Kanpomartxo izango da etzi, Erandioko euskaltzaleen jaia

Kanpomartxo izango da etzi, Erandioko euskaltzaleen jaia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Inauterien inguruan du jatorria: aratuste aurreko igandean, herriko landa eremu batera joan, sua egin, eta elkarrekin bazkaltzen zuten erandioztarrek txitxi burruntziaren antzeko usadioan. Herrian errotuta zegoen ohitura bat zen Kanpomartxo, ibilbide luzea izan zuena, baina, denboraren poderioz, galdu egin zen. 1994an berpiztu zuen Berbots Erandioko Euskaltzaleen Topaguneak. Egokitu eta moldatu egin zuen; data aldatu zion, baina herritarren arteko topagune izaera mantendu zuen. Eta hala eusten dio, gero eta indar handiagoarekin. Landa eremuan dauden auzoetako batean egiten dute euskaltzaleen topagune bihurtu dena, urtero, martxoan edo apirilean. Igandean da aurtengo Kanpomartxo, Kukularra auzoan.

Festa eguna euskaltzaleen elkargune bihurtua dago, eta landa eremua izaten du beti kokagune. Auzo asko ditu Erandiok, eta antolatzaileek hasieratik erabaki zuten erdigunetik kanporako jaia izan behar zuela: elkarrengandik urrun dauden auzoak gerturatu, eta askorentzat ezezagun diren txokoak ezagutzeko aukera izango zen. Urtero aldatzen dute kokalekua, eta ausaz aukeratzen dute batzuetan. Besteetan, arrazoi jakin batek eramaten ditu auzo jakin batera.

Horixe gertatu da aurten: Kukularra auzoa aukeratu dute jaiegunerako, eta ez da kasualitatea. Bertan dago Altzaga ikastola, auzoaren eta herriaren euskalduntzean zerikusi handia izan duena. 50 urte beteko ditu aurten. “Ez zegoen dudarik: Kukularran izan behar zuen aurtengoak, ikastolaren urteurrenagatik”, azaldu du Eider Belaskok, Berbots elkarteko kideak. Ikastolak ekitaldia ere egingo du Kanpomartxoko egitarauaren barruan, urtemuga gogoratzeko. Eta ez hori bakarrik: herriko ikastetxeetako guraso elkarteak euskararen aldeko jaiaren laguntzaile dira, eta egiten duten lana aitortu nahi diete antolatzaileek. Ikastolako gurasoen elkarteak tailer batzuk egingo ditu goizean umeentzat, eta jolasak arratsaldean.

Elkarlana oinarri

Kanpomartxoren antolaketaren adibide da hori. Elkarlana da nagusi, eta horrek egiten du berezi. Antolatzailea Berbots euskaltzaleen topagunea da. Baina jaiaren inguruan elkarlan sare bat sortzen da, eta aberastasun berezi bat ematen dio horrek. Antolatzaileen esanetan, hala izan da beti, gainera. Berbotsek jaia berreskuratu zuenetik, elkarte, talde eta norbanako asko izan ditu bidelagun, eta horrexek eman dio izaera ospakizunari. Mendi taldea, esaterako, hasieratik agertu zen laguntzeko prest, eta jaia izango zen gunerainoko martxak antolatzeari ekin zion; dantza taldeek emanaldia prestatzen zuten, bertsolariek kantuan egiten zuten, eta sokatira taldekoek jolasak antolatzen zituzten. Bakoitzak dakiena edo ahal duena eginez osatu izan dute beti programazioa; xumea hasieran, eta gero eta osatuagoa azken urteetan, arrakastaren erakusle. “Erromeria beti egin izan da”, zehaztu du Belaskok, egunaren nolakotasuna agerian utzita.

Gero eta handiagoa da festa giroa, baina helburuak hasierako berak dira. Hiru irizpide nagusi ditu: euskara, Erandio eta kultura. Euskaldun eta euskaltzaleen bilgune izatea du xede, hori giro atseginarekin uztartzea, herriko elkarteen arteko harremana sendotzea eta Berbots herriko euskalgintzaren erreferente izatea.

Berbotsek helburu horiekin berreskuratu zuen Kanpomartxo, 1994an, topagunea sortu zen urtean bertan. Euskaltzaleen topagunea zabaldu nahian, egun berezi bat antolatzeko ideia bururatu zitzaien, eta, horretarako, galdutako ohituren bila hasi ziren. Hala egin zuten topo Kanpomartxorekin, eta euskaltzaleen topagune bilakatzea erabaki zuten. Arrakastatsua izan zen lehen urtetik, eta indar handiagoa du urtetik urtera. Belaskok dio erandioztarren agendan ez ezik inguruko herrietako euskaltzaleen agendan ere gorde beharreko egun bihurtu dela dagoeneko.

Egitaraua
11:00. Musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak.
12:00. Euskal dantzak. Uztargi, Goi-Alde eta Trabudu dantza taldeen eskutik.
13:00. Altzaga ikastolak 50 urte. Ekitaldia.
15:00. Herri bazkaria.
16:00. Bazkalosteko kantuak.
16:00. Umeentzako jolasak.
17:00. Arima diskofesta, umeentzat.
18:00. Erromeria, Luhartz taldearekin.
Egun osoan. Umeentzako jolasak, puzgarriak, kuadrillen arteko jolasak, musika, txosna eta taloak, eta abar.