Etengabeko bidegurutzean »

Siriako 500 errefuxiatu hartzeko prestatu zen Bizkaia 2015ean, eta Goihabe programa sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako. 118 herritar artatu ditu programak 2016an. Lurraldera iheslari siriar gutxi iritsi direla eta, herrialde guztietako errefuxiatuak jaso ditu diputazioak. - Irakurri gehiago...

Bilbo pizteko txinpartak »

Natalia Salazar Orbe
Kultura, aisia eta herritarren arteko harremanak sustatzeko beste modu bat aldarrikatzen dute hainbat eragilek. Zail dute sarri asko, ordea, herriak herriarentzako antolatutako jardueren aldeko apustua egiten dutenek; gune autogest…

Basamortutik, arnasgune bila »

Natalia Salazar Orbe
Udako egun sargori bat; 60 gradu itzaletan. Bero sapa. Astuna. Urteak joan eta urteak etorri. Eta etorkizun oparorik ez. Marokok beren lurraldea okupatuta, beste irtenbiderik gabe geratu ziren Mendebaldeko Saharako bizilagunak. Bas…

Kultura eta kirola, udalekuen ardatz »

Alaitz Armendariz

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du 2017ko udalekuetan parte hartzeko prozesua. Martxoaren 24ra bitarte, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutil bizkaitarrek aukera izango dute udalekuetara joateko zozketarako izena emateko. Guztira, 1.572 umerentzat egongo da tokia, eta zazpi instalazio eskainiko ditu aldundiak —Bizkaian sei eta Nafarroan bat—, zazpi eguneko egonaldiak egiteko: Lapurreketako baserri-eskola (Dima), Gorlizko aterpea, Urduñako aterpea, Zugaztietako aterpea (Trapagaran), Lauaxeta ikastola (Zornotza), Lurraska baserri-eskola (Ajangiz) eta Legasa (Nafarroa). Dena den, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eskainitako udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute ume bizkaitarrek, aldundien arteko toki trukeari esker.

Aurten, udalekuek zenbait berrikuntza izango dituzte. Iragarri dutenez, probako proiektu bi jarriko dituzte martxan uda honetan. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturarako diputatuaren hitzetan, aldaketa “nabarmenak” izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuetan: “Euskara beti izan da udalekuen ardatza, baina, aurten, gure hizkuntzaren erabilera informalarekin lotura zuzena duten jarduera bereziak ere egingo dira”, zehaztu du. Beste bi arlo ere landuko direla aurreratu du: herri kirolak eta euskal kulturaren tradizioa. Bilbaoren esanetan, udalekuen helburua da umeek tokiko kirolen eta euskal kulturaren alderdi “adierazgarrienak” ezagutzea, landuko dituzten dinamika eta jolasak baliatuta.

Hala, “sakonago” landuko dituzte euskal kulturaren tradizioa eta kirola. Horretarako, aldundia herri kiroletako jarduerak lantzen ari da, umeak herri kiroletan trebatzeaz gain, kirol bakoitzaren historia eta esanahia ezagut dezaten. Gainera, euskal kulturaren tradizioa ere aztertuko dute, eta hainbat arlo landuko dituzte: euskal kantak, euskal dantzak, mitologia, joko tradizionalak, musika eta ohiturak. Jarduera berri horiek Lauaxeta ikastolan eta Zugaztietako aterpean egingo dituzte, baina, aurtengo probako proiektuez gainera, udalekuetan egin ohi dituzten jarduerak ere izango dituzte.

Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen zazpi instalazioez gain, Bizkaiko neska-mutilek Araba eta Gipuzkoako aldundiek eskainitako tokietara joateko aukera izango dute; Gipuzkoan lau toki izango dira, eta Araban hiru. Gipuzkoako aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran eskainiko ditu egonaldiak, eta Arabako aldundiak, berriz, Barrian, Ulibarri-Ganboa urtegiko Zuhatza irlan eta Valderejon.

