Gutiziak ekarritako atsekabeen ondorioak

Gutiziak ekarritako atsekabeen ondorioak

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Historian zehar izandako gertakari askoren kontakizunak eraldatuz joan dira denbora pasatu ahala. Kasu askotan, antzinako gertakari horiek errealitatea abiapuntutzat bakarrik hartzen dute, eta zaila izaten da historia non bukatzen den eta kondaira non hasten den jakitea. Halakoak izaten dira, esaterako, herri xumearen artean ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi igaro diren istorioak.

Horren adibide da Atezaiaga eta Aberazaeta familien arteko historia biltzen duen kontakizuna. Antonio Trueba idazleak herriaren ahotik bildutako kondairak dioenez, itsasoa Mundaka parean hasi beharrean are urrunago hasten zen garai batean, Izaro irla oraindik ez zen horrela ezagutzen. Izan ere, Izaro izenaren esanahia itsasoko irlarekin lotua dago, baina orduan gune horretara ez zen itsasoko urik iristen.

Gaur egun irla dagoen gunea Atezaiaga izenaz ezagutzen zela dio Truebak. Izen bera zuen nobleen familia bizi zen bertan. Eta izenak zehazten duen bezala, atezain lanetan aritzen zen familia; inguruetako lurrak zaintzen. Hala, itsasotik zetozen etsaiei aurre egin, eta herritarrak babesten zituzten. Ondasun handirik gabeko nobleak ziren haiek. Ez zeukaten ez urrerik, ez zilarrik, ezta lur aberatsik ere.

Hala ere, atezaiagatarrek ospe handia zuten bai beste nobleen familien artean eta bai herri xumearen artean: familia horretako kideren batek bere jatorria aldarrikatzen zuenean, gainontzeko etxeetako ateak zabaltzen zitzaizkion, eta erregeek hainbat pribilegio eskaintzen zizkien. Gizon eta emakume leialak ziren, eta bai itsasoan eta bai lehorrean borrokalari ausartak ziren. Hori dela eta, nobleek estimu handitan edukitzen zuten kostaldeko familia.

Atezaiagatik hurbil, gaur egun Mendatan dagoen Montalban dorretxean, Aberazaeta izeneko familiak zuen bizilekua. Noble horien egoera Atezaiagakoenen kontrakoa zen. Izan ere, familia aberatsa zen, eta euren lurrek Foruko haran guztia hartzen zuten. Familia boteretsu eta diruduna izan arren, atezaiagatarrekin zuten harremana ona eta estua zen. Errespetu handia zieten horiei, urtetan irabazitako errespetua, atezaiagatarrek hainbat zerbitzu eskaini baitzizkieten. Horien artean, aberazaetarrek urruneko lurretan zeuzkaten ondasunak piraten erasoetatik babestea.

Halere, elkartasun horrek ez zuen betirako iraun. Ohiturei garrantzi gutxi ematen zien mutil gazte bat aberazaetarren jaun izendatu zutenean, horrek bere domeinuetan zerga ugari ezartzea erabaki zuen. Gainera, bere lurrak hedatzeko gogoz, Atezaiagara arte iritsi ziren bere atzaparrak, familia noblearen sorterria bereganatuz.

Hondamendiaren hasiera

Atezaiagatarrek zein herritarrek gogo txarrez hartu zuten aldaketa hori, eta hainbat liskar sortu ziren Mendatako familiagaz. Azkenean, Atezaiagak lur haiek babesteari uko egin zion, ez baitzuten eurena ez zen lurraldea zaintzeko betebeharrik, ezta aberazaetarrek zeuzkaten lurrak zaintzekoa ere.

Nola ez, atezaiagatarren ahaleginengatik kontrolpean zeuden piratak aldaketa horretaz ohartu ziren. Eta horrela, urte luzez gudan ibilitako aberazaetarren lurrak inbaditzea otu zitzaien. Atezaiaga ondotik igarotzean, ez zuten inolako oztoporik aurkitu: bertako familiak, arerioa iritsi zela ohartu zen arren, lapurtutako lurrak defendatu gabe uztea erabaki zuen. Piratek, lehorreratu, eta aurrera egin zuten. Herritar pobreek ez zuten indarrik euren bizilekua defendatzeko, eta erasotzaileak arazo handirik gabe iritsi ziren aberazaetarren gotorlekura.

Jaun gazteak, izuturik, ihes egitea erabaki zuen, eta bere etxea piraten esku geratu zen. Kondairak dioenez, piraten buruaren jaioterria Frantzian zegoen, Montauban izeneko hirian. Horren omenez bataiatu zuen konkistatutako gotorlekua. Ordutik aurrera, eta gaur egunera arte, dorretxeari Montalban esaten zaio.