren barruan norberak bere kultur adierazpenei eustea. Eta eginahal hori are zailagoa da horretarako baliabide gutxi dutenen kasuan. Kuban badakite zer den hori. Pinar del Rio probintzian, Viñales herrian, euren tradizioei eusteko mugimenduak indar handia hartu du. Ventana al Valle izeneko proiektua abiatu dute han. Amparo Loizaga da kultur proiektu horren koordinatzailea. “Kuban gertatu diren aldaketek eragina izan dute kulturan ere. Bertako zenbait kide jabetu dira kulturaren funtsa arriskuan dagoela, eta desagertu ere egin daitekeela”.

Euskal Herrian bada Viñalesekoarekin antzekotasun handia duen esperientzia bat: Gernika-Lumoko Astra sormen lantegia. “Kultura sortzeko eremuak dira biak”. Hala azaldu du Kuba bihotzean daraman Kepa Urionabarrenetxeak. Senidetasun horren adierazle, eta Viñaleseko egitasmoari laguntzeko asmoz, Ireki Leihoa Kubari jaialdia antolatu dute astebururako. Astrak, Euskadi-Kuba elkarteak, Ventana al Valle egitasmoak eta Arrano kultur elkarteak prestatu dute.

Loizagak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak. “Kultur arloan zenbait fenomeno gertatzen ari dira Kuban. Proiektuaren helburua da bertako kultura suspertzea. Gazteenei eta gerturatzen diren turistei Kubako kulturaren mamia ezagutarazteko aukera zabaldu gura diegu”. Arte adierazpen guztiak biziberritu gura dituzte: dantza, repentismoa, eztabaidarako mahaiak, hizkuntza ohiturak, etnografia, historia, biodibertsitatea, ingurumenaren zaintza, betiko gastronomia berreskuratzea eta domino arratsaldeen bultzada.

Sei urte daramatza martxan proiektuak. 150 lagunetik gora ari dira bertan lanean. Baina baliabide ekonomikorik ez dute. Eta, egitasmoak aurrera egin zezan, behar beharrezkotzat jotzen zuten eraikin bat. Euskal Herritik laguntza handia jaso dute horretarako. Gaur eta bihar Gernika-Lumon izango den jaialdian ateratako dirua ere horretara bideratuko dute. Ekitaldietan parte hartuko duten guztiek musu truk egingo dute. Esker ona agertu du Loizagak: “Gainerakoan, ezingo genukeen era honetako ezer antolatu”.

Urionabarrenetxea jaialdiaren antolatzaileak haren asmoen berri eman du: “Jaialdia dirua ateratzeko da, alde batetik. Horrez gain, kulturen arteko ezagutza sortu gura dugu, eta jendeari Kuban eta, bereziki, Viñalesen zer dagoen ezagutarazi”.

Hala, jai giroak eta aldarrikapenak bat egingo dute Astran. Musika, dantza, bertsolari eta repentista, eta mojitorik ez da faltako. Era berean, eta horiekin tartekatuta, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu dituzte.

Elikadura subiranotasuna izango dute hizpide, esaterako, gaur arratsaldean. Urionabarrenetxea harrituta geratu zen Kubara egin zuen bidaian, hango nekazaritzaren eta elikaduraren kudeaketarekin. “11 milioi biztanle dituen irla bat da. Blokeo izugarria jasaten ari da. Ezin dute makineriarik zein jenerorik lortu. Zelan dira gai bertako herritarrak ez ezik urtero dituzten bost milioi bisitariak ere elikatzeko?”. EHNE Bizkaia sindikatuko kide batek emango ditu azalpenak.

Bide batez, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxe publikoan abiatu berri duten probako proiektu baten berri emango du bertako guraso batek. “Jantokia guraso elkarteak kudeatuko du. Inguruko nekazariei erosiko dizkiete produktuak, eta ikastetxeko sukaldean bertan prestatu. Bertakoa indartu eta hobeto jatea da helburua”.

