Sustraietara itzultzeko Ibilaldia »

Ikastolen sorrerako filosofiari heldu, eta jatorrizko Ibilaldira itzultzeko saioa egingo du aurtengoak. Herritik gertuago dagoen jai eredu parte hartzailea Durangon izango da igandean, ‘Dagigun!’ leloarekin. - Irakurri gehiago...

Pantailaren bestaldeko lagun euskalduna »

Pello A. Zuazo
Euskara Internet bidez, doan, munduko edozein lekutan eta edozein ordutan praktikatzeko tresna”. Horixe da Mintzanet, Ritxi Lizartzaren aburuz. Hura da proiektuaren burua, eta dioenez, tresna horrekin jada ez dago aitzakiarik euskarari e…

Asiako liztorra ezin menderatuta »

Habiak kentzeko protokolo bat jarri du martxan aldundiak, udalekin elkarlanean. Gueñesen eta Getxon erreginak harrapatzeko tranpak jarri dituzte, erleentzako sortzen duten arriskuaz jabetuta - Irakurri gehiago...

Danborrek astindutako festa »

Natalia Salazar Orbe
Ranplanplan, rapetaplan, rataplan. Perkusio doinuz zipriztinduko da bihar Zornotza. Euskal Herriko batukada taldeak eta perkusioa maite duten zaleak elkartuko dira bertan, Euskal Herriko Batukaden IV. Topaketan. Aurten, berritasun …

Elkartasun olatua itsasoratuz »

Natalia Salazar Orbe
Elkartasun Big-Banga leherrarazteko prest dago Txori Barrote konpartsa. Kaiolatik atera guran barroteei mokoka ageri den okil bat sinbolotzat duen konpartsak 30 urte bete ditu. Urteurren borobil horri zabalkundea emateko lehen muga…

Hiru gerra gainditu dituen lantegia »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gernikako trenbide ondoan, betidanik hor dagoela dirudien eraikina da Talleres de Guernica enpresarena. Zapala eta luzea, herriko belaunaldien joan-etorriaren lekuko izan dena. 1916ko maiatzaren 12an zabaldu zuten Gandarias familiakoek, eta, aldaketak aldaketa, duela ehun urteko leku berean jarraitzen du lanean. Industria makineriaren lantegi moderno gisa sortu zen, eta, mende bat geroago, puntako erreferente da oraindik ere industria munduan. Egoera berrietara egokitu, eta tornu bereziak ditu, egun, eguneroko ogi. Tamaina handiko tornu birakari automatikoetarako platerak egiten espezializatu da, eta horrek eman dio irauteko gaitasuna.

“Mende bat betetzea arraroa da enpresa batentzat”, diote Bizkaiko Merkataritza Erregistroan. Zenbat diren ez dakite erregistroan, baina “oso gutxi” izango direla ohartarazi dute. Izan ere, gaur egun martxan dauden enpresen %1,25 soilik sortu ziren 1975a baino lehen.

Garai onak eta txarrak. Denetarik igaro du lantegi zaharrak. 500 langile izan zituen urrezko urteak, eta krisialdiak ere izana da. Gerra garaietan ere zutik iraun zuen. Bi mundu gerrak eta 36koa pasatutakoa da. Gernikako bonbardaketa bizi izandakoa. Aldaketetara egokitzeko gaitasuna eta langileen irmotasuna jarri ditu arrakastaren oinarrian enpresak, baina zorte ona ere aldeko izan du zenbaitetan: 1937an, Kondor Legioak hirian jaurtitako bonbek ez zuten azpian harrapatu, adibidez; bonbardaketak suntsitu ez zuen Gernikako eraikin bakanetakoa da.

Martxa onean ari da lanean gaur egun ere. 40 langile ditu, eta espezializazioaren bidean jarraitzen du. Tornuentzako munduko plater automatikorik handiena egin zuen duela urte gutxi: zazpi metroko diametroa duena. Horretarako, 73 tona burdina urtu behar izan zituen 1.500 gradutan. Oraindik ere, munduan dagoen antzeko piezarik handiena da.

Ricardo Bastidarena

Eraikinak berak ere badu bere balioa. Ricardo Bastida Bilboko arkitektoak diseinatu zuen lantegia; Bizkaian ospe handia lortu zuten azpiegituren egileek. Bastidak diseinatu zituen, besteak beste, itsasontzi handiak azpitik igarotzeko zabaltzen zen Deustuko Zubia, Alondegia, Getxoko Punta Begoñako galeriak, eta Bilboko udaletxea bera.

Talleres de Guernicako kideen esanetan, ilusioz ospatu dute mendeurrena, eta are ilusio handiagoz begiratzen diote etorkizunari: Beste ehun urte “gutxienez” betetzeko nahiarekin.

53 ikastetxek planto egingo diote Heziberriren probari, “atzerakoia delako” »

Hezkuntza Plataformen Topaguneak dio 8 urteko ikasleek egin behar duten azterketa jasotzen duen proiektua ikasleen aukera berdintasunen kontrakoa dela. - Irakurri gehiago...

