Zorrek ito duten golf zelaia »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Polemika ugariren iturburua izan da Ganguren mendilerroan Artxanda golf elkarteak bultzatutako azpiegituraren eraikuntza. Eta zeresana ematen ari da oraindik ere. Luxuzko gune izateko pentsatutako egitasmoa hutsik geratu da. Joan …

Adimena, gurpil gainean »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Euren azkartasuna lehian jarriko dute ingeniaritzako ikasleek datozen egunetan; jakintza eta adimen azkarra gurpil gaineko abiadura eta energia eraginkorraren bidez frogatuko dute Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakul…

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin »

Euskararen arnasguneak «arriskuan» daude Bizkaian. Uemak eskatuta Soziolinguistika Klusterrak egin duen ikerketaren arabera, gero eta euskara gutxiago egiten da udalerri euskaldunetan. Eta gero eta gehiago, aldiz, erdaldunetan. Arnasguneak babestearen garrantzia azpimarratu dute adituek. - Irakurri gehiago...

‘Mozal legea’-k urtea betetzen duela eta, mobilizatzeko deia egin dute »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Iazko uztailaren 1ean sartu zen indarrean mozal legea deritzon Herritarren Segurtasunerako Legea; gaur urtebete. Eta Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformaren esanetan, eskubideek gainbehera egin dute ordutik. “B…

Etxebizitza, gizarteratzeko tresna »

Natalia Salazar Orbe
Mila lagun etxerik gabe bizi dira Bizkaian; kalean, bazterketa egoeran. Askok arazo psikologikoak dituzte, eta, sarri, ez dituzte onartzen aterpetxeek eskaintzen dizkieten baliabideak. Ostatu duina da gura eta behar dutena. Halakor…

Oporretako oreka ariketak »

Lana eta haurren zaintza uztartzea nekeza da, oso, herritar askorentzat. Eta egoera are gehiago okertzen da udako oporraldian. Adituen ustez, gizartearen balioek ez dute kontziliazioa ahalbidetzen. - Irakurri gehiago...

Kamiñaldeko lanen kostua berriz aztertuko dute erakundeek »

Pello A. Zuazo

Ondarroako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia berriz bildu ziren joan den ostiralean Kamiñaldeko lanen inguruan berba egiteko. Batzar horretan Zunbeltz Bedialauneta alkateak bigarren finantziazio plan bat aurkeztu zuen apirilean eroritako mendi hegala egonkortzeko lanen kostuari aurre egiteko. Datozen egunetan aldundiko teknikariak Ondarroara joango dira lanak zelan doazen ikustera, eta kostuak nola merkatu daitezkeen aztertuko dute. Izan ere, erorketa gertatu zenetik, udalak arazoak izan ditu finantziazioa lortzeko, eta konponbide bat bilatu asmoz, behin eta berriz batzartu da aldundiarekin.

Apirilean, krisi-mahaia eratu zuten udaletxean zenbait eraikuntza eta geologia enpresarekin. Eta egoera zein zen aztertu ostean, egun horretan bertan udala aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu zen. Lanen kostuei aurre egiteko finantziazio plan bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta bai aldundiak, bai Jaurlaritzak, datu guztiak aztertzeko denbora eskatu zuten. Kostuei buruzko azalpena emana du Bedialaunetak: “Etxeen konponketak egiteko 200.000 euro aurre-ikusi dira; mendi magalaren konponketa lanetarako, 12-13 milioi; eta, horrez gain, desjabetzeen kontua ere hor dago. Guztira, gehienez, 17 milioi euroko gastua da”.

Gerora, udalak proiektua bidali zion aldundiari, eta batzarra eskatu. “Guk beti batzarra nahi izan dugu, baina hirutara: Jaurlaritza, aldundia eta udala. Baina Jaurlaritzak ezezkoa ematen zigun, argudiatuz udalerria aldundiak babestu behar zuela”. Horrela bada, aldundiak 1,5 milioi euro jarriko zituela hitz eman zuen. Ostera, udalak berak aurretik 1,3 milioi euroko partida bideratu zuen lan horietarako. “Lanak lehenbailehen hasi eta amaitu behar dira. 200.000 metro kubiko harri kendu dira, baina guzti hori solte dago, ez da egonkorra. Momentuz, hasierako gastu guztiak guk bakarrik ordaindu ditugu: lanean dabiltzan enpresak, geologoak…”, aitortu du Ondarroako alkateak.

Jaurlaritzaren zain

Negoziazioan Jaurlaritza falta zenez, Bedialaunetak laguntza eskatu zion aldundiari, bitartekari lanak egin zitzan. Eta azkenik, ekainaren 9an Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuarekin batzartzea lortu zuten. “Ordura arteko prozesu guztia nola joan den azaldu genion. Eta eurek, berriz ere, esan ziguten mendiaren hegaleko lanen kostua euren eskumenetatik kanpo geratzen dela, eta tramite guztiak aldundiarekin egin behar genituela”. Dena den, Jaurlaritzak Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin herritarrei babesa ematen jarraituko duela baieztatu zien udal ordezkariei.