Euskal Herriko eta Kubako kulturen trukatze gisa, bertsolariak repentista moduan ariko dira kantuan gauean. Josu Goikoetxeak proposatuko ditu Andoni Egaña, Xabi Paya eta Jon Martinentzako gaiak. “Repentismoa eta inprobisazioa zer diren azalduko dute. Beste metrika batzuk baliatuta, gazteleraz abestuko dute”.

Bertsozale elkartea ari da Kubako repentistekin elkarlanean, transmisioak huts egin ez dezan. “Kuban profesional handiak dituzte, baina ahoz ahoko transmisioa besterik ez dute landu. Aitzitik, Euskal Herrian bertsolari elkarteek eta euskal jendarteak lan handia egin dute bertsolaritza sustatzeko”.

Bestalde, Kuban zer gertatzen ari den azaltzeko mahai ingurua antolatu dute biharko. Euskadi-Kuba erakundeak gidatuko du. Loizagaren arabera, helburua ez da hitzaldi bat egitea: parte hartzea eta elkar eragitea dute xede. “Blokeoarekin eta Guantanamorekin zer gertatzen den azalduko dute, baita egoera ekonomikoa eta kulturala zertan diren ere”.

Musika

Kubako jaialdi batean ezin falta zitezkeen bertako doinuak eta dantzak. Gaur D’Capricho taldearen kontzertua izango da. Kubatarrak dira, baina euskaraz abesten dute. Bertsolariak repentista gisa kantuan eta kontzertua entzuten ari direnek, nahi izanez gero, afaltzeko aukera izango dute.

Bihar, Habana 537 taldea ariko da zuzenean, Astrako agertokian. Sarrera bost euro kobratuko dute, eta edari bat eskuratu ahal izango dute sarrera erosten dutenek.

Mojitorik onena dastatu gura duenak aukera paregabea izango du jaialdian: nazioarteko txapelketa antolatu dute. Bi kategoria izango dira: Mojito tradizionala eta bakoitzak nahi duen eran egindakoa. Sariak ez dira nolanahikoak izango: Lehenengoa, Urandere itsasontzian lau lagunentzako txangoa. Bigarrena, zaldi txango bat Elantxobe inguruan. Hirugarrena, lau lagunentzako kanoa ibilbidea Laida eta Gautegiz Arteaga artean. Horiek ere doan eman dituzte.

Erakusketak

Ireki Leihoa Kubari jaialdiko ekitaldi nagusiak gaur eta bihar egingo dituzte, baina aurretik ekin diote motorrak berotzeari. Lau erakusketa zabaldu zituzten joan den astean, eta ikusgai izango dira hilaren 18ra arte. Emakumeak elikadura subiranotasunaren protagonistak; Kuba, solidaritate isilarazia; Kubako kooperazio eta lorkuntzak; Ventana al Valle: proiektuaren irudiak eta bideoak, eta Tasio marrazkilariaren zintak: Kuba leihoa mundua. Besteak beste, Kubaren elkartasuna agerian uzten duten erakusketak dira. “Nahiz eta gabeziak izan, herrialdea apur bat ezagutzen dugunok badakigu beti dagoela laguntzeko prest: hondamendi naturalak gertatu direnetan, beti egon dira laguntzeko prest. Hala ere, komunikabideek ez dute zabaltzen Kubaren irudi hori”, azaldu du Urionabarrenetxeak. Horretaz gainera, Tasioren erakusketak Kubaren azken urteetako historia islatzen du.

Asteburukoa era horretako bigarren jaialdia izango da. Lehenengoa iaz egin zuten, Abadiñon. Loizagak dirua lortzearen garrantzia azpimarratu du. Egin behar duten eraikina bukatu gabe dago. Agertokia, artistentzako gelak eta biltegia izango ditu, besteak beste. “Horrez gain, eremu ireki bat ere aurreikusita dago, ikusleek ikuskizunez gozatzeko eta proiektuko kideek entseguak egin ahal izateko”. Kubako Gobernuaren babesa dute, baina ez dauka diruz laguntzeko modurik.

