“Lan egiteko beste espazio bat dira”

“Lan egiteko beste espazio bat dira”

N. S. O.

Tabernetako agertokietan gutxi, baina ibilitakoa da Nagore Gonzalez aktorea (Bilbo, 1987). Iaz, Badulaken En espera taularatu zuen.

Zeintzuk aukera eskaintzen dizkizuete era honetako agertokiek antzerkigintzako kideei?

Ez bazara ari ekoizpen handi batean, edo antzoki handiek ez bazaituzte programatzen, hilabete hori salbatzeko aukera ona dira, antzerkitxoak egiteko beste espazio bat direlako.

Publikoarekiko bestelako harremana sortzeko aukerarik ematen dute?

Bai, baina esango nuke guk lan egiteko beste espazio bat direla, ez dena telebista, zinema edo Arriaga antzokia. Ni ez naiz egon askotan, baina oso duina da, eta era horretako lekuak ez izateak aukerak murrizten dizkigu.

Zer ekar dezake dekretu horrek zuentzat?

Ez daukagu aukerarik beti egoteko antzoki handien sarean. Izaten ditugu lan moldagarriago batzuk, adibidez, tabernetan, kultur etxe txikietan edo gaztetxeetan egiteko aproposak direnak. Leku horiek ez badauzkagu, aukera hori galduko dugu.

Leku aproposa dira antzerkigintzako bidea hasteko?

Ez dut ikusten hasteko modu bat. Baina bada beste espazio bat. Ez zara joango opera batekin, baina bakarrizketa bat bada era horretako agertokietan egitekoa. Ez da antzerki mota guztiak egiteko, baina egin dezakezu zerbait propio, era horretako leku batean taularatzeko: mikroantzerkia edo bakarrizketa bat, esaterako.

Badaude formatu batzuk oso egokiak direnak. Publikoarekin harreman gehiago eskatzen dutenak; adibidez, umorezko bakarrizketa batzuk. Ez bakarrik hasiberriek. Maribel Salasek, Gemma Martinezek eta Sol Magunak, besteak beste, egiten dituzte horrelakoak batzuetan. Beste espazio bat da.

Beharrezkoa da halako lokalak arautzea?

Askotan, auzokideen lasaitasuna bermatzeko legeak egiten dira, baina zer gertatzen da? Kanpotik datozen bisitarientzat muntatzen dira jaialdi handiak. Horiek ere zarata egiten dute, eta leku berberetan egiten dira. Orduan guk, herritar moduan, ostegun batean kontzertu txiki bat ikusi nahi badugu, aukera hori galtzen dugu. Diruaren aldetik ere errepara diezaiokegu: Arriaga antzokira 18 euroan joan naiz ni azken aldiz. Via de Fugaren moduko auzoko taberna batean, aldiz, ordaindu gabe, edo edari bat erosita, kontzertu bat edo bakarrizketa bat ikus dezakegu. Kulturari egiten zaion haginka bakoitza gure kalterako da.

Nor edo zer aterako da galtzen dekretu honekin?

Sortzaileak eta kontsumitzaileak. Baita tabernetakoak ere.