Egonaldiak zazpi egunekoak izango dira leku guztietan, eta zenbait txandaren artean aukeratu ahalko da, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitarte. Taldeak adinaren eta hizkuntza ereduen arabera antolatuko dituzte: 7-8 urte (221 toki, euskaraz); 9-11 urte (751 toki euskaraz eta 50 ele bitan), eta 12-13 urte (500 toki euskaraz eta 50 ele bitan). Bizkaiko umeentzako 1.472 toki euskaraz izango dira, eta gainerako 100 elebidunak. Gainera, aldundiak tokien %5 gordeko ditu desgaitasunen bat duten umeentzat.

18 eta 121 euro artean

Aldundiak toki bakoitzaren kostuaren %72 ordaintzen du; hortaz, 121 euro ordaindu beharko dira ume bakoitzarengatik. Halere, baliabide ekonomiko urriak dituzten kolektiboetako kideek 18,15 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte, eta familia ugarietako kideek, ostera, 84, 70 euro.

Eskabideak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahalko dira, Interneten bidez edo Bizkaiko foru bulegoetan, udal bulegoetan zein eskualde bulegoetan. Web orrian azaltzen da non dauden bulego horiek. Bestela, zalantzak argitzeko 944-06 33 60 telefonoa jarri dute eskuragarri. Zozketa apirilaren 24an izango da, eta tokirik lortzen ez dutenak itxarote zerrendan zein hurrenkeran gelditzen diren ere zehaztuko dute.

Baserritik hirira, zuzenean »

Elikadura burujabetzaren bidean urratsa egin nahian, tokiko produktu ekologikoak oinarri izango dituen proiektua jarriko da martxan urrian Bilbon: Labore denda. Ehunka bazkiderekin, ekoizteko eta kontsumitzeko eredua eraldatuko duen kooperatiba handia izan nahi du. - Irakurri gehiago...

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek »

Natalia Salazar Orbe

Izar Beltz ateneoaren 11. urteurreneko ospakizunak prestatzeko astelehenero egiten zuten batzarraren ostean iritsi zen ezustekoa. Asteartean, goizean goiz, Ertzaintzak hustu egin zuen Bilboko Irala auzoan zegoen “gune autogestionatu, libertario, antiespezista eta antierrepresiboa”. Kautelaz hartutako neurri hori legez kanpokotzat jo dute hango kideek. “Legez ezin dute gauzatu era horretako esku hartzerik. 11 urte egin ditugu han, eta isilbidezko akordio bat geneukan jabearekin”. Azken bi urteetan, elkarren arteko giroa gaiztotu egin da, eta ez ziren horren ondo moldatzen. “Beraz, normalena prozesu zibil batean sartzea zen”. Horrelakorik ez da gertatu, ordea, eta hustu egin dute. “Legez ezin dute gauzatu neurri hori era horretako prozesu batean”.

Egoera horri aurre egiteko, hustearen aurkako salaketa jarri dute Izar Beltzekoek. Aurreikusi dute epaileak erabakiren bat hartuko duela bospasei egun barru. Berriz ere gunean sartzeko baimena emango dieten itxaropena dute. Hori gertatuz gero, prozesu zibila abiatzea da euren asmoa.

Hamaika urtez atzera eginda, inor gutxik esango luke erabat utzita zegoen gune hura gaur egun Bilbon erreferente bilakatuko zenik. Urteetan gune horrek hartu duen oihartzun hori jo dute, hain justu, hustearen arrazoitzat. “Era horretako jarduerak erabaki politikoen eraginak izaten dira. Duela zenbait hilabete, Etxarri hustu zuten. Orain guri egokitu zaigu. Gure auzoan irauten duen era honetako gune bakarra Oihuka da. Noiz arte? Ez dakigu. Gaztetxeak eta gurea bezalako guneak esparru politikoak dira. Agintariek ez dute nahi euren hirian era horretako espazio autogestionaturik”.

Epailearen erabakia iritsi bitartean, erantzun soziala eman dute kalean. Elkarretaratzera eta manifestaziora deitu zuten asteartean bertan. “Jende eta kolektibo asko etorri ziren. Ia 600 lagun elkartu ginen. Babes handia erakutsi digute. Hori oso garrantzitsua da: erakutsi digu gauzak ondo egin ditugula. Astearte buruzuri bat zen, euria ari zuen, eta, hala ere, ia 600 lagun azaldu ziren babesa ematera. Ederra da oso, eta adierazgarria”.