Ventana al Valle egitasmoaren eraikina, erabilera anitzerako gunea izateaz gain, kulturen arteko harremanak bermatzeko toki ere bihurtu gura dute. “Euskal Herriko dantza talde bat Kubara badoa, leku horretan egin ahalko da trukea. Munduko kulturentzako zabalik egongo den espazioa sortu gura dugu”.

Kultura eta harreman sozialak bultzatzea dute helburu Astrak, Gernikan, eta Ventana al Valle egitasmoak, Kuban. Loizagarentzat, “Astra kultur erreferente bat izan da. Arma lantegi bat izan zen, eta duela hamar urte okupatu zuten. Apurka haziz joan da, eta, egun, kultur erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Bi proiektuak behe-behetik hasitakoak dira. Lan eta elkartasun handiz gauzatu dira. Herritarrak sozializatzeko topaguneak dira. Astran Euskal Herriko kultura lantzen dute; eta Ventana al Valle proiektuak, kubatarra. Antzekotasun handiko bi kultura dira”.

Lokal ahaztuak, artez beteak »

Pello A. Zuazo

Zer ematen dion arteak kaleari? Bizitza, argi eta garbi”. Irune Jimenez eta Eider Aldape Basauriko Udalak antolatzen duen Kaleartean topaketaren ordezkariak dira, eta, diotenez, artea kalera eramateak artearekiko dugun ikuspegia zabaltzen laguntzen du. “Kultura kontsumitzeko museoetara joan behar dugu, baina, kasu honetan, herrira, plazara, auzora, kalera ekarri dugu. Eta, horrela, kulturaren sozializazio bat gertatzen da”.

Aurten, bigarrenez egingo dute Kaleartean, Basauriko jarduerarik gabeko lokaletan egindako aldi baterako esku hartzeen topaketa. Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko hamar sortzailek Basauriko hamar lokal huts erabiliko dituzte beren proiektu artistikoak jendaurrean sortu, garatu eta erakusteko. Hau da: proiektu horiek sortzen eta garatzen dituzten bitartean, edonor sar daiteke lokal horietara. Jimenezek eman du azalpena: “Gauza berritzailea da hori. Izan ere, normalean, publikoak sortze prozesuaren emaitza baino ez du ikusten, baina, kasu honetan, prozesua bera zuzenean ikus dezake, eta baita prozesu horretan parte hartu ere, iritzia eman… eta obra aldakorra izan daiteke”.

Duela hiru urte Jimenezek eta Aldapek egunkarian irakurritako albiste bat da ideiaren iturria. Basauriko Udalak herriko lokal guztiak erroldatu zituela zioen albisteak, eta lokal horietako askok ez zutela inolako jarduerarik. Horrela, bada, udalera joan, eta lokal hutsen arazoari aurre egingo zion proiektu bat aurkeztu zuten. Udala oso interesatuta agertu zen, eta, elkarrekin, Kaleartean topagunearen lehenengo edizioa antolatu zuten. “Munduan egitasmo asko daude non espazio hutsak praktika artistiko eta kulturalekin birmoldatzen diren. Gure hirietan ere espazio huts ugari daude, ez direnak erabiltzen. Espazio horiei bizitza ematen saia gaitezke”.

Aldaperen esanetan, berriz pentsatu behar da espazio pribatuen erabilera: “Aldaketa bat behar da espazioen kudeaketan. Lokal bat ez da zertan alokairura edo salmentara bideratu; ez da bakarrik denda bat edo frutategi bat zabaltzeko baliatu behar. Zergatik ez kultura edo sormenarekin, edo industria sortzaileekin zerikusia duten ekintzak egiteko erabili?”. Adierazi duenez, espazioaren erabileraren inguruko hausnarketa ere bada Kaleartean. Hain zuzen, hiru dira finkatu dituzten xedeak: espazioen erabilera birpentsatzea; kulturari, arteari eta sorkuntzari balioa eman eta espazio publikora hurbiltzea; eta sortzaileei euren lanak aurkezteko eskaintza egitea.