Mila lagun bizi dira kale gorrian »

Natalia Salazar Orbe
Hogei etxegabe hil dira Bizkaian azken hamar urteetan. Kalean, kutxazainen batean edota abandonatutako etxeren batean aurkitu dituzte. Etxegabeei babesa emateko Beste Bi plataformak gogoan izan ditu horiek guztiak, eta hamar urteta…

Ollerietako liskarren aurkako neurriak eskatu dituzte auzokoek »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko Ollerietako auzokideei pazientzia amaitu zaie. Urteak daramatzate Los Pitxis ezizenarekin ezaguna den familia batekin liskarretan, eta salatu dute udalak ez diela jaramonik egiten. Sarri jo dute instituzioetara lagu…

Zezen plazaren galerak hamar bider handitu dira, ikusle faltagatik »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Vista Alegre zezen plaza gain behera doa. Nabarmen azken bi urteetan. 2013ra arte kontu ekonomikoak irabaziekin ixten bazituen ere, hurrengo urtetik aurrera galerak ekarri ditu urteko balantzeak. Abiadura handia hartu du beherakadak, gainera. Aspaldiko sasoi onetatik urrun, ia 75.000 euroren irabaziak izan zituen zezen plazak duela hiru urte. Hurrengo urtean, ia 15.000 euroren galerak; eta, iaz, 153.350 euro ingurukoak.

Joerak atzera bueltarik gabekoa dirudi, eta Vista Alegreko Administrazio Batzordeak alarma piztu du. Azken bi urteetako emaitza txarrak aurreko urteetan pilatutako diruarekin ordaindu diren arren, kutxan gordetakoa amaitzen ari da. Zerbait pentsatu beharra dago.

Erabilera berriak behar ditu plazak. Horretan ados daude guztiak: bai Vista Alegreko Administrazio Batzordeko kideak eta bai udal talde guztietako ordezkariak. Kontuan hartu behar da Vista Alegreren jabetza erdia Bilboko Udalarena dela, eta beste erdia Miserikordiarena. Aldi berean, udalak du Miserikordiaren jabegoaren %50.

Zezenketak bai ala ez

Denak datoz bat zezen plazak zezenketak ez diren jarduerak hartu behar dituela. Baina udal talde batzuek uste dute zezenketak bertan behera uzteko baliatu behar dela momentua, eta beste batzuk ez daude zezenketak kentzeko prest; ez dute gai hori eztabaidaren mahaira eraman ere egin nahi. Jarrera kontrajarriak agerian geratu dira Ricardo Barkala Espazio Publikoaren Erabilerarako zinegotziak udaletxean alderdietako ordezkariei azalpenak emateko egindako batzordean. Vista Alegreko administratzailea ere bada Barkala, eta erakundearen azken bilerari buruzko informazioa emateko egin du agerraldia. Zezen plazaren kudeatzaileak bestelako ekitaldiak egiteko aukera aztertzen ari direla jakinarazi du Barkalak. Hainbat enpresarirekin harremanetan daudela eta plazara zezenketak ez diren beste ekitaldi batzuk eramaten saiatzen ari direla.

Ez dela erraza aitortu du, hala ere. Azpiegituraren beraren egiturak mugak dituela zenbait jarduera erakartzeko. Luis Egiluz PPren ordezkariak gaineratu du beste arrazoi bat: Bilbon eta inguruan badira zezenketak ez diren ekitaldietarako egokiagoak diren lekuak. Euskalduna jauregia, Bilbo Arena, Casilla eta BEC aipatu ditu. Hala ere, Vista Alegren kontzertu, zirku eta azokaren bat egin izan dela gogoratu, eta horietan sakondu behar dela azaldu du; hori dela zezen plazak urtea galerarik gabe amaitzeko modu bakarra. EAJk eta PSEk bezala, erabilera handitu nahi du PPk, baina, betiere, zezenketei eutsita.

EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok, berriz, zezenketak kentzearen aldeko apustua egin dute. “Bada garaia aitortzeko zezen plaza ez dela errentagarria”, adierazi du Lander Etxebarria EH Bilduren ordezkariak azpiegituraren norabidea aldatu beharra azalarazteko: “Errentagarria balitz ere, horren aldeko apustua egingo genuke? Animalien tratu txarra oinarri duen jardueraren aldeko apustua egiten jarraituko da?”.

Goazen Bilbaoko Samir Ladhou zentzu berean mintzatu da. “Zezenen sarraski” gisa izendatu ditu zezenketak, eta animalien sufrimendua amaitzeko garaia dela adierazi du. Zezen plaza bestelako jarduera batzuetara soilik bideratzeko eskatu du.

Baita Udalberriko Carmen Muñozek ere, beste zertzelada bat gehituta: “Zentzuzkoena litzateke diru galera amaitzea diru publikoarekin laguntzen diren zezenketak ezabatuta”. Hain zuzen, zezenketak ofizialki diru publikoarekin laguntzen ez diren arren, praktikan hala egiten dela ohartarazi du. Gogoratu du udalak 20.000 euro bideratzen dituela zezenketetarako abonamenduak erostera, eta hori “ezkutuko diru laguntza” dela iruditzen zaio.

Hala ere, Barkalak argi utzi du: “Administrazio batzordearen bide orrian ez da aurreikusten zezenketak kentzea”. Gaur egun bestelako jarduera batzuk ere Vista Alegrera eramaten saiatzen ari direla errepikatu du, eta bi hilabete barru dauden proposamen eta aukeren berri emateko konpromisoa hartu du.

Bestalde, administrazio batzordeak zezen plazaren eragin ekonomikoa aztertzeko ikerketa bat eskatuko duela ere jakinarazi du zinegotzi jeltzaleak. Alde horretatik, Aste Nagusian egiten diren zezenketek ekonomiari on egiten diotela nabarmendu dute zezenketen aldekoek.