Merkataritza guneei buruzko herri galdeketa eskatu dute Abadiñon »

Natalia Salazar Orbe

Abadiñoko Udalak Murueta auzoko lursail batzuei kalifikazioa aldatzeko harturiko erabakiak uste baino zalaparta handiagoa sortu du herrian. +Kaleartean plataforman batu diren merkatariek eta sindikatuek herri galdeketa eskatu dute. Lursail horiek lur komertzial moduan kalifikatzeak Durangaldearentzat “ondorio larriak” izango dituela uste dute. Hala, sinadurak biltzen hasi dira, herritarrek erabakitzea ahalbidetuko duen galdeketa eskatzeko.

Herri egitasmo hori udalaren osoko bilkuran aurkeztu ahal izateko, Abadiñon bozka dezaketen biztanleen %10en babesa behar dute. “550 sinadura inguru lortu behar ditugu”. Hala zehaztu du Ander Cimas Matienako merkatariak. Eta gehienak bihar lortu nahi dituzte, herrian festak ospatzen dituztela baliatuta. Maiatzaren azken aldera izango den osoko bilkura baino lehen denak bilduak izan behar dituzte.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko prozesuaren barruan, ezer eraiki ezin den lurrak merkataritza lurzoru bihurtu gura ditu udalak. Prozesu hori guztia azkartu egin du, gainera. Mercadona eta Lidl han ezartzeko nahia dago presaz hartutako erabakiaren atzean.

Emaitzaz harago

Herritarrek Abadiñon Mercadona bat gura duten ala ez erabakitzea baino askoz gehiago da jokoan dagoena, Goretti Galan herriko merkatariaren aburuz. “Erabaki hau oso garrantzitsua da herriarentzat. Beraz, zergatik ez galdetu herritarrei?. Ondorioak ez dituzte pairatuko merkatariek soilik. Ezta Abadiñok bakarrik ere. Zaldibar eta Berriz ere herri txikiak dira. Eta horietan ere eragina izango du. Gure inguruan horrenbeste makrosupermerkatu baldin badaude, jendea ez da joango herrietako dendetara”.

Murueta auzoko lursailen kalifikazioa aldatzeak ondorio bikoitza izango lukeela dio plataformak. Batetik, aurrekari bat sortuko lukeela, “nahieran aukeratutako tokietan enpresa handien ezarpena errazteko orduan”. Izan ere, “udalak irizpide objektiborik erabili gabe eman eta kalifikatzen ditu lurrak”, Galanen hitzetan. Bestalde, iruditzen zaio luzera begira maila ekonomikoa murriztu egingo dela nahiz eta luze gabe diru sarrerak lortu. “Ondorioz, biztanleen erosahalmena ere murriztuko da”.

Arauak bi enpresa handiren mesedetan aldatzeak Durangaldeko biztanleen bizitza baldintzatuko duela sinetsita daude plataformako kideak. Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute erabaki horrek herriaren baimena izatea “etikoki eta politikoki”.

Bizitza eredua kolokan

Cimasek eta Galanek argi azaldu dute merkatarientzako arazo bat izateaz gain Abadiñokoaren moduko erabakiek bizitza eredua jar dezaketela kolokan. Lehenengoaren esanetan, “komertzioa herriaren kanpoaldean jarriz gero, herritarrak etxetik autora joango dira, handik merkataritza guneetara, eta, horietatik, lanera. Era horretan, herriak, pixkanaka, hiltzen joango dira. Barakaldon eta Basaurin ikusi dugu hori”.

Segurtasuna ere izan du hizpide: “Zenbat eta jende gutxiago ibili herrian, orduan eta segurtasun gutxiago egongo da; argi gutxiago ere izango da kaleetan. Faktore askotan du eragina saltoki handien aldeko apustuak”.

Bestalde, Galanek kritikatu egin du horren azkar gauzatu izana Lidl eta Mercadonaren saltokiak jartzeko lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua. “Egun batetik bestera egin dute hori, baina beste gauza batzuetarako oztopoak jartzen dituzte”.

Denetariko herritarrek osatzen dute +Kaleartean plataforma: Abadiñoko merkatariek; Dendak Bai, Euskaldendak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteko kideek, eta EHNE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Alderdiez harago doan egitasmoa dela argi utzi dute hala deitzaileek.

Bizkaibus: hiru urtean hirugarrena »

Bizkaibuseko langileen lan baldintzak okertzen ari direla sumatzen dute sindikatuek, eta, egoera hori salatzeko, lanuzteak egingo dituzte datorren astetik aurrera. 2013tik hona egiten duten hirugarren protesta saioa izango da maiatzean abiatuko dutena. - Irakurri gehiago...