Batzar hartatik irteterakoan, Bedialaunetak adierazpenak egin zituen hedabideen aurrean, esanez, finantziazio arloan instituzioek ez zutela Ondarroa behar den beste babesten. “Hori esan ondoren, Ana Oregik eta Iñigo Urkullu lehendakariak Ondarroa ez zutela bakarrik utziko eta beti hor egon direla esan zuten twitterren”. Eta, liskarraren ondorioz, Oregik beste finantziazio plan egiteko eskatu zion udalari.

Joan den ostiralean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin bildu zen Ondarroako alkatea. Finantziazio plan berria aurkeztu zuen eta aldundiak adierazi zion lanen kostuak merkatzeko ahalegina egin behar dela. “Ondarroako udaletxean egin genuen lehenengo batzar hartan ikusi genuen legez, kostuak jadanik oso doituta daude”. Horrenbestez, aldundiko eta udaleko teknikariak berriz elkartuko dira mendi magaleko lanak aztertzeko, eta prezioen inguruan berba egiteko. Halere, Bedialaunetaren aburuz, atzera egitea da berriro ere kontu horiekin bueltaka hastea. “Bere garaian baiezkoa eman zitzaien obra horiei, eta orain, berriro ere prezioak berrikustea pixka bat korapilatsua da. Badakigu arazoa Ondarroako Udalarena dela, baina gure ahalmena mugatua da. Horregatik gabiltza laguntza eske”.

Espainiako Gobernuari ere eskatu diote laguntza, baina uda ostera arte ez dute harengandik ezer jasoko. “Bitartean lanek aurrera jarraitzen dute, eta fakturak ordaintzeko daude. Egoera kritikoan gaude”. Alkatearen esanetan, denbora kontua da kreditu bat eskatu behar izatea. Izan ere, Kamiñaldeko lanen kostua udalaren urtebeteko aurrekontu guztiaren bikoitza da.

Bitartean, 176 familiak euren etxeetatik kanpo jarraitzen dute, etxeak hutsik eta kaleak moztuta. Alokabideren bitartez hirurogei bat etxe eman dira Ondarroan bertan, eta beste batzuk herritik kanpo. Gainontzekoek familien eta lagunen bitartez aterpea lortu dute. Alkatearen esanetan, abuztu erdialderako aurreikusten dute “erreka aldeko” kaleak zabaltzea eta etxebizitzak erabilgarri egotea. Mendiaren ondoan dauden beste 32 etxebizitzek denbora gehiago beharko dute, behintzat mendia egonkortu arte. “Kamiñalde auzoa babes gabe dago eta horrek ezinegona sortzen du. Bizkaibusa ez da hara sartzen eta hango komertzioak ere oso txarto dabiltza”.

Bilboko Zazpikaleak sentituz ezagutzen »

Asier Arrate Iruskieta

Turismo mota asko daude gaur egun: kulturala, ekologikoa, abenturazkoa… Martitzenean, Bilbon, turismo inklusiboa ezagutu ahal izan zuten ONCE Astean parte hartu zutenek. Turismo eredu horren helburua da ezgaitasunaren araberako ibilaldiak eta bidaiak antolatzea.

Zabalkundean dago turismo inklusiboa, eta Bilbon, dagoeneko, badira zenbait turismo gidari Travel for All agentziarekin elkarlanean itsuentzako ibilaldiak egiten dituztenak. ONCEk aukera hori baliatu du ikusmen arazoak dituztenek oporraldiak nola bizi dituzten ezagutzera emateko.

Bilbo ezagutzera datozen turista askok bezala, Plaza Biribileko turismo bulegoan hasi zuten ibilaldia asteartean. Unai Manzanas gidariak Bilboko erliebedun mapa bana eman zien parte-hartzaileei. Horrekin batera azalpenak eman zizkien ibilbidearen inguruan, eta soinuen garrantziaz ohartarazi zituen. Parte hartzaile bakoitzak laguntzaile bat izango zuela entzutean lasaitu ziren asko.

Begiak estalita eta laguntzaileari ondo helduta abiatu zuten ibilbidea hamalau bisitarik. Nafarroa kaletik behera zihoazela komunikazioa etengabea zen laguntzaile eta parte-hartzaileen artean. Deseroso ziren zenbait: bazekitelako norantz zihoazen, baina ez zein puntutan zeuden. Euren burua kokatzeko lehen arrastoa Areatzako zubian eman zien gidariak. Hezetasuna eta airea nabaritzean errekaren gainean zeudela jakin ahal zutela azaldu zien, nahiz eta zegoen bero sargoriarekin zaila zen aire izpi txikiena nabaritzea.

Zubitik Arriaga plazara jarraitu zuten lehen geldialdia egiteko. Bidean aurkitu zuten lehen oztopoa: antzokiaren aurreko eskailerak. Arriskurik ez izateko, inguratzea erabaki zuen gidariak. Manzanasek azaldu zuen badirela zenbait oztopo, baina orokorrean, Bilbo ondo moldatua dagoela beste hiri batzuekin alderatuta: “Ibilbide osoan ez dugu eskailera gehiago aurkituko, eta zintarri guztiak beheratuta daude; hori bai, semaforo askori soinua jarri behar diete oraindik”.