Elkartrukea

Topaketa antolatzeko bidean, hiriaren zein eremu —edo kale— landuko dituzten erabakitzea da lehen pausoa. Izan ere, Kaleartean proiektu txikia da, eta ezin dezake hiri guztia barne hartu. “Ezin duzu lokal bakoitza hiriaren punta batean jarri; bestela, topaketa desbirtuatu egingo litzateke. Esparru kontzentratua izan behar du, indarra eta ikusgarritasuna lortzeko”, azpimarratu du Aldapek. Iaz bezala, Menendez Pelayo, Antonio Trueba eta Soloarte kaleen arteko lokalak aukeratu dituzte aurten, hiriaren erdigunean.

Higiezinen enpresek bitartekari lana egiten dute lokal horien jabeen eta antolatzaileen artean. Halere, aurten, lokal horiek aukeratzeko eta jabeekin zuzenean harremanetan jartzeko kanpaina eta deialdi irekia egin dute. “Higiezinen enpresen lana garrantzitsua da, baina horietan ez dagoen jendearengana ere heldu nahi genuen, eta Kaleartean zer den azaldu”. Iaz, zazpi lokalek parte hartu zuten, eta horietako hirutan negozio berriak zabaldu dira jadanik.

Publikoa eta pribatua

Arlo publikoa eta pribatua uztartuz, zerbitzu publiko bat ematen du topaketak. Eta, era berean, ematen duen zerbitzu publiko horrek arlo pribatuari ere mesede egiten dio. Hartu-eman zirkulu bat sortzen da, Jimenezen aburuz. “Kaleartean instituzio publiko batek bultzatzen du, baliabide pribatuak baliatzen ditu, eta hiritarrentzako doako eskaintza kulturala ematen du. Beraz, errekurtso pribatu bat onura publiko baterako erabiltzen da. Esango nuke hiruren artean elkartruke bat gertatzen dela. Gainera, artista gehienek Basauriko bertako komertzioetan erosten dituzte egunotako lana egiteko behar dituzten materialak”.

Artistak lehiaketa publiko bidez aukeratzen dira. Udalaren webgunean dagoen inprimaki bat bete, eta, han, zer egin nahi duten, aurrekontua, euren ibilbidea, zer-nolako lokal mota nahi duten eta abar azaldu behar dute. Aurten, 30 proposamenetik gora aurkeztu dira, eta epaimahaiaren zeregina izan da horietatik hamar aukeratzea. Malus Arbide artistak, Nerea Diaz sortzaileak, Alex Filiatreu diseinatzaileak eta Iker Serrano margolariak osatzen dute epaimahaia. “Gaiaren eta moduen aldetik, askatasuna erabatekoa da. Sormena eta sortzailea bere testuinguru guztietan ikusi nahi ditugu: diseinua, teknologia, ikus-entzunezkoa, artea, pintura, argazkigintza, performanceak, antzerkiak… Hori bai, sortzaileek herritarren parte hartzea eta interakzioa bilatzen dute beti”. Iaz, Basauriko ondarearekin eta historiarekin lotu zuten artista batzuek euren obra, edo garai batean lokal horretan gertatutakoarekin.

Sormena kalean barrena

Aurten, hainbat berrikuntza izango ditu topaketak. Iazko moduan, hamar sortzailek parte hartuko dute, baina, oraingo honetan, kategoria desberdinetan sailkatu dituzte. Horietako bik bi asteko estantziak sortuko dituzte; hau da, euren proiektu artistikoa bi astez garatuko da Basauriko lokal huts batean. Eta, horretarako, 1.000 euroko diru laguntza izango dute. Beste zortziek, berriz, hiru egun izango dituzte euren proiektua garatzeko. Eta zortzi horien artean ere bi kategoria egin dituzte: lau hasiberriak izango dira, eta 400 euroko diru laguntza izango dute, eta beste laurak senior mailakoak izango dira, eta 600 euroko laguntza izango dute.