Hondakin zena, ‘gourmet’ bihurtuta »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gazura buruhauste iturri izaten da sarri gaztagile artisauentzat; gaztak ontzeko prozesuan isurtzen duen uraren kudeaketa arazo bihurtu ohi zaie. Izan ere, gazta egiteko behar den esne kopuruaren %80 baino gehiago bilakatzen da gazur, eta ez da erraza izaten ur horrekin zer egin asmatzea. Kontraesana dirudien arren, nutrienteetan oso aberatsa den azpiproduktu horrek kalte egiten dio ingurumenari. Kutsagarria da, eta ezin da kontrolik gabe bota; tratamendua behar du. Zenbait lekutan beste produktu batzuetarako erabiltzen da berez aberatsa den ur hori; botikak egiteko, adibidez. Baina Euskal Herriko orografiak eta gaztandegien kokapenak zaildu eta garestitu egiten du prozedura, eta, ondorioz, animaliak elikatzeko erabiltzen da, gehienez. Betidanik arazoak eman dituen hondakin horri, ordea, irtenbide berritzailea aurkitu dio Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak: Gaxure.

Gazur krema da Gaxure; orain arte erabiltzen ez zen urarekin egina, eta hondakinik sortzen ez duena. Ez hori bakarrik: goi mailako produktutzat jo dute itzal handiko sukaldari eta adituek, eta gourmet izendapena jaso du modu artisauan egindako jaki berriak. Adierazgarria da izenaren esanahia ere: bizkaierazko gatzure eta zapore goxua ideien uztarketaren emaitza da Gaxure izena.

Hiru mota

Ardi latxaren gazura, esnea eta glukosa dira oinarrizko Gaxureren osagaiak. Horrez gain, oliba olioduna eta kaneladuna ere egin dituzte, janari gazi zein gozoekin erabil dadin. Sortzaileek azaldu dutenez, ogitan zabalduta kontsumi daiteke, eta, ondo ezkontzen da, besteak beste, fruitu lehorrekin, izokinarekin, urdaiazpikoarekin eta hainbat frutarekin. Asteon aurkeztu dute produktua, eta sukaldariek zuzenean erakutsi dute goi mailako produktu landuetarako ere lehengai egokia dela. Sustatzaileek azaldu dutenez, ospe handiko sukaldariak harrituta geratu dira jaki berriak eskaintzen dituen aukerekin. Hemendik aurrera, salmenta zuzenaren bidez, zenbait azokatan, gourmet dendetan eta txikizkakoetan erosi ahalko da.

Lau urteko lana

Lan handi baten emaitza da krema berria: lauzpabost urteko prozesuaren fruitua. Iñaki Saiz Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, duela bost urte Norvegiara egindako bidaia batean sortu zen orain aurkeztutakoaren hazia. “Gazurarekin egindako pasta bat jateko erabiltzen zutela ikusi genuen; hango elikaduran oso ohikoa da pasta hori, eta leku guztietan eskaintzen zuten”. Jakin-mina piztu, eta hausnarketarako bidea eman zien horrek: “Esnea berez ona bada eta gazta ere bai, zergatik ez da izango gazura?”. Norvegiatik pasta lodi haren hainbat kilo hartuta itzuli ziren etxera.

Hori izan zen guztiaren abiapuntua. Oinarria ezin hobea zen, baina bestelako zerbait egin beharra zegoen hemen. Europa gehienean bezala, ahuntzaren esnearekin egiten da gazta Norvegian. Euskal Herrian, ardi esnearekin batik bat. Edozein kasutan, gazurari irtenbide ona emateko modua izan zitekeela eta, lanean hasi zen Leartiker zentro teknologikoa.

Eta elkarlana zabaldu egin zen. Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteak eta Leartikerrek hasitako beharrera gehitu ziren Miba kooperatiba, Azaro fundazioa, Markina-Xemeingo Barroeta gaztandegia eta Abadiñoko Txori Errota. Horiek guztiek lau urtetan egindako ikerketei, probei eta lankidetzari esker sortu da gazur krema. Hain zuzen, proiektua babestu duten Bizkaiko Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek elkarlan horren balioa goratu dute, eta berrikuntzaren bidean jarraitu beharreko eredutzat jo dute Markina-Xemeingo enpresa eta produktoreek lortutakoa.

Gaztagileei besoak zabalik

Oraingoz, Goine gaztandegia da Gaxure produzitzen ari den bakarra, baina sustatzaileak seguru daude aurrerantzean asko izango direla proiektura batuko direnak. Hala izatea nahi dute, eta sustatzaileek azaldu dute hainbat gaztandegik dagoeneko interesa agertu dutela.

