Manifestua

1. Eskubidea. Ura izateko eskubidea giza eskubide bat da. Kudeaketa giza zuzentasunez ezarri eta gizarte egoera ahulean daudenei hornidura ez eteteko konpromisoa hartuko dugu.

2. Publikoa. Uraren titulartasunak eta kudeaketak %100 izan behar dute publiko. Ura jabetza publikoko ondarea da, eta ez da negozio pribatuaren irizpideak erabilita kudeatu behar.

3. Elkarlana. Lurraldeko ura kudeatzen dutenen arteko elkarlan eta kooperazio handiagoren aldeko apustua egiten dugu, eta baita administrazio publikoaren eta unibertsitatearen artekoa ere.

4. Enplegu publikoa. Uraren ziklo integralaren kudeaketak enplegua sor dezake. Enplegu horiek publikoak izan behar dute, bestelako interesak eta langileen prekarizazioa saihesteko.

5. Jasangarritasuna. Ezinbestekoa da ingurumen, ekonomia eta egitura arloko jasangarritasuna, eta hartarako beharrezko erabakiak hartzeko exijitzen diegu partzuergo eta udalei.

6. Tarifak. Tarifa bidezko eta gainontzeko diru sarrera guztiak zerbitzuen kostua ordaintzera bideratzearen alde egingo dugu.

7. Partaidetza. Ez da nahikoa kudeaketa publikoa bermatzea; gizartearen kontrola eta demokrazia parte hartzailerako modu berriak sustatu behar dira.

8. Kontsumoa. Ura aurreztea sustatzeko tarifa progresiboak bultzatuko ditugu, zigorrak, salbuespenak eta pizgarriak jasota.

9. Txorrota. Konpromisoa hartzen dugu txorrotako ura sustatzeko eta botilakoa murrizteko.

10. Araudia. Konpromisoa hartzen dugu beharrezko dena egiteko araudiak konpromiso hauetara egokitzeko. Oinarriei eragin diezaiekeen edozein erabakik —zerbitzuak pribatizatzeko proposamen batek, esaterako— prozesu sakona behar luke, emaitza lotesleak dituen herri kontsulta bat eginda.