Horrez gain, “programazio osoago bat” eskaini nahian, sortzaile gonbidatu bat ere egongo da aurten: VIC Vivero de Iniciativas Ciudadanas. “Madrileko talde bat da. Esan daiteke hirigintza eta arkitektura direla aurtengo diziplina gonbidatuak; gai horiek landuko dituzte”. Sortzaile gonbidatu horrek ere lokal huts batean egingo du lan. “Dakigunez, baso antzeko bat sortuko dute lokal barruan. Iturria izena jarri diote esku hartzeari”.

Era berean, umeen parte hartzea sustatzeko helburuz, Bizkotxalde parkean tailer eta jokoak egingo dituzte. Kaleartean topaketak iraungo duen hiru egunetan Basaurin mugimendua sor dadin nahi dute Jimenezek eta Aldapek, eta mugimendu horrek inguruko dendetan eta tabernetan ere eragina izan dezala. “Ea, honek, zentzu batean, bizitasuna suspertzeko balio duen”.

Hegaldirako lehen bultzada »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Gero eta musika jaialdi gehiago dago Euskal Herrian. Eta Bizkaian ere, nabaria da musikaldiek izan duten goraldi hori. Mundaka Festibal, BBK Live, Sopela Kosta Fest, Getxoko Jazzaldia… Baina badirudi musikarekiko dagoen gosea as…

Kaleko sortzaileen plaza »

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Akrobaziak egiten talde bat plazan, eta, kalearen bestaldean, beste talde bat dantzan. Bien bitartean, aktore talde bat ari da kalea gurutzatzen. Pailazo bat ere badabil, kalean gora eta behera. Agertoki bihurtu da Leioa egunotan. Atzo hasi zen Leioako XVII. Umore Azoka, eta igandera bitartean ehunka artista eta sortzailek hartuko dituzte herriko bazterrak. Guztira, 125 emanaldi izango dira Leioako kaleetan asteburu honetan, eta estreinaldiak izango dira horietako 21.

Jaialdia, festa eta azoka da Leioako egitasmoa. Urtero, 200 profesional baino gehiago elkartzen dira asteburu batez Bizkaiko herri horretan, eta, pixkanaka, toki hartu du kaleko artisten munduan. Gero eta sona handiagoa du Leioako Umore Azokak. Gero eta herritar gehiago biltzen ditu, eta gero eta konpainia gehiagok parte hartzen dute jaialdian. Guztira, 50 talde izango dira aurten, eta euskal konpainiak izango dira horietako hemezortzi.

Euskal taldeek nortasuna ematen diote jaialdiari antolatzaileen arabera, euskal konpainiekin batera “hazi” den azoka baita Leioakoa. Horren adibide da Deabru Beltzak taldea. Hogei urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko emanaldi berezia egingo du Umore Azokan. Su á Feu izeneko lana prestatu dute ospakizunerako. Baina Deabru Beltzak ez da estreinaldia eskainiko duen talde bakarra. Euskal talde guztien artean, hamaika taldek lan berria aurkeztuko dute Leioan. Eta denetariko ikuskizunak eramango dituzte gainera: antzerkia, dantza, clown-a, zirkua, txotxongiloak eta performanceak, tartean.

Baina euskal konpainiek ez ezik, herriko taldeek ere presentzia nabaria izango dute jaialdiaren hamazazpigarren edizioan. Itzala utzi du Leioan azokak, eta tokiko taldeak indartzea ekarri du horrek. Horregatik, toki propioa egin diete aurtengo programazioan. Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar los Sentidos elkarte artistikoa, Andoni Areste dantza eskola eta Gerry Regitschnig clown-a izango dira beren herriko bazterretan gertukoenei egiten dutena erakusten.