Marka erregistratua dute, baina Gaxure egin nahi duten Euskal Herriko gaztagile artisau guztiek izango dute produktu berria egiteko aukera. “Beste maila batetako enpresen aldean” lehentasuna izango dute artisauek, eta sustatzaileek proiektuaren parte izateko”erraztasun guztiak” emango dizkiete. Gaztandegi guztietan egindako kremek Gaxure izena izango dute, baina jatorrizko gaztandegiaren izena ere jasoko du etiketak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.gaxure.com

Handien kopurua handiago »

Abadiñoko Murueta auzoan Mercadona eta Lidl supermerkatuak jartzeko prozesua hasi du udalak. Eztabaida piztu du egitasmoak herritarren artean, eta alderdi politikoek ere jarrera kontrajarriak hartu dituzte: EAJ merkataritza gunearen alde dago, eta EH Bildu, berriz, aurka. - Irakurri gehiago...

Legea ez dute betearazi »

N. S. O.
Bilboko Udalak eskatutako ikerketa batek ebatzi du Artxondoko harrobia betetzeko proiektuak ez duela errespetatzen Pagasarrirako Plan Berezia. Hain zuzen ere, proiektu hori gauzatzeko Cementos Rezola enpresari emandako baimenak ez du legea bet…

Baserrien iraunkortasunari eutsita, kalitatea du ardatz Bizkaia Esneak »

Karrantzako larre zabal eta berdeak dituzte bizileku bertako behiek. Natura bizian igarotzen dute urtea, hotzak bestelako beharrizanak sortzen dizkien arte. Dena den, orduan ere Bizkaiko udalerririk zabalenean hazitako belarra dute elikagai. Lehengai …

Uztei astindua emateko garaia »

Natalia Salazar Orbe

“Ardo asko dago munduan, baina txakolina bakarra dago”. Hala baieztatu zuen behin Bizkaiko Txakolinaren gidaliburua aurkeztu zuen Mikel Garaiazabal enologo eta sommelierrak. Txakolina ezin bereiz daiteke Bizkaiko kostaldeko Bakio herritik. Mahatsaren zuku freskagarri horren interpretazio zentroa ere bertan dago: Bakioko Txakolingunea. Asteburuan, urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa daukate herrian: San Jose azoka eta aurtengo txakolinaren aurkezpena uztartzen dituen topaketa. Bateko eta besteko ekoizleek bat egingo dute bihar Bakion.

Gernika-Lumoko urriko azken astelehenaren eta Bilboko San Tomasen parekoa da bakiotarrentzat bihar egingo duten azoka. Hala deskribatu du Izarra Jaso turismo bulegoko teknikariak. “Jai erabat herrikoia da. Nekazaritza mundua du ardatz, baina txakolinaren ekoizpenak ere garrantzi handia hartzen du”.

28 erakusleku izango dira, guztira, Zubiaurrealdeko frontoian, 10:00etatik aurrera. Denetariko produktuak aurkituko ditu bihar Bakiora joaten denak: herriko bertako txakolina, Bermeoko Urdaibai kontserbak, Muskizko pasta agroekologikoa, Bizkaigane esnekiak, Larrabetzuko Sarrikola ogitegiko produktuak, Arrietako Olatxuko marmeladak, Gasteizko Lorea trufak, Muskizko Igor Merinoren Eztizen eztia eta Bakioko ortuari eta pateak.

Unai Beitiak hazitako moxalen mokaduak ere dastagai izango dira. Hori guzti hori, hondarrabi mahatsaren zukuz bustita.

Eguerdian egingo dute uzta berriko txakolina aurkezteko ekitaldia. “Iazkoaren antzeko ekoizpena” izan dela iragarri dute jada herriko ekoizleek, eta “pozik” azaldu dira. Aurtengo berritasun bat: Basarte Ados txakolindegia txakolin beltza egiten hasi da. Haren eta gainerako ekoizleen zukuak dastatzeko modua izango da bihar.

Ospakizunak lehenago ere hasiko dira. Gaur iluntzean pintxo-poteoa egingo dute herriko tabernetan, eta bertso-saio ibiltaria kalerik kale ariko da. Horrez gain, San Joseko 51. Idi Proben lehen saioa egingo dute, 21:00etan. Astelehenean amaituko da idi dema.

