Bakiok abian jarri du basoen plan berri bat

Bakiok abian jarri du basoen plan berri bat

Natalia Salazar Orbe

“Esaera batek dio tximeleta batek munduko toki batean hegoak astintzen dituenean tsunamia eragin dezakeela beste toki batean”. Tximeleta efektuari buruz ari da Amets Jauregizar Baraiazarra Bakioko alkatea. 2.500 biztanle inguru dituen herri horrek harri koskor bat jarri nahi du klima aldaketaren eragina gutxitzeko, eta helburu hori lortzeko bidean hartutako azken erabakien berri eman du: Erabilera Publikoko Basoen Plan Berria diseinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.

Plan horrek basoen udal politika bat diseinatuko du datozen urteetarako. Hiru helburu nagusi izango ditu: baso politika jasangarriago bat egitea, ingurumena errespetatzen duen eredu bat definitzea, eta, azkenik, basoa erabilera publikoko espazio gisa onartu eta kontserbatzeko konpromisoa hartzea.

Bakion hasiak dira jada etorkizuna markatuko duten asmo horiek lortzeko pausoak ematen, nahiz eta plan berria tramitazio fasean egon. Besteak beste, erabilera publikoko bi menditan eukaliptoak kendu, eta bertako zuhaitzak landatu dituzte. Hain zuzen, Gaubieta-Andiño itsasertzeko basoan 30 hektarea landatu dituzte, eta barrualdeko Sarratxon, berriz, beste 26 hektarea.

Neurri zehatzak ere finkatu dituzte: matarrasarik ez da egingo, eta ez da moztuko arbola eremu handirik batera. Eukaliptoak desagerrarazi, eta beste espezie batzuk landatuko dituzte, balio ekonomikoari ez ezik ingurumen balioari ere erreparatuta. Hala, paisaia dinamikoaren eta baso anitzaren aldeko apustua egin dute.

Basoen politika berri horren barruan, hitzarmen bat sinatuko dute Lurgaia fundazioarekin. Horren arabera, fundazioak berak kudeatuko ditu datozen hamar urteetan udal jabetzakoak diren basoen gainerako sei hektareak. Hitzarmena indarrean sartuko da gaur egun ardura duen enpresaren kontratua bukatzen denean. “Klima aldaketaren kontra egiteko, beharrezkoa da bestelako politika bat garatzea gure baso eta mendietan. Askotan ahaztu egiten badugu ere, guk ere badaukagu nondik hasi klima aldaketaren kontrako jardunean”, azaldu du Jauregizarrek. “Eredu berri hau beharrezkoa da gu ere mundu mailako aldaketak eragiteko motorra izan gaitezen, gure mikrogizarte honetatik”.

Uholde arriskua murriztu

Jasangarritasunaren aldeko prozesu horretan, Bakioko Udalak uholde arriskua murrizteko proiektu baten berri emango du datorren ostegunean. URA agentziarekin adostutako proiektuak aurreikusi du Estepona errekaren inguruko bi gune urpean geldituko direla. Helburua da Bakioko erdigunearen uholde arriskua murriztea, eta, era berean, Estepona inguruak berreskuratzea herritarrentzat. Proiektuetako bat izango da Bakea inguruan hezegune bat sortzea.