Jaialdia baino gehiago

Leioako Umore Azoka ez da sortzaile eta ikusleen arteko elkargunea soilik; programatzaile eta jaialdi zuzendarien topalekua ere bada. Eta, horregatik, konpainientzat beren burua ezagutzera emateko plaza ere izan daiteke Leioakoa. Asteburuan Frantziako eta Koreako arte eszenikoetako jaialdien programatzaileak izango dira, besteak beste. Hortaz, erakusleiho paregabea dute Leioan euskal taldeek beren lanak nazioartekotzeko.

Eta, jaiaz gain, hausnarketarako tartea ere egongo da egunotan. Akitania-Euskadi II. Topaketa ere egingo da Leioan, Etxepare Euskal Institutuak, EKEk eta Akitania-Euskadi euroeskualdeak bultzatuta. SAREA Euskal Antzoki Sareak ere batzar orokorra egingo du azokan. Eta profesionalen elkargunerako eta proposamenen trukerako tokia ere egokitu dute jaialdian, Artekale espazioan.

Inoiz baino luzeagoa izango da aurtengo festa. Izan ere, lehen aldiz, igande gauera arte izango dira ekitaldiak, eta horretaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pinosolo parkean dagoen Hiri Kulturgunean piknika eta hainbat ekimen egongo dira, besteak beste, domeka arratsaldean.

Antzerkigintzaren zaindari »

Natalia Salazar Orbe
Artearekin berarekin batera garatu da BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia. Duela hogei urte sortu zen, Barakaldon. Egin duen ibilbide luze horretan hainbat gauza aldatu dira antzerkiaren eta interpretazioaren munduan. Besteak beste, Da…

Danborrek astindutako festa »

Natalia Salazar Orbe
Ranplanplan, rapetaplan, rataplan. Perkusio doinuz zipriztinduko da bihar Zornotza. Euskal Herriko batukada taldeak eta perkusioa maite duten zaleak elkartuko dira bertan, Euskal Herriko Batukaden IV. Topaketan. Aurten, berritasun …

Regueibertsoa hauspo »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Regueifa eta bertsoa. Bertsoa eta regueifa. Euskara eta galegoa. Kantua. Errima. Bat-batekotasuna. Inprobisazioa. Ahozkotasuna. Hizkuntza. Jolasa. Horiek guztiak eta gehiago landu dituzte 80 bat ikaslek asteotan. 30 arratiarrek eta 50 galiziarrek. Euskaraz eta galegoz. Galizian eta Bizkaian. Eta oparoa izan da emaitza: nork bere hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura sendotu du, eta gazteek kulturen arteko konplizitateak josi dituzte. DBHko ikasleek. Arratiako institutukoek, eta Coruña, Pontevedra eta Lugokoek. Hizkuntza jolas gisa bizi izan dute, eta bertsolaritza zein regueifa hauspotuta atera dira. Horixe izan da Regueibertso egitasmoa. Maiatzaren 2tik 5era Galizian, eta 13tik 16ra Arratian.

Galiziako bat-bateko koplen tradizioa da regueifa, eta bertsolaritzaren antzeko oinarriak ditu. Baina ahul dabil azken urteetan, galtzetik gero eta gertuago. “Bertako askok ez dute ezagutu ere egiten”, azaldu du Iñaki Iturriotzek. Bertsolaritza irakaslea da Iturriotz Arratiako institutuan, eta ikasleekin ibili da Regueibertso egitasmoan.

Zenbait galiziar kezkatuta zeuden euren kulturaren zati bat gain behera zegoelako, eta hortik sortu dute esperientzia. Kasualitatez kasik. Kanpin batean elkar ezagutu zuten arratiar batek eta galiziar batek; kulturaz eta inprobisazioaz hizketan hasi, eta galiziarrak aitortu zuen euskaldunei inbidiaz begiratzen ziela: Galizian regueifa ez dela bertsolaritza Euskal Herrian bezain kutuna, ez dela zaintzen, eta galtzen ari dela. Hain zuzen, regueifa berreskuratzeko lanean dabilenetako bat da irakasle galiziar hura. Bere herrian bertsolaritza eskolan lantzen zela azaldu zion bizkaitarrak, eta esperientzia ezagutzeko irrika sortu zitzaion irakasle galiziarrari.