Salaketa ugari

Iruñetik, Durangotik, Gasteiztik… hainbat herritatik gerturatu ziren ateneoaren hustearen aurkako salaketa egitera. “Eta esparru zabal baten babesa ere izan dugu”. Besteak beste, Udalberrik eta Ezker Anitzak salatu egin dute neurria. Lehenengoek gogora ekarri dutenez, “tradizioz langileen mugimenduarekin lotutako kultur guneak diren ateneoak ideien hedapen fokuak izan dira. Eta Iralakoa printzipio eta balio batzuk ardatz hartuta azken hamarkadan hainbat jarduera — kulturalak, bereziki — gauzatu dituzten pertsonen topagune izan da. Leku plurala zen; ideologia, estrategia eta ikuspuntu askotarikoei ematen zien lekua”. Antzeko iritzia azaldu du Ezker Anitzak. Ateneoaren eta okupatutako bestelako gizarte guneen helburua da “gure auzoei bizitza ematea eta auzokideen mugimendua sortzea eta antolatzea”.

Ospetsua zen Izar Beltz, oso. Hango jantoki beganora jende ugari biltzen zen larunbatero. Hala gogoratu dute hango kideek: “Euro baten truke platerkada bat jan zenezakeen. Beti jendez gainezka zegoen”. Igandeetan zine emanaldiak egiten zituzten. Gimnasioa, bi entsegu gela zein lanak egiteko erreminten mailegua; denetarik eskaintzen zuen. Baita kontzertuak eta antzerkia ere. Betiere, drogarik gabe. “Gurean ez zegoen alkoholik edo tabakorik, gure irizpide politikoan era horretako konturik ez delako sartzen”. Ikusteko dago proiektuari aurrera egiten utziko dioten.

Elkartasuna elkartasunari »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Mundu oso bat kabitzen da 100 metro koadroan, baldin eta sartzen dena mundu berri bat eratzearen aldekoa bada. Norbanako eta herri eragileentzako espazioa gordetzen du Bilboko Zazpikaleetako Zirika herri guneak. Aretoa erabili nah…

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak »

Alaitz Armendariz

Abandoko Indalecio Prieto tren geltoki historikoak erabateko aldaketa jasango du hurrengo urteetan. Onartu berri duten hitzarmen baten arabera, oraingo geltokia desagerrarazi, eta lur azpian bi solairu izango dituen geltoki berria egingo dute. Proiektua abiatzeko akordioa sinatu zuten aurreko astean Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak; ez dute behin betiko datarik ezarri, baina, lehen aurreikuspenen arabera, lan horien ondorioz, AHTa 2023an helduko da Bilbora. Obra osoa 2027an bukatuko litzateke; izan ere, geltokiaren gaineko eremuan mila etxebizitza inguru egitea da asmoa, berdegune bat ere izango duen 90.000 metro koadroko inguru batean. Zenbait komunikabidek adierazi dute guztira 300-400 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango dela. Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean ordaintzekoa litzateke hori. Europatik diru laguntzak lortzea ere posiblea da, halere.

Lanen lehen fasea ez da bi urte barru arte hasiko. Fase horretan, Bailen kalearen eta oraingo Abandoko geltokiaren artean egongo den geltokia egiteko indusketa lanak hasiko dira. Hiru solairu izango ditu geltoki berriak. AHTarentzako tunela behe-beheko solairuan egongo da: hogei metroko sakoneran egingo da, eta zortzi nasa izango ditu. Horren gainean, ohiko trenentzako nasak egongo dira, lur azpiko lehen solairuan: Renferentzat bost nasa izango dira, eta, FEVErentzat, hiru. Lehen fase horretan Abusu eta Abando arteko 2,1 kilometroko tunela egingo da, abiadura handiko trenak trenbide bikoitzean hel daitezen. Hala, aurreikusten da AHTa 2023an helduko dela Bilbora. 20.000 metro koadro geratuko dira libre eraikitzeko eta geltoki gainean aparkalekua sortzeko.