Azalpenen garrantzia

Behin plazan, Manzanasek Arriaga antzokiaren eta inguruko eraikinen azalpen historikoa hasi zuen. Azalpenak, ordea, ez ziren ohikoak. Eraikinen historiaz aritzeaz gain, euren forma eta tamaina irudikatzeko azalpen oso zehatzak eman behar zituen gidariak. “Ez da erraza, gauza asko jakintzat ematen direlako”, azaldu zuen Manzanasek. “Ibilbidea sentsorialagoa egin behar dugu”.

Sentsorialtasun horren lehen adibidea Arriagako aurrealdeko fatxadan bertan sentitu ahal izan zuten. Gidak antzokiaren hormara hurbildu zituen hareharriaren eta Ereñoko marmolaren arteko desberdintasuna nabaritzeko.

Behin Alde Zaharrean, ibilgailurik gabe, erosoagoa egin zitzaien ibilbidea. Gainera, Maribel Navascues parte-hartzailearen esanetan, galtzadarrizko zola lagungarria zen: “Zapaltzen duzuna sentitzea izugarri garrantzitsua da; ideia bat egiten duzu kalearen zein puntutan zauden”.

Zapaltzen zuenaz gain, tenperatura aldaketak eta aire boladak baliatzen zituen Navascuesek non zegoen jakiteko. Bilbokoa izanik, nondik zebilen konturatzeko nahikoa izango zela uste zuen. Ez zen horrela izan, ordea. Arriaga plazan zirela, gidariak azaldu behar izan zion San Nikolas eliza bere atzean zegoela.

Bidebarrieta kaletik barna, sentsorialtasuna lantzen jarraitu zuten. Gidariak Bidebarrietako liburutegiaren inguruko azalpena ematen zien bitartean, eraikinaren harri landua ukitzera gonbidatu zituen. Berdin Txakur kalearen eta Loteria kalearen artean dagoen iturriko lehoi buruekin.

Jose Antonio Ravala parte-hartzailearen esanetan, hiria ezagutzen baduzu ideia bat egin dezakezu; baina toki ezezagunetan arazoa izan daitekeela uste du. Bera eguzki eta itzalez baliatu zen norabidea jakiteko. “Eguzkia mendebaldean dagoenez badakit norantz noan”. Kaleetan zarata gutxi zegoela ohartu zen, eta beraz zailagoa egiten zitzaiola objektuak eta pertsonak kokatzea.

Done Jakue katedralera iristean elizpera sartu ziren. Aterpearen forma irudikatzeko gidariak akustikarekin jokatu zuen. Eta hortik katedraleko atera gerturatu ziren, izar formako errematxeak ukitzera.

Izozki dasta bukatzeko

Handik lasai batean itzuli ziren Plaza Barrirantz. Bidean non zeuden ziur jakin gabe jasotzen zituzten zarata eta usainen berri ematen zuten etengabe parte-hartzaileek. Zamudioko Atean zeudela igarri zuten, inguruko taberna eta dendetatik zetorren zarata eta ahotsak nabaritu zituztenean. Aurrerago, beste partaide batek, gozoki denda baten albotik pasatu zela usaindu zuen. Gidariak azaldu zien ibilbidearen parte dela bakailao eta antzeko dendetara sartzea Alde Zaharreko usainak identifikatzeko.

Ibilbidea Plaza Barriko izozki denda batean bukatu zuten. Bertan, zentzumenekin jolasten jarraitzeko, parte-hartzaileei zapore bereziko hainbat izozki eman zizkieten dastatzeko, eta zaporea asmatzeko erronka egin zieten. Eguzkipean ia ordu eta erdiko ibilbidea egin ostean, parte-hartzaileek gustura hartu zuten “azken sorpresa”.

Lehen taldeak bukatuta, bigarren ibilaldi gidatua egin zuten Zazpikaleetatik barrena. Ez zen izan ONCE Asteko ekintza bakarra. Bezperan, esaterako, agintariek Garraio Tourra egin zuten garraio publikoaren egoera aztertzeko. Bihar emango diote amaiera asteari, goizeko 10:30etatik aurrera Azkuna Zentroan egingo den ekitaldi nagusiarekin.

Sukalderaino, bizikletaz »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Grezian dabil Julen Nafarrate Aurrekoetxea berangoztarra, astelehenetik. Alde batetik bestera, bizikletan. Sukalde batetik bestera. Izan ere, hiru hilabetean Europa hegoaldeko kostaldean gauzatuko duen proiektu bitxiak suka…

Bizkaiko kaleak ezin hustu »

Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatuta dituen hainbat enpresatako langileak lan baldintzen «okertzea» salatzeko protestak egin dituzte azken urtean. Beharginen arabera, lan gatazketan erantzukizun zuzena du diputazioak, haren esku baitaude zerbitzu publikoak. - Irakurri gehiago...