Txakolingunera bisita

Etxerako lain izango zen ardo gisa egin zituen hastapenak txakolinak. Eta hortik datorkio izena mahatsaren zuku txinpartatsuari. Hala ekarri du gogora Aixa Gaztelu Txakolinguneko arduradunak. Interpretazio zentroa barrutik sakon ezagutzeko doako bisita gidatuak eskainiko dituzte bihar, 10:00etatik 16:00etara, orduro.

Bost gunetan banatuta dago Txakolingunea. Lehenengoan, ekoizpen osoa zelan egiten den ikasteko ikus-entzunezko bat dute bisitariek. “Bost minutu inguruan azalduko zaie zer den txakolina eta zein mahats motarekin egiten den, besteak beste”. Bakioko lau upategiek hondarrabi zuria erabiltzen dute, bereziki. Hala ere, hondarrabi beltza ere erabiltzen dute txakolin gorria eta beltza egiteko.

Herriaren azken mila urteetako historiari begiratu bat ematen zaio bigarren eremuan. “Txakolinagatik ez eze, surfagatik eta bestelako kontu batzuengatik ere Bakio oso ezaguna egin dela azalduko diete bisitariei bertan”.

Hirugarren eremuari dagokio lehenengo txakolinak zelakoak ziren azaltzeko eginbeharra. Eta txakolinari dagozkion kanta eta dantza ere han ezagutu ahalko dira. Txakolinaren garapenaren berri izango dute bisitariek laugarren eremuan. Han ikasiko dute 1994koa dela Bizkaiko Txakolina jatorri izena. Eta ekoizpena zertan den ere azalduko diete. “Esportazioen gorakadaren berri izango dute batetik, eta Bizkaiko upategien berri bestetik”. Enologoaren lana zein den, edo dastaketak zelan egiten diren bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute bisita horretan bertan. Bide batez, txakolin zuriaz gain, gorria eta beltza ere badaudela argituko diete horren berri ez dutenei.

Uribeko euskara darabilen aitona zahar baten kantuekin bukatuko da Txakolingunerako bisita: “Arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ asto barrabana/ okerreko lekutik nora naroana/ handixik hortixik/ Zornotzatik gora/ Mañaritik gora/ San Antoniora”. Sehaskan lotan dagoen umetxoari abesten ari zaio aitona.

Txakolinguneaz gain, txakolindegiak eurak eta horietan egiten den lana ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte domekan Bakiora gerturatzen direnek. Udaletxetik aterako dira 11:00etan, eta, batetik bestera, herriko lau upategietako sekretuak argituko dizkiete, banan-banan.

Datozen egun eta asteei begira, jardueraz betetako egitaratua aurkeztu du Txakolinaren Interpretazio Zentroak. Umeak izango ditu jomuga, Aste Santuko oporretan egongo direla aprobetxatuta. Asteartean, esaterako, Bizilore, zure usainak lortu izeneko tailerra antolatu dute, izen bereko emakume elkartearen eskutik. “Landareak baliatuta, usain gozoko zakuak egingo dituzte umeek”. Bestalde, origami tailer bat prestatu dute hilaren 30erako. “Origamiaren teknika japoniar hori ardatz hartuta, orri markatzaileak egingo ditugu”. Eta, apirilaren 1erako, sukaldaritza tailerra antolatu dute: gazta pastela egingo dute. Jarduera guztietako batzuk besterik ez dira horiek.

Oraingoz, bertako produktuak, bertako ekoizleak, bertako historia eta bertako hizkuntza erabiliko dituzte. Hainbat elementu uztartuko dituzte San Jose azokaren harira antolatutako jarduerek. Horiek guztiak zuku batek zipriztinduta aurkeztuko dira, bereziki. Bakiorekin lotura banaezina duen txakolinarekin, hain zuzen.

Altzairuaren amildegia »

Eskariak behera egin duela argudiatuta, ia behargin guztiei eragingo dien erregulazio txostena aurkeztu du Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen duen plantan. Aldi baterako neurririk «egokiena» dela uste dute langileek. - Irakurri gehiago...

Euskara, uzten bizigarri »

Natalia Salazar Orbe
Gero eta jarraitzaile gehiago ditu Errigorak, euskara, elikadura burujabetza, Nafarroa hegoaldea eta auzolana ardatz dituen proiektuak. Bertako produktuak, nekazari txikiek ekoitziak, etxean prezio duinean jasotzeko aukera eskaint…

Arrantza kultura berpizteko »

Olaia Zabalondo
Esperientzia alde batean, eta ikasteko grina bestean. Jesus Gangoitiren eskuetan erraza dirudiena, praktikan, ez da horren erraza. Hala ere, pazientzia apur batekin eta behin eta berriro errepikatuta, lortzen da. Hain zuzen ere, arrantz…