Galiziarrentzat eredu

Euskal Herriko esperientzia ezagutzekotan geratu ziren, eta Arratiara etorri zen galiziarra, beste batzuen ahotik entzuna zuena bertatik bertara ikustera. “Bertsolaritzak Euskal Herrian duen montajea ikusi nahi zuen; bertso eskolak, hezkuntza arautuan ematen diren klaseak… nola sustatzen ari den bertsolaritza gazteen artean”, dio Iturriotzek. Galiziarrek ere halako zerbait nahiko luketela azaldu du; antzeko zerbait eraiki, baina euren eredu propioan oinarrituta. “Horregatik ezagutu nahi zuten bertsolaritzaren mundua; ez hemengoa kopiatzeko, adibide moduan hartu eta eurena eraikitzeko baizik”. Eta horrela hasi zen elkarlana. Ikasleek esperientzia trukea egiteko aukera aztertu, proposamena landu, eta hilabete gutxira gauzatu da.

Ez zalantza gutxirekin, halere. Bertsolaritzaren eta regueifaren oinarriak berak izan arren, euskaraz kantatzen dute batzuek, eta galegoz besteek. Elkar ulertuko zuten gazteek? Horixe zuten kezka nagusi egitasmoaren sustatzaileek. Baina sorpresa atsegina hartu dute. “Oso bitxia da. Galizian egon ginenean, Santiagon egin genuen ekitaldian, guk euskaraz kantatu genuen, eta eurek, galegoz; gero gu hasi ginen eurekin regueifatzen… Itzelezko giroa sortu zen”. Zergatia argi du Arratiako institutuko irakasleak: “Azken finean, hizkuntzaren gainetik dago inprobisazioaren bat-bateko hori. Bat-batean sortu eta abesten duzunean sortzen den magia horrek ez du hizkuntzarik behar; berdin da euskaraz, galegoz edo katalanez aritu, orduantxe bat egiten baitute hizkuntza guztiek”.

Larunbatean Igorren egin zuten ekitaldi nagusian ere “magia” bera sortu zela dio; konplizitate sendoak eraiki zituela bat-bateko kantuak, batzuk euskaraz eta besteak galegoz aritu arren. Are, norbere hizkuntza internazionala izan daitekeela ere frogatu zuten ikasleek, Iturriotzen hitzetan: adierazteko eta elkar ulertzeko ez dela gaztelerara jo beharrik. Hala, nork bere hizkuntzari balioa emanda eta albokoarenera hurbilduta norbere hizkuntzarekiko lotura indartu egin dela frogatu dutela dio.

Aberatsa izan da esperientzia, beraz, bai bizkaitarrentzat bai galiziarrentzat. Euskararentzat eta galegoarentzat, bertsolaritzarentzat eta regueifarentzat. Horri guztiari hauspoa eman zaiola iruditzen zaio Iturriotzi. Eta hunkituta dago, bere ikasleak eta galiziarrak bezain hunkituta. Are, nork bere herrietan jaso duten laguntza eta giro ona ikusita. Esker oneko hitzak besterik ez dute guztiek, eta gurasoek, inguruko udalek zein herritarrek emandako laguntza eskertu ditu irakasleak.

Bidaiak amaituta, aurrera begira jarri dira guztiak. Errepikatu beharreko bizipena dela diote: “Egingo dugu Regueibertso bi; ez dakigu noiz eta zelan, baina egingo dugu, seguru; honek izango du jarraipena”. Egitasmoaren sustatzaile diren Arratiako institutua, Bertsozale Elkartea eta Arratiako Bertso Eskola apustuaren aldekoak dira.

