“Neurriarekin, kaleak bizia galduko du”

“Neurriarekin, kaleak bizia galduko du”

Natalia Salazar Orbe

Hogei urtetik gora egin ditu agertokietan Zea Mays taldeak. Ospe handia hartu duen arren, ez ditu utzi alde batera agertoki txikiak: tabernak eta gaztetxeak, besteak beste. Aiora Renteria abeslariak (Bilbo, 1976) horien xarma berezia azpimarratu du: oholtza gaineko protagonista gisa zein ikus-entzule moduan, horietan sortzen den giroa nabarmendu du. Sinetsita dago Eusko Jaurlaritzak onartu duen dekretuak kalte handia eragingo duela kulturan. Alde guztiei erreparatu die: sortzaileei eurei, batetik, eta kultura kontsumitzaileei, bestetik.

Arteak Ireki plataformaren prentsaurrekoan ikusi zaitugu. Zergatik egin du bat ekinaldiarekin Zea Maysek?

Musikari moduan zuzenean gogor jotzen gaituelako gai honek.

Zer ondorio izango du Eusko Jaurlaritzak onartu duen dekretuak musikariengan eta bestelako sortzaileengan?

Sortzen duguna zabaltzeko tokirik ez da izango. Non hasiko da talde bat kontzertuak ematen? Kontzertu txikiagoak egiteko aukerarik ez da egongo, eta zein izango da ikusle modura utziko diguten aukera bakarra? Sarrera garestia duten kontzertuak ikustea? Areto handietara soilik jo behar izatea? Edo jaialdietara bestela?

Hasi berriengan izango du eraginik handiena dekretuak?

Denongan izango ditu ondorioak. Haientzako kontzertuak egitea zailagoa izango da noski, baina eragin zuzena izango du kulturan, orokorrean. Azken batean, mundu guztiak ez dauka dirurik ekitaldi handietara joateko. Edo batzuek agian ez dute nahi kultura leku ofizialetan, nolabait esatearren, kontsumitu. Neurriarekin, kaleak bizia galduko du.

Zer aukera geratuko zaie talde horiei?

Gaztetxeak. Hala ere, horiek ere ixten ari dira, gero eta gehiago. Beraz, ez dakit oso ondo zer aukera geratuko den.

Ikuskizunak mugatuko dizkieten era horretako tabernak aproposak al dira bidea hasten ari diren taldeak ezagutarazteko?

Oso leku aproposak dira. Baina ez bakarrik bidea hasten ari diren taldeentzat. Besteontzat ere kontzertuak emateko leku zoragarriak dira; oso zuzenak, indar handikoak, biziak eta zirraragarriak izaten dira.

Zuek ez dituzue utzi alde batera halako agertokiak, ezagun bihurtu ostean ere. Zer ematen dizuete areto horiek?

Hurbiltasun ikaragarria ematen dute, emozioa eta izerdia! Niretzat zoragarria izaten da kontzertuak dauden leku batetik bestera joan ahal izatea. Asko gozatzen dugu horietan. Baita ikusle modura ere.

Horietan aritzeko aukerak mugatzeak zer dakar zuenaren moduko talde trebatuentzat?

Bada, musika eta mugimendu kulturala gelditzea dakar muga horrek. Zer etorkizun izango dugu sortzen dena ezin bada kaleratu? Askok, agian, sortzeari utziko diote. Lehen esan dudan moduan, kaleak bizia galduko du.

Erraza al da kontzertuak lortzea?

Ez, lan handia egin behar da kontzertuak lortzeko, eta, agertokiak murrizten badira, are esfortzu handiagoa egin beharko dute taldeek.

Biharko, mobilizazio egunera deituta dago Bilbon eta hainbat herritan. Ba al duzue parte hartzeko asmorik?

Bai, horietan ere izango gara. Bilboko Bira kultur gunean antolatu dituzten jardueretan hartuko dugu parte. 13:30ak aldera izango gara bertan, eta bizpahiru abesti interpretatuko ditugu, akustikoan.