Bigarren fasean, oraingo geltokiaren funtzionamendua apur bat aldatuko da, aldirietako bi nasa kendu beharko baitituzte. FEVEren lineak geltokiaren -1 solairura aldatuko dituzte; horretarako, tunel faltsu bat jarriko dute orain Ametzola dagoenaren eta geltoki berriaren artean. 2023 bukaeran amaituko litzateke bigarren fase hori, FEVEren nasak martxan jartzearekin batera.

2024an hirugarren fasea bukatuko litzateke: Urduñatik heltzen den Renfe linea mugituko dute orduan. Ordea, Muskiz eta Santurtzitik datozen trenak laugarren fasean helduko lirateke behin betiko nasetara. Horrela, lur azpiko lanak 2026. urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da. Hori egitearekin batera, bidaiari guztientzako eraikina eraikiko dute lur azalean; garraioak bateratzea sustatu nahi dute horrela. Gainera, geltoki berriaren ondoko lau solairuko aparkalekuko lanak egiten hasiko dira. Azkeneko fasea Cantalojasko lubakia estaltzea izango da; 2027an bukatzea aurreikusten dute.

Oraingo Indalecio Prieto geltokitik gordeko den bakarra eraikinaren egitura izango da, haren balio historikoarengatik. Ondoan, hainbat etxebizitza eraikin egingo dituzte, lokal komertzialak, ekipamendu publikoak eta berdegune zabal bat. Proiektua egiteko ordaindu beharreko diru kopurua, 300-400 milioi euro bitartekoa, hiru erakunderen artean ordainduko dute: Espainiako Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala.

Ez dute oraindik zehaztu zein izango den behin betiko zifra, baina horri etxebizitza berrien gainbalioak kendu beharko litzaizkioke. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea tentuz mintzatu da ordaindu beharreko kopuruaz, eta nabarmendu du pausoak “bata bestearen atzetik” eman behar direla: “Ez dakigu zein izango den finantzaketa, baina gu prest gaude dirua jartzeko. Beharrezkoa izango da aurrekontuetatik dirua jartzea, eta baita hirigintza ikuspuntutik aprobetxamenduak lortzea ere”.

Europako laguntzak

Azaldu duenez, geltoki gainean 90.000 metro koadroko gune bat irabaziko dute hiriarentzat, etxebizitzentzako eta hiritarrentzako ekipamenduekin. Bilboko alkateak Europatik lor daitezkeen laguntzak ere aipatu ditu. “Bilboren kasuan, proiektu hau gizarte proiektua da, eta horrek esan nahi du Europako Inbertsio Bankutik finantzaketa zati bat lor dezakegula”. Aburtok nabarmendu du hiriarentzat oso proiektu “garrantzitsua” dela, eta hiru ikuspuntu aipatu ditu: gizartearena, ekonomiarena eta hirigintzarena.

Alkateak iragarri du “oraingoz” lizitazio bat egin dutela, azterketa baten bidez jakiteko nola geratuko den behin betiko egitasmoa. Etxebizitza kopuruaren inguruan galdetuta, Aburtok adierazi du zifra “erabakitzeke” dagoela: “Guk hainbat aukera landu ditugu udalean, baina lizitazioa martxan jartzeko bakarrik”. 800-1.000 etxebizitza izan daitezkeela onartu du; hala eta guztiz ere, “gehiago edo gutxiago” izan litezkeela ere ohartarazi du.

Familia premia bete beharrean »

Natalia Salazar Orbe
Hainbat arazo direla tarteko, asko eta asko dira euren seme-alabak behar bezala artatu eta zaintzeko modurik ez duten sendiak. Adingabeentzako egoitzak bihur daitezke ume horien etxe. Hala ere, premia handiak izaten dituzte haurrok…

Amaieraren abiapuntua »

1936ko gerra Bizkaian (VII). Bizkaiaren aurkako ekinaldia. Martxoaren 31n abiatu zuten faxistek Bizkaia mendean hartzeko operazioa, Durangoren aurkako erasoarekin. Bando bien artean armategian zegoen desoreka erabakigarria izan zen bilakaeran. - Irakurri gehiago...