Bilboko zubiak betetzera deitu dute, gaixo dauden presoen alde

Bilboko zubiak betetzera deitu dute, gaixo dauden presoen alde

Aitziber Laskibar Lizarribar

Txus Martin, Ibon Iparragirre, Gorka Fraile, Joseba Borde, Kepa Arronategi. Bizkaiko bost preso dira, oso gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak. Besteak beste, eskizofrenia eta bihotzeko arazoak ditu Martinek; GIBa Iparragirrek; mingaineko minbizia Frailek; koloneko tumorea Bordek; eta antsiazko nahaste depresibo kronikoa Arronategik. Sendabiderik ez duten gaitzak dira, tratamendu eta jarraipen gogorrak behar dituztenak. Oso larriak. Baina preso mantentzen dituzte guztiak. Espainiako legeek halako egoeretan dauden presoak askatzeko aukera jasotzen duten arren urteak daramate espetxean gaixo, eta egoera larriak muturreko bihurtu dira. Sendagileen esanetan, “hari batetik zintzilik” daude horietako batzuen bizitzak, hil ala bizi.

Egoera horietan eragiteko helburuz, herri dinamika bat aurkeztu berri dute: Ni Zu Bi. Bost gaixo horien senideak biltzen dira bertan, presoen eskubideen alde lanean ari diren taldeak, eta Jon Iturriaga preso gaixo zena askatzeko lanean buru-belarri aritu ziren Euskaldunako langile ohiak.

“Izatez, instituzioak eta herri aginteak dira gizakion eskubideak bermatu behar dituztenak”, adierazi dute dinamika aurkezteko agerraldian. Baina ikusita ez dela hala gertatzen ari, astintzeko helburuz, biltzea erabaki dute. “Oinarrizko eskubideez ari gara, ezinbestekoez, bizitza ala heriotza ekar dezaketenei buruz”, ohartarazi dute.

“Oinarrizkoenean” batzea erabaki dute, hargatik; ideologiak ideologia, eskubideen defentsan elkartzea: “Bi mutur desberdin batzen dituen zubi batek bezala, oinarrizkoenak batu egiten gaitu; bizitzeko eta osasun fisiko eta psikikorako eskubideak eskumako zein ezkerreko pentsamendua duten pertsonak batzen ditu, gazte zein nagusi, toki batekoak zein bestekoak”.

Hori irudikatzeko, mobilizazioa antolatu dute biharko Bilboko zazpi zubitan, alde guztiak batuko dituen aldarria egin nahian. “Ez da zilegi pertsona bat ezereztu arte itxarotea eta bere sendi eta gizarte ingurunera ezereztua bueltatzea”, adierazi dute; “ez da zilegi sufritzen ari den pertsona zein den kontuan hartzea bermeak ezarri edo ez erabakitzeko”. Baina hala gertatzen ari dela sentitzen dute; guztientzat aitortzen diren eskubideak, praktikan, diskriminazioz gauzatzen direla, pertsona nor den arabera. Eta presoekin horixe gertatzen ari dela diote. Hori dela eta, eskubide unibertsalak guztiei bermatzeko eskatu dute; bizitza, duintasun fisiko eta psikikoa bermatzeko neurriak hartzeko. Beraz, gaixo dauden preso guztiak askatzeko.

Horixe eskatuko dute bihar eguerditik aurrera Bilboko zazpi zubi horietan hasi, Plaza Biribiletik igaro, eta Arriaga aurrean amaituko den mobilizazioan.