Denetarik, nonahi »

Natalia Salazar Orbe

Kultur jarduerek eta ikuskizunek beteko dituzte datozen asteetan Bilboko auzo eta txoko guztiak. 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago jasota iritsi da Kultura Kalez Kale kanpaina. Maiatzean eta ekainean aukera zabala eskainiko diete denetariko gustuak dituzten ikus-entzuleei. Zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak zein kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelakoak ez dira faltako, orain artean bezala, udara bitarteko egunetan ere.

Hirian erreferentzia bilakatu diren programek osatzen dute eskaintza zabal horren atal handi bat. XII. Magia Topaketak dira horietako bat. Hogei mago inguru eramango dituzte programa horren barruan Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara. Bertan zein nazioartean gero eta indar eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren profesionalak batuko dituzte maiatzean. Adin guztietako ikus-entzuleek saio ugariz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 18an, esaterako, David Blancok eta Asier Kidamek Mr White esan Alakazam ikuskizuna taularatuko dute. Euskara eta ingelesa uztartzen dituen saioa da.

Folkloreak presentzia handia hartuko du. Hirian tradizio handienetakoa duen Dantza Plazetan egitasmoaren barruan, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiko dituzte hainbat taldek.

Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioak zein bestelako estilotakoek girotuko dituzte inguruak. Guretzat Fanfarria, Sugarri eta Ardoa Barrura dira lehenengo taldeko adibide batzuk. Eta Orkestra Elektrotxarangak, Kuklux Band Fanfarriak zein Molto Vivacek emango diete dantzaldiei kutsu berritzaileagoa.

Hirugarren urtez jarraian euskal musikarien zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera emango die ikus-entzuleei Euskarazko Musika Lehena Barrutian programak. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko hainbat agertokitara eramango dituzte. Ekainean izango dira horiek. Besteak beste, Aire Ahizpak zein Txuma Murugarren zuzenean ikusteko aukera izango da.

Zinemak protagonismo berezia du proposamen guztien artean. Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua zabalduko du. Programa horretako saioetan bi film jaialditan ikusitako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute. Hain zuzen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (Zinebi) eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (FANT) lanak eskainiko dituzte.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak ohikoa bilakatu den aire zabaleko zinema saioa hartuko du ekainaren bukaera aldera, FAS zineklubarekin lankidetzan. Aurten prestatu duten ekitaldian Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin eskainiko dute. Aurkezpen ekitaldi horretan taldeko kideren bat izango dela iragarri dute.

BLV-ART, ekainera

Berrikuntza gisa, orain arte urrian egiten zen BLV-ART egitaraua ekainera aurreratu dute. Ibaiondoko barrutiak hartuko du. Abangoardiako arte jarduerak eramango dituzte Bilbo Zaharreko inguru guztietara.

Adin guztietako ikus-entzuleentzako kale antzerkia eta zirkua ez dira faltako hirian. Barre konpainia, Domi Circo, Panta Rhei zein Rojo Telon euskal konpainiek familiako kide guztiek ondo pasatzeko egin ohi duten lanari eutsiko diote Kalez Kale programaren barruan ere.

Kalearen erabilera dute bereizgarri saio guztiek. Doan izango dira, gainera. Kultur proposamenak auzoetara eramatea du xede kanpainak. Kaleak animatu ere egin gura dituzte, eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harremanak sustatu. Dagoeneko, oihala altxatu dute Bilbon.

Sudur gorriak baino gehiago »

Natalia Salazar Orbe
Estreinaldiz josita iritsi da Arrigorriagara aurten Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzten zortzi ikuskizun taularatuko dituzte; tartean, Japoniatik eta Kanadatik iritsitako Merikoren…

San Frantzisko zenaren oinak »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Lur azpian egon dira urte luzeetan. Ilunpetan, ezkutuan. 2007. urtean aurkitu zituzten lehen arrastoak, aparkaleku bat egiteko lanak hasi zituztenean. Arrastoen garrantziaz ohartu, eta geldiarazi egin zituzten lanak; bertan…